237. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Noain Elortzibarko Udaleko alkatearen 2022-1401 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bereziaren bidez (2. artikulua) betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Noain Elortzibarko Udaleko alkatearen 2022ko maiatzaren 9ko 2022-505 Ebazpenaren bidez onetsi zen 2022rako lan publikoaren eskaintza, enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi berezia ezartzen dituena, abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Ebazpena 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12an.

Osoko Bilkurak 2022ko azaroaren 15ean hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau osorik atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta beronen oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Noain Elortzibarren, 2022ko azaroaren 23an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Lanpostu huts horiek honako txanda hauetan banatuko dira, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera:

a) Txanda irekia.

b) Dagokionean, erreserba txanda %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat.

c) Dagokionean, erreserba txanda genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

Prozedura hauetan ez da funtzionarioen arteko igoera txanda murrizturako erreserbarik egonen.

Halakorik bada, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzen diren hautapen-prozeduretan, izangaiek hautaprobak gainditu beharko dituzte eta adierazi duten desgaitasun maila eta kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatu beharko dituzte.

Halakorik bada, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat lanpostuak erreserbatzen diren hautapen-prozeduretan, izangaiek hautapen-prozesuak gainditu beharko dituzte eta genero-indarkeriaren biktimak direla frogatu beharko dute.

1.3. Halakorik bada, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak txanda irekikoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkerari jarraikiz.

1.4. Halakorik bada, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak txanda irekikoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

1.5. Bestetik, desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandetan, eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako amaierako puntuazioaren arabera.

1.6. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Indarrean izatea B motako ibilgailuak gidatzeko baimena.

g) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den hizkuntzen eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

h) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

i) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

3.1.2. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko baldintzak:

Halakorik bada, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 3.1.1 apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzeaz gainera, %33ko desgaitasuna edo handiagoa eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

3.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako izangaien berariazko baldintzak:

Halakorik bada, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 3.1.1 apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzeaz gainera, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Ezaugarrien taulan zehazten da zer tasa ordaindu behar den azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik.

5. ordenantzan ezarritakoaren arabera (agiriak emateagatiko eta tramitatzeagatiko tasak arautzen dituen ordenantza), honako hauek salbuetsita egonen dira tasak ordaintzetik:

a) Lanik gabe egonik prestaziorik kobratzen ez dutenak.

Salbuespen hori honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPEren) ziurtagiri baten bidez frogatu behar da ez dela jasotzen inolako prestaziorik nahiz subsidiorik.

Tasa bide telematikoz ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.a) apartatuko kasuarengatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute dagokion apartatua bete II. eranskineko eskabidean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) –IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) –Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, toki erakundearen atarian.

6.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan (ezaugarrien taulan zehazten da eta toki erakundearen atarian egonen da fitxa hori).

6.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, izangaiei berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik gelditzen badira bazterturik.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren apartatuan dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. C, D eta E mailetarako, oposizioaldiak proba bakarra izanen du, test motakoa.

7.2.3. A eta B mailetarako, oposizioaldian gehienez bi proba eginen dira. Bi proba egitea aurreikusten bada, biak egun bakarrean egiten ahalko dira.

7.2.4. Proben kopurua, ezaugarriak eta edukia deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira.

7.2.5. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.6. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.8. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.9. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

b.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan: 2 puntu gehienez haietako bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1 apartatuan merezimenduen apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten da), eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek bide telematikoz alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatu horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko du zerrenda, eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

c) Halakorik bada, indarkeriaren biktima diren emakumeen izaera baliarazi duten izangaiek hauetakoren bat aurkeztu beharko dute: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial. Halaber, izaera hori egiazta dezakete gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen txostenaren bidez.

8.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko funtzionario izendatuko dira edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

NOAIN ELORTZIBARKO UDALA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

LANPOSTUAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUETAKO
HIZKUNTZAK

BESTE BETEKIZUN BATZUK

2.36

Administrari laguntzailea

D

F

%100

Idazkaritza, Zerbitzu Orokorrak, Hirigintza, Ingurumena, Obrak eta Zerbitzuak

Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailakoa edo baliokidea.

EZ

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

EZ

2.–Txandak (hala badagokio, adierazi lanpostu kopurua).

LANPOSTUA

TXANDA IREKIKO PLAZA KOPURUA

%33KO DESGAITASUNA EDO HANDIAGOA DUTENENTZAT ERRESERBATUTAKO PLAZA KOPURUA

GENERO-INDARKERIAREN BIKTIMA DIREN EMAKUMEENTZAKO ERRESERBATUTAKO PLAZA KOPURUA

Administrari laguntzailea

1

0

0

3.–Baldintzak.

3.1. Espainiako nazionalitatea, nahitaezkoa (lanpostu zenbakia(k) adierazi): bat ere ez.

3.2. Sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik, epai irmo baten bidez, kondenatua ez izateko betebeharra duten lanpostuak (lanpostu zenbakiak adierazi): bat ere ez.

4.–Tasa.

4.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa: 32,85 euro.

(*) Langileak hartzeko deialdietan, azterketa egiteko eskubidea dohainik izanen da baldin pertsona lanik gabe badago eta inolako prestaziorik jasotzen ez badu.

4.2. Ordaintzeko modua: Nafarroako Rural Kutxa, kontu zenbakia: ES52 3008 0081 1207 0332 7320.

5.–Oposizioko probak.

Lanpostua: Administrari laguntzailea.

Lehenbiziko proba:

Proba teorikoan, idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera sorta bati. 50 galdera izanen ditu, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek 0,30 puntu kenduko dute (laurden bat). Gehienez, 60 punturekin baloratuko da: 1,20 puntu galdera bakoitzeko. Bazterturik geldituko dira proban 30 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Proba egiteko denbora, gehienez, 2,5 ordu izanen da.

6.–Gai-zerrenda.

Lanpostua: Administrari laguntzailea.

Lehenbiziko proba:

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

2.–Nafarroako toki erakundeei aplikatu beharreko Estatuaren legedi orokorra: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, I. titulua: Xedapen orokorrak; II. titulua: Udala; V. titulua, I. kapitulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

5.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua.

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako toki erakundeen aurrekontu orokorrak. Egitura. Nafarroako toki ogasunen baliabideen zerrenda eta haien sailkapena. Udal zergak. Tasak eta prezio publikoak.

7.–Nafarroako toki erakundeen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea eta begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herri-ondasunak.

8.–Windows 10 sistema eragilea: blokeo-pantaila; mahaigaina eta haren elementuak; "hasi" menua; ataza-barra; jakinarazpenen eremua; mahaigain anitzekin lan egitea; Start Screen; kontrol-panela; sistemaren informazioa aurkitzea; fitxategiak, karpetak eta liburutegiak; erabiltzaile kontuak kudeatzea; Windows 10 pertsonalizatzea.

9.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

10.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

11.–Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

12.–Oinarrizko kontzeptuak Interneti eta posta elektronikoari buruz.

7.–Deialdiaren web fitxa, toki erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa).

https://www.noain.es/es/convocatorias/convocatoria-concurso-oposicion-excepcional-de-vacantes-de-puestos-correspondientes-al-proceso-extraordinario-de-estabilizacion-y-consolidacion-de-empleo-temporal/

8.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Alkatetzaren 2022-505 Ebazpena, 2022ko maiatzaren 9koa.

NAOko esteka: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/92/71

9.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Alkatetzaren 2022-1389 Ebazpena, 2022ko azaroaren 21ekoa.

NAOko esteka: https://www.noain.es/wp-content/uploads/2022/11/20221121–Resolucion–Resolucion–RESOLUCION-2022-1389-Convocatoria-concurso-oposicion-excepcion-Ley-20-2021.pdf

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://www.noain.es/wp-content/uploads/2022/11/ANEXO_II_SOLICITUD_C_OPOSICION-Mod..pdf

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://www.noain.es/wp-content/uploads/2022/11/ANEXO_III_AUTOVALORACION_C_OPOSICION.docx

Iragarkiaren kodea: L2215772