220. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko urriaren 26an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen" izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 12ko 63/2022 Foru Aginduaren bidez behin-behinean onetsi zen "Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen" izeneko proiektua, eta jendaurrean jarri zen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak adierazi du Arakil haranean, Nafarroan, Iruña eta Gasteiz arteko ardatza osatzen duten azpiegitura ugari daudela (autobia, errepideak, trenbideak), eta horiek oztopo garrantzitsua direla faunaren joan-etorrietarako. Hain zuzen, Iruña eta Gasteiz arteko autobiaren iragazkortasuna bermatuko duen gaineko pasabide bat eraikitzea neurri garrantzitsuenetako bat da, lurreko espezieen fluxu egokia lortzearren. Pasabide hori, halaber, berebiziko elementua da Nafarroan azpiegitura berdea delakoa garatzeko. Izan ere, esku hartuko den puntuan egin behar da inbertsioa ahalik eta modurik eraginkorrenean, bertan hurbiltzen baitira gehien landaredi naturala eta zuhaitz estaldura autobidearen bi aldeetara. Atzeman da ornodun ertain eta txikien heriotza-tasa handia dagoela, harrapaketak direla-eta; bestetik, hedatze fasean dauden espezie oso ezagunen hedapena geldiarazten ari da. Hortaz, gomendagarria da obrak lehenbailehen hastea, eta, beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, beharrezkoa da presako deklaratzea ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 161/2022 Ebazpenaren bidez gasturako baimena ematen da, eta hura Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea baimentzen da, "Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen" proiektuko desjabetzeak gauzatzeko behar diren kudeaketak egiteko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen" izeneko proiektuko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 61.678,90 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2022ko gastu-aurrekontuko "Inbertsioak Natura 2000 eremuetan" izeneko 740003-74300-6019-456300 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau jakinaraztea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu-hartzailetza delegatuari.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2214327