243. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 5a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

QUEILES IBARRA GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Mankomunitateko Batzordearen 2022ko azaroaren 24ko Erabakiaren bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurri batzuk hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoetan, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Horiek horrela, eta Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuan 11.c) artikuluan ezarritako eskumenak baliatuta, Batzordeak

EBAZTEN DU:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Cascanten, 2022ko azaroaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Sofía Faria Teixeira.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Aipatu lanpostu hutsak txanda irekiaren bidez beteko dira.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (6., 8.1, 8.2, 8.3, 8.8, 9.3, 10. eta 12. artikuluak); 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea nahitaez telematikoki aurkeztuko beharko da, Udalaren erregistro elektronikoan, esteka honen bidez:

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/?x=CzBeGzITzqCBC5Z09g2049oA9Yzj6eKksgQVkYqbPK0sGKqn5Ux5sR97JIM1oKB622uyyRIJHV1aF44BbTKb*Q6nDzcTCK1t7G35nxmirbtIQDTEjGAYGTgCAsLuIUgTk1JfkF7yXVT-6zgz61jrcBIFOZC*8xdRY4pM4rtPkx8VXrJBW7o3CipLhQWQlMamuCnwEhWduPydykozwGB-Tg

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bitartez.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Oposizioaldiak test motako proba bakarra izanen du.

7.2.3. Proben kopurua, ezaugarriak eta edukia deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira.

7.2.4. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Mankomunitateko egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.

7.2.5. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.7. Deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek bide telematikoz alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.8. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. ERANSKINAREN araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Zerbitzu-emate bakoitza hasten denetik amaitzen den arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

b.1) Deialdiko lanpostu berean aldi baterako kontratatzeko hautapen-prozesu bat lanposturik lortu gabe gainditu izana, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera onetsitako deialdietan, Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aritzeko. Deialdi horiek merezimenduen autoebaluazio-dokumentuko III. eranskinean daude adierazita: 12 puntu gainditutako deialdi bakoitzeko.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian (enplegu publikoaren atalean), eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian (enplegu publikoaren atalean).

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, 7.3.a.1) apartatuan puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, bat baldin badatoz, apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian (enplegu publikoaren atalean) argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda, eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko da (enplegu publikoaren atalean).

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko lan-kontratudun langile finko izendatuko dira, eta kontratua eginen zaie, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun langile finko bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Baldin lan-kontratudun finko bihurtzen den izangai bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esletuko zaizkie lan-kontratudun langile finko berriei.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

11.2. Deialdi honen hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko da, enplegu publikoaren atalean.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Mankomunitatearen egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

13.–Datu pertsonalen babesa.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin (egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa), eta langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (naprod@naprod.es).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

QUEILES IBARRA GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN

ZENBAKIA
PLANTILLA
ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

12

Familia-langilea

D

Lan-kontratuduna

100

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

2.–Betekizunak.

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide izatea, zuzenbidez banandurik ez badaude, eta haien ondorengoak eta ezkontidearenak, zuzenbidez banandurik ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanik ere, haien kontura bizi badira.

c) Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonak, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

d) Legezko bizilekua duten atzerritarrek lan-kontratudun gisa jarduten ahalko dute.

3.–Oposizioko probak.

LANPOSTUA

PROBA BAKARRA (deskribatu probaren ezaugarriak, denbora, puntuazioa...)

FAMILIA-LANGILEA

Idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera sorta bati. Galdera teoriko-praktikoak izanen dira, gai-zerrendako gaiei buruzkoak.

Galdera guztietan zenbait erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioa 60 puntu izanen da gehienez, eta bazterturik geldituko dira 30 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

4.–Gai-zerrenda.

Lanpostua: Familia-langilea.

Proba bakarra:

1.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

2.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

3.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena: 1etik 7ra bitarteko artikuluak eta 1. eranskineko 6. puntua.

4.–Ordenantza, Queiles Ibarra Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eman etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duena (2015eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 6koa).

5.–Familia-langilea etxeko laguntza zerbitzuan: eginkizunak. Etika profesionala, gizarte zerbitzu oinarrizkoen esparruan.

6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean. Gatazka egoerak menderatzea. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan. Familia-langilearen koordinazioa lantaldeko profesionalekin.

7.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren beharra izan dezaketen egoerak.

8.–Desgaitasun fisikoak, psikikoak eta zentzumenezkoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren beharra izan dezaketen egoerak.

9.–Etxeko laguntzaren beharra izan dezaketen beste egoera batzuk. Familia-langilearen lana, esku-hartzea jasotzen duten familiek ardurapean adingabeak dituzten kasuetan.

10.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen egokitzapena.

11.–Etxeko laguntza zerbitzuak zaintzaileei laguntza ematea. Familia-langilearen esku-hartzea eta eginkizunak.

Oharra.–Arlo guztietako gaietan hautaprobetan parte hartuko duten izangaien behin betiko zerrenda argitaratzen den egunean indarra duen legeriari jarraituko zaio.

5.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa).

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/transparency/6c768c66-a6d0-4783-ae42-442e1ca83c96/

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/transparency/6c768c66-a6d0-4783-ae42-442e1ca83c96/

III. ERANSKINA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://mssvalledelqueiles.sedelectronica.es/transparency/6c768c66-a6d0-4783-ae42-442e1ca83c96/

Iragarkiaren kodea: L2215935