255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

469E/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasuneko kontseilariaren otsailaren 2ko 12/2016 Foru Agindua aldatzen duena. 12/2016 Foru Agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren eta organo zentralen egitura osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateen mailan ezarri zen.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak urriaren 30eko 270/2019 Foru Dekretuaren bidez aldatzearen ondorioz, Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzua sortu zen, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzari atxikia, eta edukirik gabe geratu zen egungo Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Atala, zeina Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren menpe baitzegoen. Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Atalari atxikita, gaur egun, Oinarrizko Osasun Laguntzako Farmazia Unitatea dago.

Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren barruan, badago bereziki eginkizun bat garrantzi handia hartu duena, lan tipologia jakin bat eragin duena eta administrazio prozedura ugari sortzen dituena. Eginkizun hori hauxe da: erosketa zentralizatua bultzatzea eta irizpideak ezartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan eta zentro itunduetan erabiltzen diren botiken erosketa optimizatzeko.

Ildo horretan, zuzendariordetza honi agindutako eginkizun hori (hots, medikamentuak erosteko eta eskuratzeko prozedura guztiak kudeatzea) betetzeko egitura egonkor eta bermedun bat ezartzeko asmoz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzak proposatu du Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Atala kentzea eta Erosketen Atala sortzea Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren menpe.

Bestalde, Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuak karga administratibo handia sortzen du, zerbitzu horrek dituen zeregin guztien ondorioz: Farmazia Batzorde Zentralaren ingurukoak, Informazio Farmakoterapeutikoaren Buletina, profesionalen, farmazia bulegoen eta medikamentuak erabiltzeko adierazleen datu-baseen mantentze-lanak, eta Nafarroako Gobernuaren intranetean eta Interneteko orrialdeetan medikamentuei buruz dauden dokumentuak eguneratuak edukitzea (medikamentuen gaineko alertak, protokoloak, buletinak, etab.). Horrenbestez, proposatzen da Oinarrizko Osasun Laguntzako Farmazia Unitatea kentzea eta Medikamentuaren gaineko Informaziorako Unitatea sortzea.

Era berean, gaur egun Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren menpe dagoen administrazio unitatea kentzen da, eta farmaziako prestazioaren kontrolerako unitatea sortzen, zeina Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren menpe geldituko baita.

Horrela, Zuzendariordetzak dituen bi farmazia-zerbitzuetako bakoitzak bere administrazio unitatea izanen du.

Horrenbestez, ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen zuzendariordearen proposamena, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Osasuneko kontseilariak otsailaren 2an emandako 12/2016 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren eta organo zentralen egitura osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateen mailan ezarri zen.

1. Artikulu bakarraren 2. apartatuan, "Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritza" izenekoan, 20., 21. eta 22. puntuak aldatzen dira, eta 23. puntua gehitzen da. Honela erredaktatuak geldituko dira:

"20.–Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren egitura:

Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuak atal hau eta administrazio unitate hau ditu bere egituran:

a) Erosketen Atala.

b) Farmaziako Prestazioaren Kontrolerako Unitatea.

21.–Erosketen Atalaren eginkizunak:

Erosketen Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Farmazia zerbitzuekin lankidetzan eta Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzak ezarritako erosketa-politikaren ildotik, medikamentuak eta dietoterapikoak kontratatzeko plangintza eta programak ezartzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko medikamentuak eta produktu dietoterapikoak kontratatzeko espedienteen atal teknikoa prestatzea eta gainbegiratzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osorako kontratazio espedienterik behar ez duten medikamentuak eskuratzeko negoziazioak kudeatzea, konkurrentzia, publizitate eta gardentasun printzipioei jarraikiz.

d) Farmazia zerbitzuei informazioa bidaltzea Osasun Ministerioak eta haren kide anitzeko organoek kudeatutako deskontu ofizialei buruz eta gehieneko gastu mugei buruz.

e) Lizitazio prozesuetatik eratorritako kontratuak betetzen direla begiratzea, medikamentuen eta dietoterapikoen erabileraren jarraipena eginez.

f) Erosketen aplikatibo informatikoak kontratazioaren emaitzen arabera kudeatzea.

g) Aurrekoekin loturik Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren titularrak agintzen dion beste edozein.

22.–Farmaziako Prestazioaren Kontrolerako Unitatearen eginkizunak:

Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren menpe, Farmaziako Prestazioaren Kontrolerako Unitateak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Zerbitzuan sortzen den dokumentazio administratiboa izapidetzea eta administrazio lanak antolatzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari fakturatutako errezeta bidezko farmaziako prestazioaren berrikuspen administratiboa kontrolatzea.

c) Errezeta bidez emandako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari fakturatutako farmaziako prestazioaren berrikuspen administratiboan atzemandako gorabeherak izapidetzea.

d) Paziente anbulatorioen eta zentro soziosanitarioen inkontinentzia-xurgatzaileen eskaerak berrikustea eta, hala badagokio, baimentzea.

e) Koordainketa farmazeutikoarekin lotutako eskaerak eta farmaziako prestazioaren arloan indarrean dagoen legeriaren ondoriozkoak jaso, egiaztatu eta izapidetzea.

f) Aurrekoekin loturik Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren titularrak agintzen dion beste edozein.

23.–Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuaren egitura: Medikamentuaren gaineko Informaziorako Unitatea.

Medikamentuaren gaineko Informaziorako Unitateak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuan sortzen den dokumentazio administratiboa izapidetzea eta haren zeregin administratiboak antolatzea.

b) Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzuak sortzen dituen informazio dokumentuak Interneten eta intraneten argitara daitezela izapidetzea.

c) Medikamentuen Bermeei eta Erabilera Zentzuzkoari buruzko Legearen 6. xedapen gehigarriko funtsen gaineko urteko memoria egitea.

d) Nafarroako Informazio Farmakoterapeutikoaren Buletinaren (BIT) kudeaketatik eratorritako izapide administratibo guztiak egitea.

2. Laugarren xedapen gehigarria gehitzen da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Atala kentzen da, amortizatzen baita atal berri bat sortzeko, Erosketen Atala izenekoa.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Farmazia Unitatea kentzen da, amortizatzen baita unitate berri bat sortzeko, Medikamentuaren gaineko Informaziorako Unitatea izenekoa.

Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren menpe dagoen Kudeaketa Administratiboaren Unitatea kentzen da, amortizatzen baita unitate berri bat sortzeko, Farmaziako Prestazioaren Kontrolerako Unitatea izenekoa, Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuaren menpe.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2215302