231. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Alkatearen 2301/2022 Ebazpena, azaroaren 7koa, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, A eta B mailako lanpostu hutsak, I. eranskinean zerrendatutakoak, merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko)

Alkatearen maiatzaren 23ko 1120/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen 2022rako lan publikoaren eskaintza, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak ezartzen dituena, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Aipatu ebazpena 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 26an.

Osoko Bilkurak 2022ko urriaren 27an hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz egonkortze-prozesuak gauzatzeko).

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Tuteran, 2022ko azaroaren 7an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak, A eta B mailakoak, betetzea, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Izan ere, Tuterako Udala, 2022ko urriaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, partez atxiki zaio foru-lege horri.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten d(ir)en titulua(k) izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Hizkuntzei dagokienez, I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

g) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

h) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

i) I. eranskineko ezaugarrien taulan adierazitako gainerako betekizunak betetzea.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" deritzon atalean, deialdi bakoitzaren aipamenean sartuta.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Ez da tasarik ordaindu beharko azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdian parte hartzeko eskabidea (II. eranskina), behar bezala beteta eta sinatuta.

–Merezimenduak autobaloratzeko inprimakia (III. eranskina), behar bezala beteta.

–Merezimenduen egiaztagirien kopiak, merezimenduak autobaloratzeko inprimakian zer ordenatan agertzen diren, ordena horren arabera zerrendatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–Desgaitasunaren ziurtagiria (halakorik behar izanez gero).

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia izendatuko da behin deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdi bakoitzaren aipamenean.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan, deialdi bakoitzaren aipamenean.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdi bakoitzaren aipamenean.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez jarri behar dira, "aportación de documentación a expedientes en trámite" deritzon atala baliatuta.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi, eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdi bakoitzaren aipamenean.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomo eta mendeko entitateetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomo eta mendeko entitateetan, deialdiaren xedeko lanpostuaren maila bereko beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomo eta mendeko entitateetan, deialdiaren xedeko lanpostuaren maila ez duten beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 0,50 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.4) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2, a.3 eta a.4 apartatuetarako oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

7. Merezimenduak aurreko ataletan ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, musika eskolako edo kontserbatorioko irakasle lanpostuetako izangaiek lortutako puntuazioari zuzenketa faktore bat gehituko zaio musika eskolako edo kontserbatorioko zuzendaritza karguak betetzeko. Faktore horren zenbatekoa honako hau izanen da:

–Deialdia egiten duen erakundearen mendeko musika eskola edo kontserbatorioetan zuzendari, ikasketaburu edo idazkari aritu izanagatik: 0,75 puntu urteko.

–Beste administrazio publiko batzuen mendeko musika eskola edo kontserbatorioetan zuzendari, ikasketaburu edo idazkari aritu izanagatik: 0,25 puntu urteko.

Zuzenketa faktore horren kalkulua aurreko oharretan ezarritakoari egokituko zaio.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1) Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomo eta mendeko entitateetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 14 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, I. eranskinean adierazitako puntuak emanen dira: hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.

Oharrak b2 atalerako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

b.3) Prestakuntza: Prestakuntzagatik, gehienez, 10 puntu emanen dira, honako puntuazio honen arabera:

–Maila bereko edo goragoko titulazio ofiziala izatea, deialdian parte hartzeko eskatzen den titulazioaz bestelakoa: 2 puntu titulu bakoitzeko.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,20 puntu kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).

Oharrak b.3 atalerako:

1. Deialdiko lanpostuarekin lotutako prestakuntza baino ez da baloratuko.

2. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

3. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei emanen zaie kreditu bateko balorazioa.

4. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

5. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

6. Deialdiko lanpostua betetzeko nahitaez eskatzen den titulua ez da inolaz ere merezimendu gisa baloratuko.

7. b.3 apartatuaren barnean ez dira inolaz ere baloratuko hizkuntza tituluak.

c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

d) Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan, deialdi bakoitzaren aipamenean, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, 7.a.1) apartatuan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, 7.b.1) apartatuan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da, eta hor ere berdinketa egonez gero, 7.b.3) apartatuan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hizkuntza ofizial baten eskakizuna duen lanposturen bat eskuratu nahi duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

c) Hala dagokionean, I. eranskinean zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdi bakoitzaren aipamenean.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan, deialdi bakoitzaren aipamenean, eta ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, eta horretarako baliatuta "aportación de documentación a expedientes en trámite" deritzon aukera.

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Funtzionario izendatuko dira, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan, deialdi bakoitzaren aipamenean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

TUTERAKO UDALA

1.–Plazen identifikazioa.

LANPOSTUAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN*

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

0707A11002

Antolaketa eta kalitateko goi mailako teknikari koordinatzailea

A

Funtzionarioa

Osoa

Unibertsitateko gradudun titulua, lizentziadun titulua, ingeniaritzakoa edo arkitekturakoa.

0708A11001

Giza baliabideetako goi mailako teknikaria

A

Funtzionarioa

Osoa

Unibertsitateko gradudun titulua, lizentziadun titulua, ingeniaritzakoa edo arkitekturakoa.

0810A11001

Sustapen, garapen eta berrikuntzako teknikaria

A

Funtzionarioa

Osoa

Unibertsitateko gradudun titulua, lizentziadun titulua, ingeniaritzakoa edo arkitekturakoa.

1208B10301

Laneko arriskuen teknikaria

B

Funtzionarioa

Osoa

Unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa.

Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 37. artikuluak ezartzen dituen goragoko eginkizunetan aritzeko gaikuntza ematen duten ziurtagiriaf edukitzea, hain zuzen, prebentzioko hiru diziplinetan aritzeko: Laneko Segurtasuna, Industriako Higienea eta Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua, aipatu erregelamenduan eta hura garatzeko araudian xedatutakoari jarraikiz.

0610B09701

Turismo jardueretako teknikaria

B

Funtzionarioa

Osoa

Enpresa eta Jarduera Turistikoetako Teknikariaren unibertsitate-titulua, Enpresa eta Jarduera Turistikoetako diplomaduna, Turismoko diplomaduna, Turismoko gradua edo baliokidetzat jotako titulua.

Ingelesa: B1 maila

Frantsesa: B1 maila

Ingelesa eta frantsesa: B2 eta/edo C1 maila

Alemana: baremoaren arabera

0813B11101

Gazteriako teknikaria

B

Funtzionarioa

Osoa

Unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa

Lanpostu bat gehienez

"Lourdes" 0-3 haur-eskolako zuzendaria

B

Funtzionarioa

Osoa

"Lourdes" 0-3 haur-eskola elebiduna

Haur Hezkuntzako maisu-maistraren gradua, maisu-maistraren titulua Haur Hezkuntzako espezialitatean

Ingelesa: B1 maila

Ingelesa: B2 eta/edo C1 maila

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

0814B11201

Berdintasuneko teknikaria

B

Funtzionarioa

Osoa

Unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa

Bi lanpostu gehienez; bata funtzionarioen araubidekoa eta bestea lan-araubidekoa

Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Funtzionarioa

Lan-kontratuduna

Osoa

Pianoko erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala pianoko espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

071B08402 0613B08401

Perkusioko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Osoa

Partziala

Perkusioko erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala perkusioko espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

0713B08306

Irakasle laguntzailea (pianista laguntzailea)

B

Lan-kontratuduna

Osoa

Pianoko erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala pianoko espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

0613B08801

Biolontxeloko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Biolontxeloko erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala biolontxeloko espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

1113B09501

Tubako eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Tubako erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala tubako espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

1013B09001

Oboeko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Tubako erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala tubako espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

1113B09601

Orkestra eta abesbatza zuzendaritzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Musikako goi mailako titulua zuzendaritzako espezialitatean edo horren baliokidea.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

1213B09701

Harmonia eta analisiko irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Goi mailako titulua konposizioko espezialitatean edo horren baliokidea.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

Lanpostu bat gehienez

Gitarrako eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Gitarrako erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala gitarrako espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

Lanpostu bat gehienez

Biolineko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailea

B

Lan-kontratuduna

Partziala

Biolineko erdi mailako titulua (66 plana) edo Musikako titulu profesionala biolineko espezialitatean.

Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa.

–Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 7. eta 10. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko, prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorio direnean), aldez aurretik lekualdatze-lehiaketa aurreikusia duten kasuetan merezimendu-lehiaketa bidez gehienez zenbat lanpostu beteko diren zehazten da. Aldez aurretik lekualdatze-lehiaketa egiteko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez dituzten lanpostuak lanpostuko kodearekin identifikatzen dira.

Tuterako Udalean lan publikoa egonkortzeko eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren esteka:

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/40

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_EMPLEO&DETALLE=3223607728693928806002

III. ERANSKINA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_EMPLEO&DETALLE=3223607728702472106002

Iragarkiaren kodea: L2214902