221. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

273/2022 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita maiatzaren 26ko 127/2022 Foru Agindua, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, dirulaguntza-deialdi bat onetsi zuena etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren ("Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea") 3. inbertsio lerroan ("Espainia, lurralde irisgarria" plana).

Eskubide Sozialetako kontseilariak maiatzaren 26an emandako 127/2022 Foru Aginduaren bidez, dirulaguntzen deialdi bat onetsi da etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren ("Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea") 3. inbertsio lerroan ("Espainia, lurralde irisgarria" plana).

Deialdi horren 9. oinarriaren arabera, deialdiaren epea bukatzen den egunerako aurrekontua agortzen ez bada, epea luzatzen ahalko da.

Ikusirik Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalak Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 26ko 127/2022 Foru Aginduaren oinarrietan aurreikusitako epeen aldaketari buruz egin duen txostena, 2023. urtean etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak diruz lagundu ahal izateko.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1.–Aldatzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 26ko 127/2022 Foru Agindua, dirulaguntza-deialdi bat onetsi zuena etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko –inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren ("Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea") 3. inbertsio lerroan ("Espainia, lurralde irisgarria" plana)–. Zehazki, honako oinarri hauetan ezarritako epeak luzatzen dira:

a) 6.2. oinarria, gastu diruz lagungarriei buruzkoa. Honela idatzita gelditzen da:

"Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira foru agindu honen 16. oinarriaren 2. eta 3. ataletan zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik egiazki ordaindutakoak, diruz lagundutako jarduketaren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean hasitako eta egindako jarduketekin bat datozenak."

b) 9.1 oinarria, "Eskabideak aurkezteko epea eta lekua" izenekoa. Honela idatzita gelditzen da:

"Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko martxoaren 31n bukatuko da, edo deialdi honetara bideratutako zenbateko osoa agortzen denean, egun hori baino lehen agortzen bada."

c) 12.1 oinarria, kontzeptu diruz lagungarriei buruzkoa. Honela idatzita gelditzen da:

"2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean jarduketa horiengatik egindako eta amaitutako gastua bakarrik laguntzen ahalko da diruz, baldin eta behar bezala justifikatzen bada; horretarako, gastua eta ordainketa benetan egin direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzaren eskatzaileak, deialdi honen 15. oinarrian eskatzen den bezala."

d) 15.1 oinarria, egindako gastua egiaztatzeko dokumentazioari buruzkoa. Honela idatzita gelditzen da:

"Egindako gastuak fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten agirien bidez frogatuko dira.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz, dirulaguntzaren eskatzaileak egindako gastua justifikatzen duten faktura guztiek honako datu hauek izanen dituzte:

i. Faktura zenbakia.

ii. Faktura egin zeneko eguna.

Fakturak 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitarte igorria izan beharko du".

e) 16.3 oinarria, emandako dirulaguntza ordaintzeari buruzkoa. Honela idatzita gelditzen da:

"Nolanahi ere, diruz lagundutako irisgarritasunaren jarduketak justifikatzeko agiri ekonomikoak aurkezteko epea 2023ko ekainaren 30ean amaituko da."

f) 17.3 oinarria, emandako dirulaguntzen aldaketari buruzkoa. Honela idatzita gelditzen da:

"Dirulaguntzak aldatzeko ebazpena emateko azken eguna 2023ko martxoaren 20a da."

2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

3.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

4.–Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Administrazio Aferetarako Bulegora eta Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2214066