212. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

52/2022 FORU AGINDUA, urriaren 10ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, etxebizitza arloko VIII. kontrol eta ikuskapen plana onesten duena, 2023rako eta 2024rako.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak Nafarroari aitortzen dio eskumen esklusiboa etxebizitzaren arloan, baita lurraldearen antolamenduaren arloan eta hirigintzarenean ere. Eskumen hori zehazten da Nafarroako Gobernuari gai horietan dagozkion botere eta eginkizun publikoen gaineko lege multzoan. Eginkizun horietako bat ikuskatzea da, aipatu lege organikoaren 40.1.c) artikuluan xedatu bezala.

Nafarroako Etxebizitzaren Babes Publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea onesteak bultzada handia ekarri zion ikuskatze lanari etxebizitza arloan. Arauak bazuen titulu bat, osoa, etxebizitza arloko iruzurra kontrolatu eta aurreikusteari buruzkoa, eta hura garatuz onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen plana, 2009an eta 2010ean indarra izan zuena.

Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeak ere, bere aurrekoaren ildoari jarraituz, titulu oso bat du etxebizitza arloko iruzurraren kontrolari eta aurreikuspenari buruz. Arau honetan nabarmendu behar da lehen aldiz arautzen dela etxebizitza arloko ikuskatze lana, baita horren eginkizunak eta hura baliatzearen ondoriozko akten edukia ere eta, 60. artikuluan, Foruzaingoaren laguntza aurreikusten du.

10/2010 Foru Legearen 57. artikuluak etxebizitza arloan kontrol eta ikuskapeneko bi urteko planak prestatzen jarraitu beharrari ekiten dio; izan ere, ikuskatze lanari aplikatutako plangintzaren teknikak hark eskatzen duen objektibotasuna ziurtatzen du, eta indar handiagoa ematen die arauei berezkoak dituen ahalak erabiltzeko orduan.

Plangintzarako onetsi eta abiatutako tresnak hauek izan dira: I. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2009. eta 2010. urteetan, eta Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsia (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa); II. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2011. eta 2012. urteetan, eta Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urtarrilaren 18ko 7/2011 Foru Aginduaren bidez onetsia (2011ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 17koa); III. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2013. eta 2014. urteetan, eta Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 24ko 115/2012 Foru Aginduaren bidez onetsia (2013ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 22koa): IV. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2015. eta 2016. urteetan, eta Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 29ko 97/2014 Foru Aginduaren bidez onetsia (2015eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 5ekoa); V. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2017. eta 2018. urteetan, eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 33/2017 Foru Aginduaren bidez onetsia (2017ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 23koa); VI. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2019. eta 2020. urteetan, Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 19ko 60/2019 Foru Aginduaren bidez onetsia (2019ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 9koa), eta VII. kontrol eta ikuskapen plana, indarrean egon dena 2021. eta 2022. urteetan, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren azaroaren 4ko 33/2020 Foru Aginduaren bidez onetsia (2020ko 280. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 1ekoa).

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, etxebizitza arloko Nafarroako legeria betetzen den ikuskatzeari eta kontrolatzeari dagozkion eginkizunak Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Alde horretatik, zerbitzu horrek ikuskapen kanpainak programatu eta planifikatu behar ditu.

VII. kontrol eta ikuskapen planaren indarraldia amaiturik, 10/2010 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren irailaren 30eko 50/2022 Foru Aginduaren bidez sortu da etxebizitza arloko VIII. kontrol eta ikuskapen planaz 2023an eta 2024an arduratuko den departamentuko taldea.

Plan berri honek azken 14 urtean metatutako esperientzia aprobetxatzen du, urte horietako planen egitura eta planteamendu orokorra jasota, egungo egoeran baliodunak eta bateragarriak direnez, eta lortutako emaitzak erabiltzen ditu lan ildoei jarraipena emateko.

Hori horrela, honako hauek dira etxebizitza arloko VIII. kontrol eta ikuskapen planaren ardatz estrategikoak:

I. ardatza.–Etxebizitza libreak, babestuak, eta birgaitze babestukoak sustatu eta eraikitzea.

Arlo honetako helburua argia da: ziurtatzea eraikinek eta etxebizitzek bizigarritasun eta irisgarritasun baldintzei buruzko Nafarroako araudia eta eraikingintzari buruzko Estatuko oinarrizko araudia (Eraikingintzaren Kode Teknikoa) betetzen dituztela. Etxebizitza babestuen kasuan, etxebizitza libreetarako ezarritako helburuei gehitu behar zaie beste kontrol bat, asmo duena sustapena gauzatzea galaraz dezakeen edozein oztopo kentzea. Horregatik, honako hauei buruzko dokumentazio administratiboa gainbegiratzen da: sustatzailea, orubearen egoera, hirigintza araudia betetzea eta etxebizitza babestuaren baldintza berariazkoak.

II. ardatza.–Etxebizitza babestuko esleipenak, bai jabetzaren araubidekoak, bai alokairukoak.

Helburua da etxebizitza babestuaren esleipen-hartzaileak hura eskuratzeko baldintza orokorrak betetzen dituela segurtatzea, behar adinako kontrol administratibo egokien bidez.

Orobat, atal honetan etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan alta hartutako inskripzioen kontrola planifikatu gogo da; izan ere, erregistro horretako datuen arazketak etxebizitza babestuen esleipena arintzen du.

III. ardatza.–Etxebizitza babestuen transmisio eta lagapenak, kostu bidezkoak zein doanekoak.

Legezko baldintzak betetzen dituztenek etxebizitza babestua erabiltzea izanik helburu nagusia, kontrola ezin da lehen esleipenetara bakarrik murriztu, eta bigarren transmisio eta lagapenetan ere kontrolatu behar da; horregatik ezarri da hirugarren ardatz estrategiko hau, non jarduketa horiek direla bide, administrazioak egiaztatzen baitu ez bakarrik hartzaileak baldintzak betetzen dituela, baita jabaria eskuz aldatzeko negozio juridikoaren prezioa eta gainerako ezaugarriak legezkoak direla ere.

IV. ardatza–Etxebizitza babestuen erabilera eta destinoa.

Helburua da etxebizitza babestuak haien jabe edo errentarien ohiko bizileku iraunkorrak direla zaintzea; beraz, ikuskapen eta zaintzako jarduketa da, bete-betean.

V. ardatza.–Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

Xedea da legean zehaztutako pertsonak izatea laguntzen benetako onuradun. Horrenbestez, egiaztatu nahi da onuradunek benetan betetzen dituztela, bi kasuetan, kenkariaren aurretiko ordainketa onartzeko eta jasotzeko eskubidea ematen duten eskakizunak.

VI. ardatza.–Etxebizitza hutsak.

Xedea da etxebizitza hutsak merkatuan sartzea sustatzea, etxebizitza gehiago egon dadin arrazoizko prezioan alokatzeko moduan; horretarako, zenbat etxebizitza huts dauden aztertuko da.

Ardatz estrategiko bakoitzaren barrenean, jarduketa lerroak deskribatu dira bilatzen diren helburuekin lerrokatuta, eta ondoren zehaztu dira, alde batetik, jarduketa administratiboaren aldez aurreko kontrolerako neurriak, batez ere egiaztapenean oinarritutako prebentzio lana egitea helburu, eta, bestetik, ondoko kontrol, zainketa eta ikuskapen neurriak; horretarako, Nafarroako Gobernuko beste departamentuen laguntza eta koordinazioa behar da.

Egungo ardatzetan dauden eta aurreko planetan ezarri ziren jarduketa lerroekin jarraituko da.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Etxebizitza arloko VIII. kontrol eta ikuskapen plana onestea 2023rako eta 2024rako; foru agindu honen eranskinean dago jasorik.

2. Behar diren ondorioetarako, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webguneko (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Vivienda/Ciudadanos/Actualidad/) "Aktualitatea" atalean ere.

Iruñean, 2022ko urriaren 10ean.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

ETXEBIZITZA ARLOKO VIII. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA 2023. ETA 2024. URTEETARAKO

0.–Jarduketa ardatzak

I. ardatza.–Etxebizitza libreak, babestuak, eta birgaitze babestukoak sustatu eta eraikitzea.

II. ardatza.–Etxebizitza babestuaren esleipena.

III. ardatza.–Etxebizitza babestuaren transmisioa eta lagapena.

IV. ardatza.–Etxebizitza babestuaren destinoa eta erabilera.

V. ardatza.–Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

VI. ardatza.–Etxebizitza hutsak.

I. ardatza.–Etxebizitza libreak, babestuak, eta birgaitze babestukoak sustatu eta eraikitzea.

1. Helburuak:

–Eraikuntzako eta birgaitze babestuko obren kalitate teknikoa hobetzea.

–Eraikingintzari buruzko oinarrizko araudia betetzen dela ziurtatzea.

–Eraikinen erabiltzaileei haien gastu energetikoaren ezagutza bermatzea, energia-efizientziari buruzko sentsibilizazio soziala sortzen lagunduz.

–Etxebizitza babestuen jabeen erreklamazioetan esku hartzea, ezkutuko akatsak salatzen direnean haien behin betiko kalifikaziotik 3 urtean.

–Errentamendua egiaztatzea, baldin eta xede horrekin eman badira etxebizitzak birgaitu edo egiteko dirulaguntzak.

–Kontrolatzea Eraikinen Ebaluazio Txostena benetan eman den eta emaitza izan den gai edo gai gabezia arinekin, txosten hori eskatzeko modukoa denean eta eraikina familia unitate, pertsona fisiko edo pertsona juridiko bakar baten jabetzakoa denean, bizigarritasun zedula ematea edo berritzea eskatu den unean.

–Iraungitako bizigarritasun zedula berritzea egiaz eskatu dela egiaztatzea, pertsona juridiko batek etxebizitzaren jabari osoa, partaidetzaren gehiengoa edo erabilera nahiz gozamenerako eskubide erreal bat duenean.

2. Jarduketa lerroak:

A.–Proiektuan:

a) Etxebizitza librea: obra hasi aurretik egiaztatuko da proiektuak aplikatzekoa den araudia betetzen duela (bizigarritasun baldintzak, irisgarritasuna, Eraikingintzaren Kode Teknikoa...).

Orobat, dokumentu bidez egiaztatuko dira:

–Proiektuak zer dokumentu dituen: memoria, planoak, baldintza-agiria eta aurrekontua.

–Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana izatea (1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa).

–Eraikinaren ziurtagiri energetikoa (apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua eta maiatzaren 30eko 199/2013 Foru Agindua, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa aldatzen duena).

–Oinarrizko proiektua aurkezten bada, agiri horretan egiaztagarria den horretara mugatuko da ikuskapena. Kasu hauetan, exekuzio proiektua berriz ikuskatzen da udalak igortzen duenean.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b) Etxebizitza babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei dagokienez (etxebizitza libreek bezala) bai etxebizitza babestuak sustatzeko baldintza juridiko administratibo berariazkoei dagokienez (irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan jasota daude).

Egiaztatu beharreko dokumentazioari dagokionez, kontuan hartuko da Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa), dagokion atalean, aurreikusitakoa.

Kontrol maila: espedienteen %100.

c) Birgaitze babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei bai baldintza juridiko-administratiboei dagokienez. Halaber, egiaztatuko dira birgaitzearen sustatzaileei eskatzen ahal zaizkien baldintzak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

B.–Obra bukaera:

a) Etxebizitza librea: ziurtatuko da obrak txostenaren xedeko proiektuaren arabera gauzatu direla. Horretarako, egiaztatuko da obra bukaerako nahitaezko ziurtagiria badela eta etxebizitzek dagozkien udal lizentziak dituztela, eta eraikinaren liburuaren parte diren eraikinaren datu orokorrei buruzko orrien kopia sinatuak eskatuko dira.

Hasierako txostenaren xedeko proiektuan aldaketarik izan bada, proiektuaren fasean adierazitako araudia betetzen dela egiaztatuko da.

In situ ikuskatuko dira Nafarroako Lurralde Antolamenduko 3. Planaren 10.4 azpieremuko udalerrietan diren 10 etxebizitzatik gorako eraikin bukatu guztiak, eta, ausaz, lurralde eremu horretatik kanpo diren horrelako eraikinak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b) Etxebizitza babestua: etxebizitza libreetan bezala, egiaztatuko da obra gauzatu dela proiektuaren arabera eta behin-behinekoz kalifikatutako determinazioen arabera. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa) eta aplikatzekoa den araudian xehakatutako dokumentazioa egiaztatuko da.

Azkenik, eraikinaren liburuaren entrega kontrolatuko da, eraikinaren liburua arautzen duen urriaren 2ko 322/2000 Foru Dekretuan ezarritako betebeharraren arabera. Obligazio hori betetzen dela kontrolatzeko, planaren indarraldian behin betiko kalifikazioaren eskaera aurkezten duten etxebizitza babestuaren sustatzaile guztiei eskatuko zaie eraikinaren liburuaren harrera-akta aurkez dezatela 3 hilabeteko epean, gehienez ere.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Etxebizitza babestuak esleipen-hartzaileei eman ondoren, behar bezala eraiki direla kontrolatuko da, horrelako etxebizitzen jabeek ezkutuko akatsei buruz lehen 3 urtean aurkezten dituzten salaketa eta erreklamazioei jarraipen egokia eginez.

c) Birgaitze babestua: egiaztatuko da obrak proiektu baimenduaren arabera gauzatu direla, eta exekuzio gastuak behar adina justifikatzen direla dirulaguntza hartu ahal izateko. Ondorio horietarako, gainbegiratuko dira jatorrizko behin-behineko kalifikazioa, obra bukaerako ziurtagiria, proiekturik izan ote den, jarduketari dagozkion fakturak eta dirulaguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Normalean, dagokion EEBB bulegoak egiten du ikuskapena.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Birgaitutako etxebizitza gutxienez ere 5 urtez errentan emateko konpromisoa hartzeagatik dirulaguntza lortzen duten sustatzaileen birgaitze babestuaren espedienteetan, eskatuko zaie, dirulaguntza ordaindu behar den unean errentamendu kontratua aurkezteaz gain, etxebizitzak, espedientearen behin betiko kalifikaziotik urtebete gutxienez ere iraganik, alokairuan segitzen duela froga dezatela.

Egiaztatuko da horretarako dirulaguntza publikoak jaso dituzten sustatzaile publikoek eta toki entitateek benetan errentamendurako erabili dituztela birgaitutako etxebizitzak edo lokalen erabilera izatetik etxebizitza erabilera izatera iragan diren etxebizitzak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

–Aldez aurreko txostena eta bizigarritasun zedula, etxebizitza libreen kasuan.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 34. artikulua. Bizigarritasunaren gutxieneko baldintzei buruzko martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 9.etik 13.era bitarteko artikuluak eta I. eta II. eranskinak.

–Behin-behineko kalifikazioa eta behin betiko kalifikazioa, jarduketa babestuentzat.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 35. artikulua eta, 2011ko abenduaren 31 arte, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 2. artikulua. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 20. artikulutik 26.era (etxebizitza babestuaren kalifikazioa) eta 44. artikulutik 60.era.

4. Unitate arduraduna:

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala.

II. ardatza.–Etxebizitza babestuaren esleipena

1. Helburuak:

–Etxebizitza babestu guztiak legez ezarritako prozeduraren arabera esleitzen direla bermatzea eta, kasu bakoitzean, legezko baremoa zorrotz aplikatuta.

–Etxebizitzaren esleipen-hartzaile, erosle eta errentari izan daitezkeenek etxebizitza babestua eskuratzeko eta dirulaguntzak jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituztela bermatzea.

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuak behar bezala funtziona dezala zaintzea.

–Errentamendu araubidean egiten diren etxebizitza babestuen esleipenen kudeaketa kontrolatzea.

–Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua kontrolatzea.

–Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan.

–Egiaztatzea ea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen diren erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.

–Egiaztatzea esleipen-hartzaileek zenbat etxebizitza babesturi egin dioten uko, zentsutik baztertzeko prozedurari hasiera emateko, Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera.

2. Jarduketa lerroak:

2.1. Kontrol jarduketak eginen dira honako dokumentazio hau aurkeztean, administrazioak ikus-onespena eman diezaion: etxebizitza babestuaren lehen transmisioko salerosketaren kontratua edo esleipenarena edo, behin betiko errentamendurako kalifikatuta den etxebizitza babestu baten alokairu kontratua (erosteko aukera izanik edo izan gabe). Sustatzaileek kontratuak sinatzeko baimena eskatzen duten unean ere eginen da kontrol hori.

Horretarako, egiaztatuko da etxebizitzen esleipen-hartzaileek etxebizitza babesturako baldintzak betetzen dituztela, baremoa zuzen aplikatu dela eta esleipena legez ezarritakoaren arabera egin dela.

Kontrol jarduketa gisa, honako hauek eginen dira:

–Datuak erkatzea Nafarroako Zerga Ogasunarekin, zenbait baldintza egiaztatzearren, hala nola: ahalmen ekonomikoa; aurrezki kontuan, gordailuan edo antzeko finantza produktuan azaltzen den antzinatasuna; edo erakunde horretan egindako errenta aitorpenen kopurua.

–Behar den informazioa eskatzea Nafarroako Gobernuko beste departamentuei, genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima dela edo desgaitasuna duela egiaztatzeko.

–Lur-ondasunen Zerbitzuko datu baseetan sartzea, egiaztatzeko esleipen-hartzailea ez dela beste inolako etxebizitzaren jabe.

Kontrol maila: administrazioak ikus-onesteko aurkezten diren kontratuen %100.

2.2. –Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuen esleipenen kontrol zorrotza, batez ere lehendik beste errentari batzuek okupatu dituzten etxebizitza babestuen errentari berriei egindako esleipenak kudeatzeari dagokionez. Horretarako, bertaratuta egiaztatuko da errentariek zer egunetan utzi dituzten benetan etxebizitza babestuak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

2.3. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua. Baliabide publikoen kudeaketa eraginkor baterako eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobea izan dadin, beharrezkoa da programa honen onurak ezagutzea, baita sinatzen diren errentamendu kontratuen eduki zehatza ere. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtseko etxebizitzen entitate administratzaileari edo, kasua bada, gizarte entitate laguntzaileari, eskatuko zaio sinatzen dituzten errentamendu kontratu guztiak aurkezteko, baita desegiten dituzten kontratuak ere.

2.4. Kontrol bat ezartzea honako hauen gainean: etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuko inskripzio-datuen eguneratzea, zentsuan izena emanik daudenek baldintzak betetzen ote dituzten, eta inskripzioa indarrean izateko betebeharra. Horretarako, honako hau egin beharko da:

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien diru-sarrerei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, datuak Nafarroako Zerga Ogasunarekin erkatuta.

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien familiaren diru-sarrera ponderatuei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, eta dagokien errenta-tartean sailkatzea.

–Iragarki-taulan aldez aurretik abisatuta, zentsuan baja ematea 2 urteko epean inskripzioa aldatu edo eguneratu ez dutenei.

Kontrol maila: inskripzioen %100.

2.5. Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errentamendu araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan, esleiturik dituen informazio betebeharrei dagokienez, batez ere.

Kontrol maila: espedienteen %100.

2.6. Egiaztatzea legez eta erregelamenduz ezarritako betebehar guztiak betetzen direla erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.

Kontrol maila: espedienteen %100.

3. Prozeduraren araubide juridikoa:

–Etxebizitza babestuaren 1. transmisioko salerosketa kontratuaren eta alokairukoaren ikus-onespen administratiboa.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua; batez ere, 32. eta 45. artikuluak. Orobat, aplikatuko da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.

–Errentamendu araubideko etxebizitza babestuen errentamenduaren kudeaketa, eta dagozkien dirulaguntzen onarpena.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikagarria da etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa.

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikatuko da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.

–Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa.

Arauketa: etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorra eta Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duen abenduaren 16ko 89/2014 Foru Agindua.

4. Unitate arduraduna:

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

III. ardatza.–Etxebizitza babestuaren transmisioa eta lagapena

1. Helburuak:

–Bermatzea etxebizitza babestuaren hartzailea haietako bat eskuratzeko legez ezarrita dauden baldintzak betetzen dituen norbait izan dadila.

–Babes publikoko edozein araubideri loturiko etxebizitzaren erosleak ordaindu beharrekoa ez beste kopuru bat edo edozein gainprezio edo primarik hartzeko debekua kontrolatzea.

–Bermatzea, kasua bada, etxebizitza babestua erosteagatik lortutako laguntzak itzultzen direla, baldin eskualdatzaileak edo errentatzaileak haiek jaso eta 5 urte baino gutxiago igaro badira etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikaziotik.

–Egiaztatzea ez direla batera transmititzen etxebizitza eta etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazio zedulan eranskin gisa sartu gabe dagoen lokala.

–Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea, Nafarroako Gobernuak onartua duena, erabili ahal izatea.

2. Jarduketa lerroak:

Transmisioaren edo alokairuaren berri ematen den unean:

a) Transmisioa kostu bidezkoa denean, honako hauek egiaztatuko dira:

–Etxebizitzak prezio mugarik duen saltzeko eta errentan emateko, eta transmisioaren prezioa bat datorren legez ezarritakoarekin.

–Emandako laguntzak itzuli diren, halakorik egin behar izanez gero.

–Etxebizitzaren kokalekua eta eskualdean etxebizitza babesturako eskaerarik den.

–Etxebizitzaren egoera eta ezaugarriak, eta gizarte programetara bidera daitekeen.

–Eskuratzaileak etxebizitza babestuaren hartzaile izateko baldintzak betetzen dituen (diru-sarrerak eta beste etxebizitza baten titulartasuna).

–Lotura familiarrik den eskualdatzailearen eta eskuratzailearen artean.

b) Transmisioa dohainik bada, honako hauek egiaztatuko dira:

–Lagapen-hartzaileak etxebizitza babestu baten hartzaile izateko baldintzak betetzen dituela.

–5 urte iragan direla etxebizitzaren behin betiko kalifikaziotik.

c) Etxebizitza babestuaren salerosketari buruzko eskritura publikoa aurkezten den unean, honako hauek egiaztatuko dira:

–Transmisioaren berri aldez aurretik eman dela.

–Komunikazio horretarako ezarritako baldintza guztiak bete direla.

–Jabetzaren edo eskubide errealaren transmisioa ez dela gertatu aldez aurreko komunikazioaren ondorioak iraungi ondoren, edo ez dela izan adierazitakoez bestelako baldintzetan.

Aurreko baldintza horietako bat bete ez dela frogatuz gero, etxebizitza atzera eskuratzeko eskubidea baliatzen ahalko da.

d) Jabetza araubidean kalifikatuta den etxebizitza babestu baten errentamendu kontratua aurkezten denean, honako hauek egiaztatuko dira:

–Errentarako hitzartutako prezioa ez dela urtero finkatutako gehienekoa baino handiagoa.

–Maizterrak legez ezarritako baldintzak betetzen dituela.

–Emandako laguntzak itzuli diren, halakorik egin behar izanez gero.

–Aurkezten den errentamendu kontratuak nahitaezko gutxieneko klausulak bederen izan beharko ditu.

–Orobat, etxebizitza babestuaren alokairuak egiaztatzeko, datu hauek erkatuko dira:

• David eta Emanzipa laguntzak jasotzeko aurkeztutako kontratuak.

• Alokairu poltsan sartutako etxebizitzak.

• Alokairuagatik desgrabatzen duten zergadunen datu fiskalak.

Kontrol maila: etxebizitza babestuari buruz jakinarazitako transmisio eta lagapenen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

–Etxebizitza babestuen transmisioaren edo lagapenaren kontrola.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 43.etik 51.era bitarteko artikuluak eta 1. xedapen gehigarria, eta Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuaren 11. artikulua eta 3. xedapen gehigarria.

4. Unitate arduraduna:

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

IV. ardatza.–Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera

1. Helburua:

–Etxebizitza babestuak jabearen edo errentariaren ohiko etxebizitza iraunkorrak direla ziurtatzea, eta ez direla inoiz 2. egoitza eta ez daudela okupatu gabe.

–Jendea kontzientziatzen jarraitzea, guztiak jabetu daitezen etxebizitza babestuek okupatuta egon behar dutela.

–Ziurtatzea etxebizitza babestuko alokairuek errentamendu kontratuaren beharrezko ikus-onespena dutela.

–Zaintzea errentamendu araubidean kalifikatutako sustapenetako etxebizitzetan errentamendu kontratuak izenpetu direla eta horiek ikus-onesteko aurkeztuak izan direla.

–Egiaztatzea errentamendu araubideko etxebizitza babestuak haien errentarien ohiko etxebizitza iraunkor izateko erabiltzen direla.

–Hutsik dauden etxebizitzak mugiaraztea, eta, egoki denean, "Alokairu poltsa" izeneko etxebizitza programarako erabiltzea.

–Kontrolatzea ez dadila iragarri etxebizitza babestuen edo horietako gelaren baten alokairua egonaldi turistikoetarako, eta ez daitezela xede horretarako erabili.

2. Jarduketa lerroak:

Kontrol jarduketak egiteko, baliabide hauek banaka edo batera erabiltzen ahalko dira:

a) Etxebizitza babestuetako argindar, ur eta gas kontsumoak eskatzea (bai zuzenean jabeari bai zerbitzuen entitate hornitzaileei).

b) Foruzaingoaren ikuskapena.

Hurrengo kasuetan eskatzen ahalko dira argindar, ur eta gas kontsumoak:

1. Errekerimendua igortzea 2019an eta 2020an behin betiko kalifikatutako espedienteetan ikus-onetsitako kontratuak dituzten etxebizitza babestuaren jabeei, ahal dela irizpide hauen arabera:

• Iruñean eta Iruñerrian diren etxebizitzak.

• Lurzoru publikoan sustatutako etxebizitzak.

• Laguntza ekonomikoak jaso dituzten titularren etxebizitzak.

• Babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazioa duten etxebizitzak.

• Behin betiko kalifikaziotik urtebete baino gehiago duten etxebizitzak.

Kontrol maila: 300 etxebizitza babestu urtean.

2. Desokupazio salaketa duten etxebizitzak.

3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.

4. Etxebizitza bat hainbat aldiz ikuskatzera joan eta jabearekin harremanetan jartzea ezinezkoa izan denean, etxebizitza okupatua dagoen aztarnak daudela.

Bestetik, hurrengo kasuetan egiten ahalko dira Foruzaingoaren ikuskatze bisitak:

1. Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuak ikuskatzen direnean.

2. Desokupazio salaketa duten etxebizitzak, edo behar bezalako ikus-onespenik gabe alokairuan daudenena.

3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.

4. Etxebizitza bateko kontsumoak aterata, okupatua dagoela ulertzeko nahikoa ez direnean.

5. Etxebizitzaren jabeari kontsumoak eskatuta, hark aurkezten ez dituenean. Gainera, arrazoi horregatik, zehapen espedientea irekitzen ahalko zaio.

6. Etxebizitza okupatu gabe izateagatik edo behar bezalako ikus-onespenik gabe alokatzeagatik zehatu diren guztiei, zehapena ezarri eta hurrengo urtean.

Kontrol maila: zehatuen %100.

Aurreikusitako kontrol jarduketen ondorioz zehapen espedientea irekitzen bada, ezarri beharreko zehapenak mailakatzean, bereziki kontuan hartuko da, astungarri gisa, zer ondorio duen gizartearentzat etxebizitza babestuak hutsik egoteak eta zer eskaera dagoen etxebizitza babestuetarako zehatutako jabearen etxebizitza babestuaren inguruan.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

–Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera kontrolatzea:

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen VI. titulua. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 42. eta 43. artikuluak, desokupazioaren gaineko administrazio baimenari dagokionez.

4. Unitate arduraduna:

Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuaren Ikuskapen Atala, Foruzaingoaren laguntzaz.

V. ardatza.–Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak

1. Helburuak:

–Aurrerapausoak ematea Nafarroan etxebizitza izateko eskubide subjektiboa behar bezala asetzeko bidean.

–Egiaztatzea emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (Emanzipa programa) legean finkatutako eskakizunak betetzen dituzten gazteei egiten zaizkiela.

–Egiaztatzea etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (David programa) legean finkatutako eskakizunak betetzen dituzten familia unitateei egiten zaizkiela.

2. Jarduketa lerroak:

2.1. Emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (Emanzipa programa).

a) Honako hauek egiaztatuko dira eskabidea izapidetzen den unean:

–Eskabidean aitortutako datuak bat datozela etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena ematerakoan adierazitakoekin, eskatzailea zentsu horretan izena emanda badago.

–Ez dela beste laguntza bateraezinik jasotzen ari.

–Eskatzaileak arauan finkatutako adina duela.

–Kontratuko titularren kopurua.

–Dagokion pertsonaren edo familia unitatearen diru-sarrerak arauan ezarritako gutxienekoa baino handiagoak eta gehienezkoa baino txikiagoak direla.

–Alokairu errenta ez dela finkatutako gehienezkoa baino handiagoa.

–Legeak finkatutako gainerako eskakizunak betetzen direla, etxebizitza babestua eskuratzeko dirulaguntzetarako eskatzen diren eskakizunekin bat.

b) Eskabidea izapidetu ondotik, honako hauek egiaztatuko dira:

–Alokairuari dagozkion hileroko ordainketak egiten direla, eta ordaindutako kopuruak bat datozela eskabidean adierazitakoarekin. Horretarako, banku-ordainagiriaren edo transferentziaren agiriaren kopia digitalizatua aurkeztea eskatuko da, eta agiriak legeak finkatutako forma eskakizunak bete beharko ditu.

2.2. Etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (David programa).

a) Honako hauek egiaztatuko dira eskabidea izapidetzen den unean:

–Familia unitatea etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena emanda dagoela, eta hor izena emanda egon ahal izateko eskatzen den antzinatasuna duela.

–Eskabidean aitortutako datuak bat datozela etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena ematerakoan adierazitakoekin.

–Ez dagoela laguntza hau jasotzen ari den beste familia unitaterik etxebizitza berean, eta familia unitate eskatzailea ez dela ari beste laguntza bateraezinik jasotzen.

–Dagokion familia unitatearen osaera eta familiaren diru-sarrera ponderatuak arauan ezarritako gutxienekoa baino handiagoak eta gehienezkoa baino txikiagoak direla.

–Alokairu errenta ez dela finkatutako gehienezkoa baino handiagoa.

–Legeak finkatutako gainerako eskakizunak betetzen direla, etxebizitza babestua eskuratzeko dirulaguntzetarako eskatzen diren eskakizunekin bat.

b) Eskabidea izapidetu ondotik, honako hauek egiaztatuko dira:

–Alokairuari dagozkion hileroko ordainketak egiten direla, eta ordaindutako kopuruak bat datozela eskabidean adierazitakoarekin.

Kontrol maila: eskabideen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

Arauketa: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 3 bis, 3 ter eta 3 quater artikuluak, eta ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68 quinquies artikulua.

4. Unitate arduraduna:

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

VI. ardatza.–Etxebizitza hutsak

1. Helburuak:

Dagokion udalerrian etxebizitza babestuak errentamendu araubidean eskuratzeko eskaria badago, eta hala adierazten badu etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuak, honako hauek eginen dira:

–Etxebizitzetan egiazki bizitzeari buruzko kontrola egitea.

–Etxebizitza bizitoki gisa erabiltzeko beharrari buruzko kontzientzia sustatzea, eta etxebizitza hutsak merkatuan sartzea bultzatzea.

–Arrazoizko prezioetan alokairu araubidean dauden etxebizitzen eskaintza areagotzea.

–Etxebizitza hutsak "Alokairu poltsa" etxebizitza programari lagatzea sustatzea.

2. Jarduketa lerroak:

a) Etxebizitza hutsa deklaratzeko prozedura izapidetu aurretik, honako hauek eginen dira:

1. Bizitzaren egoera egiaztatuko da, nagusiki bide hauek erabiliz:

–Nafarroako Foru Ogasunak helburu horretarako lagatako datuak aztertuko dira.

–Ur, gas eta argindar kontsumoaren datuak eskatuko zaizkie etxebizitzen titular diren pertsonei.

–Ur, gas eta argindar kontsumoaren datuak eskatuko zaizkie enpresa hornitzaileei.

–Biztanleen azken udal zentsuari edo erroldari buruzko datuak eskatuko zaizkie udalei.

2. Egiaztatuko da finantza-entitateek eta haien higiezin-filialek, aktiboen kudeaketarako entitateek –banku-berregituratzetik heldu direnak barne– eta higiezin-entitateek, edozein dela ere haien helbide soziala, aurkeztu dutela maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 42 quater artikuluak 7. apartatuan aipatzen duen informazioa, eta, horrela ez bada, informazio hori aurkezteko eskatuko da.

3. Titulartasunean dituzten etxebizitza hutsei buruzko informazioa emateko eskatuko zaie ukandun handiei, pertsona fisikoak zein juridikoak izan.

b) Etxebizitza hutsa aitortzeko prozedura izapidetzen den bitartean, egiaztatuko da etxebizitzen titularrek betetzen dituzten hiru hilabeteko epean etxebizitza erabiltzen hasteko edo dagokion birgaitze babestua eskatzeko hartutako konpromisoak.

Kontrol maila: halako herrietan non eskaria dagoela egiaztatu baita, biztanle gehien dituenetik gutxien dituenera.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen V bis titulua.

4. Unitate arduraduna:

Ikuskapen Atala.

Iragarkiaren kodea: F2213529