255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1174E/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Irunberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile eta xehatu bati buruz (UE-14b, AR5), Irunberriko Udalak sustaturik.

Aldaketa hori Udalak 2022ko uztailaren 20an onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 4koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da AR5 banaketa-arearen UE-14b exekuzio-unitatea berrantolatzea, eta 2.279 m²-ko eremua lortzea Bide Sistema Orokorrerako (SGV-2), non garraiobidez aldatzeko eskualdeko geltokia ezarriko baita.

AR 5 sektorea lurzoru urbanizagarriko eremua da, eta 23.396 m²-ko azalera du. Sektore hori Irunberriko hirigunearen hegoaldean dago, Zaraitzu ibaiaren eta La Palomera industrialdeko kalearen artean. Aldaketa-proposamenak UE-14b exekuzio-unitatearen antolamendu berria dakar, zeinak 4.783 m²-ko behin betiko azalera baitu. Familia bakarreko etxebizitzen kopurua mantendu da, baina lurzati pribatuen azalera zertxobait txikiagoa da. Zuzkidura-espazio libre publikoa lekuz aldatu da, eta bide sistema orokor berriaren ondoan kokatuko da. Horren eremuak Irunberriko 2. poligonoko 4. lurzatiarekin bat egiten du.

Proposamenak ez du ingurumen ukipen berririk sortzen, eta Irunberriko udal plan orokorrean hiri-eraldaketa aurreikusita zuten lurretan planteatzen da. Eraginpeko eremuan ez da ingurumen balio nabarmeneko elementurik edo enklaberik identifikatu, nekazaritza-jatorriko lurzati bat delako, gaur egun larrez estalita dagoena. AR5 banaketa-area Zaraitzu ibaia izeneko KBEaren mugakidea da, eta, beraz, bide sistema orokor berria gauzatzean, behar diren prebentzio neurri guztiak hartu beharko dira ibaiertzeko espazioari kalterik ez eragiteko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Irunberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile eta xehatu bati buruz (UE-14b, AR5), Irunberriko Udalak sustaturik, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Hala ere, garraiobidez aldatzeko eskualdeko geltokia gauzatzean eta garatzean, prebentzio neurri egokiak hartu beharko dira Zaraitzu ibaia izeneko KBEari kalterik ez egiteko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Irunberriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2215357