238. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

95/2022 FORU DEKRETUA, urriaren 26koa, Nafarroako Urrezko Domina Nafarroako Ekonomia Sozialerako Entitateen Konfederazioari (CEPES Nafarroa) ematen diona.

Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzen ditu. Urrezko Domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena. Arau horrek ezartzen du, domina emateko, aurretik deialdi publikoa eginen dela, instituzioek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisikoek zein juridikoek beren hautagaitzak aurkez ditzaten.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 31ko 108/2022 Foru Aginduaren bidez (2022ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 21ekoan), 2022ko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onetsi, eta aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta baloratu behar dituen epaimahaia izendatu zen. Nafarroako Urrezko Domina ematea arautzen duen maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, epaimahaiak hautagaitza horietako hiru, gehienez ere, hautatu ondoren, Nafarroako Gobernuari aurkeztu behar dizkio.

Proposatutako hautagaitzak aztertuta, epaimahaiak CEPES Nafarroari dagokiona aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari.

CEPES Nafarroa konfederazio bat da, Foru Komunitateko Ekonomia Soziala osatzen duten arloak ordezkatzen dituzten erakundeak biltzen dituena; konfederazioan 1.250 enpresa eta entitate baino gehiago daude, gutxi gorabehera 23.000 lanpostu zuzen, egonkor eta inklusibo eta 42.000 bazkide eta boluntario inguru; presentzia du lurraldearen % 90ean baino gehiagotan, eta herritar guztiei zuzendutako ekintza betetzen du. Mugimendu kooperatiboa da (lan elkartuko kooperatibak, nekazaritzako elikagaietakoak, kreditu kooperatibak, irakaskuntzakoak, kontsumitzaile eta erabiltzaileenak, etxebizitza, zerbitzu eta garraioetakoak, aseguruetakoak, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte ongizatearen arlokoak), lan sozietateak, enplegu zentro bereziak, gizarteratze eta laneratze enpresak, hainbat fundazio eta ekonomia solidarioko erakundeak ere elkartzen dituena.

Ekonomia sozialak ehun urtetik gorako presentzia du Nafarroan eta erakutsi du, batez ere krisi garaietan, gaitasuna dela aberastasunaren sorrera bultzatzeko eta haren birbanaketa eta lan baldintzak hobetzeko.

Beste bereizgarri funtsezko bat du: lurraldean erroturik dago. Ekonomia sozialeko enpresak ez dira deslokalizatzen, are gehiago, haien jardunak laguntzen du enplegu egonkor eta kalitatezkoa, industria jasangarria eta zerbitzuak sortzen, batez ere biztanle gutxi-gutxiko eremuetan edo despopulazio arriskuan daudenetan.

Inklusioaren eta dibertsitatearen alde egiten duten apustua balio bat da gizartearentzat.

Azkenik, ekonomia sozialean langileek ahotsa eta erabakitzeko ahalmena dute, organo kolektiboetan parte hartzen baitute, eta horrek printzipio demokratikoen balioa aintzatesten du enpresa eta entitateen baitan.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, CEPES Nafarroak merezi du Nafarroako gizarte osoak esker ona eta aitortza adieraztea Nafarroako Urrezko Domina emanda.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du ohorezko erakusgarri gorena ematea CEPES Nafarroari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko urriaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina ematea CEPES Nafarroari.

2. Domina emateko ekitaldia Nafarroaren Egunaren aurtengo ospakizunen barruan eginen da.

3. Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta CEPES Nafarroari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Le­hen­dakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2214326