243. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 5a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

QUEILES IBARRA GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak 2022ko azaroaren 24an hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau osorik atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez premiazko neurri batzuk hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 20/2021 Legeak hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko).

Horiek horrela eta Mankomunitatearen estatutuetako 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Batzarrak hau erabaki du:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Cascanten, 2022ko azaroaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Sofía Faria Teixeira.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (6., 6.8, 1.8, 2.8, 3.8, 8.9, 3,10. eta 12. artikuluak); 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea nahitaez telematikoki aurkeztuko beharko da, Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan, esteka honen bidez:

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/?x=489RMP4xeley6vSdAg1GPszaP9*aUYIhsH4plPxT6IykLyViiuTtsWK03NlCBSxkt5QpR9CyEAoI5pTlEg65ZVlDFVM6mrNIURveFJH*2NYg3ujAkHHjzNwSR4Y5Em9AM6qvu7lLMUi-QnRCORYyDcXCIaNn4u2hHKura10*YLdGYr-y*Fe-w*rqYB1ilu4uvPFK-pVPpYoKv9s*8YUrmg

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 ataletarako oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 15 puntu:

b.1) Deialdiko lanpostu berean aldi baterako kontratatzeko hautapen-prozesu bat lanposturik lortu gabe gainditu izana, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera onetsitako deialdietan, Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aritzeko. Deialdi horiek merezimenduen autoebaluazio-dokumentuko III. eranskinean daude adierazita: 7 puntu gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa eta frantsesa:

Ingelesa eta frantsesa jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean eta ezaugarrien taularen arabera: 5 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

Oharrak b.2 apartaturako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

d) Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atarian, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak sortuko dira, eta modu subsidiarioan aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesu baten ondorioz indarrean dauden aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenden eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak osatzeko deialdietatik datozenen atzetik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko da (enplegu publikoaren atalean).

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

10.2. Mankomunitatearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun langile finko bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

13.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin –lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko– eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin –egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa–), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (naprod@naprod.es).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. eranskina

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu huts batzuk merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

QUEILES IBARREKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

BEHARREZKO TITULAZIOA
(ADIERAZI)

HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

1

GIZARTE-LANGILEA

B

LAN-KONTRATUDUNA

100

Gizarte Laneko unibertsitate diploma edo gradua edo ofizialki baliokidetzat jotako titulua

Frantsesa edo ingelesa

Deialdiaren 9.1 b) artikuluaren araberako ziurtagiria

2

GIZARTE-LANGILEA

B

LAN-KONTRATUDUNA

100

Gizarte Laneko unibertsitate diploma edo gradua edo ofizialki baliokidetzat jotako titulua

Frantsesa edo ingelesa.

Deialdiaren 9.1 b) artikuluaren araberako ziurtagiria

4

ERAGILE SOZIOKULTURALA

C

LAN-KONTRATUDUNA

100

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

Frantsesa edo ingelesa.

Deialdiaren 9.1 b) artikuluaren araberako ziurtagiria

5

GIZARTE-HEZITZAILEA

B

LAN-KONTRATUDUNA

100

Gizarte-hezkuntzako unibertsitate diploma edo gradua edo ofizialki baliokidetzat jotako titulua

Frantsesa edo ingelesa.

Deialdiaren 9.1 b) artikuluaren araberako ziurtagiria

6

ADMINISTRARI-OFIZIALA

C

LAN-KONTRATUDUNA

100

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

Frantsesa edo ingelesa

8

FAMILIA-LANGILEA

D

LAN-KONTRATUDUNA

100

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

9

FAMILIA-LANGILEA

D

LAN-KONTRATUDUNA

100

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

10

FAMILIA-LANGILEA

D

LAN-KONTRATUDUNA

100

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

11

FAMILIA-LANGILEA

D

LAN-KONTRATUDUNA

80

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

2.–Betekizunak.

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide izatea, zuzenbidez banandurik ez badaude, eta haien ondorengoak eta ezkontidearenak, zuzenbidez banandurik ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanik ere, haien kontura bizi badira.

c) Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonak, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

d) Legezko bizilekua duten atzerritarrek lan-kontratudun gisa jarduten ahalko dute.

3.–Deialdiaren esteka egoitza elektronikoan.

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/transparency/9d610f07-8251-4ead-a8eb-e5024f481ed2/

II. eranskina

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/transparency/9d610f07-8251-4ead-a8eb-e5024f481ed2/

III. eranskina

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/transparency/9d610f07-8251-4ead-a8eb-e5024f481ed2/

Iragarkiaren kodea: L2215937