215. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

304E/2022 EBAZPENA, urriaren 4koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona Sarasaten eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuari, Itzako udal-mugartean. Ignazio Zozaya Lizasoain da sustatzailea.

2021eko urtarrilaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren xedea da eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Sarasate herrian, Menditxiki alderdiko 14. poligonoko 16. lurzatian, haren bidez energiaz hornitzeko auto elektrikoak bizkor kargatzeko 8-10 toki; kargatoki horiek lurzatiaren hegoaldean dagoen zerbitzugunean instalatu asmo dira, N-240-A errepidearen eskuinaldeko 15. KPan.

Lurzatia herriaren erdigunetik 450 metrora dago, hego-ekialdera; lehorreko laborantzarako erabiltzen da eta Plazaola trenbide zaharraren bide berdea du mugakide hegoaldean, bide berdea lurzatiaren eta zerbitzugunearen arteko eremutik igarotzen baita.

Hasiera batean, proiektuaren eguzki-instalazio fotovoltaikoak 2,09 ha zituen, eta 1 MWp-eko gehieneko potentzia; 400 Wp-eko 2.500 moduluk osatuko zuten, zeinak lurzoruari tinkatutako altzairu galvanizatuzko edo aluminiozko egitura finkoetan instalatuko baitziren. Ez da aurreikusi lur-mugimendurik.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren zenbait errekerimenduren ostean, hasierako proiektua aldatu da, eta eguzki-instalazioak lurzatiaren hegoaldeko eremua baino ez du okupatuko, bide berdearekiko paralelo doana, eta horrela ez ditu hartuko malda handieneko eremuak. Horrez gain, azkenik instalatuko diren moduluak 540 Wp-ekoak izanen direnez, 2.825 m² gutxiago okupatuko dira, eta proiektuan ezarri da modulu horietako batzuk gasolindegiko pergolaren estalkian jarriko direla.

Halaber, landa-itxitura proposatzen da, metro bat garai: zurezko zutoinak, batetik bestera 2 m-ko tartea utzita eta elkarri burdin hariaz loturik. Plazaola bide berdearekiko mugan zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatuko dira (espezie hauek proposatu dira: pinu beltza, makala, haritza, ametz ilaunduna eta Alepo pinua).

8 inbertsore aurreikusi dira eremu fotovoltaikoari zein eguzki-instalazioan aurreikusitako transformazio zentroari konektatuta. Transformazio zentroaren konexioa egiteko, 75 bat metroko lur azpiko linea bat erabiliko da, eta lur azpiko euskarri berri batera konektatuko da, lurzatian bertan, sarerako deribazioa ahalbidetzeko; euskarri berri horrek gaur egun Irurtzun-Iruña 13,2 kV-eko linearen 27. euskarria ordeztuko du. Era berean, transformazio zentroa eta gasolindegiko kargatokiak konektatzeko, bide berdea gurutzatuko duen lurpeko kanalizazioa eginen da. Bizikleta elektrikoak kargatzeko toki bat ere instalatuko da, bide berdearen erabiltzaileentzat.

Espedientean Itzako Udalak eman duen aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Sarasaten eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuari, Itzako udal-mugartean. Sustatzailea Ignacio Zozaya Lizasoain da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen honek honako jarduketa hau babesten du: ibilgailu elektrikoak kargatzeko 5 toki eta autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea, 14. poligonoko 17. lurzatian dagoen gasolindegiaren zerbitzura; instalazioaren gailur-potentzia 1000 kWp-ekoa izanen da, eta 540 Wp-eko modulu fotovoltaikoak izanen ditu, transformazio zentro bat eta lur azpiko linea, 13,2 kV-ekoa, ebakitze zentroraino eta ebakitze zentrotik Irurtzungo 13,2 kV-eko TBAren (3. zirkuitua, Iruña) 27. euskarri berriraino. Hori guztia 2022ko maiatzaren 2ko eta 2022ko uztailaren 27ko dokumentazio teknikoaren arabera, zeina espedientea tramitatu bitartean egindako errekerimenduei erantzuna emateko aurkeztu baita.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 113.2 artikuluarekin bat etorriz, jarduketa honek bete behar du ukitutako lurren balio gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendu-lagapena, behin baimena eman ondoren eta edozein jarduketari ekin baino lehen. Udalak ebatziko du baimen honetatik eratorritako aprobetxamendua zenbatzeko modua, lurren balioa handitu den ala ez kontuan hartuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Bat etorriz Plazaola trenbide zaharraren bide berdea babesteko araubidearekin, zeina Itzako Udal Planean ezarrita baitago, Plazaola trenbide zaharraren bide berdea babestu beharreko lurzoru urbanizaezina da, jarduera berezietarako erabiltzen dena, horregatik:

  • Instalazioa bidearen kanpo ertzetik 15 metrora gutxienez jarriko da, salbu eta bide berdearen bizikletak kargatzeko puntuari eta lurzatiaren itxiturari dagokienez, horietarako gutxieneko distantzia 3 m izanen baita.
  • Sustatzaileak behar diren zortasunak/baimenak eskuratu beharko ditu, haien bidez bermatu beharko baitu 14. poligonoko 17. lurzatian kokatutako gasolindegiaren zelaigunetik sar daitekeela instalaziora, katastroaren arabera Nafarroako Foru Komunitatearen jabetzako lurzati batean dagoen bidea erabiliz; izan ere, horrela lortuko da instalaziora joan behar duten ibilgailu motordunak, ahal den neurrian, ez daitezela bide berdetik igaro.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Baimendutako jarduera fotovoltaikoa edo jarduera horri lotutako jarduera nagusia (ibilgailu elektrikoak kargatzea) eteten bada, titularraren betebeharra izanen da baimendutako instalazioak ukitu dituen lur-eremuak jatorrizko egoerara leheneratzea, gehienez ere bost urteko epean, eraikitakoa eraitsiz edo kenduz. Ildo horretan, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluan xedatutakoarekin, baimena eman aurretik, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen bat egin dezala, eta hartan konpromisoa hartu beharko du lurzorua jatorrizko egoerara leheneratzeko gehienez ere bost urteko epean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko jarduera bertan behera uzten bada –instalazioa jarduera horri lotuta baitago– edo jarduera fotovoltaikoa bera bertan behera uzten bada.

Ingurumen arlokoak:

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik.

–Ez da bertako topografian aldaketarik eginen: saihestu eginen da ezponda berriak sortzea eta indusketen ondorioz lurra sobran egotea.

–Ahal den guztietan, hormigoia erabiltzea saihestuko da. Proiektuan adierazten den bezala, plakei eusteko egiturak zuzenean lurrean tinkatuko dira.

–Obrak hastean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da. Obrak amaitutakoan, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira (zangak, plakek eta besteko instalazioek okupatutako eremuak eta abar); horretarako landare-lurra barreiatuko da, eta eskuz berdindu, inguruko lurrarekin egoki doitu arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lurrazalak belar estalkia izan behar du, zoruaren higadura saihestu eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko. Horretarako, obrak bukatu eta berehala ereinen dira lur soilduak edo zanga eta bestelako jarduketek ukitutako lurrak. Ereintza horretan, espezie autoktonoak erabiliko dira, eremu horretako landarediak berez dituenak, eta bertako baldintza klimatiko eta edafikoekin bat datozenak.

–Plakak instalatuko diren eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Berariaz debekaturik dago herbizidak eta bestelako produktu kimikoak erabiltzea, pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak, kasurako.

–Panelen garbiketa- eta mantentze-lanetarako, ez da erabiliko lurzorua eta lur azpiko urak kutsa ditzakeen inolako produktu kimikorik.

–Hesi perimetralak ez du elementu zorrotzik izanen, eta ez da lurzoruari ainguratuta edo eutsita egonen beheko aldetik, salbu zutoinetan. Animalia txikiei pasatzen utzi beharko die, eta, horretarako, lurzorutik 15-20 cm-ra goratuta egon beharko du.

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, gutxienez 1 metroko distantzia gorde beharko da lur azpiko lineara doan 27. euskarri berrian, euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean; orobat, eroaleen artean 1,5 m egonen dira. Metro bateko distantzia hori lortzeko egiturazko neurriak hartu beharko dira, hots, isolatzaileen katea 1 m-ekoa izanen da gutxienez, eta ziurtatu beharko da hegaztiak ezin direla bertan pausatu. Babes edo maniobra elementuak alderantzikaturik jarriko dira, nahikoa tartea utzita euskarriaren bururaino; tentsio-elementuen arteko lotura-zubiak isolatu eginen dira, bai eta ebakitzaileak, autobalbulak eta konexioko botilak ere. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Ezarriko den landarediari dagokionez, Nafarroako eta Arabako harizti ilaundunen serieko espezie autoktonoak erabiliko dira, barne direla ametz ilaunduna (Quercus pubescens) eta bestelako espezie lagunak, hala nola astigarrak (Acer campestre, A. monspessulanum), lizarrak (Fraxinus excelsior), elorri zuriak (Crataegus monogyna) eta inguruan berez hazten diren bestelako espezieak. Ahal dela, ez da ez pinurik ez makalik erabiliko. Eguzki-instalazioaren balio-bizitza osoan zehar bermatu beharko da landareen bideragarritasuna.

• Sustatzaileak zerbaiten berri (obren hasiera, eta abar) eman behar badie basozainei –Ingurumena Zaintzeko Taldeari–, mezu elektronikoa bidaliko dio Iruñeko barrutiari (gmapamplona@navarra.es).

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Itzako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (Iruñeko Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko urriaren 4an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2213385