255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

406E/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita funtzionamendu baldintzak aldatzea kaltzio oxidoa eta hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan. Titularra Cal Industrial SL da, eta instalazioa Tebas-Muru Artederretako udal mugartean dago.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 12ko 1757/2010 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 470E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko abenduaren 14an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, 17. fokuari SS-53 koke-siloko garraio haizagailuaren (FM-53) izena emateko eskatu zuen, 29. foku-zenbakiarekin, 204E/2020 Ebazpenaren bidez esleitutako zenbaki korrelatiboarekin jarraitzeko. Foku hori mahuka-iragazkiaren foku izendatu zen 96E/2016 Ebazpenaren bidez, eta gero multzo elektrogeno, 184/2017 Ebazpenaren bidez.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du ez dela onargarria; izan ere, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 26ko 204E/2020 Ebazpenak ez du indarra hartu, titularrak ez baitu aurkeztu instalazioa abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, ebazpen-zatiaren hirugarren puntuan ezartzen dena. Horrenbestez, instalazioak baimendutako 18 foku ditu gaur egun, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 5eko 184E/2017 Ebazpenak ezartzen duen bezala.

Bestalde, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 26ko 204E/2020 Ebazpenaren bidez, instalazio horren ingurumen baimen integratua aldatu zen. Ebazpen horretan akats bat atzeman da eta zuzendu beharra dago.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2. artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio. Orobat, akats zuzenketan aipatu beharko dira zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko da zuzenketa.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea kaltzio oxidoa eta hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Titularra Cal Industrial SL da, eta instalazioa Tebas-Muru Artederretako udal mugartean dago.

Bigarrena.–Aldatzea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 26ko 204E/2020 Ebazpena, zeinaren bidez aldatu baitzen Cal Industrial SLk Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean duen instalazioaren ingurumen baimen integratua, bertan atzemandako akatsa zuzentzeko xedez, ebazpen honen eranskinean jasotako zuzenketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Cal Industrial SLra eta Tebas-Muru Artederretako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2215476