23. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko helduen hezkuntzako ikastetxeetan, 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekoan, eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetarako onarpen prozesuaren deialdia egiten duena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren xedea da lanbide heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema integral bat antolatzea. Lege horren 8. artikuluak ezartzen du kualifikazioak lanbide heziketako tituluen eta profesionaltasun ziurtagirien bidez egiaztatzen direla. Bi agiri horiek ofizialki egiaztatzen dituzte enpleguan garrantzia duen lan jarduera batean aritzea ahalbidetzen duten lanbide gaitasunak, eta estatu osorako balio dute.

Profesionaltasun ziurtagiriak urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak arautzen ditu, eta 20. artikuluan ezarrita daude profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza jaso ahal izateko baldintzak. Betebehar gisa eskatzen diren titulazioak edo akreditazioak ez dituzten pertsonek aukera izanen dute profesionaltasun ziurtagirien ikastaroak egiteko, baldin eta frogatzen badute matematikako eta gaztelaniako gako-gaitasunak dituztela, eta profesionaltasun ziurtagiri jakin batzuetan, atzerriko hizkuntzan komunikatzekoak, aipatutako errege dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

Bi bide daude egiaztatzeko norbaitek gako-gaitasun horiek dituela: Administrazioak deitzen dituen proba libreak gainditzea edo gako-gaitasunei dagozkien prestakuntza ikastaroak gainditzea.

Apirilaren 28ko 498/2020 Errege Dekretuan eta apirilaren 28ko 499/2020 Errege Dekretuan, hurrenez hurren, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari eta Lanaren eta Ekonomia Sozialaren Ministerioari esleitutako eginkizun berrien ondorioz, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak honako arlo hauen gaineko eskumenen banaketa berri bat ezarri dute: erreferentzia nazionaleko zentroak, enplegurako lanbide prestakuntza egiaztagarria eta lanbide gaitasunaren egiaztapena. Hori guztia gauzatu da Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuan. 2. eta 3. mailako profesionaltasun ziurtagirien ikastaroetan sartzeko betebehar gisa ezarri diren gako-gaitasunak egiaztatzeko ebaluazio prozesuak kudeatzeko eta hedatzeko eginkizunak, gaur egun, Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan daude.

Horregatik guztiagatik, eta eskatutako titulazioa ez izateagatik 2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza probetxuz egiteko behar diren funtsezko gaitasunak behar dituzten pertsonei erraztasunak emateko, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko helduen hezkuntzako ikastetxeetan eginen diren gako-gaitasunen ikastaroetarako onarpen prozesuaren deialdia egitea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetarako onarpen prozesua onesteko, 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekoari dagokiona.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekoan eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetarako onarpen prozesuaren deialdia egitea, ebazpen honen eranskin gisa jasotzen diren oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura, biak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak; Ikasketak Antolatzeko Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera; Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalera; Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora; eta Iruñeko, Tuterako, Tafallako, Lizarrako, Altsasuko, Lodosako, Doneztebeko eta Agoizko enplegu bulegoetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 21ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

2. MAILAKO GAKO-GAITASUNEN IKASTAROETARAKO ONARPEN PROZESUA

2021-2022, bigarren lauhilekoa Oinarri orokorrak

Xedea eta aplikazio eremua

1. Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko kudeaketa eremuko helduen hezkuntzako ikastetxeetan eginen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetarako onarpen prozesuaren deialdia egitea, 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekorako.

Deialdi honetan sartzen diren 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak

2. Deialdia egiten da, 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekoan, gako-gaitasun hauen ikastaroen onarpen prozesuan parte hartzeko:

–Matematikako 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroa.

–Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroa.

2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen helburua eta ondorioak.

3. Ebazpen honen bidez iragartzen diren gako-gaitasunei buruzko ikastaroen helburua da ikastaro horiek egiten dituzten pertsonek 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko beharrezkoak diren 2. mailako gako-gaitasunak eskuratzea eta garatzea, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

4. Matematikako eta gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak gainditzeak aukera emanen du atzerriko hizkuntzako komunikazioko 2. mailako gako-gaitasuna eskatzen ez duten 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko.

Inskribatzeko bete beharreko baldintzak

5. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan inskribatzeko, baldintza hauek bete beharko dira aldi berean:

–18 urte edo gehiago izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea. Behar den nortasun agiriaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko betebehar eta baldintza akademikoetatik bat ere ez izatea: DBHko graduatu-titulua, BBBko 2. maila (gehienez 2 irakasgai gainditu gabe), teknikari laguntzaile titulua (LH I), erdi mailako edo goi mailako zikloetara sartzeko proba, eta 25 urtetik gorakoak edo 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba. Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko aukera ematen duten beste baldintzetatik bat ere ez betetzea: 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria, 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria (lanbide arlo bereko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri baten prestakuntza egin nahi baldin bada). Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

– Dagokion 2. mailako gako-gaitasuna gaindituta ez izatea, “Hizkuntza” edo “Matematika”.

6. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan inskribatzeko baldintzak inskripzioa egiten den unean egiaztatuko dira.

7. Beharrezkoa da gaztelaniaz jakitea (ahoz eta idatziz), ikastaroaren jarraipen eta aprobetxamendu egokia egiteko.

Inskribatzen diren pertsonei hasierako balorazio proba bat eginen zaie, egiaztatzeko ikastaroa probetxuz egiteko behar diren gutxieneko ezagutzak dituzten. Hasierako balorazio proba hori gaindituz gero, dagokion gako-gaitasunen ikastaroan matrikulatzen ahalko da.

Hasierako balorazio proba hori gainditzen ez duten pertsonak helduen hezkuntzako ikastetxean ematen diren oinarrizko prestakuntzako beste ikastaro batzuk egitera bideratuko dira.

8. Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, eskura dituen datuak egiaztatu ondoren, zilegi izanen du ezarritako inskripzio-baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak ez onartzea 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan.

Egutegia

9. 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekoko gako-gaitasunen ikastaroa 2022ko otsailaren 7tik 11ra bitarteko astean hasiko da, eta 2022ko ekainaren 13tik 17ra bitarteko astean bukatuko da.

10. 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhilekoko 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak hasteko egutegia ebazpen honen 2. eranskinean ezarritakoa izanen da.

Probetan inskribatzea

11. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan inskribatzeko (bigarren lauhilekoa), Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” fitxan jakinarazten denari jarraikiko zaio. Fitxa horretara iristeko, Hezkuntza Departamentuaren webgune honetatik abiatu behar da:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/fp-empleo/acceso-fp-empleo/cursos-competencias-clave

12. Inskripzioa aurrez aurre egiten ahalko da ikastetxe hauetako batean, ikastaroa egiteko aukeratzen den lekuaren arabera:

–Altsasuko helduen oinarrizko hezkuntza. Zelai kalea 89. Altsasu.

–Lizarrako helduen oinarrizko hezkuntza. Teobaldo II.a kalea 2. Lizarra.

–José M.ª Iribarren HOHIP. Bartolomé de Carranza kalea 5. Iruña.

–Zangoza BHI (Zangozako helduen oinarrizko hezkuntza). Vianako Printzea etorbidea 14. Zangoza.

–Tafalla IBP (Tafallako helduen oinarrizko hezkuntza). Tuterako etorbidea 30. Tafalla.

–Tuterako HOHIP. San Juan plaza 1. Tutera.

Inskripzioa egiteko ikastetxe horiek goian adierazitako Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” izeneko tramiteen fitxan daude zehaztuta.

13. Inskripzioa telematika bidez ere egiten ahalko da, online, Educa Atariaren bidez, goian adierazitako “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” tramiteen fitxaren estekatik abiatuta. Eskatzaileak bere izenean aurkez dezake eskabidea, eta zilegi da, orobat, beste pertsona edo erakunde batek aurkeztea eskatzailearen izenean.

14. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakarra bete beharko du. Inskripzio-orri hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” tramiteen fitxan agertzen diren ereduen araberakoa izanen da, eta zehaztu beharko da zein gako-gaitasunen ikastarotan inskribatu nahi den.

15. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek eskatzaileari inskripzio-orriaren fotokopia bat emanen diote, noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita.

Ikastaroetan inskribatzeko orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

16. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskripzio-orriari:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena, nortasuna frogatzen duen bidaia agiri batena, bisarena edo atzerritarren identifikazio txartelarena.

Ikasleak onartzeko prozesua

17. Inskripzio zentroetako idazkaritzek berrikusi eginen dituzte jasotako eskaerak. Behar bezala betetako inskripzio-orri guztiak, nortasun agirien kopiarekin batera aurkezten badira, onartuko dira hasierako balorazio proba egiteko. Proba hori gainditzen dutenak dagokion 2. mailako gako-gaitasunen taldean eta ikastaroan matrikulatuko dira.

18. Osorik beteak ez dauden eskaerak proben koordinazio epaimahaiari jakinaraziko zaizkio, behin-behineko zerrendan “onartu gabe” moduan ager daitezen, eta onartu ez izanaren arrazoia ere adieraziko da.

Onartutako pertsonen zerrendak

19. Onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira, 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak egiteko zentroetan.

Erreklamazioak aurkezten ahalko dira, inskripzioa egin den ikastetxean. Erreklamazioak aurkezteko idazkia Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” tramiteen fitxan agertzen den ereduaren araberakoa izanen da.

20. Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako pertsonen behin betiko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira, 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak egiteko zentroetan.

2. mailako gako-gaitasunen ikastaroen egitura eta edukia

21. 2. mailako gako-gaitasunen ikastaroetan, 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko probetan neurtu behar den gaitasunari lotutako alderdiak landuko dira, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan agertzen denaren arabera.

GAITASUNA

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

(arauen erreferentzia)

Komunikazioa gaztelaniaz

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV.2. eranskina, 2. maila

Matematikako gaitasuna

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV.3. eranskina, 2. maila

Ikastaroen kalifikazioa eta balorazioa

22. 2. mailako gako-gaitasun bakoitzaren ikastaroa 1etik 10era bitarte kalifikatuko da, dezimalik gabe.

5 puntu edo gehiago eskuratuz gero, gako-gaitasunaren ikastaroa gainditutzat joko da. Kalifikazioa 5 puntukoa edo hortik gorakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan “GAI” jarriko da; kalifikazioa 5 puntutik beherakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan “EZ GAI” jarriko da.

Ikastaroak egiteko egutegia

23. Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunei buruzko ikastaroak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “2. mailako gako-gaitasunen ikastaroak” tramiteen fitxan adierazten den egutegiaren arabera eginen dira.

Egiaztagiriak

24. Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako gako-gaitasunaren ikastaroa gainditzen duenak gaitasun hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

25. Matematikako 2. mailako gako-gaitasunaren ikastaroa gainditzen duenak gaitasun hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

2. ERANSKINA

2. MAILAKO GAKO-GAITASUNEI BURUZKO IKASTAROAK HASTEKO EGUTEGIA

Bigarren lauhilekoa - 2021-2022 ikasturtea

JARDUKETA

EGUNAK

Hasierako balorazio proba egiteko egunak

–Altsasuko helduen oinarrizko hezkuntza

2002ko otsailaren 4a

–Lizarrako helduen oinarrizko hezkuntza

2002ko otsailaren 4a

–José M.ª Iribarren HOHIP

2022ko otsailaren 2a

–Zangozako helduen oinarrizko hezkuntza

2022ko otsailaren 7a

–Tafallako helduen oinarrizko hezkuntza

2022ko otsailaren 7a

–Tuterako HOHIP

2022ko otsailaren 7a

Ikastaroak hasteko egunak:

–Altsasuko helduen oinarrizko hezkuntza

2022ko otsailaren 8a

–Lizarrako helduen oinarrizko hezkuntza

2022ko otsailaren 10a

–José M.ª Iribarren HOHIP

2022ko otsailaren 10a

–Zangozako helduen oinarrizko hezkuntza

2022ko otsailaren 10a

–Tafallako helduen oinarrizko hezkuntza

2022ko otsailaren 10a

–Tuterako HOHIP

2022ko otsailaren 10a

Iragarkiaren kodea: F2201045