255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1176E/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Arantzako Arau Subsidiarioak 5. poligonoko 350. lurzatian (UE-5) aldatzeari buruz, Silvia Tellechea Iraola andreak sustaturik.

Arantzako Udalak 2022ko uztailaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 160. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 11koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da determinazio egituratzaile eta xehatu berriak ezartzea sortu behar den UE-5 exekuzio unitate berrirako. Unitate horren eremua 5. poligonoko 350. lurzatiarekin bat dator. Azken helburua da familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzea, norberaren erabilerarako eta bizileku iraunkorra izanen dena.

Arantzako herrigunearen hego-ekialdean dago lurzatia. Mendebaldean, 742. hiri-lurzatiarekin egiten du muga; aurrealdean, bide publikora ematen du (Salbatore karrika), eta iparraldean eta hego-ekialdean lurzoru urbanizaezinarekin egiten du muga.

Proposamenaren helburua da lurzoruaren hirigintza-sailkapena aldatzea, gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik (produktibitate ertainekoa) lurzoru urbanizagarri izatera igarotzeko, bizitegi-erabilera izanen duena, gehienez 2 etxebizitza izanen dituen eraikin bakar batean. Horren ondoriozko antolamenduak 1,50 m-ko zabalera duen zerrenda bat lagatzea aurreikusten du, bide publikoa zabaltzeko (64,88 m²).

Azpiegiturei dagokienez, lurzatiak sarbide publiko zolatua eta euri-uren saneamendua ditu. Hornidura eta saneamendu sarea, gas hornidura, sare elektrikoa eta telefoniakoa lurzati mugakidera iristen dira (742. lurzatia). Hortaz, oinarrizko azpiegiturekiko konexioak oso hurbil daude, eta, horrenbestez, ez da aurreikusten ingurumenean ukipen berririk sortuko denik.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Arantzako Arau Subsidiarioak 5. poligonoko 350. lurzatian (UE-5) aldatzeari buruz, Silvia Tellechea Iraola andreak sustaturik, aldaketak ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arantzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2215340