237. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ebazpena, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruak emana, zeinaren bidez onesten baita lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren maiatzaren 16ko ebazpen baten bidez onetsi zen 2022rako lan publikoaren eskaintza, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak ezartzen dituena, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Aipatu ebazpena 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 24an.

Batzorde iraunkorrak 2022ko azaroaren 11n hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Horiek horrela, baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta toki-entitate honen estatutuen 27. artikuluan xedatutako eskumenak (estatutu horiek argitaratu ziren 2012ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 8an), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zangozan, 2022ko azaroaren 11n.–Mankomunitateko burua, Javier Solozábal Amorena.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren edo kontratatzen diren izangaiek beteko dituzte beren lanpostuari dagozkion eginkizunak, eta izanen dituzte lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak, hots, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta sailkatuta geldituko dira ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Beste hizkuntza batzuetako hizkuntza-eskakizuna izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Euskarari dagokionez, dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak, maila-proben ondoriozkoak, aplikatuta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 20/2021 Legeak hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko).

Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

g) Ezin izanen dute parte hartu Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

h) Ezaugarrien taulan hala zehazten denean, jarraikiz uztailaren 28ko 26/2015 Legeari (horren bidez aldatzen da haurrak eta nerabeak babesteko sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea nahitaez telematikoki aurkeztuko da, Zangozako Mankomunitateko erregistro elektronikoan (www.mscs.es); betiere, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideen eta espedientea formalizatzearen kontzeptupean ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa da, izangaia deialdira aurkezten den plaza bakoitzeko.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua dutenak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Tasa bide telematikoz ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen den hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.b) apartatuko kasuarengatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute dagokion atala bete II. eranskineko eskabidean.

–Azterketa eskubideengatik 10 euro ordaindu izanaren frogagiria.

Zenbateko hori eskudirutan edo banku-transferentzia bidez ordaindu ahal izanen da, deialdia egin duen toki-erakundearen titulartasuneko kontu honetan:

–Nafarroako Rural Kutxa: ES49 3008 0046 3407 0193 1925

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Zer hautapen-prozesutarako den.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia izendatuko da behin deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide-kopurua bakoitia izanen da, bost gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da.

Izendapen hori argitaratuko da Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen webgunean (www.mscs.es).

5.2. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute izan beharrik lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo bereko titulurik, ez eta ikasketa maila bereko titulurik edo goragokorik ere, baina saiakera eginen da epaimahaikide batek bederen izan ditzan beharrezko espezialitatea edo ezagutza teknikoak, deialdiko lanpostuaren arabera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen atariko deialdiaren web fitxan (www.mscs.es).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Mankomunitatearen webgunean, jada aipatu baita.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratuko da Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen atariko (www.mscs.es) deialdiaren web fitxan, eta argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute telematikoki erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, toki erakunde honen aipatutako webgunean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web-orrian, Zangozako Mankomunitatearen atarian (www.mscs.es).

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Lehiaketaren bidezko prozedura bereziaren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

Merezimendu-lehiaketak honako fase hauek izanen ditu:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Zangozako Mankomunitatean edo Zangozako Eskualdeko edozein udal mankomunatutan beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 ataletarako oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Zangozako Mankomunitateari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1) Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean, deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 28 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean eta ezaugarrien taularen arabera: 5 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

b.3) Euskara:

Zangoza Eskualdeko udal mankomunatu batzuk eremu mistoan kokatzen direnez, gai horri buruz indarrean dagoen araudiaren arabera, eta deitutako plazetarako plantilla organikoan euskara nahitaezkotzat jo ez denez, hizkuntza hori jakitea gehienez 7 punturekin baloratuko da.

b2 eta b3 ataletarako oharrak:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Izangaiek euskararen jakite-maila merezimendu gisa frogatzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen jakite-mailari buruz emandako egiaztagiriak aurkez ditzakete, baliozkoak izanen baitira xede horretarako dauden titulazio ofizialez gain.

c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

d) Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Zangozako Mankomunitatearen www.mscs.es webgunean, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da.

Ondoren, kalifikazio epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak helaraziko dizkio organo eskudunari, behar diren izapideak egin daitezen baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskararen edo beste hizkuntza ofizial baten hizkuntza eskakizuna baloratzeko aurkezten duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa). Dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak maila-proben bidez emandako frogagiriak, hain zuzen ere uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz antolatutako maila-proben bidez emandako frogagiriak (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak.

c) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori argitaratuko da Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen webgunean (www.mscs.es).

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Zangozako Mankomunitatearen webgunean (www.mscs.es).

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Zangozako Mankomunitatearen webgunean izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Toki erakundeko funtzionario izendatuko dira edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek galduko dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko funtzionario edo lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko tramiteak, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen webgunean (www.mscs.es) argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Zangozan, 2022ko azaroaren 11n.

I. ERANSKINA.

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen MEREZIMENDU-LEHIAKETAren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurri batzuk ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

3

GIZARTE-LANGILEA

B

Lan-kontratudun finkoa

Osoa

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Gizarte Laneko unibertsitate diploma edo gradua edo baliokidetzat jotako titulua.

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

Euskara

Gidabaimena

3bis

GIZARTE-LANGILEA

B

Lan-kontratudun finkoa

Osoa

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Gizarte Laneko unibertsitate diploma edo gradua edo baliokidetzat jotako titulua.

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

Euskara

Gidabaimena

8

ADMINISTRARIA

D

Lan-kontratudun finkoa

Osoa

Idazkari kontu-hartzailea

Lanbide Heziketa, administrazioaren adarrekoa (edo goragokoa), edo akademikoki baliokidetzat aitortutako prestakuntza

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

Euskara

Gidabaimena

10

FAMILIA-LANGILEA

D

Lan-kontratudun finkoa

Erdia

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea, eta profesionaltasun ziurtagiria (*)

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

Euskara

Gidabaimena

14

FAMILIA-LANGILEA

D

Lan-kontratudun finkoa

Erdia

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea, eta profesionaltasun ziurtagiria (*)

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

Euskara

Gidabaimena

18

FAMILIA-LANGILEA

D

Lan-kontratudun finkoa

Erdia

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea, eta profesionaltasun ziurtagiria (*)

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

Euskara

Gidabaimena

(*) Etxean arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria edo baliokidea, eta 2017ko abenduaren 11ko Ebazpenean jasotako gainerako titulazioak (ebazpen hori argitaratu zen 2017ko 317. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean).

2.–Betekizunak.

–Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

–Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

–Aurkezten den lanposturako beharrezkoa den titulazioa edukitzea.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

–Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

3.–Tasak.

Aurkeztu beharko da 26 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

4.–Deialdiaren webgunea.

www.mscs.es

5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena.

Lan publikoaren eskaintza hau onetsi zen Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren maiatzaren 16ko 60/2022 Ebazpenaren bidez, eta argitaratu zen 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24an.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_MERITOS_E.pdf

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_III_AUTOVALORACION_MERITOS_E.doc

Iragarkiaren kodea: L2215426