245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

99/2022 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezarri, aldatu, egiaztapena berritu eta iraungitzeko prozedurak arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Ordenamendu juridikoak Estatu osoan balioa duten unibertsitate titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezarri, jarraipena egin, aldatu, egiaztapena berritu eta iraungitzeko prozedura administratibo multzo bat aurreikusten du. Gaur egun, unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak arautzen ditu prozedura horiek.

Era berean, Unibertsitateak eta unibertsitate zentroak sortu, aitortu eta baimentzeari eta unibertsitate zentroen egiaztapen instituzionalari buruzko uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuak barnean hartzen ditu unibertsitate zentroek egiaztapen instituzionala lortzeko bete behar dituzten baldintzak; egiaztapen instituzional horrek berekin dakar zentro horrek eskaintzen dituen unibertsitate titulu ofizial guztien egiaztapena berritzea.

Unibertsitate tituluei dagokienez, bi dekretuen helburua da unibertsitate sistema osoaren eskaintza akademikoaren kalitatea bermatzea. Gainera, haietan jasotzen da autonomia erkidegoen funtzioa, beren eskumenak baliatuz, beren lurralde eremuko unibertsitate programazioa eta titulazio ofizialen antolamendua arautzeko, beren araudietan xedatzen denaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitatean titulazioak ezartzeko baimena emateko prozedura, gaur egun, honako hauek arautzen dute: 298/1998 Foru Dekretua, urriaren 13koa, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate zentroak sortu edo onartzeko eta goi mailako ikasketak baimentzeko prozedura ezartzen duena; eta 114/2009 Foru Agindua, ekainaren 30ekoa, Nafarroako Gobernuari prozedura ezartzen diona Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate ikasketa ofizialen ezarpenerako baimena eman dezan, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan. Espainiako unibertsitateko irakaskuntza ofizialen antolamenduan berriki izandako aldaketen ondorioz, beharrezkoa da arestian aipatutako errege dekretuetan ezarritako prozedurak arautuko dituen arau berri bat ezartzea, dagokion foru dekretua emanez. Era berean, komenigarria da Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate tituluak ezartzeko erregulazioa arau bakar batean jasotzea, eta arau hori bereiztea lurraldean unibertsitateen sorrera eta ezarpena arautu behar dituen arautik.

Nafarroako Kontseiluak, azaroaren 2an emandako 34/2022 Irizpenean, ondorio hau adierazi zuen: "Nafarroako Kontseiluak uste du Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezarri, aldatu, egiaztapena berritu eta iraungitzeko prozedurak arautzen dituen foru dekretuaren proiektua bat datorrela ordenamendu juridikoarekin".

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 16an hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Dekretuaren helburua da Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzeko, aldatzeko, egiaztapena berritu eta iraungitzeko prozedurak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu honen aplikazio eremua Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu, unibertsitate master eta doktoretza irakaskuntza ofizialek osatzen dute.

3. artikulua. Tituluaren egiaztapena.

3.1. Titulu bat egiaztatzeko prozedura hasi aurretik, unibertsitateak Nafarroako Gobernuko unibertsitateen gaietan eskumena duen organoari eskatuko dio unibertsitate titulu ofiziala ezartzeko beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txostena eman dezan. Eskaera orriarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gradua eta masterra:

–Proposatutako tituluaren deskribapena eta oinarrizko datuak.

–Tituluaren ezarpenaren justifikazioa.

–Bideragarritasun akademikoa: matrikularen aurreikuspena, unibertsitateko beste titulazio batzuekiko erlazioa.

–Tituluaren behar soziala.

b) Doktoretza:

–Proposatutako tituluaren deskribapena eta oinarrizko datuak.

–Doktoretza programa unibertsitateko edo, hala badagokio, beste erakunde batzuetako I+G+B estrategian sartzea.

Unibertsitate arteko tituluen kasuan, txosten hori eskatu beharko da unibertsitate koordinatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoa bada bakarrik.

3.2. Nafarroako Gobernuko organo eskudunak hilabeteko epean emanen du txostena. Aldeko txostena emanez gero, titulua egiaztatzeko prozedura hasten ahal du unibertsitateak.

3.3. Unibertsitate Kontseiluak egiaztatu beharko du unibertsitate titulu ofizial bat eskuratzeko eskubidea ematen duten ikasketa planak aplikatzekoak diren arauetan ezarritako jarraibide eta baldintzekin bat datozela.

Prozedura bukatuta, Unibertsitate Kontseiluak behin betiko egiaztapenaren ebazpena jakinaraziko die unibertsitate eskatzaileari eta Nafarroako Foru Komunitateari.

4. artikulua. Tituluaren ezarpena baimentzea.

4.1. Unibertsitate Kontseiluak tituluaren egiaztapen positiboa jaso ondoren, Nafarroako Gobernuan unibertsitateen gaian eskumena duen organoari titulua ezartzeko baimena eskatzen ahalko dio unibertsitateak, eta eskaerarekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Bideragarritasun ekonomikoaren azterketa, eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

b) Egiaztatutako memoria.

c) Ezarpenaren alde Kontseilu Sozialak emandako txostena.

Unibertsitate arteko tituluen kasuan, unibertsitateko irakaskuntza ofiziala antolatzen den unibertsitatearekin edo unibertsitateekin sinatutako hitzarmena aurkeztu behar da, eta koordinazio lana zer unibertsitatek eginen duen adieraziko da.

4.2. Nafarroako Gobernuak titulua ezartzeko baimena emanen du, gobernuaren erabakiaren bidez, eta unibertsitateen gaietan eskumena duen ministerioari igorriko dio erabakia, tituluaren izaera ofiziala ezar dadin eta Estatu osoan balioa izan dezan.

4.3. Tituluaren izaera ofiziala Ministroen Kontseiluaren erabakiaren bidez ezartzen da, eta erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskribatu ondoren, egiaztatutako memorian proposatu den titulu izenarekin. Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskribatzeak ondorioak izanen ditu unibertsitate titulu ofizialak sortzeari dagokionez, eta titulu egiaztatutzat joko da hasieratik.

4.4. Unibertsitateko titulu ofizialaren irakaskuntza ez da hasten ahalko tituluaren izaera ofiziala Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta RUCTen inskribatu arte.

4.5. Nafarroako Gobernuko unibertsitateen gaietan eskumena duen organoak egiaztatu beharko du irakaskuntza ezarritako gehieneko epean ezarri eta hasi den.

5. artikulua. Ikasketa planen aldaketak.

5.1. Ikasketa planen aldaketak izapidetzeko ez da beharrezkoa izanen Autonomia Erkidegoaren txostena.

5.2. Unibertsitateak Nafarroako Gobernuko unibertsitateen gaietan eskumena duen organoari jakinaraziko dizkio egiaztatutako tituluen ikasketa planen aldaketak.

6. artikulua. Erakundeek egiaztatu gabeko unibertsitate zentroetan irakasten diren tituluen egiaztapena berritzea.

6.1. Urte bakoitzaren hasieran, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Gobernuan unibertsitateen arloko eskumena duen organoari jakinaraziko dio zein diren urte horretan egiaztapena berritzeko prozesua hasi behar duten tituluak.

6.2. Urtean zehar, unibertsitateak Kalitatearen Ebaluaziorako eta Egiaztapenerako Agentzia Nazionalari (ANECA) aurkeztu behar dizkion jarraipen txostenak eta, halakorik bada, egiaztapena berritu behar duen titulu bakoitzaren kanpo ebaluazioko txostenak aurkeztuko ditu. Txostena egiteko behar diren baldintzak, 6.3. artikuluan zehazten direnak, betetzen direla egiaztatzeko behar diren datuak ere aurkeztuko ditu.

6.3. Egiaztapena berritzeko, kontuan hartzen den aldiko ikasturte bakoitzean lehen aldiz matrikulatzen diren ikasleen batez besteko kopurua 40koa edo handiagoa izan beharko da, graduko ikasketen kasuan.

Unibertsitate masterren ikasketen kasuan, batez beste, beharrezkoa izanen da hogei ikasle matrikulatzea, edo batez beste denbora osoko hamar ikasle baliokide matrikulatzea, kontuan hartzen den epean.

Doktoretza programen kasuan, irakurritako tesien batez besteko kopurua gutxienez 4koa izanen da, eta programak gutxienez hamar doktoregai eduki beharko ditu epe horretan.

Salbuespenez, aurreko baldintzak bete gabe ere has daiteke titulazioen egiaztapena berritzeko prozedura, interes sozialeko edo akademikoko arrazoiak tartean daudenean, betiere unibertsitateak behar bezala justifikatzen badu.

6.4. Aipatutako baldintzak Nafarroako Gobernuko unibertsitateen gaietan eskumena duen organoak egiaztatu ondoren, unibertsitateak Unibertsitate Kontseiluari aurkezten ahalko dio berritzeko eskaera, unibertsitateetan eskumena duen ministerioaren aplikazioaren bidez.

6.5. Unibertsitate Kontseiluak egiaztapena berritzeko edo ez berritzeko ebazpena jakinaraziko du. Titulu batek egiaztapena berritzen ez badu, titulua «iraungi gai» deklaratuko da, eta RUCTen jasoko da horretarako oharra. Nafarroako Gobernuak erabakiko du titulu horren ikasketa planaren iraungitze progresiboa, urtez urte, horretarako ebazpena eman eta hurrengo ikasturtetik hasita.

7. artikulua. Instituzioen egiaztapena duten unibertsitate zentroetan ematen diren tituluen egiaztapena berritzea.

Instituzioen egiaztapena duten unibertsitate zentroetan ematen diren unibertsitate titulu ofizialek egiaztapena berrituko dute zentro horiek egiaztapena atxikitzen duten bitartean.

8. artikulua. Tituluak iraungitzea.

8.1. Tituluak kasu hauetan iraungiko dira:

a) Tituluaren irakaskuntza ez da ezarri eta hasi aurreikusitako gehienezko epean.

b) Unibertsitate Kontseiluak tituluaren egiaztapena berritzearen aurkako ebazpena eman du.

c) Unibertsitateak ez du eskatu tituluaren egiaztapena berritzeko.

d) Unibertsitateak titulua iraungitzeko eskatu du.

8.2. Titulu bat iraungitzen denean, galdu eginen du hasierako egiaztapena, eta Nafarroako Gobernuan unibertsitateen gaietan eskumena duen organoak behin betiko iraungipena tramitatu beharko du, horren berri emanen dio unibertsitateen gaian eskumena duen ministerioari, RUCTn behar bezala jaso dadin, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du egoera hori.

8.3. Kasu guztietan, bai Foru Komunitateak bai unibertsitateak, beren eskumenen esparruan, neurri egokiak hartu beharko dituzte iraungi beharreko ikasketak egiten ari diren ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da ekainaren 30eko 114/2009 Foru Agindua, Nafarroako Gobernuak, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko prozedura ezarri zuena.

Azken xedapenetako lehena.–Araudi aldaketak.

Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate zentroak sortu edo egiaztatzeko eta goi mailako ikasketak baimentzeko prozedura ezarri zuen urriaren 13ko 298/1998 Foru Dekretua aldatzen da.

Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate tituluak arautzen dituen arau bakarra izan dadin, ezabatu egiten dira unibertsitate tituluen aipamen guztiak, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate zentroak sortu edo egiaztatzeko eta goi mailako ikasketak baimentzeko prozedura ezarri zuen urriaren 13ko 298/1998 Foru Dekretutik.

Ukitutako artikuluen idazketa berria hau izanen da:

4. artikulua.

Fakultateak, Goi Mailako Eskola Teknikoak, Unibertsitate Eskolak eta Unibertsitate Institutuak eta antzeko beste zentro batzuk foru dekretu bidez sortu, aitortu eta kenduko dira, Gizarte Kontseiluak edo, pribatuen kasuan, unibertsitateak berak proposatuta eta Unibertsitate Kontseiluak txostena egin ondoren.

5. artikulua.

Sortzeko edo aitortzeko espedientea Nafarroako Gobernuan aurkeztu beharko da, unibertsitateen gaietan eskumena duen departamentuaren bidez, eta apirilaren 12ko 557/1991 Errege Dekretuaren II. kapituluko 6. atalean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Unibertsitateen gaietan eskumena duen departamentuak txosten bat eginen du, espedientea baldintza horietara egokitzen den baloratzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

ERANSKINA

Bideragarritasun ekonomikoaren gaineko azterlana.

1.–Gradua eta masterra.

–Langileria gastuak:

1) Irakasleak.

a) Ikasturte bakoitzerako zenbatetsitako irakaskuntza enkargua, titulua erabat ezarri arte, urteko konputuan asteko ordutan adierazia.

b) Tituluari eskainiko zaion irakasle gaitasuna, urteko konputuan asteko ordutan adierazia.

c) Kontratazio beharrak:

a. Bete beharreko irakasle gaitasuna.

b. Kontratatu beharreko irakasle berrien kopurua eta kategoria.

c. Ikasturte bakoitzerako zenbatetsitako kostua, titulua osorik ezarri arte.

2) Administrazioko eta zerbitzuetako langileak.

Kontratazio beharrak: kontratatu beharreko langile berrien kopurua eta kategoria eta ikasturte bakoitzerako zenbatetsitako kostua, titulua erabat ezarri arte.

–Bestelako gastuak:

a) Ikasturte bakoitzari lotutako gastu suntsikorrak.

b) Informazio prozesuetarako ekipoak eta irakaskuntza ekipamendua erosteko, eta hala badagokio, liburuak erosi eta aldi baterako banatzeko, ezarpen aldian, behar den guztizko gastua.

–Inbertsio gastuak:

Aurreikusitako kostuak eta egin beharreko inbertsioen kronograma.

–Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

Titulua ezartzen den urte bakoitzean aurreikusitako matrikulen zenbatekoa, ezarpenaren lehen urtean indarra duten prezioen arabera.

–Eragin garbia:

Tituluaren ezarpen urte bakoitzeko eragin garbia.

Eragin garbia = matrikulen arabera aurreikusitako diru-sarrerak - (langileen gastuak + bestelako gastuak).

2.–Doktoretza.

–Doktoretza programa ofiziala ezartzeak Irakaskuntza Antolatzeko Planean duen eragina.

Doktoretza koordinatzearen kenkariak.

Defendatutako doktoretza tesien kenkariak.

–Bestelako gastuak.

–Diru-sarrera aurreikusiak.

Iragarkiaren kodea: F2215316