245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315/2022 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Hiriko Kidegoa Interes Kulturaleko Ondasun Immateriala izendatzeko espedientea irekitzen duena.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako kultur ondarea babestu, kontserbatu, berreskuratu, ugaritu, ikertu, zabaldu eta hurrengo belaunaldien esku jartzea. Izendapen hau egiteko, beharrezkoa da administrazio prozedura egokiari hasiera ematea eta hura tramitatu eta ebaztea.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

"Iruñeko Udalak, 2021eko maiatzaren 6an egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, aipatutako eskaera aurkeztea erabaki zuen, eta 2021eko irailaren 3an aurkeztu zen, ondoko agiri hauekin batera:

–Labrit enpresak egindako memoria. Bertan, ondasunaren alderdi historiko eta etnografikoak xehetasunez deskribatzen ditu, eta segizioarekin lotutako ondasun higigarrien katalogo bat erantsi du, batez ere Alejandro Aranda Ruiz doktorearen ikerketa eta argitalpenetan oinarrituta. Txosten horretan, halaber, agerpenaren azterketa zehatza jaso da, Kultura Ondare Immaterialari dagozkion irizpideen ikuspegitik, besteak beste, aintzat hartuz komunitateetan errotua izatea eta haien parte-hartzea, agerpenaren transformazioak eta gaurko izaera, transmisio moduak eta aurrean dituen arriskuak, eta horiek hobetzeko eta babesteko proposatzen diren neurri zehatzak.

–Kultura ondasunaren gauzapenean eta zaintzan parte hartzen duten eragileek eskaerarekin bat egiten dutela erakusten duten dokumentuak, besteak beste, Iruñeko Udalaren osoko bilkuraren adierazpen instituzionala eta La Pamplonesa musika banda, Iruñeko Gaiteroen Elkartea, Iruñeko Txistularien Elkartea, Iruñeko Erraldoien Elkartea eta Duguna dantza taldea erakundeen babesa adierazteko gutunak.

–Iruñeko Udalak Hiriko Kidegoan egiten dituen irteeren argazkiak eta ikus-entzunezko grabazioak.

–Iruñeko Udalaren 2016ko Protokoloaren Erregelamendua, besteak beste, arautzen duena Hiriko Kidegoaren gaur egungo osaera eta irteerak.

–‘Pampilona Urbs Regia’ liburua. Iruñeko Udalaren zeremoniala, XVI. mendetik gaur arte, Alejandro Aranda Ruiz doktoreak jasotakoa.

–Infografia bat, Hiriko Kidegoaren segizioaren bertsio osoak gaur duen osaera erakusten duena.

Bestalde, Museoen Zerbitzuak Alfredo Asiáin Ansorena doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nafarroako Kultura Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoa, eta Ekaitz Santazilia Salvador, Iruñeko Kultura Ondare Immaterialaren Katedrari lotutako irakaslea, kontratatu ditu Iruñeko Udalak egindako eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa azter ditzaten, eta Hiriko Kidegoa Kultura Ondare Immaterial gisa aintzat hartzeari buruzko txosten teknikoa eman dezaten. Museoen Zerbitzuak bere gain hartzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko adituek 2022ko apirilaren 29an aurkeztutako dokumentuaren eduki osoa, eta hartan oinarritzen ditu 2022ko urriaren 7an egin eta Ondare Historikoaren Zerbitzura bidalitako txostenean jasotako iritziak eta proposamenak.

Museoen Zerbitzuak egindako txosten horretan, puntu hauek jaso dira:

Eskaera aurkezten duenaren zilegitasuna:

Ondasun hori eramaten duen komunitatea ezin da nahasi ondasuna gorde eta zaintzen duenarekin, alegia, Iruñeko Udalarekin. Udal agintari eta funtzionarioez gain, Hiriko Kidegoaren komunitatea osatzen dute konpartsak, musikariek, dantzariek eta La Pamplonesa Iruñeko udal bandak, baita herritarrek ere. Hitz gutxitan, eskaeraren helburua da Interes Kulturaleko Ondasun izendapena ematea Iruña hiriaren ondasun immaterial batentzat.

Udalaren eskaerak berak jasotzen duenaren arabera, eta Labrit enpresaren txostenak eta Kultura Ondare Immaterialaren Katedraren azterketak babesten dutenez, Hiriko Kidegoaren segizioa Iruñeko hiria bera irudikatzen duen multzo alegorikoa da. Udala da haren gordailuzaina eta, beraz, haren ordezkaritzaren, antolamenduaren eta iraunkortasunaren ardura duen entitatea. Gainera, Hiriko Kidegoaren agerpenerako behar diren ondasun higigarri garrantzitsuenen titularra da: hiriaren sinboloak (bandera, mazoak, etab.), erraldoien konpartsa, jantziak, musika tresnak, etab. Hori dela eta, Iruñeko herritarrek demokratikoki hautatutako ordezkaritza den aldetik, Udala hiriaren izenean ari da, izendapena eskatzen duenean. Horretarako, Iruñeko Udalaren osoko bilkuraren adierazpen instituzionala egin du, talde politikoek aho batez onetsi zutena.

Bestalde, kultura agerpen hori aktibatzeko, beharrezkoa da beste eragile batzuen parte-hartzea, eta horiek modu esplizituan adierazi dute eskaerarekin bat heldu direla, La Pamplonesa banda, Iruñeko Gaiteroen Elkartea, Iruñeko Txistularien Elkartea, Iruñeko Erraldoien Elkartea eta Duguna dantza taldea erakundeen babes gutunek erakusten dutenez.

Kultura agerpenaren tipologia:

Ondasun immaterial bat Kultura Ondare Immaterialaren eremu bakar bati atxikitzea eginkizun zaila da. Oro har, ondasun konplexuak dira, era batera edo bestera sailka daitezkeen alderdi, elementu eta prozesu ugari dituztenak. Bestalde, UNESCOk proposatutako nazioarteko esparruak egokitu egin zituzten 10/2015 Legeak eta Plan Nazionalak, Espainian zehaztasun handiagoa lortzeko; beraz, baliokidetasuna ez da beti intuitiboa.

Iruñeko Hiriko Kidegoaren kasuan, ondasuna egokien sailkatzen duen esparrua talde sozializazio kolektiboari eta elkarte/erakundeei dagokiena da, Plan Nazionalaren eta 10/2015 Legearen arabera, era honetan definitzen baita: "Tradizioz taldeek edo komunitateek baliatu dituzten gizarte ohiturak, jokabide arauak eta abegikortasun arauak dira, talde eta komunitate horien nortasunaren ezaugarri izan direnak, baina orain galtzeko arriskuan daudenak, masa-komunikabideek, garapen ekonomikoak eta turismoaren inpaktuak zabaltzen dituzten bizimoduengatik. Ohiturazko zuzenbideak eta instituzio tradizionalek arauturiko gizarte antolaketa moduak (ondasun komunalak banatzeko era kolektiboak, ur auzitegiak, lan kofradiak, ureztatze arauak, kontzeju irekia, zozketak, etab.). Jai giroko dinamikak antolatzen eta arautzen dituzten erakunde formalak eta informalak (ermandadeak, batzordeak, elkarteak, peñak, etab.). Ahaidetasun sistemak eta familia. Ahaidetasun egiturak, familiaren antolakuntza arauak, egoitza eta filiazio arauak eta, orobat, oinordetza modu tradizionalak (Kataluniako ‘hereu’ eta ‘pubilla’ direlakoak, maiorazkoa eta premua, etab.). Gizarte kontrola eta presioa adierazteko moduak (zintzarrotsak, jai giroko gizarte kritika erritualizatua, aginte irudiak, etab.)"

Bestalde, Iruñeko segizioan soinu eta musikaren sistemak duen aparteko garrantziagatik, beste esparru batean ere sailkatu beharko litzateke, alegia, musika eta soinu eta dantza adierazpenen esparruan, Plan Nazionalaren definizioaren arabera: "Musika konposizioak eta haien egikaritza musika tresnekin. Musika taldeak. Banaka, binaka edo musika talde tradizionaletan abestea. Orfeoiak eta abesbatzak. Kolektibitatean errotutako bestelako soinuak (perkusioa, laneko jarduerekin loturiko soinuak, suziriak, danborradak, soinu-mapak, etab.). Koreografiak eta dantzak, etab."

Kultura ondasun immaterialaren izena:

Protokolo, irudikapen eta segizio tradizionaleko sistema hori identifikatzen duen kultura ondasun ez-materialaren izen "ofiziala" Udalaren Hiriko Kidegoa da, baina Hiriko Kidegoa hutsik ere erabiltzen da, izen sintagma independente gisa. Iruñeko Udalak, bestalde, Iruñeko Hiriko Kidegoarentzat Kultura Ondare Immaterialaren adierazpena eskatu du, eta adierazi du kontzeptu immateriala dela, Udala baino harago doana, eta haren titularrak Iruñeko herritarrak direla.

Hain zuzen, Hiriko Kidegoa Iruñeko hiria irudikatzeko sistema tradizionala da, Batasunaren Pribilegiotik hona, mendez mende, bilakatu eta eratuz etorri dena, eta bere protokolo eta segizio tradizionalak dituena. Segizioak formatu mugatua edo zabala du; erabilera sozial autonomoa du, Iruñeko Udalaren protokolo ekitaldietan, eta jai giroko erabilera ere badu, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunean eta urteko ziklo tradizionaleko erlijio jai herrikoietan, protagonismo handi edo txikiko osagai edo prozesu gisa integratuta.

Haren funtzio nagusia, eta hartzen ahal dituen forma guztietan ere beteko duena, hiria ordezkatzea denez, uste dugu kultura ondasun immaterial hori identifikatzeko izen egokia Iruñeko Hiriko Kidegoa dela.

Iruñeko Hiriko Kidegoaren deskribapena:

Hiriko Kidegoa Iruñeko hiria irudikatzeko sistema tradizionala da, Batasunaren Pribilegiotik (1423) hona, mendez mende, bilakatu eta eratuz etorri dena; tradizioak emandako protokoloa eta segizioa ditu, eta bi konformazio modu hartzen ahal ditu: zabala eta mugatua. Hiriko Kidego zabalean kide guztiak ateratzen dira, eta mugatua berriz, elementu nuklearrez osatua da soilik, alegia, hiriaren sinboloak eta korporazioa; bien arteko alderik nabarmenena segizioaren jai giroko osagaiak dira, hau da, musikariak, dantzariak eta konpartsa.

Batzuetan, Hiriko Kidegoa bere gisa ateratzen da, eta beste askotan, berriz, bestelako ospakizunetan integratzen da, gehienetan jaiegun erlijiosoetan, eta adierazpen horietan hiriaren irudikapena eta sinboloak fenomeno konplexuago baten parte dira, bestelako kodeak, sinboloak, eragileak eta publikoa biltzen dituztenak.

Beraz, Hiriko Kidegoak Iruñearen protokolozko ordezkaritza baten gizarte erabilera du, eta beste erabilera bat, errituala eta jai girokoa, hiria ordezkatzeko urteko jaien zikloan. Lehen erabilerak ez du irteera data finkorik, Hiriko Kidegoaren gizalegezko eginkizunari erantzuten dio eta unean uneko ospakizunen eskaeraren araberakoa da. Bigarrenak, ordea, badu berezko aldizkakotasun bat, gaur-gaurkoz data hauetan zehatzen dena:

–Bost Zaurien botoa berritzea (Ostegun Santua).

–San Ferminen bezperetara joatea (uztailaren 6a).

–San Ferminen prozesioa (uztailaren 7a).

–San Ferminen zortziurrena (uztailaren 14a).

–Batasunaren Pribilegioa (irailaren 8a).

–San Saturninoren prozesioa (abenduaren 29a).

Formatu zabalean, hauek dira Hiriko Kidegoko kideak, segizioan hartzen duten lekuaren hurrenkeraren arabera zerrendatuak, hasieratik amaierara, jai giroan hasi eta gaur egun forma solemne edo instituzional bihurtu direnak:

–Buruhandiak, kilikiak eta zaldikoak.

–Erraldoiak (europarrak, asiarrak, afrikarrak eta amerikarrak, lehenbizi gizonezkoa eta ondoren emakumezkoa, ordena tradizional horretan), bakoitza bere gaiteroen taldeak lagunduta, erregina amerikarra izan ezik, hura txistularien laguntzaz dantzatzen baita.

–Makilaria, dantzariak, gorriak eta banderariak.

–Txistulariak.

–Tinbalak eta klarinak.

–Iruñeko bandera eta borladunak.

–Mazodunak.

–Libreak.

–Korporazioa galaz jantzita.

–Alkatea eta alkateordeak.

–Foruzaingoko buruak.

–Iruñeko Udaltzaingoa galaz jantzita.

–La Pamplonesa banda.

Publikoa ere ezinbesteko osagaia da, segizioaren ondoan dauden herritarrak, batere hesirik gabe, han gertatzen ari denaren irudikapen dimentsioa bere presentziaz berresten dutenak, eta segizioari nortasun balioa ematen dion komunitate emozional baten parte direnak.

Iruñeko Hiriko Kidegoak, ondasun immaterial den aldetik, dimentsio material bat ere badu berari atxikia, bai higiezinen arlokoa, bai higigarria ere. Lehena, zalantzarik gabe, udaletxea da, Hiriko Kidegoaren irteera guztiak hasten eta amaitzen diren tokia, eta segizioaren jai giroko atala biltzen den plaza barne dela.

Ondasun immaterialetik bereizi ezin diren osagai higigarriei dagokienez, guztiak ezin dira ondaretzat hartu, eta guztiak ez dira Udalaren jabetzakoak zehazki. Honako kategoria hauetan sailkatzen dira:

–Jantziak.

–Musika tresnak.

–Hiriaren ikur kolektiboak.

–Boterearen eta autoritatearen banakako sinboloak.

Konpartsako irudiak ez dira zerrenda honetan sartzen, talde hau ondasun immaterial autonomotzat hartzen baitugu, noizean behin Hiriko Kidegoan integratuta dagoena eta gaur egun komunitate emozional gehien sortzen duena. Beste ondasun immaterial batzuk instrumentista taldeek interpretatzen duten musika eta Dugunaren herri dantzak lirateke, gutxi gorabehera definitutako errepertorioarekin. Musika da segizioaren soinu hizkuntza bakarra. Gainerakoan, ekintza isila da: haietako inork ez du hitzik egiten. Musika aniztasuna eta hautatutako errepertorioa kohesio elementuak dira, Hiriko Kidegoaren inguruko hitzezko edozein hitzaldik sortzen ahalko lituzkeen desadostasunen gainetik.

Ondasun elkartuen atal hau osatzeko, lehen esan da Hiriko Kidegoa agerpen immaterial konplexuagoetan integratzen dela, hala nola Iruñeko jai erlijiosoen urteko zikloko ospakizunetan eta Batasunaren Pribilegioa oroitzeko ospakizunean.

Hiriko kidegoaren ikus-ikonografia sistema eta soinu-musika sistema aztertuta ondorioztatzen da bikoiztasun etengabea dagoela festaren eta instituzioaren edo alderdi solemnearen artean, koherentziaz adierazten dena ikus eta entzunezko sentsazioen bidez, itxuraz kontrajarriak (herrikoia eta kultua, jai girokoa eta solemnea, herria eta instituzioak), baina hurbiltasun eta batasun mezu batean integratuta. Desberdinen arteko batasun hori, segizioaren sorreran berean dagoena, Iruñeko Hiri Kidegoan sumatzen den konstante bat da, eta haren berezitasunik handiena.

Iruñeko Hiriko Kidegoa Nafarroako Kultura Ondare Immaterial gisa hartzearen justifikazioa:

Kultura Ondare Immateriala babesteko Plan Nazionalaren arabera, "Kultura ondare immateriala" da komunitateek, taldeek eta, zenbaitetan, norbanakoek ere, beren kultur ondarearen partetzat hartzen dituzten usadio, irudikapen, adierazpen, ezagutza eta tekniken multzoa, eta, haiekin batera, haiei dagozkien tresnak, objektuak, artefaktuak eta kultura espazioak ere bai.

Kultura ondare immaterial hau belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta komunitateek nahiz taldeek behin eta berriz birsortzen dute, haien ingurunearen, naturarekiko interakzioaren eta historiaren arabera, nortasun eta jarraitasun sentimendua emanez, eta gisa horretara lagunduz kultura aniztasunarekiko eta giza sormenarekiko errespetuaren sustapenari. Beraz, definizio hori onartu da, alegia, Kultura Ondare Immateriala direla adierazpen kolektibo partekatuekin lotura duten eta komunitate batean errotuta dauden kultura agerpen bizi guztiak.

Iruñeko Hiriko Kidegoa Kultura Ondare Immaterialaren ondasun bat da, definizio horri erantzuten diolako, eta ezaugarri hauek ditu: bizitasuna (bizirik dago eta eboluzionatu egiten du), jarraitasun historikoa du, nortasun adierazpen partekatu eta berezia da, bere funtzionaltasuna testuinguru berrietara egokitzen jakin du, zentzumenen aldetik oparoa da eta tradizioaren ondareaz era kritikoan jabetzen jakin du, era horretan errespetatuz oinarrizko eskubideak, egungo gizarte demokratiko batean.

Iruñeko Hiriko Kidegoa Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroan ondare immaterial gisa inskribatzeko justifikazioa.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak, arestian ikusi bezala, Nafarroako kulturaren edozein agerpen adierazgarri, garrantzitsu eta berezi intereseko ondasun izendatzeko aukera jasotzen du.

Iruñeko Hiriko Kidegoa kultura ondasun immateriala dela uste dugu, Foru Komunitatearentzat garrantzi berezia duena, eta adierazpen bizia, errotua eta Iruñeko herritarren artean partekatua delako. Iruñeko hiria irudikatzeko eginkizuna behar bezala justifikatuta geratu da eta ikusi dugu irudikapen sistema tradizionalak Erregimen Zaharretik aurrera eboluzionatzen eta gaur egungo sistema bihurtzen jakin duela. Irudi historizista agertuta ere, gutxitu ditu, edo nolabait berdindu ditu, garai batean erakusten zituen klase sozialen arteko desberdintasunen irudikapenak. Segizioa laguntzen joaten diren tradiziozko musikaren eta dantzen sormena eta kalitatea argi erakutsi dira Kultur Ondare Immaterialaren Katedraren txostenean, soinu eta musika sistemaren deskribapenean.

Agerpenaren garrantziari dagokionez, haren antzinatasuna bermatzen duten alderdi historikoak eta hari elkartutako ondasun material eta immaterial batzuen balioa alde batera utzita, egiaztatu dugu Hiriko Kidegoa aktibo garrantzitsua dela Iruñeko herritarren eta haien ordezkarien arteko lotura emozionalari dagokionez, eta orobat, dantza, musika eta janzkera tradizionalak zaindu eta duintzeko eginkizunari dagokionez ere.

Txosten honen xede den agerpenaren berezitasuna argi erakutsi da kualitate hauetan:

–Haren jatorri historiko zibilaren berezitasuna, hiriaren batasuna irudikatzen baitu Batasunaren Pribilegioaren ediktuak (1423ko irailaren 8a) hiriko burgoen arteko gerrak eta liskarrak amaitu zituenetik hona. Harekin, Karlos III.a Nobleak barne gerrak amaitu zituen, bakea eta bizikidetza lortu zituen, hiriaren barne harresiak ez konpontzeko agindua eman zuen eta udaletxe berria eraikiarazi zuen, hiru burgoak elkartzen ziren lekuan. Hiri osoarentzat komunak izanen ziren zutoihala eta armarria eman zituen. Harrezkero, Hiriko Kidegoa batasun horren sinboloa da, hiri bakar baten eta zeremonia bakar baten kontzeptua etenik gabe indartzen duena. Iruñearen ezaugarri bereizgarria da hau, bestelako udal ikur eta ezaugarriak erabiltzen dituzten beste hiri batzuen aldean.

–Nabarmendu den bigarren ezaugarri berezia herritarren parte-hartzea da; izan ere, Hiriko Kidegoa hiriaren eta herritarren ordezkaritza da, eta haien ordezkaritza publiko eta solemnea irudikatzeko sortu zen, hiri batu eta kohesionatu gisa agertzeko borondatea erakutsiz, behin eta berriro.

–Sinboloen bikoiztasunak (bi bandera eta bi korporazio), iduri dutenak segizioaren bi zatien batasuna adierazteko eginak, hots, jai giroko agerpena eta instituzionala, edo beste era batean ulertuta, kultura tradizionala bat eginda edo erantsita, segizioan ordezkaritza adierazten duen atalarekin (berriro sinbolo bikoitza), Iruñeko segizioaren beste ezaugarri berezi bat dira. Zentzu berean, originaltasun eta berezitasun handiko soinu eta musika sisteman ere, kontrastatu eta elkar osatzen dute atal ordezkatzaile-sinbolikoak (isilik) eta jai giroko atalak (soinua eta musika). Bikoiztasunak berriro agertzen dira bi musika mota entzuten direlarik. Alde batetik, herri musika eta dantza (gaiteroak, txistuak eta dantzariak), eta bestetik, agintaritzaren musika (klarinak eta tinbalak, eta udal banda), kontrastea eginez, baina biak integratuta, hurbiltasun eta batasun mezua adieraziz.

–Hiriko Kidegoko kide guztien jantzien berezitasuna ere nabarmendu behar da. Kide guztien janzkera Iruñean bakarrik erabiltzen da, beharbada salbuespena dela konpartsaren janzkera. Gainera, Iruñeko Udalak bakarrik mantendu du, ia etenik gabe, Hiriko Kidego moduan agertzeko janzkera espezifiko bat.

Beraz, Hiriko Kidegoa hiri pertsonalizatua irudikatzeko sistema bat da (pertsonifikazioa edo prosopopeia), beste hiri batzuetan erabiltzen direnen antzekoa izan daitekeena, sinbolo kolektiboen eta banakakoen erabilerari erreparatuta, baina berezia, Iruñearen kasuan, izan ere, bat egiten duen hiriaren alegoria etengabea jai giroan adierazten baita.

Ikuspuntu formaletik, Iruñeko Udalak aurkeztu du hautagaitza, Hiriko Kidegoan parte hartzen duten elkarte eta musikari guztien babesarekin. Bi txostenak prestatzeko, hainbat elkarrizketa ere egin dira, beste hainbeste protagonistarekin. Ildo horretatik, erreferentziazko lege guztiak errespetatzen dira, eta Kultura Ondare Immaterialeko dokumentazioaren inguruko jardunbide egokiak ere bai.

Azpimarratzekoa da, halaber, izendapen hori Nafarroan lehenengo aldiz jasoko lukeela hiri ondasun immaterial batek. Oro har, hiriko kultura tradizionala ez dute aski aintzat hartu ikerketa etnografikoek.

Adierazpenak pizgarria izan behar du, ahozko tradizioan, praktikan eta kontsentsuan oinarritutako sistema tradizionala zaintzeko eta balioan jartzeko, Udalaren protokolo buruaren zuzendaritzapean. Ez litzateke inola ere hartu behar deskribapen edo egikera kanoniko finko gisa, haren fosilizazioa ekarriko bailuke. Ez da interpretatu behar, ezta ere, 2016ko idatzizko erregelamenduaren babes gisa, eskematikoki jasotzen baitu araudi askoz zabalagoa eta aberatsagoa, zaindu behar dena. Agerpena zaintzeak eboluzio aldaketa eta egokitzapenak egiteko aukera ematen du.

Azkenik, IKO izendapenak balio du hori guztia ezagutarazteko eta balioesteko. Eta balio ere, halaber, Udalak berak ondasun hori baloratu eta zaindu dezan balio du, eta horri dagozkion erabakiak har ditzan, gogoetan oinarrituta eta zehaztasunez.

Izendapenean sartu ez diren Hiriko Kidegoko elementuak:

1. Herritarren erlijiozaletasunarekin lotutako ospakizunak (Bost Zaurien Botoa berritzea, Bezperako ibilaldia, San Ferminen prozesioa, San Ferminen zortziurrena eta San Saturninoren prozesioa) eta Batasunaren Pribilegioaren ospakizunean egiten den ekitaldia ondasun immaterialak dira, baina desberdinak, eta, beraz, izendapen honetatik kanpo geratu dira. Kanpo geratze dira haien funtzioa ez delako soilik hiria eta udala irudikatzea. Bestalde, komunitate eramailea aldatu egiten da, eta, ia kasu guztietan, Hiriko Kidegoa zeremonia desberdin eta konplexuagoetan integratzen da, edo kultura adierazpen konplexuago baten barruko mendeko elementu edo prozesu bat da.

2. Interes Kulturaleko Ondasun izendapenak ez ditu barne hartzen Hiriko Kidegoko kideak banaka eta modu autonomoan; horretarako kontuan hartzen dira agerpenean duten funtzioa eta haren eramaile gisa nahiz segizio tradizionaleko parte-hartzaile gisa duten parte-hartzea, ez besterik.

3. Hiriko Kidegotik banandu ezin den dimentsio materiala IKO izendapenaren barruan dago, baina horrek ez dakar pieza horiek bananduta katalogatzea eta IKO izendatzea. Ondare balioa duten gauzek, berriz, ondasun higiezin, ondasun higigarri eta ondasun immaterialetarako arauetan ezarritako babes prozedura bete beharko dute. Musika tresnak eta dantzarien jantziak, adibidez, dagozkien ondasun immaterialen barruan inbentariatu beharko lirateke (musika eta dantza tradizionala, hurrenez hurren), eta banderak, mazoak edo beste hainbat ezaugarri, berriz, ondasun higigarritzat hartu beharko lirateke. Horregatik, eskaeraren txostenean aurkeztutako katalogoa/fitxategia Hiriko Kidegoaren eta Udalaren beraren barne erabilerako tresna gisa balioesten da.

4. Proposatzen dena da ahozkotasun primarioaren eta mistoaren bidez transmititu eta praktikaren bidez eratu den sistema tradizionala jasotzea izendapenean. Alde horretatik, zaintzaren xede eta izendapenaren xede den arau multzoa da komunitate eramaile osoak belaunaldiz belaunaldi eta ohituraren ohituraz transmititzen duena. Ez da nahastu behar iraganeko edo indarrean dagoen inongo erregelamenduarekin. Aitzitik, honek esan nahi du onartzen dela erregelamenduak sistema tradizionalaren mende egotea. Hori aplikagarria da orain indarra duen 2016ko protokoloaren kasuan, eta orobat, etorkizunean Iruñeko Udalak ematen ahal dituen protokoloen kasuan ere, zehaztutako babes neurriak betetzen ez badira.

Atzemandako arriskuak:

Espediente honetan jasotzen diren txosten espezializatuetan Iruñeko Hiriko Kidegoa zaintzeko eginkizunak aurkitzen ahal dituen eta gutxiestekoak ez diren zenbait arrisku aipatzen dira. Hona hemen:

–COVID-19 pandemia, galarazten baititu, edo baldintzatzen, behinik behin, protokolo eta ospakizun ekitaldi gehienak. Hiriko Kidegoa ez da salbuespena izan. 2022an herritarren ospakizun masiboak berreskuratu ondoren, badirudi arrisku horrek indarra galdu duela, baina, zalantzarik gabe, aldaketarik ere izanen zen bidean, eta horiek aztertu beharko dira.

–Aipatu den bigarren arriskua da hiriko Kultur Ondare Immateriala bildu, zaindu eta balioan jartzeko eginkizunean zentratuko den batzorde espezifiko bat ez egotea. Txosten horietan azpimarratzen da protokolo buruaren postuaren izaera politikoa, izan ere, aldatu egiten baita burua, Udaleko gobernu talde berri bakoitzarekin, baina haren eginkizunak ezinbestekoak dira segizioa mantentzeko eta antolatzeko.

–Ikusten den arriskurik handiena da ondasun horiek geldotzea edo fosil bihurtzea, alde bakar baten kontrol nahiaren eraginez. Fosilizazio hori 2016ko Udal Protokoloaren erabilera zeken baten ondorioz gerta liteke. Arau tradizional batzuk idatziz jasotzeak ez du eragotzi behar kultura agerpenaren eboluzioa, ez eta haren sorkuntza eta aldaketarako tartea ere, alderdi horiek bizitasunaren berme baitira. Baina, batik bat, alde batera utzi ezin direnak komunitate eramailearen kontsentsua eta parte-hartzea dira, Iruñeko herritarrak hor barruan daudelako, lehen erakutsi dugunez. Geldotzea edo fosil bihurtzea nahi ez bada, oreka bilatu beharko litzateke, segizioaren historizismoaren eta nahitaezko eboluzioaren artean.

–Sumatu den beste arrisku bat zera da, Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak irabazi asmorik gabeko elkarteek eta musikariek tradizioz segizioan izan duten parte-hartzea baldintzatu duela, eta arriskuan jarri duela. Arrisku mota hori jasoa dago Plan Nazionalean, administrazioen artean koordinatu gabeko ekintza gisa.

–Tradiziozko irudikapen sistemak komunitatearen parte-hartzea izan du, eta herritar gehienen onarpena eta babesa atxiki ditu, denboraren joan-etorrian. Hala ere, jarrera negatiborik ere sumatzen da, tentsioetan eta gatazketan agertzen direnak, batez ere korporazioaren aurkako protesta ekintzetan, jantzien erabileran eta erlijio ofizioetan egoteko erabakietan.

–Beste alde batetik, ondasun immaterial baten espezifikotasuna galtzeak zerikusia du komunitate osoarentzat duen esanahia eta funtzioa galtzearekin. Hiriko Kidegoan, arriskurik handiena da iragana eta orainaldia aldi berean jasotzen saiatzea da, Plan Nazionalak dioenez. Protokolo eta segizio tradizionalak irudikapen sistema bizi bati dagozkio, eta hark bere funtzioa bete behar du, ikusgarritasunean edo historiaren errepresentazio hutsean erori gabe. Irudikatzeak eskatzen du komunitatea identifikatzea sistema horrekin, eta sistema, iraganetik etorrita ere, gaurkotasunaren eboluzioak jasotzeko irekia izan behar du. Erreakzio esentzialista edo garbizaleak lekuz kanpo dira, baina komunitatearen beraren eboluziotik ez datozen hibridazioak ere bai.

–Sanferminetan, Hiriko Kidegoa integratzen den zenbait agerpenetan jende pilaketa handiak izaten dira, eta hori Iruñeko festen gehiegizko ustiapen turistikoaren ondorioa da. Tradiziozko segizioak, testuinguru "turistiko" horietan, bi arazo nagusi aurkitzen ditu aurrez aurre: alde batetik, segizioak aurrera egiteko dituen zailtasunak, eta bestetik, tradiziozko irudikapen sistema ezagutzen ez duen publikoa, informazio eskasa jaso duena, hor egotea ere zailtasuna da.

–Beste arrisku azpimarragarri bat lotua dago ondarearen inguruko heziketa faltarekin, haren bidez gainditzen ahalko bailirateke belaunaldi berriekiko transmisioaren zailtasunak. Gazteenek ez dituzte ezagutzen segizioak erakusten dituen sinbolo asko, eta haien jatorri historikoa eta esanahia ere ez, noski.

Zaintza bermatzeko neurriak:

Ondare Immaterialak ezin du jaso XIX. mendetik ondasun materialek jaso duten tratu bera. Kontserbazioaren ideiak, kultura materialeko produktuei buruz ari garela, egonkortasuna adierazten ahal du, baina kulturaren alderdi immaterialari buruz ari garela, kontserbazioa egokiago lotzen da transformazio autokontrolatu baten ideiarekin. Bizirik dagoenak, eta transformatzen denak, horrek bakarrik irauten du bizirik. Beraz, ondasun immaterialak babesteko neurrien kasuan, egokiagoa da zaintzaz hitz egitea, kontserbazioaz edo babesaz baino.

UNESCOren Konbentzioak zaintzaren protagonismoa komunitate eramaileei ematen die. Hain zuzen ere, haien bilakaera errespetatu behar dela dio, eta bermatu behar dela ezagutza, adierazpen, teknika eta esanahi partekatuak transmititzen direla, belaunaldiz belaunaldi. Hainbat ekintza proposatzen ditu: identifikatzea, dokumentatzea eta ikertzea, zaintzea eta babestea, sustatzea eta balorizatzea, transmititzea eta suspertzea. Antolamendu horri jarraikiz, ondoren zehazten dira Iruñeko Hiriko Kidegoa zaintzeko proposatzen diren neurriak.

Identifikatu, dokumentatu eta ikertzeko neurriak:

–Sistema tradizional hori nola transmititu den eta nola transmititzen ari den ikertzea eta dokumentatzea, zer bide erabiltzen diren eta nola antolatzen den, Iruñeko herritarrak barne, izendapenaren xedea den ondasuna zaintzeko plan zehatz bat diseinatu aurretik.

–Udalaren Hiriko Kidegoa ateratzen den bakoitzean, udal protokoloaz arduratzen pertsonak txosten bat idaztea, daturik adierazgarrienak bilduz, aldaketarik edo eboluziorik izaten ari den ikusi ahal izateko.

–Adituez osatutako udal batzorde bat sortzea, aholkularitza eskaintzeko, Hiriko Kidegoa zaintzeko eginkizunean. Batzordea kontsultatzea nahitaezkoa eta loteslea izatea iradokitzen da, inor bere gogara aritzea saihesteko. Batzorde horrek jaso eta aztertuko lituzke arestian aipatutako txostenak. Komunitate eramailearen ordezkariek parte-hartze garrantzitsua eta erabakigarria izan beharko lukete hor.

Zaintza eta babes neurriak.

–Ondasuna zaintzeari buruzko erabakiak hartzean, partaide guztiek eginkizun aktiboa dutela bermatzea. Udalaren eta kolektibo eta elkarte horien arteko harremanak egungo kontratu egoeratik haratago joan behar du.

–Protokolo buruaren kargua izendapen politikokoa ez izateko aukera aztertzea, arloko profesional baten esku uzteko, Kultura Ondare Immaterialaren babesari buruzko ezagutza egokia bermatuz.

–Hiriko Kidegoaren errepresentazioaren ahozko transmisioa edo belaunaldien arteko ahozkotasun mistoaren bidezko transmisioa zaintzea, eta erreferentziazko eskuliburu batean jasotzea, baina alde bakarreko erregelamendu batez ordeztea saihestuz. Eskuliburuak edo erregelamenduak batzorde batek prestatu behar ditu, komunitate eramailearen partaidetza eta oniritziarekin.

–Hiriko Kidegoari lotutako elementu eta ondasun material nahiz immaterial guztien katalogo bat egitea, ondasun higiezinen eta higigarrien katalogazio-fitxen parametroen arabera ez ezik, ondasun immaterialen parametroak ere aintzat hartuta, dimentsio hori ere katalogoan jaso dadin. Udal titulartasuneko ondasunez gain, segizioan parte hartzen duten elkarteen jabetzako ondasunak ere hor jasotzea. Halaber, Batasunaren Pribilegiotik gaur arte Hiriko Kidegoarekin lotuta idatzi diren dokumentuak katalogoan jaso behar dira.

Sustapen eta balorizazio neurriak:

Hiriko Kidegoaren sustapena eta balorizazioa, batik bat, herritarrei zuzendu behar zaizkie, haien inplikazioa eta lotura bilatuz, eta nortasun kohesio soziala ere bai, sinbolo partekatuen eta demokratikoki hautatutako ordezkarien inguruan. Herritarrak ohartaraztea Hiriko Kidegoaren ondare balioaz artean egiteko dagoen baina hura zaintzeko beharrezkoa den eginkizuna da. IKO izendapen hau, noski, lagungarria izan daiteke, eta Kultura Ondare Immaterial honi buruzko sentsibilizazio kanpaina baten hasiera izan daiteke, jarraitasun historikoa duen erabileraren balioa baitu, balio sinbolikoak, artegintza ederreko piezetan, eta emozio eta nortasun balioak ere bai.

Transmisio eta biziberritze neurriak:

Hiriko Kidegoa den ondasun immaterial bereziaren transmisioak komunitate osoa inplikatzen duen eginkizuna da. Lehenik eta behin, zuzeneko eramaile guztiei (konpartsa, musikariak, dantzariak, agintariak...) eskatzen die ezagutzea zer den eta zer adierazten duen hiria irudikatzeko sistema tradizional horrek. Baina gainerako herritarrak ere ukitzen ditu, haien parte-hartzea, ezagutza eta balorizazioa ezinbestekoak baitira, luze iraunen badu.

Hezkuntza formalerako eta informalerako bitartekaritza materialak (dibulgaziokoak eta didaktikoak) sortzea ezinbesteko babes neurria da, belaunaldi erreleboa ziurtatu nahi bada.

Horrenbestez, Museoen Zerbitzuak Ondare Historikoaren Zerbitzuari helarazitako txostenak ondasuna egoki deskribatzen du eta haren garrantzia eta berezitasuna justifikatzen ditu. Arrazoi argiz aurkeztu du Iruñeko Hiriko Kidegoa Interes Kulturaleko Ondasun izendatzearen egokitasuna, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espediente honetan jaso dira ondasuna deskribatzeko beharrezkoak diren txosten teknikoak, eta orobat, Iruñeko Hiriko Kidegoa Interes Kulturaleko Ondasun Immateriala izendatzeko haren garrantzia eta berezitasuna justifikatzen duten txostenak ere.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko Hiriko Kidegoa Interes Kulturaleko Ondasun Immateriala izendatzeko espedientea irekitzea. Haren deskribapena eta ezaugarriak espedientean jaso dira.

2. Jendaurrean egoteko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, 30 egunez, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.

Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari; Museoen Zerbitzuari; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari; eta Kultura eta Kirol Ministerioko Ondare Historikoaren Erregistroen eta Dokumentazioaren Zuzendariordetza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrari, haren prebentziozko idatzoharra egin dezan, eta ukitzen dituen guztiei, espedientean ageri den gisan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 4an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

F2214729

Iragarkiaren kodea: