250. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

104/2022 FORU DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Fundazioen Erregistroa eta haren eskumeneko prozedurak.

ZIOEN AZALPENA

1

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa du Nafarroako Foru Zuzenbidearen arauen arabera eratutako fundazioen arloan, halaxe ezarri baita Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.20 artikuluan. Gainera, Nafarroak eskumen historiko eta esklusiboa du foru-zuzenbide zibilaren arloan, halaxe aitortzen baita, berariaz, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluan.

2019ko urriaren 16an, alabaina, errotik aldatu zen Nafarroako fundazioen araubide juridikoa, egun horretan indarra hartu baitzuen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legeak, zeinaren bidez aldatu eta eguneratu baitzen Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa (Foru Berria). Beste erregulazio bat ezarri zen, zeinaren berrikuntzarik azpimarragarriena honako hau baita: fundazioa eratzeko egintza erregistroan inskribatu beharra, nortasun juridikoa lortzeko. Legegilearen borondatea da fundazioak berariaz arautuko dituen lege berezi batean ezar daitezela fundazioa eratzeko gainerako baldintzak, halaxe adierazi baita 42. lege berrian, batetik, eta azken xedapenetako bigarrenean ezarritako legezko manuan, bestetik. Eskumen horiek baliatuta, eta Nafarroako fundazioen erregulazioa garatzeko eta hura konpilazioaren idazketa berrira egokitzeko asmoz, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea aldarrikatu zen.

Ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen lege-berrikuntza nagusiak, fundazioa eratzeko egintza erregistroan inskribatu beharraz gain, honako bi hauek dira: erregistroaren funtzionamendu-printzipioak, eta teknologia berrien erabilera sustatzea, bai administrazioen arteko harremanetan, bai fundazioekiko eta, oro har, herritarrekiko harremanetan. III. tituluko I. kapituluak Nafarroako Fundazioen Erregistroa arautzen du (51. artikulutik 56. artikulura), eta 52.3 artikuluan adierazten da ezen erregelamendu bidez ezarriko dela erregistro horren egitura, antolaketa eta funtzionamendua. Bestalde, indargabetzen da, foru lege horren aurka egiten duen guztian, Nafarroako Fundazioen Erregistroaren egitura eta funtzionamendua arautzen dituen azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretua; gainerako artikuluek indarrean segituko dute.

Azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretua partez indargabetzeak segurtasun juridikorik eza eragiten du, ez baitu zehaztasunez bereizten erregelamenduzko arauko zein elementu dauden indarrean eta zein ez. Bestalde, administrazio-prozedurak egun arautzen dituzten arauek exijitzen dute administrazio-kargak murriztea eta prozedurak sinplifikatzea. Argi dago, beraz, prozedura argiagoak eta sinpleagoak ezarri behar direla, batez ere telematika bidezkoak; saihestu behar direla beharrezkoak ez diren administrazio-izapideak, eta erregistroa konfiguratu eta garatu beharra dagoela zerbitzu publiko gardena, arina eta teknologikoki aurreratua izan dadin.

2

Erregistroari dagokionez, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 52.3 artikuluan jasotako aginduaz gain, arauak berak erregistroa erregelamenduz garatzeko eskatzen du artikulu hauetan: 49.5 eta 75. i) artikuluak (urteko kontuak gordailutzea); 53. a) artikulua (inskriba daitezkeen dokumentu-tituluak) eta 59.2 artikulua (erregistroaren publikotasuna gauzatzeko prozedura). Gai horiek guztiak foru dekretu honetan jorratzen dira, eta berau onetsita bermatu nahi dira bai erregistroaren erregulazio integrala, bai segurtasun juridikoa, bai arauz babesturik egonen direla sinplifikazioaren eta modernizazioaren arloko hobekuntza neurriak; hori guztia kontuan izanda fundazioen sektoreak garrantzi nabarmena duela Nafarroako Foru Komunitatean, eta Fundazioen Erregistroa tresna garrantzitsua dela, ezbairik gabe, erakunde horien trafiko juridikoaren eta ekonomikoaren segurtasuna zaintzeko. Erregistroak badu mende laurdeneko eskarmentua erregistro-espedienteak kudeatzen. Eskarmentu hori biltzeaz gain, foru-dekretu hau onestearekin honako helburu hauek bete nahi dira:

a) Arautzea Nafarroako Fundazioen Erregistroa eta behar den egitura ematea, foru fundazioen errealitatera egokitutakoa. Arautzea, halaber, erregistro horren eskumeneko prozedurak eta erregistro horrek fundazioekin, herritarrekin, Babesletzarekin eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin dituen harremanak.

b) Prozedura argiagoak eta sinpleagoak ezartzea, batez ere telematika bidezkoak, beharrezkoak ez diren administrazio-kargak saihesteko.

c) Erregistroan orain arte egindako aurrerapen guztiak sartzea, modu egituratuan eta sistematikoan.

d) Erregistroa konfiguratzea eta ezartzea zerbitzu publiko garden, arin eta teknologikoki aurreratu gisa.

3

Azaldutakoaren arabera, foru-dekretuak 42 artikulu ditu, bost kapitulutan banatuta, eta horiei gehitzen zaizkie bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

I. kapituluak xedapen orokorren multzo bat du, zeinetan ezartzen baita zein diren haren eremu objektiboa, araubide juridikoa, izaera, printzipioak eta atxikipena, eta erregistroan inskriba daitezkeen erakundeak.

II. kapitulua, erregistroaren barne-araubideari buruzkoa, bi ataletan banatzen da: lehenengoa, administrazio-antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa, eta bigarrena, lankidetza-harremanei buruzkoa (izan zerga-arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuarekin, Nafarroako Fundazioen Babesletzarekin, Nafarroako Notario Elkargoarekin, Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekin, eta fundazioen eta beste administrazio, entitate eta organismo batzuen erregistroekin).

III. kapituluak inskripzio-prozeduretarako xedapen komunak ezartzen ditu.

IV. kapituluak inskripzio-prozeduren xedapen espezifikoak ezartzen ditu. Lehenengo atalean fundazioen eraketa inskribatzeko prozedura arautzen du; bigarren atalean, berriz, inskribatzeko beste prozedura batzuk arautzen ditu: lurralde-eremuaren aldaketak, fundazio-egintzaren edukian izaten direnak, edo estatutuetan eta patronatuaren osaeran gertatzen diren aldaketak; bategiteak, bereizteak, azkentzeak, likidazioak eta inskriba daitezkeen beste egintza batzuk.

V. kapituluak arautzen du, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 59. artikulua garatze aldera, erregistro publiko bati dagokion publikotasun formalaren erabilera. Ezartzen da eman behar direla gordailuan utzitako dokumentuen edo idazpenen ziurtagiriak, informazio-ohar soilak edo gordailututako idazpenen eta dokumentuen kopiak; eta fundazioen kontuekpublikoak izan behar dutela.

Aurreko guztiarekin batera, xedapen gehigarriek arautzen dute nola egokitu behar zaizkion estatutuak egungo foru araudiari, eta arautzen dute, era berean, nola sar daitezkeen, erregistroan, lehendik dauden baina hartan inskribatuta ez dauden fundazioak. Xedapen iragankorrek, beren aldetik, gordailututako kontuen lehen publikotasun ekintza jorratzen dute, eta estatutuak egokitzeko legezko epean egin beharreko jarduketak. Xedapen indargabetzaile bakarra dago, araututakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabetzen dituena, eta indargabetzen duena, bereziki, azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretua. Azkenik, azken xedapenek erregelamenduzko garapena gaitzen dute, eta indarra hartzea ezartzen dute.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremu objektiboa.

Hauek dira foru dekretu honen xedeak:

a) Nafarroako Fundazioen Erregistroaren eskumeneko prozedurak arautzea, zehazki:

a.1) Inskribatzea, batetik, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren fundazioak eta ordezkaritzak, bai eta haien bizitzarako garrantzitsuak diren egintzak ere.

a.2) Inskribatutako fundazioen kontuak gordailutzea eta publiko bihurtzea.

a.3) Inskribatutako fundazioen eta ordezkaritzen erregistroa publikoa izatea, indarreko araudian ezarritako ondorioetarako.

b) Nafarroako Fundazioen Erregistroaren egitura, antolaketa eta funtzionamendua ezartzea.

c) Antolatzea, eginkizunak hobeto betetze aldera, erregistroaren eta honako hauen arteko harremanak: Nafarroako Fundazioen Babesletza, Nafarroako Gobernuaren zerga-arloko departamentu eskuduna, notariotzak, Notariotzaren Kontseilu Nagusia, Estatuaren eskumeneko fundazioen erregistroa eta fundazioen erregistro autonomikoak, haien eginkizunak hobeto betetzeko.

2. artikulua. Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskriba daitezkeen erakundeak.

Nafarroako Fundazioen Erregistroan honako hauek inskribatuko dira:

a) Nafarroako Foru Berriaren arabera eratutako fundazioak.

b) Estatuko edo autonomia-erkidegoen berezko araudiaren arabera eratutako fundazioak, gerora foru-araudira egokitzen direnak beren egoitza Nafarroako lurralde-eremuan ezarri eta jarduerak nagusiki eremu horretan garatze aldera

c) Fundazio publikoak, Foru Administrazio Publikoaren eremuan sortu direnak beren eskumeneko helburuak betetzeko asmoz eta bat etorrita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 67. eta 68. artikuluetan ezarritakoarekin.

d) Nagusiki Nafarroan jarduten duten atzerriko fundazioen ordezkaritzak.

e) Erregistroan inskribatutako fundazioek beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko asmoz eratutako ordezkaritzak.

f) Indarrean dagoen araudiaren arabera hala behar duten fundazioak.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Fundazioen Erregistroa arautuko da Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean, hura garatzeko emandako xedapenetan eta foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua. Izaera eta printzipioak.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroak izaera administratiboa du eta publikoa da, eta biltzen dituen idazpenak egiazkotzat hartzen dira, foru dekretu honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat.

2. Erregistroko inskripzioak eta erregistroaren publikotasun egintzak tasen eta prezio publikoen arloan inskribatzeko unean indarra duen foru araudiaren menpe egonen dira.

3. Nafarroako Fundazioen Erregistroa, inskripzio- eta publikotasun-eginkizunak betez, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 53. artikuluan ezarritako printzipioen mende geratzen da.

5. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Fundazioen Erregistroa atxikiko zaio Nafarroako Gobernuko departamentuetatik lehendakaritzaren arloko eskumenak dituen horri. Erregistro funtzioak zer unitate administratibok beteko dituen erabakitzeko (unitate bat baino gehiago izan daitezke) kontuan izanen da zein den, une oro, departamentu horretan ezarrita dagoen egitura organikoa.

II. KAPITULUA

Nafarroako Fundazioen Erregistroaren barne-araubidea

1. ATALA

Antolaketa eta funtzionamendua

6. artikulua. Erregistroaren funtzioak.

Halaxe xedatu baitu 57. artikuluan ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legeak, Nafarroako Fundazioen Erregistroari honako funtzio hauek betetzea dagokio:

a) Erregistroan sartu behar diren inskripzio-eskabideak izapidetzea eta horien gainean ebaztea, eta inskripzioak kontrolatzea, hori guztia bat etorrita ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoarekin.

b) Erregistroan utzitako agiriak artxibatzea eta zaintzea.

c) Erregistroaren publikotasuna.

d) Izena erreserbatzeko ziurtagiria ematea, zeinak egiaztatzen baitu Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatu gabe dagoen fundazio batek bi izen erreserbaturik dituela.

e) Izenari buruzko ezezko ziurtagiria, zeinak frogatzen baitu Nafarroako Fundazioen Erregistroan ez dagoela izen bereko beste fundaziorik, ez eta nahasbidea sor dezakeen antzeko izen bat duenik ere.

f) Txosten teknikoak eta estatistikoak egitea, beste organo edo erakunde publiko batzuek beren eskumenak betez eskatzen badituzte.

g) Babesletzari komunikatzea egindako inskripzio guztiak.

h) Tributuen arloko departamentu eskudunari jakinaraztea Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean edo etorkizunean hura ordezten duen arauan ezarritako zerga-araubide bereziari atxikitako fundazioei buruz egindako inskripzio guztiak.

i) Estatuaren eskumeneko fundazioen erregistroari komunikatzea fundazioak eratzeko inskripzioak edo, kasua bada, azkentzekoak, baita beste edozein idazpen ere, baldin indarreko araudiaren arabera horiek komunikatzea nahitaezkoa bada.

j) Inskribatutako fundazioen kontuak gordailutzea eta publiko bihurtzea, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

k) Indarreko araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

7. artikulua. Erregistroaren egitura.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroa hiru liburutan egituratzen da, zeinak modu elektronikoan kudeatuko baitira:

a) I. liburua: Inskripzioak, oharrak eta orri-bazterreko oharrak.

b) II. liburua: Urteko kontuak.

c) III. liburua: Izenak eta izen-erreserbak.

2. Erregistroaren I. liburua orri pertsonalaren sistemaren bidez eramanen da. Orri hori euskarri elektronikoan eginen da, eta edozein idazpen mota egiteko beharrezkoak diren eremuak izanen ditu.

3. Honako kasu hauetan irekiko da erregistro-orria I. liburuan: fundazio bat eratzean; fundazio baten lehen inskripzioa egitean, baldin haren lurralde-eremua aldatu bada eta foru-araubidera egokitu bada, eta atzerriko fundazio batek Nafarroan ordezkaritza ezartzean. Orri berri bakoitzari zenbaki bat emanen zaio, eta zenbaki hori modu korrelatiboan esleituko zaio erakunde bakoitzari. Erregistro-orri bakoitzean jasoko dira bai fundazioen eta ordezkaritzen identifikazio-datuak, bai egiten diren idazpenak.

4. Erregistroaren II. liburua orri pertsonalaren sistemaren bidez antolatuko da. Fundazioak I. liburuan zer inskripzio-zenbaki duen, zenbaki hori bera jarriko zaio orri pertsonal horri. Liburua euskarri elektronikoan eginen da, eta beharrezkoak diren eremuak izanen ditu urteko kontuak gordailutzeko eta haien erregistro publikoa egiteko.

5. III. liburuak bi zerrenda izanen ditu, biak euskarri elektronikoan eginak:

a) Izenen zerrenda.

b) Indarrean dauden izen-erreserben zerrenda, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Erreserba, gehienez ere, bi izenen gainean eginen da, eta, gehienera, sei hilabetez egonen da indarrean, erreserba egiten den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreserbatutako izenak Estatuaren eskumeneko fundazioen erregistroari jakinaraziko zaizkio, iraungitze-data adierazita.

8. artikulua. Erregistro-orrien edukia.

1. I. liburuko erregistro-orrietan honako hauek jasoko dira: fundazioen edo ordezkaritzen identifikazio-datuak, fundazioen bizitzarekin lotura duten eta inskribatu daitezkeen egintzak, eta dagozkien oharrak eta orri-bazterreko oharrak.

2. II. liburuko erregistro-orrietan, fundazioen kontuak gordailutu direla jasoko da, bat etorrita ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 49.5 artikuluaren arabera.

3. III. liburuko zerrendetan, inskribatutako fundazioen izenak eta haien aldaketak jasoko dira, bai eta inskribatzeko dauden fundazioen izen-erreserbak ere.

9. artikulua. Idazpen motak.

1. Nahitaez inskribatu beharko dira honako egintza hauek:

a) Fundazio bat eratzea bat etorrita Nafarroako Foru Berriarekin eta ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean xedatutakoarekin.

b) Fundazioak lehenengoz inskribatzea, baldin eta Estatuko araudiaren arabera edo gai honetan eskumena duten autonomia erkidegoetako araudien arabera eratuta badaude eta, gerora, helbidea Nafarroako lurralde-esparruan ezarri nahi dutelako eta nagusiki bertan garatu nahi dituztelako beren jarduerak, beren estatutuak aldatu badituzte horiek foru araudira egokitzeko.

c) Inskribatutako fundazioen eratze-agiriaren edo estatutuen edukia aldatzea.

d) Patronatuko kideak berritzea.

e) Fundazioen bat-egitea, dela fundazio berri bat eratzeko, dela lehendik eratuta dagoen fundazio bati beste fundazio bat gehitzeko; eta bat egindako fundazioen azkentzea, hala badagokio.

f) Inskribatutako fundazioak bereiztea, haien ondarearen zati bat bananduta beste fundazio bat sortzeko, edo lehendik dagoen beste bati eskualdatzeko.

g) Inskribatutako fundazioak azkentzea eta likidatzea, ondasunak nora bideratu diren adierazita. Behin likidazioa eginda, erregistroak kasuan kasuko erregistro-orriak ezereztuko ditu.

h) Beren jarduera Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan garatzen duten atzerriko fundazioen ordezkaritzak ezartzea, eta fundazioak ordezkaritza horietan izanen dituen ordezkariak izendatzea, bai eta esleitzen zaizkien ahalak edo ahalmenak ere, eta horiek aldatzea edo ezeztatzea.

i) Erregistroan inskribatutako fundazioek ordezkaritzak eratzea, beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko.

j) Patronatuak ahalorde orokorrak ematea, eta ahalorde horiek aldatzea eta ezeztatzea.

2. Aukerakoa izanen da egintza hauek inskribatzea:

a) Inskribatutako fundazioek ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluko 4. atalean jasotako organoak sortzea, aldatzea eta ezabatzea, eta, hala badagokio, organo horietako kideak izendatzea, berritzea eta kargutik kentzea.

b) Patronatuak emandako ahalmenak kide bati edo gehiagori eskuordetzea, bai eta horiek aldatzea eta ezeztatzea ere.

c) Inskribatutako fundazio eta ordezkaritzentzat garrantzia duen beste edozein egintza, patronatuak inskribatzea eskatzen badu.

3. Honako hauei buruzko idatzoharrak jasoko dira:

a) Inskribatutako fundazioez epaitegiek eta auzitegiek ematen dituzten ebazpenak.

b) Beste erregistro batzuek egindako inskripzioak, behar bezala egiaztatutakoak, baldin inskripzio horiek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan eragina duten fundazioetatik zein ukitzen duten, erabakigarriak badira fundazio horien jardunerako.

c) Aurrekoen antzeko beste ebazpen publiko batzuk.

d) Zerga-araubide berezia aplikatzea eta hura galtzea.

e) Indarrean dauden izen-erreserbak.

f) Zer departamenturi esleitu zaion fundazio edo ordezkaritza bakoitzaren babesletza.

g) Babesletzak jakinarazten dituen baimen-eskaeren ebazpenak.

4. Orri-bazterreko oharretan idatziko dira inskribatutako edo idatzoharretan jasotako egintzei buruzko oharrak edo inguruabarrak, edo erregistroan gordailututako agiriei buruzkoak.

10. artikulua. Nola eginen diren idazpenak.

1. Idazpenak laburrak izanen dira, eta zer egunetan egin diren jasoko dute.

2. Idazpenetan jasoko dira, bakar-bakarrik, erregistroaren helburua betetzeko behar-beharrezkoak diren datuak. Horretarako, segurtasun-neurriak ezarriko dira, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudian ezarritakoak, hain justuki.

3. Erregistroak berak zuzenduko ditu, ofizioz edo interesdunek eskatuta, idazpenen edukian atzematen diren akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.

11. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.

1. Halaxe xedatu baita Nafarroako Foru Berrian eta ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean, araudi horren mende dauden fundazioek nortasun juridikoa eskuratuko dute eratze-egintza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik.

2. Erregistroan inskribatutako entitateek baizik ez dute "Fundación" edo "Fundazioa" izena erabiltzerik izanen.

3. Gainera, erregistroan inskribatzean, bete egiten da fundazioen erregistroa publiko egiteko eta komunikatzeko legezko betebeharra, publikoak bihurtzen baitira fundazioa eratzea eta haren estatutuak, eta fundazioentzat garrantzitsuenak diren egintzak. Horrela, bermea eratzen da, bai fundazioarekin harremana duten hirugarrenentzat, bai fundazioarentzat berarentzat.

4. Erregistroko idazpenak epaitegien zaintzapean daude eta ondorioak izanen dituzte harik eta inskribatu arte haien zehaztasun ezaren edo baliogabetasunaren gaineko adierazpen judiziala edo, kasua bada, ebazpen administratiboa.

5. Inskripzioak ez ditu baliozkotzen antolamendu juridikoaren arabera baliogabeak diren egintzak eta kontratuak.

6. Erregistroko idazpenen zehaztasun ezaren edo baliogabetasunaren gaineko deklarazioak, bai eta inskribatu beharrekoak diren baina inskribatu ez diren egintzek ere, ez dituzte kaltetuko hirugarrenek fede onez eskuratutako eskubideak. Hirugarrenen fede ona dagoela uste izanen da egintza horien berri zutela frogatzen ez den bitartean.

12. artikulua. Prozedura elektronikoak.

Nafarroako Fundazioen Erregistroak behar diren programa eta tresna informatikoak ezarriko ditu prozedurak kudeatzeko, erregistro-idazpenak egiteko, informazioa biltegiratzeko eta esleituta dituen gainerako eginkizunak betetzeko; hori guztia bat etorrita administrazio-prozedura arautzen duen legerian eta datu pertsonalen babesa arautzen duen legerian ezarritakoarekin. Horrez gain, paperik ez erabiltzeko estrategia garatu dadin sustatuko du bere eremuan.

2. ATALA

Lankidetza-harremanak

13. artikulua. Lankidetza, zerga-arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuarekin.

1. Erregistroak inskripzioen gaineko kontrola eginen du, eta, horretarako, tributu arloko eskumena duen departamentuaren lankidetza eskatzen ahalko du.

2. Lankidetza departamentuen arteko barne-kontsultaren eta kontsulta elektronikoaren bidez eginen da, eta kontsultatuko da, bereziki, ea zuzkidura eta estatutuak egokitzen zaizkion uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritakoari (baldin fundazioak erregistroari adierazi badio, inskripzioa egiteko orriarekin batera, heldu nahi diola foru lege horretan arautzen den zerga-araubideari). Inskripzioa ebatzi aurretik eginen da kontsulta.

3. Erregistroak tributuen arloan eskumena duen departamentuari komunikatuko dio tributu araubide bereziari atxikita dauden fundazioei buruz egindako inskripzio guztiak.

14. artikulua. Lankidetza, Nafarroako Fundazioen Babesletzarekin.

1. Erregistroak inskripzioen kontrola eginen du, eta Nafarroako Fundazioen Babesletzaren lankidetza eskatu ahal izanen du.

2. Horretarako, babesletzak erregistroari txostena emanen dio, hark eskatuta, fundazioaren helburuen egokitasunari buruz, zuzkidura nahikoa izateari buruz, estatutuei edo horien aldaketei buruz, eta fundazioen bat-egite, bereizte, azkentze eta likidazio kasuetan aurkeztutako dokumentazioari buruz; hori guztia bat etorrita ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoarekin.

3. Lankidetza barne kontsulta elektronikoz gauzatuko da, erregistroaren eta departamentu bakoitzean babesletza esleituta duten organoen artean. Kontsulta, hala badagokio, erregistro-idazpena egin aurretik eginen da.

4. Erregistroak babesletzari jakinaraziko dizkio fundazio eta ordezkaritzei buruz egindako inskripzio guztiak.

15. artikulua. Nafarroako Notario Elkargoarekiko eta Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekiko lankidetza.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroari eta notario-bulego publikoei errazteko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legeak esleitzen dizkien eginkizunak betetzea, Nafarroako Gobernuak, lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuaren bidez, beharrezkoak diren koordinazio-, lankidetza- eta elkarlan-harremanak ezarriko ditu Nafarroako Notario Elkargoarekin eta Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekin.

2. Ondorio horietarako, Nafarroako Gobernuak sustatuko du lankidetza-hitzarmenak sinatzea Nafarroako Notario Elkargoarekin eta Notariotzaren Kontseilu Nagusiarekin.

3. Harreman horien bidez bermatuko da badaudela tresna eraginkorrak eta, batez ere, elektronikoak, inskripzioak azkar, eraginkortasunez eta efizientziaz egin ahal izateko.

4. Lankidetza-tresna horiek aukera emanen dute telematika bidez bidaltzeko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen mendeko fundazio eta ordezkaritzen notaritzako dokumentu publiko hauek: fundazioak eratzekoak, egintza edo izendapen inskribagarriei buruz hartutako erabakiak, eta fundazioak arautzekoak, aldatzekoak, bat egitekoak, bereiztekoak edo likidatzekoak.

5. Era berean, aukera emanen da notarioek, beren eginkizun publikoa betetzen ari direla, kontsulta dezaten telematika bidez Nafarroako Fundazioen Erregistroko liburuen edukia.

16. artikulua. Lankidetza-harremanak, Estatuaren eskumeneko fundazioen erregistroarekin eta babesletzarekin.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroak, bere eskumenak eta eginkizunak gauzatzeko eta inskripzio bera bitan ez egiteko, informazioa edo laguntza eskatu ahal izanen die fundazioen erregistroaren eta babesletzaren eginkizunak betetzen dituzten Estatuko Administrazio Orokorreko organo eta erakundeei.

2. Era berean, Estatuko Administrazio Orokorreko organo eta erakunde horiek, beren eskumenak baliatuta, Nafarroako Fundazioen Erregistroari informazioa edo laguntza eskatu ahal izanen diote.

3. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuak, lehendakaritza arloan eskumena duen departamentuaren bitartez, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu eta beharrezkoak diren prozedura elektronikoak txertatuko ditu bi administrazioen arteko interkonexioa ahalbidetzeko, Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalen betekizun eta preskripzio teknikoak beteta.

17. artikulua. Lankidetza-harremanak fundazioen erregistro autonomikoekin.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroak mantenduko ditu, fundazio autonomikoen erregistroekin, kasuan kasuko eskumenak zuzen eta eraginkortasunez baliatzeko beharrezkoak diren elkarrekiko lankidetza-harremanak; elkarri emanen dizkiote garatzen duten jardueraren harira behar dituzten informazioa, datuak, dokumentuak edo frogabideak, eta elkarri laguntza emanen diote, batak besteari eskatzen dionean, hori guztia indarrean dagoen legeriaren esparruan.

2. Nafarroako Gobernuak, lehendakaritza arloan eskumena duen departamentuaren bitartez, sustatuko du sar daitezela fundazioen beste erregistro batzuekin interkonexioa izateko beharrezkoak diren teknologiak, aurreko artikuluan azaldutako baldintzetan.

18. artikulua. Beste administrazio, erakunde eta organismo batzuekiko lankidetza.

1. Atal honetan bereziki araututako beste harreman batzuei kalterik egin gabe, Nafarroako Fundazioen Erregistroak eman eginen du administrazio publikoetako erakunde edo organismoek eskatzen dioten informazioa, baldin eta beharrezkoa bada haien eskumenak baliatzeko eta inskribatutako fundazio eta ordezkaritza zehatzen erregistro-idazpenetan jasotako datu zehatzei buruzkoa bada.

2. Eskatutako informazioa, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez emanen da.

3. Nafarroako Fundazioen Erregistroak epaitegiek eta auzitegiek eskatzen dioten erregistro-informazioa emanen die beti.

III. KAPITULUA

Inskripzio-prozeduren xedapen erkideak

19. artikulua. Hasiera.

1. Inskripzio-eskabideak aurkeztuko dira administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian ezarritako moduan eta lekuan.

2. Eskabidean honako alderdi hauek adieraziko dira beti:

a) Fundazioaren izena, helbidea eta harremanetarako datuak.

b) Eskabidearekin batera aurkeztutako agirien zerrenda.

3. Eskabidearekin batera aurkeztuko dira, kasu bakoitzean eta foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoak diren dokumentuak.

20. artikulua. Dokumentazioa.

1. Prozeduraren arabera eskritura publikoa aurkeztu behar bada, aurkeztuko da edo notarioak kautotutako kopia, edo notarioaren kopia autentikoan oinarri hartuta administrazioak konpultsatutako kopia, edo, bestela ere, kopia elektroniko autentikoa.

2. Fundazioa «mortis causa» egintzaren bidez eratzen denean, honako hauetako bat aurkeztu beharko da: testamentu-xedapenaren edukiaren egiaztagiria; oinordetza-ituna, edo hura egiaztatzen duen dokumentua, Foru Berriaren arabera oinordetza egin dela adierazteko legezko beste moduren bat, edo dokumentazio horren kopia autentikoa. Heriotza-ziurtagiriak eta azken nahiaren ziurtagiriak ere aurkeztu beharko dira beti.

21. artikulua. Tasak.

1. Inskripzioek dagozkien tasak sorraraziko dituzte, hala badagokio, bat etorrita otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean xedatutakoarekin (foru lege horren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoak).

2. Baldin egintza inskribagarriak legezko tasak baditu, aurkeztu beharko da, inskripzio-eskabidearekin batera, tasa horiek ordainketa-gutun bidez ordaindu izanaren egiaztagiria.

22. artikulua. Izapidetzea.

1. Erregistroak eskabideak eta erantsitako dokumentazioa aztertuko ditu, dokumentu inskribagarrien kanpoko formaren legezkotasuna kalifikatuko du, bai eta haien baliozkotasun materiala ere, haietatik eta, hala badagokio, erregistroko idazpenetatik ondorioztatzen denaren arabera, eta egiaztatuko du betetzen direla ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean eta foru dekretu honetan aurreikusitako baldintzak.

2. Baldin eskabideek baldintzak betetzen ez badituzte, interesdunei eskatuko zaie hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo aurkeztutako dokumentazioarekin aurkeztu beharrekoak erantsi edo zuzentzeko.

3. Nafarroako Fundazioen Erregistroak Babesletzaren, zerga-arloko departamentu eskudunaren edo fundazioen beste erregistro batzuen laguntza eskatu ahal izanen du, egiaztatzeko egokiak direla fundazioaren izena, zuzkidura, helburuak eta jarduerak, edo egin beharreko inskripzioari eragiten dioten beste estatutu-eduki batzuk.

4. Legezko bide elektronikoaren bidez aurkeztutako eskabideak izapidetzeko, eskatutako dokumentazioaren kopia eskaneatuak aurkeztu ahal izanen dira. Dokumentazioa zuzentzat jotzen denean, interesdunek jatorrizko dokumentuak edo haien kopia autentikoak aurkeztu beharko dituzte inskripzioa egiteko.

5. Zerbitzuak erabiltzeari dagokionez, transexualak, transgeneroak eta intersexualak beren sexu-identitatearen arabera tratatuko direla bermatuko da. Gainera, sexu- edo genero-identitateari buruzko datuen konfidentzialtasuna errespetatuko da.

6. Fundazio baten eraketa inskribatzeko eskaera jasotzen denean, honela zehaztuko da zein izanen den haren babeslea: erregistroak dagokion dokumentazioa igorriko dio, telematikoki, haren babesletzan jarduteko eskuduntzat jotzen den departamentuari –departamentu hori zein den jakiteko, bakoitzaren eskumenei begiratuko zaie, eta ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean xedatutakoari–, eta adieraziko dio 10 eguneko epean erantzun beharko duela babesletza bere gain hartzen duen edo ez, eta ohartaraziko dio ezen, epe horretan ez badu ezezko adierazpenik egiten , arrazoiak emanda betiere, bere gain hartzen duela joko dela. Departamentuak adierazten baldin badu ez duela babesletza bere gain hartzen, begiratuko da zer beste departamenturen eskumenekin duten lotura fundazioko estatutu-xede nagusiek, eta haiei igorriko zaie dokumentazioa. Azaldutako moduan ezin bada zehaztu zein departamenturi dagokion babesle izatea, lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuari esleituko zaio.

7. Gerta liteke erregistroaren titularrak jotzea, berariaz eskatu diotelako edo estatutuak aldatu direlako, bidezkoa dela babesle izan dadila orain arte babesle jardun duen departamentua ez den beste bat. Horrelakoetan, erregistroaren titularrak jakinarazpen bat bidaliko die bi departamentu horiei, telematika bidez, horren guztiaren berri izan dezaten. Departamentuen erantzunak jaso ondoren edo horretarako emanen den 10 eguneko epea igaro ondoren, erregistroak beste departamentu bat izendatuko du babesletzarako eskumendun edo, hala badagokio, orain artekoa mantenduko du. Beste bat izendatzen badu, erabaki tekniko horren berri emanen zaie tartean diren departamentuei eta fundazioari. Estatutu-aldaketa bat bada, inskripzio-ebazpenean berariaz aipatuta jakinaraziko da.

8. Gerta liteke babesletzaz arduratzen den departamentu-unitate batek, fundazioek urtero bidalitako dokumentazioa ikusita edo bere funtzioak betetzean beste moduren bat erabilita, iriztea fundazio baten jardueretan izandako aldaketa batek fundazioaren helburu nagusiak aldatu dituela, eta helburu nagusi berriak beste departamentu bati esleitutako arlo baten barruan daudela. Horrelakoetan, jakinarazpen arrazoitu bat bidaliko dio erregistroari horren guztiaren berri emanda. Orduan, erregistroak, gaia aztertuko du; hala baldin badagokio, beste departamentuari igorriko dio ofizioz; hark gaiaren inguruan zer adierazi duen jasoko du, eta bietako bat: edo beste departamentu bati esleituko zaio babesletzaren ardura, edo, hala badagokio, orain artekoak bere horretan jarraituko du. Beste bat izendatzen badu, erabaki tekniko horren berri emanen zaie tartean diren departamentuei eta fundazioari.

23. artikulua. Ebazpena eta errekurtsoak.

1. Erregistroa administrazioko zer organotara atxikita dagoen, organo horren titularrak emanen du fundazioaren inskripzioa onesten edo ukatzen duen ebazpen arrazoitua.

2. Oro har, eskatutako inskripzioa ukatu ahal izanen da honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Fundazioak ez betetzea ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean, foru dekretu honetan eta aplikatu beharreko indarreko gainerako araudian ezarritako betekizun orokorrak.

b) Erakundea ez egotea ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen aplikazio-eremuan.

3. Inskripzioa ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabidea Foru Administrazio Publikoaren Erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

4. Inskribatzeko ebazpenean adieraziko da egintza sartzen ahal dela erregistroan, eta dagokion idazpena egiteko beharrezkoak diren datu guztiak izanen ditu.

5. Inskripzio-prozeduren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen zaio lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari.

24. artikulua. Jakinarazpenak.

1. Inskripzio-prozeduretan ematen diren ebazpenak inskripzioa eskatu duten pertsonei jakinaraziko zaizkie.

2. Ebazpenak babesletzari ere helaraziko zaizkio, eta, hala badagokio, zerga-arloan eskumena duen departamentuari.

3. Inskripzio-ebazpenak kasuan kasuko administrazio publikoei ere helaraziko zaizkie.

IV. KAPITULUA

Inskripzio-prozeduren xedapen espezifikoak

1. ATALA

Fundazioen eraketa inskribatzeko prozedura

25. artikulua. Fundazioa eratzeko egintzen ondorioak eta agiri-forma.

1. Nafarroako Foru Berriaren 42. Legearen lehenengo paragrafoaren arabera eratzen diren fundazioek nortasun juridikoa eskuratzen dute eratze-egintza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik. Inskripzio hori ukatu ahal izanen da, bakar-bakarrik, egintza hori ez datorrenean bat aplikatu beharreko indarreko legeriaren aginduekin.

2. Fundazioa «inter vivos» egintzen bidez eratzeko, eskritura publikoan formalizatutako eratze-agiria aurkeztu beharko da.

3. Fundazioa "mortis causa" egintzaz eratzeko eratze-agiria beharko da, testamentuz, oinordetza-itunez edo oinordetza emateko beste edozein moduz formalizatuta, Nafarroako Foru Berriarekin bat etorrita. Egintza horretan bildu beharko dira eraketaren eskritura publikoari dagokionez aurreikusten diren zehaztasun guztiak, salbu eta hurrengo apartatuan xedatutako kasuan.

4. Fundazioa «mortis causa» egintzaren bidez eratzean, xedatzaileak fundazio bat sortzeko eta hasierako zuzkidurako ondasun eta eskubideak baliatzeko borondatea adierazi baizik ez badu egin, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean eskatzen diren gainerako baldintzak jasotzen dituen eskritura publikoa eman beharko dute, hain zuzen ere, «mortis causa» izaerako liberalitateak egikaritu behar dituztenek, zuzenbideari jarraikiz hala dagokielako.

26. artikulua. Izena emateko dokumentazioa:

1. Eratu den fundazio bat inskribatu dadin eskatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, zeinetan adieraziko baita argi eta garbi hura inskribatu nahi dela.

2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eratze-agiria (notarioak kautotutako kopia edo benetako kopia elektronikoa aurkeztu beharko dira). Eratze-agirian zehaztu beharko dira, gutxienez ere, honako alderdi hauek (aurreko artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoa bazter):

a.1) Fundatzaile guztien izena, abizenak, adina eta egoera zibila, pertsona fisikoak badira, eta haien izena edo sozietate-izena, pertsona juridikoak badira; eta, bi kasuetan, nazionalitatea, helbidea eta nortasun-agiriaren edo identifikazio fiskaleko zenbakiaren zenbakia, zer dagokion.

a.2) Fundazio bat eratzeko borondatea.

a.3) Hasierako zuzkidura, haren balorazioa eta ekarpena nola egin den eta zertan den.

a.4) Fundazioaren izena. Eskritura publikoan adierazten den izenak bat etorri beharko du zehatz-mehatz izenaren ziurtagiri negatiboan ageri denarekin.

a.5) Fundazioaren estatutuak, zeinak nahitaez jasoko baitute ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa.

a.6) Patronatua osatzen dutenen identifikazioa, eta haien onarpena, fundazioa eratzeko unean egiten bada.

b) Eratze-agirian jaso ez diren izendapenak edo kargu-hartzeak onartu egiten direla frogatzen duen egiaztagiria.

c) Fundatzaileak pertsona juridikoak baldin badira, horietako bakoitzaren borondatezko akordioak aurkeztuko dira, bai fundazioa sortzekoa (organo eskudunak hartua) bai eta eraketa-aktan ordezkari izanen dituztenak izendatzekoa ere.

d) Hasierako zuzkidura eman dela egiaztatzen duten dokumentuak, baimena eman duen notarioak eginak. Diruzko ekarpenak bankuko ziurtagiri baten bidez egiaztatuko dira, zeina eskriturari erantsiko baitzaio. Hasierako zuzkidura diruzkoa ez den ekarpena bada, eman dela egiaztatuko da erregistroko datuen bidez, baldin badaude, akzioen edo partaidetzen zenbakiak aurkeztuta, kasua bada, edo zuzenbidean baliozkoa den edozein bitarteko erabilita, baldin eta frogatzen badu ekarpenak egiazkoak direla haien izaeraren arabera. Haren balio ekonomikoa eurotan kuantifikatzeko, eskriturari aditu independente baten tasazioa erantsiko zaio, erabili diren balorazio irizpideak zehazten dituena.

e) Lehenengo jarduketa-programa; urtebeteko epea hartuko du, inskripzio-eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Ondorio horietarako, jarduketa-programatzat hartuko da fundazioaren helburuak lortzeko edo fundazioa abian jartzeko beharrezkoak diren helburu zehatz batzuetara bideratutako eta planifikatutako ekintzen multzoa zehatz-mehatz jasotzen duen dokumentua.

f) Azterlan ekonomikoa, hasierako zuzkidura nahikoa dela egiaztatzen duena, barne harturik lehenengo jarduketa-programako jarduera guztien finantzaketa osoa, xehatua eta identifikagarria. Hasierako zuzkidurak 10.000 eurotik gorako balio ekonomikoa duenean, ez da beharrezkoa izanen azterlan ekonomiko hori aurkeztea.

g) Lege prozesal zibilen arabera, hasierako zuzkidurari ekarpenak egiteko betebeharrak betearaztea dakarten tituluak, hirugarrenek hitzartutakoak.

h) Hala badagokio, fundazioak uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean araututako zerga-araubide bereziari atxikitzeko borondatearen adierazpena. Ondorio horietarako, Nafarroako Fundazioen Erregistroak inskripzioaren ebazpena eta dagokion dokumentazioa helaraziko dizkio tributuen arloko departamentu eskudunari.

27. artikulua. Prozeduraren berezitasunak.

1. Erregistroak arlo penaleko legezkotasun ezaren arrazoizko zantzuak aurkitzen baditu fundazio baten eraketan, ebazpen arrazoitua emanen du, eta dokumentazio osoa igorriko du Fiskaltzara edo organo jurisdikzional eskudunera, eta horren berri emanen dio fundazio interesdunari; horrelakoetan, inskripzioa egiteko prozedura etenda geldituko da ebazpen judizial irmoa eman arte.

2. Foru dekretu honen 23.2 eta 25.1 artikuluetan ezarritako kasu orokorrez gain, fundazio bat erregistroan inskribatzea ukatuko da, baldin eta fundazio-eskrituran badaude Nafarroako fundazioak arautzen dituen araudian ezarritakoaren aurkakoa den fundatzaileen borondatearen adierazpenik edo estatutuen xedapenik, eta adierazpen edo xedapen horrek fundazioaren beraren eraketa-balioari eragiten badio.

3. Inskripzioa ez badute eskatzen edo prozeduraren ondorioz zuzenketa egiteko eskaerei erantzuten ez badiete horretara behartutako pertsonek, modu solidarioan hartuko dute bere gain dagokien erantzukizuna, fundazioa inskripzio prozesuan zegoelarik jarduketa ez betetzeagatik eta egindako egintzengatik.

4. Inskripzioari buruzko ebazpenean zehaztuko da Nafarroako Gobernuko zein departamentuk jardungo duen fundazioaren babesletzan.

2. ATALA

Inskribatzeko beste prozedura batzuk

28. artikulua. Fundazioak inskribatzea lurralde-eremua aldatzeagatik.

1. Ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 58.1.b) artikuluan jasotako fundazioetatik inskriba ditzaten nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Fundazioen Erregistroan. Prozedura horri hasiera emateko beste modu bat da fundazioa egun inskribaturik dagoen erregistroak jakinaraztea prozedura hori ireki dela bere eremuan, eta horretarako aurkeztu diren dokumentuak bidaltzen baditu.

2. Bi kasuetan, eskabidearekin batera eta kasuaren arabera betiere, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Estatutuak aldatzeko eskritura publikoa, zeinetan adierazten baita lurralde-eremua aldatu dela eta zer aldaketa egin behar diren estatutuetan, Nafarroako fundazio-legerian xedatutakora egokitzeko. Eskriturari ziurtagiri bat erantsiko zaio, zeinak egiaztatuko baitu estatutuen arabera horretarako eskumena duen organoak hartu zuela horiek aldatzeko erabakia, bai eta estatutu berrien testu bategin osoa ere.

b) Jatorrizko erregistroaren ziurtagiria, zeinetan egiaztatzen baita bertan inskribatu zela, zer egunetan, fundazioaren izena, fundatzaileen identitatea, inskribatutako patronatua eta hasierako zuzkiduraren zenbatekoa.

c) Patronatua berritu dela egiaztatzen duen agiria, baldin eta haren osaera aldatu egin bada jatorrizko erregistroan inskribatuta dagoenaren aldean; kasu horretan, haren inskripzioa eta lurralde-eremuaren aldaketarengatiko inskripzioa batera izapidetuko dira.

d) Hala badagokio, eremu-aldaketa fundazioaren babesletzari jakinarazi zaiola erakusten duen egiaztagiria, edo haren baimena.

3. Inskripzio-ebazpenean zehaztuko da Nafarroako Gobernuko zer departamentu izanen den fundazioaren babesle, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean eta foru dekretu honetan jasotakoaren arabera.

4. Inskripzio-ebazpenean erregistro-zenbaki bat emanen zaio, eta ebazpen hori ofizioz bidaliko da jatorrizko erregistrora, espedientea bidaltzeko eta erregistroan ezerezteko eskaerarekin batera.

29. artikulua. Inskribatutako fundazioen fundazio-aktaren edo estatutuen edukiaren aldaketa.

1. Inskribatutako fundazioen eratze-agiriaren edo estatutuen edukian izandako aldaketak erregistroan inskribatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Nafarroako Fundazioen Erregistroan.

2. Eskabidearekin batera, eta kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Fundazioaren hasierako eratze-agiria edo ondorengo agiriak aldatzeko eskritura publikoa. Hasierako zuzkidura aldatu bada, berariaz jaso behar da ekarpena egin dela, bai eta ekarpen-egilearen borondatearen adierazpena, zeinetan adierazten baita nahi duela hura hasierako zuzkiduran sar dadila.

b) Fundazioa arautzen duten estatutuak osorik edo zati batean aldatzeko eskritura publikoa, zeinetan jasoko baita, beti, estatutu berrien testu bategina. Halaber, ziurtagiri bat erantsiko zaio, egiaztatzen duena ezen estatutuen arabera horretarako eskumena duen organoak hartu duela eratze-agiria edo estatutuak aldatzeko erabakia. Egiaztagiri horretan, halaber, adieraziko da zer arrazoirengatik den egokia aldaketa egitea, fundazioaren intereserako eta haren helburuak hobeto lortzeko; aldaketak errespetatzen duela fundazioaren helburua, eta fundatzaileek ez dutela berariaz debekatzen.

c) Erregistroan inskribatuta dagoen patronatuaren osaera aldatu bada, hura berritu dela inskribatzeko eskatuko eta izapidetuko da aldi berean.

3. Foru dekretu honen 23.2 eta 25.1 artikuluetan ezarritako kasu orokorrez gain, inskribatutako fundazioen fundazio-agiriaren edo estatutuen edukiaren aldaketaren inskripzioa ukatu ahal izanen da honako kasu hauetan:

a) Fundatzaileen berariazko debeku bat urratzen duenean.

b) Fundazioaren helburua errespetatzen ez duenean edo erakundearen interesentzat eta haren helburuak hobeto lortzeko komeni ez denean.

30. artikulua. Patronatuko kideak berritzearen inskripzioa.

1. Inskribatutako fundazioen patronatuko kideak berritzeko, inskripzio-eskabidea aurkeztu beharko da Nafarroako Fundazioen Erregistroan.

2. Eskabidearekin batera, eta kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Organo eskudunak hartutako erabakiaren ziurtagiria; beharrezkoak diren datu guztiak izanen ditu, egiaztatzeko berritzea estatutuekin bat datorrela eta estatutuetan araututako prozeduraren arabera egin dela. Baldin izendapena edo kargu-uztea eskritura publikoz egin behar bada, ziurtagiria eskritura publikoan sartu beharko da.

Ziurtagirian patronatuaren osaera eguneratua eta osoa jasoko da: kideen zerrenda xehatua jasoko da, izen-abizenak eta, hala badagokio, patronatuan betetzen duten kargua adierazita. Haien agintaldia noiz bukatzen den adieraziko da ere, edo, kasua bada, berezkoak direla edo biziartekoak.

Patronatuko kideak pertsona fisikoak badira, ziurtagirian adieraziko dira nortasuna egiaztatzeko agirietan ageri diren izenak, abizenak eta zenbakiak.

Patronatuko kideak pertsona juridikoak badira, sozietate izena eta identifikazio fiskaleko zenbakiak adieraziko dira.

Patronatuko kideak erakunde baten ordezkariak badira, dela talde batek izendatu dituelako, dela berez dutelako ordezkari izaera, inguruabar horiek ziurtagirian jaso beharko dira.

Patronatua berritzen baldin bada patronatua osatzen duten kideetakoren batek kargua utzi duelako, ziurtagirian kargua uzteko arrazoia jaso beharko da.

b) Hala dagokionean, erregistroko segidako traktuaren ziurtagiria, egiaztatzen dituena erregistratutako azken patronatutik erregistratu nahi denera arte egon diren patronatuak.

c) Hala dagokionean, patronatua osatzen duten pertsonek izendapenak edo karguak onartu dituztela edo horiei uko egin dietela egiaztatzen duen agiria, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 25.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

31. artikulua. Fundazioen bat-egitearen inskripzioa.

1. Fundazioen bat-egitea Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da.

2. Eskabidearekin batera, eta kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Bat-egitearen eskritura, batak bestea xurgatu duelako edo fundazio berri bat sortu delako. Eskrituran honako hauek adieraziko:

a.1) Fundazio parte-hartzaileek egiletsitako bat-egite erabakia. Idazki horretan jaso beharko dira, fundazio parte-hartzaileen inguruabar orokorrez gain, bat-egitearen ondorioz sortu den fundazioaren estatutuak, lehen patronatua osatzen duten pertsonen identifikazioa eta bat-egitearen data, kontabilitatearen ondorioetarako. Lehendik dagoen fundazio batek xurgatzen baditu fundazio bat edo gehiago, egiaztagiri bat erantsi beharko da, zeinetan adierazten baita onetsi egin direla oinordetza unibertsalerako beharrezkoak diren bat-egitearen balantzeak.

a.2) Parte hartzen duten fundazioen patronatuek, beren estatutuen arabera, bat egiteko hartu dituzten erabakien ziurtagiriak. Ziurtagiri horietan adieraziko da zer arrazoirengatik justifikatzen den bat-egitea komenigarria dela fundazioaren xedeak hobeto betetzeko, bat-egiteak fundazioaren xedea errespetatzen duela eta fundatzaileek ez dutela berariaz debekatu.

b) Fundazio berri bat sortzen bada, agiri bat erantsi beharko da, zeinetan egiaztatzen baita xurgatutako fundazioen ondareak fundazio sortu berriaren esku utzi direla. Fundazio sortu berriak oinordetza unibertsalaren tituluaren bidez eskuratuko ditu ondare horiek.

3. Bi fundazioren edo gehiagoren bat-egitearen bidez fundazio berri bat sortu dela inskribatzeko, jarraitu eginen zaie kapitulu honen 1. atalean fundazioak eratzeko aurreikusitako izapideei.

4. Xurgapen bidezko bat-egitea inskribatzeko, foru dekretu honen 29. artikuluan estatutuak aldatzeko aurreikusitako izapide berak beteko dira.

5. Bat-egitearen ondorioz fundazio berri bat sortzen bada, inskripzio-ebazpenean zehaztuko da Nafarroako Gobernuko zein departamentu izanen den babeslea, erregistro-zenbaki bat emanen zaio, eta xurgatutako fundazioen erregistro-orriak ofizioz ezerezteko aginduko da.

6. Egiaztatzen bada bat-egitea xurgapen bidez izan dela, ebazpenean adieraziko da fundazio xurgatzaileak irekita duen orrian inskribatuko direla estatutuen aldaketak, baldin horrelakorik izan bada, eta bat-egiteko erabakiaren gainerako inguruabarrak, eta xurgatutako fundazioen erregistroko orriak ofizioz ezerezteko aginduko da.

32. artikulua. Fundazioen bereizketaren inskripzioa.

1. Eskabidea aurkeztuta inskribatuko da Nafarroako Fundazioen Erregistroan fundazio baten bereizketa, haren ondarearen zati bat banandu denean dela fundazio berri bat sortzeko, dela lehendik dagoen beste bati eskualdatzeko.

2. Eskabidearekin batera, eta kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Bereizketaren eskritura publikoa, honako hauek jasoko dituena:

a.1) Bereizte-erabakia, fundazio parte-hartzaileek egiletsia. Idazkian adierazi beharko dira, inguruabar orokorrez gain, honako hauek: bereizketaren ondorioz sortu den fundazioaren eta bereizitako fundazioaren dokumentazioaren aldaketa –edo, fundazioa sortu bada, egilestea–; bereizte-balantzeak; lehenengo patronatua osatzen duten pertsonen identifikazioa, baldin fundazioa eratu bada, eta kontabilitate-ondorioetarako bereizketa-data.

a.2) Parte hartzen duten fundazioetako patronatuek beren estatutuen arabera hartutako bereizte-erabakien ziurtagiriak. Ziurtagiri horietan bereizten den fundazioak adieraziko du zergatik bereizita hobeto beteko dituen bere xedeak, eta fundatzaileek ez dutela bereizketa debekatu.

b) Bereizitako fundazioak ondarea fundazio berriaren esku egiazki utzi duela adierazten duen agiria.

3. Fundazio baten ondarea bereizita beste fundazio bat sortzen denean, fundazioak eratzen direnerako ezarritako izapideak bete beharko dira, zeinak ezarri baitira kapitulu honetako 1. atalean.

4. Fundazio bat bereizten denean eta lehendik dagoen fundazio baten ondarea handitu behar denean, haren eratze-agiria aldatzeko izapideak eginen dira, bat etorrita foru dekretu honen 29. artikuluan ezarritakoarekin, kasua denean.

5. Bereiztearen ondorioz fundazio berri bat sortzen bada, inskripzio-ebazpenean erregistro-zenbakia emanen zaio, eta zehaztuko da Nafarroako Gobernuko zein departamentu izanen duen babesle.

33. artikulua. Inskribatutako fundazioen azkentzea eta likidazioa inskribatzea.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatutako fundazioen azkentzea edo likidazioa inskribatzeko, eskaera aurkeztu beharko da, salbu eta azkentzeko arrazoiaren izaeragatik bidezkoa ez denean.

2. Fundazioa azkentzeko edo likidatzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, kasua zein den:

a) Azkentzeko eskritura publikoa, zeinetan izan beharko baita patronatuak egiletsitako erabakiaren ziurtagiria. Horrez gain, idazkian adierazi beharko da hartutako erabakia bat datorrela estatutuekin; adierazi beharko da, era berean, zer arrazoirengatik azkendu den fundazioa, zer egunetan (kontabilitate ondorioetarako) eta, kasua denean, bete egiten direla azkentzeari buruz estatutuetan edo indarreko araudian ezarritako betebeharrak.

b) Fundazioa azkentzeko agintzen duen ebazpen judiziala, edo fundazioa azkentzeko kausa automatikoa egiaztatzen duen agiria.

c) Azkentzeko erabakia, likidazioa jasoko duena. Erabaki horren ziurtagirian adieraziko dira, artikulu honen 2.a) apartatuan jasotako datuez gain, onetsitako likidazio-balantzea eta likidazioaren ondoriozko ondasun eta eskubideen destinoa. Likidazio-aldi bat irekitzen ez bada, dokumentu bat aurkeztu beharko da, egiaztatzeko soberakina egiazki eman zaiola estatutuetan adierazitako irabazi asmorik gabeko erakundeari edo xedeari.

d) Azkendu ondoren likidazio-aldi bat ireki behar bada, ziurtagirian jasoko da patronatua likidazio-batzorde izanen den edo, aitzitik, beste pertsona batzuek osatuko duten batzorde hori. Bigarren kasu horretan, izendatuko dira aipatu batzordea osatuko duten pertsonak, haien identifikazio-datu guztiak adierazita eta onartuta.

3. Azkentzearen ondorioz likidazio-aldi bat irekitzen bada, fundazioaren azkentzea inskribatuko da.

4. Erregistroan lehendik jasota badago fundazio baten azkentzea, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira likidatzeko eskabidearekin batera:

a) Likidazioaren eskritura publikoa; hor, likidazio-batzordeak hartutako erabaki egiletsiaren ziurtagiria jasoko da, zeinetan jasoko baitira egindako likidazio-eragiketa guztiak, onetsitako likidazioaren balantzea, egiteke dauden eragiketak eta horiek gauzatzeko modua.

b) Dokumentu bat zeinetan egiaztatzen baita likidazioaren ondoriozko soberakina egiazki bideratu dela patronatuak, fundazioa azkentzea erabakitzeko unean eta bat etorrita estatutuekin nahiz fundatzaileen borondatearekin, erabaki duen xedera.

5. Fundazio baten azkentzea eta likidazioa inskribatu ondoren, ofizioz ezereztuko da haren erregistro-orria.

34. artikulua. Atzerriko fundazioen ordezkaritzak inskribatzea.

1. Atzerriko fundazio batek Nafarroako Foru Komunitatean duen ordezkaritza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da.

2. Eskaera honako hauez osatuko da:

a) Eskritura publikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a.1) Fundazioaren organo eskudunak Nafarroan ordezkaritza bat eratzeko duen borondatea.

a.2) Ordezkaritzak Nafarroan izanen duen ordezkari iraunkor gisa izendatutako pertsonaren identitatea.

a.3) Fundazioa existitzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa, behar bezala legeztatua edo argibideak erantsita, zeinean adieraziko baita fundazioa eratuta dagoela hari aplikatu beharreko legeekin bat etorrita, zein diren indarreko haren estatutuak eta zein diren haren gobernu organoetako titularrak. Erregistroko organo eskudunak beharrezkotzat jotzen badu, agiri horien zinpeko itzulpena aurkeztea eskatuko da.

a.4) Atzerriko fundazioaren izena eta helburuak, interes orokorrekoak izan behar dutenak.

a.5) Ordezkaritzaren jarduerak garatzeko eremu nagusi eta egonkorra (ez du izan behar Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea baino handiagoa).

a.6) Ordezkaritzak zer jarduketa gauzatu asmo dituen modu egonkorrean eta Nafarroan, bere xedeak betetzeko. Xede horiek ezin izanen dute izan, bakar-bakarrik, funtsak lortzea.

a.7) Fundazioaren helbidea eta Nafarroan duen ordezkaritzarena.

3. Atzerriko fundazioaren ordezkaritzaren inskripzioa ukatu ahal izanen da, foru dekretu honen 23.2 eta 25.1 artikuluetan jasotako kasu orokorrez gain, honako kasu hauetan:

a) Atzerriko fundazioak egiaztatzen ez duenean bere legearen arabera behar bezala eratuta dagoela.

b) Atzerriko fundazioaren organo eskudunek ez dutenean erabaki ordezkaritza ezartzea.

c) Atzerriko fundazioaren ordezkaritzak bere jarduerak egingo ez dituenean nagusiki Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean.

d) Helburuak interes orokorrekoak ez direnean, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 4. artikuluaren arabera.

4. Inskripzio-ebazpenean zehaztuko da Nafarroako Gobernuko zein departamentu izanen duen babesle ordezkaritzak.

35. artikulua. Patronatuak emandako ahalordeak eman, aldatu eta baliogabetu izana inskribatzea.

1. Ahalordeak eman, aldatu edo baliogabetu izana Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da.

2. Eskaera honako hauez osatuko da:

a) Eskritura publikoa, zeinetan jasoko baita fundazioaren patronatuak, estatutuen arabera, ahalordea emateko, aldatzeko edo ezeztatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria. Emandako ahalmenak eta horiek gauzatzeko modua jasoko dira, bai eta ahaldunen identifikazioa eta onarpena ere.

b) Patronatuaren osaera aldatu bada erregistroan inskribatuta dagoenaren aldean, patronatuko kideak berritzea inskribatzeko eskatuko da aldez aurretik edo aldi berean, foru dekretu honen 30. artikuluaren arabera beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuta.

36. artikulua. Erregistroan inskribatutako fundazioek beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko asmoz eratutako ordezkaritzak inskribatzea.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatutako fundazioek beste autonomia-erkidego batzuetan ezartzen dituzten ordezkaritzen inskripzioa bideratu beharko dute, eskabidea aurkeztuta.

2. Inskribatzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Patronatuak ordezkaritza sortzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, ordezkaritzaren helbidea, ordezkaritzaren ordezkari izanen diren pertsonen identitatea (pertsona bakar bat ere izan daiteke) eta haiei emandako ahalmenak, baita erabaki horren data ere.

b) Patronatuaren osaera aldatu bada erregistroan inskribatuta dagoenaren aldean, patronatuko kideak berritzea inskribatzeko eskatuko da aldez aurretik edo aldi berean, foru dekretu honen 30. artikuluaren arabera beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuta.

37. artikulua. Fundazioen beste egintza batzuk inskribatzea.

1. Kapitulu honen aurreko artikuluetan deskribatutako egintzez gain, Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira dagoeneko inskribaturik dauden fundazio eta ordezkaritzentzat garrantzitsuak diren beste egintza batzuk, baldin eta Patronatuak inskribatzeko eskatzen badu.

2. Inskribatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da. Inskribatzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Egintza horien existentzia eta edukia legez eta modu fede-emailean egiaztatzen duten dokumentuak, eta, hala badagokio, egintza horietan esku hartu duten edo haien eraginpean dauden pertsonen identifikazioa.

b) Patronatuaren osaera aldatu bada erregistroan inskribatuta dagoenaren aldean, patronatuko kideak berritzea inskribatzeko eskatuko da aldez aurretik edo aldi berean, foru dekretu honen 30. artikuluaren arabera beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuta.

V. KAPITULUA

Erregistroaren publikotasuna

38. artikulua. Publikotasun formala.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroa publikoa da haren edukia ezagutzeko interesa duten pertsona eta entitate guztientzat; erregistroaren publikotasuna gauzatzeko, idazpenen edukia ziurtatuko da, egindako inskripzioekin lotura zuzena duten idazpenen eta agiri gordailutuen gaineko informazio-ohar soilaren bidez edo kopiaren bidez, bai eta zerrenden bidez ere, ahal dela baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliz.

2. Erregistroak une oro zainduko du betetzen direla datu pertsonalak babesteari buruzko araudia eta administrazio-erregistroetarako sarbideari buruzko araudi espezifikoa.

3. Nafarroako Fundazioen Erregistroak web-zerbitzu bat izanen du. Haren bidez, kontsultatu ahal izanen dira inskribatutako fundazioen erregistro-datu nagusiak.

4. Publikotasun formalaren eskaerei erantzuteko, normalean, ziurtagiriak eta informazio-ohar sinpleak eginen dira.

39. artikulua. Ziurtagiriak.

1. Ziurtagiri bidez egiaztatuko dira, modu fede-emailean egiaztatu ere, gordailututako dokumentuen eta idazpenen edukia.

2. Ezin izanen da eman, inola ere ez, fundazioen beste erregistro batzuetan inskribatutako fundazioen datuei buruzko ziurtagiririk.

3. Eskabidean argi eta garbi zehaztu beharko da zer eduki izan behar duen lortu nahi den ziurtagiriak, bai eta eskatzailearen identitatea eta helbidea ere. Eskabidearekin batera aurkeztuko da legezko tasak ordainketa-gutun bidez ordaindu izanaren egiaztagiria.

4. Ziurtagiriak, horretarako eskumena duen pertsonak behar bezala sinatuta, hamar eguneko epean emanen dira, gehienez ere, eskaera aurkeztu zen egunetik zenbatzen hasita.

40. artikulua. Informazio-ohar sinpleak.

1. Erregistro-datuen ohar sinpleek informazio-balioa besterik ez dute.

2. Eskabidean argi eta garbi zehaztu beharko da zer eduki izan behar duen lortu nahi den informazioak, bai eta eskatzailearen identitatea eta helbidea ere.

3. Ohar sinpleak, erregistroaren ardura duen unitatearen titularrak behar bezala sinatuta, hamar eguneko epean emanen dira, gehienez ere, eskaera aurkeztu zen egunetik zenbatzen hasita.

4. Interesa duten pertsona guztiek informazio-ohar sinpleak eskuratu ahal izanen dituzte web-zerbitzuan, erregistroan alta emanda dauden fundazioen inskripzioari buruz eta erregistratutako azken patronatua osatzen duten pertsonei buruz.

41. artikulua. Beste publikotasun mota batzuk.

1. Salbuespenez, gordailututako idazpenen eta dokumentuen kopia emanez eginen dira publikoak erregistroko datuak, baldin eta idazpen eta dokumentu horiek lotura zuzena badute egindako inskripzioekin. Ez da eskatu beharko dagoeneko publikotasun formalaren ohiko bideetatik ematen den informaziorik.

2. Erregistroko datuak eskabiderik egin gabe eskuratu ahal izanen dira, Nafarroako Fundazioen Erregistroaren web-zerbitzuan kontsultatu ahal izanen baitira fundazioei buruzko erregistro-datu nagusiak.

42. artikulua. Fundazioen kontuen publikotasuna.

1. Inskribatutako fundazioek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute babesletzan, hurrengo ekitaldiko lehen sei hilabeteetan, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 49.5 artikuluaren arabera:

a) Ondasunen inbentarioa.

b) Egoera-balantzea.

c) Emaitza-kontua.

d) Fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa azaltzen dituen memoria. Hor, finantzaketa-koadroa jasoko da, bai eta fundazioaren helburuen betetze-maila, ondare-aldaketak eta gobernu-, zuzendaritza- eta ordezkaritza-organoen aldaketak ere.

2. Babesletzak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatutako fundazioen kontuak gordailutuko ditu, bere eginkizunak betez haiek aztertu ondoren.

3. Gordailutu ondoren, erregistroak zerga-arloan eskumena duen organoari igorriko dizkio zerga-araubide berezia aitortua duten fundazioen kontuak, aipatutako araubidea egiaztatzeko eta, hala badagokio, ezeztatzeko.

4. Kontuen dokumentuetara sartzeko, aldez aurretik eskaera egin beharko da. Edonork eskuratu ahal izanen du gordailututako kontabilitate-dokumentuei buruzko informazioa, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean aurreikusitako tasa ordaindu ondoren.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea indarrean jarri aurretik Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuta zeuden fundazioen estatutuak egokitzea.

1. Ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetze aldera, 2021eko uztailaren 16a baino lehen inskribatutako fundazio batek 2023ko uztailaren 17aren ondoren eskatzen baldin badu inskripzioa egitea, erregistroak egiaztatuko du, eskaera hori bideratu aurretik egiaztatu ere, fundazioaren estatutuak foru lege horretara egiazki egokitzen direla.

2. Baldin eta, aurreko apartatuan aipatzen diren aurretiazko jarduketen bidez, erregistroak ikusten badu nahitaezko egokitzapenean akatsak daudela, fundazioari eskatuko dio estatutuak zuzen ditzala, 13/2021 Foru Legean ezarritakoarekin bat ez datozen guztian, eta ohartaraziko dio ezen, jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita horretarako emandako hamar eguneko epea igaro eta errekerimenduari behar bezala erantzuten ez bazaio, eskatutako inskripzioa egitea ukatuko dela, inguruabar hori adierazten duen orri-bazterreko oharra eginez.

3. Baldin fundazio baten erregistro-orrian bazterreko ohar bat badago, non adierazten baita haren estatutuak ez daudela egokiturik, Nafarroako Fundazioen Erregistroak ez du inskribatuko, hark halakorik eskatzen badu. Orri-bazterreko oharra ezereztuko da entitateak bere estatutuen aldaketa egokitzeagatik inskribatzearen aldeko ebazpena eskatzen eta lortzen duenean; horretarako, foru dekretu honen 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.–Inskribatu gabeko fundazioak.

1. Badira fundazio batzuk eratu zirenak bat etorrita Foru Berriaren 44. Legearekin (apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen bidez egindako erreformaren aurretik zuen idazketan). Fundazio horiek Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuta ez badaude, ezin izanen dute, aurrerantzean, «fundazioa» edota «fundación» hitzak sartu beren izenean. Erakunde horiek inskriba ditzaten eskatzen badute, foru dekretu honen laugarren kapituluko 1. atalean araututako prozedurari jarraituko zaio, berezitasun hauekin:

a) Foru dekretu honen 26.2 artikuluan zerrendatutako nahitaezko aipamen guztiak egiaztatu beharko dira, non eta ez diren eratze-agirian edo geroagoko eskritura publikoan ageri.

b) Indarrean dauden estatutuen testu bategina.

c) Hasierako zuzkiduraren zenbatekoa eta egiaztagiria, baldin eta egiletsi zen egunetik aldatu bada.

d) Egun patronatua osatzen duten pertsonen identitatea (adieraziko da noiz amaitzen duten agintaldia eta, hala badagokio, berezko edo biziarteko duten).

e) Inskripzio-erabakia organo eskudunak hartu zuela, estatutuen araberakoa dela eta fundatzaileen borondatearen aurka ez doala egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Hala badagokio, erregistroko segidako traktuari buruzko ziurtagiri bat aurkeztuko da, zeinetan egiaztatuko baita zer patronatu izan diren eratze-agirian izendatu zen hartatik egun erregistratu nahi den horretara arte.

g) Memoria bat, zeinetan adierazten baita zer jarduera nagusi gauzatu dituen erakundeak, sortu zenetik, bere estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko. Memoria horrek ordeztuko ditu, hurrenez hurren, foru dekretu honen 26.2 artikuluko e) eta f) letretan aipatzen diren lehenengo jarduketa-programa, eta azterlan ekonomikoa.

2. Xedapen honetan ezarritako prozeduraren bidez inskribatzen diren fundazioek ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakora erabat egokituta eduki beharko dituzte beren estatutuak, eta ezin izanen zaie aplikatu haren bigarren xedapen iragankorrean adierazitako egokitze-epea.

Lehenengo xedapen iragankorra.–Gordailututako kontuak zer ekitalditatik aurrera izanen diren publikoak.

Foru dekretu honen 42. artikuluaren 4. apartatuan aipatzen diren dokumentuak eskuratzen ahalko dira foru dekretu honek indarra hartu eta hurrengo ekitaldi ekonomikotik aurrera. Ekitaldien hasiera- eta itxiera-datak zehazteko, fundazio bakoitzaren estatutuetan horri buruz ezarritakoa hartuko da kontuan.

Bigarren xedapen iragankorra.–Inskripzio-eskabideak izapidetzea estatutuak egokitzeko legezko aldian.

2023ko uztailaren 17ra arte, fundazioek aurkezten dituzten inskripzio-eskabideetan fundazioek adierazi ahal izanen dute, beren iritziaren arabera, estatutuak guztiz egokituta daudela foru-legeriara. Nafarroako Fundazioen Erregistroak bereiz aztertuko ditu eskatutako inskripzioa eta hala adierazitako egokitzapenaren legezkotasuna. Bi alderdi horiek batera ebatzi ahal izanen ditu ebazpen berean, eta egokitzapena borondatez hobetu dadila ere eskatu ahal izanen du, egintza inskribagarriari buruz zer ebazten duen alde batera utzita. Ebazpenean egokitzapenari helduko zaio, berariaz eta arrazoiak emanda. Ezesten baldin bada eta 2023ko uztailaren 18a baino lehen kontrako beste ebazpenik ematen ez bada, egun horretan orri-bazterreko oharra idatziko da, zeinetan adieraziko baita estatutuak ez direla egokitu. Ohar horrek izanen ditu foru dekretu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritako ezespen-ondorioak eta modua.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

2. Indargabetzen da, bereziki, Nafarroako Fundazioen Erregistroaren egitura eta funtzionamendua arautzen duen azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretua.

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Nafarroako Gobernuan lehendakaritza arloko eskumena duen departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osotara argitaratu eta hogei egunera hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2216208