215. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

695/2022 EBAZPENA, urriaren 14koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zenbait eskudantzia Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36.3 artikuluak ezartzen du ezen zerbitzuetako zuzendariak, artikulu horretan espresuki ezarritako eginkizunez gain, banatu edo eskuordetzen zaizkien eginkizunak ere bete beharko dituztela, beren eskumenekoak diren arloetan.

Kontuan harturik metatutako esperientzia, bai eta indarrean dagoen araudiak Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dizkion eskumen berriak ere, beharrezko eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko asmoz, egokitzat jotzen da beste ebazpen bat ematea Etxebizitzako zuzendari nagusiaren eskumeneko gaiei dagozkien eskumenak Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzeko.

Eskuordetze hau dagokion arloan indarra duen legerian ezarritakoaren arabera egin behar da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Etxebizitzako zuzendari nagusiari arlo hauetan dagozkion eskudantzien erabilera:

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuak sinatzeko baimenak ebaztea.

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuei buruzko bisatuen gainean ebaztea, bai eta etxebizitza erabiliak erosteko dirulaguntzei buruzkoak ere, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak.

–Konturako zenbatekoak jasotzeko baimenak.

–Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoaz baliatzen direnei etxebizitza babestu egokiak esleitzearen gainean ebaztea.

–Lehentasunez erosteko eskubidea baliatzea edo hari uko egitea etxebizitza babestuaren kostu bidezko eskualdatze guztietan, bai eta gainerako etxebizitzen eskualdatzeetan ere, eskubide hori Nafarroako Gobernuari baldin badagokio.

–Baimena ematea etxebizitza babestuak partikularren artean edozein tituluren bidez eskualdatzeko.

–Etxebizitza babestuak desokupatzeko baimen administratiboa ematea.

–Birgaitze jarduketa babestuen behin betiko kalifikazioa.

–Aldaketak egiteko baimena ematea etxebizitzetako birgaitze jarduketa babestuen espedienteetan eta etxebizitza babestuen espedienteetan.

–Bizigarritasun zedulak ebaztea.

–Estatuak Nafarroari abuztuaren 1eko 1484/1985 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako ondasun, eskubide eta betebeharren ondoriozko gorabeherak ebaztea; errege dekretu horren bidez, Estatuko Administrazioaren zerbitzuak eskualdatu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari ondare arkitektonikoaren eta eraikuntzaren eta etxebizitzaren kalitatearen kontrolaren arloan.

–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasotako informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzearen gainean ebaztea.

–Etxebizitza babestuen sustapenetan eraikuntzaren aldetik dauden akatsei buruzko espedienteak ebaztea.

–Hirigintzako txostenak ebaztea.

–Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautu zituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaz baliatzeko baimenak ematea.

–Etxebizitza alokatzeagatiko kenkari fiskalak aurretiaz ordaintzeko eskaerei buruz ebaztea.

2. Etxebizitzako zuzendari nagusiak edozein unetan hartzen ahalko du bere gain eskuordetze honen xedeko edozein espediente, haren berri izateko edo ebazteko.

3. Eskuordetze hau erabiliz ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da berariaz. Ebazpen horiek Etxebizitzako zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

4. Indarrik gabe uztea Etxebizitzako zuzendari nagusiak irailaren 5ean emandako 1/2019 Ebazpena, zenbait eskudantzia Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena.

5. Ebazpen hau Etxebizitza Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko urriaren 14an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2213646