210. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

RIBAFORADA

Deialdia, lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Ribaforadako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko urriaren 7ko bilkuran hartu erabaki baten bidez, deialdia onetsi du, bai eta haren oinarriak eta eranskinak ere, merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko honako lanpostu huts hauek: zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu (E maila), kultura-etxeko mandatari lanpostu bat (E maila) eta ikastetxe publikoko eskolazain/zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat (D maila). Lanpostu horiek sartzen dira aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea). Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da erabaki honen I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

1.4. Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Osoko bilkuraren 2022ko abuztuaren 9ko erabaki baten bidez, Ribaforadako Udalak onetsi zuen atxikitzea uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluko 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

3. oinarria.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Deialdi honen xedeko lanpostu bakoitzerako I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4. oinarria.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, erregistro elektronikoaren bidez, Ribaforadako Udalaren webgunean sarturik: www.ribaforada.es.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea (Ribaforadako Udalaren webgunean eskuragarri), eta, zenbat hautapen-prozesutan parte hartu nahi duten, beste hainbeste eskabide aurkeztu beharko dituzte (deialdi honetako hiru lanpostuei dagokienez).

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 6 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko: Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Salbuespen hori honela egiaztatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik, hilean zenbatuta, ez duela frogatzeko, interesdunak erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, II. eranskineko eskabidean dagokiona betez.

Tasa banku-transferentziaz ordainduko da, kontu honetan: ES96 3008 0017 6807 0106 2325. Transferentziaren frogagiria aurkeztuko da eskabidea egiten denean, ezaugarrien taulan ezarritako eran. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean (II. eranskina, www.ribaforada.es webgunean eskuragarri), izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneaturik:

1.–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

2.–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina, www.ribaforada.es webgunean eskuragarri), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta. Horri dagokionez, honako hauek aurkeztuko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Ribaforadako Udalaz eta haren erakunde autonomoez besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdi honen 7. oinarriko baremoan aurreikusitako baldintzetan, I. eranskineko plaza bakoitzaren ezaugarriei dagokionez. Berariaz adierazi beharko dira honako hauek: lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Lan bizitzari buruzko txostena.

–Lanpostu bakoitzerako eskatzen den maila baino goragoko tituluaren kopia, deialdi honen I. eranskinean adierazitako ezaugarrien arabera.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak egin izanaren egiaztagirien kopia. Horietan adierazi beharko da ikastaro horiek zer gairi buruzkoak ziren eta zer iraupen izan zuten.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

3.–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute bete dagokion atala II. eranskineko eskabidean.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Ribaforadako Udalaren webgunean argitaratuko da: www.ribaforada.es.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute epaimahai bakoitzean dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, deialdi honen xedeko lanpostuei dagokienez, eta aginduko da argitara dadila Ribaforadako Udalaren webgunean: www.ribaforada.es.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpen berean, epaimahaiaren edo epaimahaien osaera argitaratuko da, deialdi honen xedeko lanpostuen arabera.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda deialdi honen xedeko lanpostu bakoitzerako, eta argitaratuko da deialdiaren web fitxan, toki erakundearen atarian.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Ribaforadako Udalaren erregistro elektronikoan, www.ribaforada.es webgunean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta www.ribaforada.es webgunean argitaratuko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7. oinarria.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Ribaforadako Udalean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Ribaforadako Udalean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 ataletarako oharrak:

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2.–Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) atal honetan.

3.–Zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5.–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6.–Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren iraupena, bete den lanbide-kategoria, eta lanpostuari dagokion maila. Horrez gain, lan bizitzari buruzko txostena aurkeztuko da. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1) Deialdian eskatzen den maila baino goragoko titulu bat frogatzea: 20 puntu.

b.2) Prestakuntza: gehienez ere 20 puntu:

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 25 ordu edo gehiagoko iraupenarekin: 10 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 5 ordutik 24 ordura bitarteko iraupenarekin: 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.

Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

8. oinarria.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Ribaforadako Udalaren webguneko iragarki-taulan (www.ribaforada.es), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9. oinarria.–Baldintzak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita (kultura-etxeko mandatariaren eta ikastetxe publikoko eskolazainaren lanpostuetarako).

9.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda, lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz (lanpostuen arabera eta haietarako puntuazio handiagoaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori argitara emanen da Ribaforadako Udalaren webguneko iragarki-taulan: www.ribaforada.es.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute dagokien lanposturako.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak proposamena igorriko du, espediente osoarekin batera, izangaiak funtzionario izendatzeko edo lan-araubide finkoan kontratatzeko. Proposamenean egonen dira eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak, puntuazio handiena izateagatik.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Ribaforadako Udalaren webguneko iragarki-taulan (www.ribaforada.es), ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, Ribaforadako Udalaren webgunean (www.ribaforada.es) dagoen erregistro elektronikoaren bidez:

a) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Funtzionario izendatuko dira, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Ribaforadako Udalaren iragarki-taulan, www.ribaforada.es webgunearen bidez sarturik.

13.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Ribaforadako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin (egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, www.ribaforada.es webguneko egoitza elektronikoaren bidez (datuen babeserako izapideak) edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@ribaforada.es).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

ERANSKINAK:

I. ERANSKINA

Berezko ezaugarrien taula: hala deialdiaren nola merezimendu-lehiaketaren bidez bete beharreko lanpostu hutsen ezaugarriak, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean betetzekoak baitira, abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea)

Lanpostuen identifikazioa, behar dituzten tituluak eta eginkizunak:

1.–Zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat, E mailakoa; mailako osagarria: % 15; lanpostuko osagarria: % 20,55; araubide juridikoa. lan-kontratudun finkoa; lanaldi osoa; destinoa: Ribaforadako Udaleko lantaldea. Behar den titulazioa: eskola-ziurtagiria edo baliokidea.

2.–Zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat, E mailakoa; mailako osagarria: % 15; lanpostuko osagarria: % 14,33; araubide juridikoa. lan-kontratudun finkoa; lanaldi osoa; destinoa: Ribaforadako Udaleko lantaldea. Behar den titulazioa: eskola-ziurtagiria edo baliokidea.

–Zerbitzu anitzetako enplegatuen bi plaza horiek honako eginkizun hauek dituzte:

  • Udal-eraikinen mantentze-lanak eta kontserbazioa: eskola-multzoa, udaletxea, kultura-etxea, eguneko zentroa, haurtzaindegia (0-3ko zentroa), erretiratuen kluba, kiroldegia, pilotalekua, igerilekuak, gaztegunea, hilerria, udal-biltegia...
  • Azpiegituren mantentze- eta hobekuntza-lanak egitea, zernahi azpiegitura motatan: kaleak, parkeak, pasealekuak...
  • Oztopo arkitektonikoak kentzea espaloi, parke eta lorategietan, bai eta udal-eraikinen sarbideetan, irisgarriak izan daitezen.
  • Udal-artegien mantentze- eta konponketa-lanak egitea.
  • Bide-seinale horizontalak pintatu eta errotulatzea eta bide-seinale bertikalak paratzea.
  • Udal-hilerrian obra txikiak egitea.
  • Bideak konpontzeko obra txikiak egitea.
  • Udal-eraikinak pintatzea: barnealdea eta kanpoaldea.

–Zeregin horiek betetzean, hauek egin beharko dira:

  • Erremintak, tresnak eta norbera babesteko ekipamenduak (NBE) erabiltzea, segurtasun-neurriak betez.
  • Lantokiak hornitzeko materialak manipulatu eta garraiatzea, behar diren segurtasun neurriak hartuz.
  • Soberako materialak kentzea eta egin den obra garbitzea.
  • Profesional kualifikatuei laguntzea lantokiak prestatu eta osatzeko, erreminta arinak erabiliz.
  • Eskuzko bitartekoekin hondeatzea, gainazaleko zimenduak egiteko.
  • Morteroak eta igeltsua, zementua eta karea prestatzea, igeltserotza- eta estaldura-lanak egiteko.
  • Hormigoiak prestatzea, eskuzko bitartekoekin zein bitarteko mekanikoekin, eraikuntza-lanak gauzatzeko.
  • Morteroak prestatzea.
  • Eragiketa horiek guztiak eginen dira jarraibideak betez eta ezarritako segurtasun eta osasun baliabideak errespetatuz.

–Segurtasunaren eta ingurumenaren lanbide-arloan: Udalaren hiri-bideen mantentze-lanak: zeregin hauek eginen dira, besteak beste:

  • Kaleak eskuzko bitartekoekin ekortzea eta garbitzea.
  • Arrastaturiko hondakinak garbitzea estolda-zulo, sareta eta estolda-loturetatik, oztopa ez dezaten euri-ura eta ureztatze-ura iragatea.
  • Parke eta lorategiak garbitzea.
  • Hiri-altzarien mantentze-lanak eta garbiketa (markesinak, zakarrontziak, seinale bertikalak...).
  • Arekak, bazterbide eta orube publikoak garbitzea, hondakinak eskuzko bitartekoekin edo bitarteko mekanikoekin kenduz.
  • Hondakinak, zaborrak, lurrak, hautsa eta zikinkeria kentzeko lanak egitea espaloi, galtzada, pasealeku, eta plazetan nahiz beste elementu batzuetan.
  • Zuhaitz-txorkoak garbitzea.
  • Kirol-instalazioak garbitzea: igerilekuak, pilotalekua, kiroldegia.

–Zeregin horiek gauzatzean, hauek egin beharko dira:

  • Erremintak, tresnak eta norbera babesteko ekipamenduak (NBE) erabiltzea, segurtasun-neurriak betez...
  • Makina eta erreminta egokiak aukeratzea eta prestatzea.
  • Hondakinak biltzea eta bildutakoak ezabatzea.
  • Eragiketa horiek guztiak eginen dira jarraibideak betez eta ezarritako segurtasun eta osasun neurriak errespetatuz.

–Beste zeregin batzuk:

  • Ribaforadako Udalak sustatzen dituen kultura eta festa jarduerak egiten laguntzea.
  • Udal-organoek esleituriko beste eginkizun guztiak egitea, lanpostuarekin lotura dutenak.

3.–Ribaforadako kultura etxeko mandatari lanpostu bat, E mailakoa; mailako osagarria: % 15; lanpostuko osagarria: % 13,69; araubide juridikoa. lan-kontratudun finkoa; lanaldi osoa; destinoa: Ribaforadako Udalaren kultura etxea. Behar den titulazioa: eskola-ziurtagiria edo baliokidea. Beste baldintza batzuk: Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

–Lanpostu honen eginkizunak honako hauek dira:

  • Mandatariaren, etxezainaren edo antzekoen berezko eginkizunak betetzea kultura etxearen funtzionamendu orduetan, bai eta beste udal-eraikin batzuen funtzionamendu orduetan ere, lanpostuari atxikitzen bazaizkio.
  • Irekitzea eta langileen sarrera-irteerak kontrolatzea, eta haiei laguntzea, horren barnean sartzen dela aretoak, auditoriuma, erakusketa-gela eta gainerako lokalak kontrolatzea, hots, herritarrek eska ditzaketenak kultura-jarduerak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta gainerako jarduerak egiteko laga dakizkien, indarreko legediaren arabera halakoak egiteko erabiltzen ahal badira.
  • Ate, leiho eta armairuen giltzak kontrolatzea, eta arrazoizko kontsumo eta erabilera kontrolatzea argindarraren, uraren, gasaren eta abarren aldetik, beren eginkizunak betetzen dituen lokal eta eraikinetan. Orobat arduratuko da eraikin horietako barne nahiz kanpoko ate-leihoak ixteaz.
  • Ekitaldi eta jarduerak egiten direnean, lokaletan egon beharko du, horiek egiteko beharrezkoa den laguntza emateko.
  • Programatutako ikuskizunetarako sarrerak saltzea. Kasu horretan, bildutako dirua udaletxera eraman beharko du ikuskizunaren ondorengo lehen lanegunean.
  • Izen-emateak egitea Udalak, zernahi zinegotzitzaren bidez, antolatutako ikastaroetarako.
  • Bere eginkizunetan zer lokaletan aritzen den, kasu egitea hantxeko telefonoari, faxari, posta elektronikoari eta bestelako hedabideei, haietaz horniturik badaude.
  • Matxuren berri ematea eta kontrolatzea konponketak lehenbailehen eta egoki egin daitezen.
  • Kasu egitea eta laguntzea, lokaletan egin beharreko jarduerak direla eta, konponketa eta prestaketa lanak nahiz lan osagarriak egiten dituzten gremio orotako langileei, Udalekoak zein kanpokoak izan.
  • Iristen diren erosgaiak eta mezuak kontrolatzea, jasotzea eta banatzea, hala behar denean.
  • Lokaletako garbiketaz arduratzea, herritarrek eta, oro har, erabiltzaileek aldiro erabiltzeko moduan egon daitezen. Garbiketa-lan horiek lokaletako altzarietan ere eginen dira.
  • Botika kutxaz eta hura ongi hornitua edukitzeaz arduratzea, eta laguntzea instalazioen erabiltzaileek behar duten arretan.
  • Fotokopiak egitea, azaleztatzea, sarrerak moztea, paperak tolestea, eta nagusiek agindutako lan oro; erakunde, enpresa eta entitateetara joatea, bai eta egoitza publiko eta pribatuetara ere, bere eginkizunek hala eskatzen dioten aldiro.
  • Lokalen ordena eta apaindura zaintzea Udalaren protokolo ekitaldietan, edo Udalaren baimenez udal-lokalak erabiltzen dituzten beste entitate batzuenetan. Eginkizun honen barnean sartzen da altzari eta osagarri egokiak paratzea, hala nola mahai zapiak, oihalak, loreak, mikrofonoak, DVDak, ordenagailuak, eta halako ekitaldietan erabiltzen diren gainerako elementuak.
  • Lanpostua betetzeak berekin dakartzan eginkizunak, eta bereziki alkateak, Kultura Batzordeko buruak eta kultura-koordinatzaileak agindutakoak.
  • Udalak agintzen dizkion zerbitzu anitz osagarriak edo, dagokion maila eta kategoriaren barnean, udal arloko beste batzuk, aldi baterako kultura etxean bere eginkizunetan ari ez denean.

4.–Ikastetxe publikoko eskolazain/zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat, D mailakoa; mailako osagarria: % 12; lanpostuko osagarria: % 20,35; araubide juridikoa. funtzionarioa; lanaldi osoa; destinoa: Ribaforadako ikastetxe publikoa. Behar den titulazioa: Eskola Graduatua, Lanbide Heziketako lehen maila edo baliokidea. Beste baldintza batzuk: Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

–Lanpostu honen eginkizunak honako hauek dira: Bete beharreko eginkizunak, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

  • Eskolazaintzari dagozkion eginkizunak beteko ditu, Ribaforadako San Bartolomé ikastetxe publikoaren funtzionamendu orduetan.
  • Atezaintzaz eta patioa garbitzeaz arduratuko da.
  • Ribaforadako San Bartolomé ikastetxe publikoaren eraikina, esparrua, patioa eta eranskinak zaintzea.
  • Ikastetxeko berogailua piztea eta haren mantentze-lanak egitea.
  • Elektrizitate, iturgintza, zurgintza, igeltserotza eta pinturari dagozkion mantentze-lanak egitea, bai eta ikastetxean egin beharreko konponketa txikiak ere. Konponketak edo mantentze-lanak espezialitate zehatz batekoak badira, matxuren berri eman beharko da eta konponketak lehenbailehen eta ongi egiten diren kontrolatu.
  • Kasu egitea eta laguntzea konponketa eta prestaketa lan bereziak egiten dituzten gremio orotako langileei, Udalekoak zein kanpokoak izan.
  • Lokalen garbiketari kasu egitea, egoera onean egon daitezen beti; horretarako, beharrezkoak diren garbiketa puntualak eginen ditu eta enpresa adjudikaziodunak egiten dituen garbiketak kontratuaren araberakoak diren kontrolatuko, eta, akatsen bat edo gorabeheraren bat ikusiz gero, horren berri emanen die ikastetxeko Zuzendaritzari eta Ribaforadako Udalari.
  • Botika kutxaz eta hura ongi hornitua edukitzeaz arduratzea, eta laguntzea instalazioen erabiltzaileek behar duten arretan.
  • Ikastetxeko Zuzendaritzak eta, hala egokitzen denean, Ribaforadako Udalak eskatutako fotokopiak eta azaleztatzeak egitea.
  • Ikastetxe publikoak ekitaldiak eta jarduerak egiten dituenean, lokaletan egon beharko du, horiek egiteko beharrezkoa den laguntza emateko.
  • Bere ardura izanen da zentroa ireki eta ixtea, bertako Zuzendaritzak eta, hala egokitzen denean, Ribaforadako Udalak ematen duen ordutegiaren arabera.
  • Eskola-orduak bukatutakoan, gela, zerbitzu eta bulego guztietatik pasatu beharko du, zaintza zerbitzua egiteko, eta dena ongi dagoela egiaztatu beharko du.
  • Lokal guztien giltzak gordeko ditu, eta giltza horiek langile baimenduen eskura egonen dira.
  • Ikastetxera edo bertako Zuzendaritzara igortzen diren gutunak, abisuak eta abar eraman, bildu eta banatu beharko ditu, eta ikastetxera iristen diren erosgaiak eta mezuak kontrolatu, jaso eta banatu.
  • Gizalegezkoak ez diren jokabideen berri eman beharko dio ikastetxeko Zuzendaritzari.
  • Eskolako ekitaldi eta festak egiteko behar den laguntza emanen dio Zuzendaritzari, eta ikastetxearen funtzionamendurako mesedegarria den orotan lagunduko du.
  • Udalak eta ikastetxeko Zuzendaritzak uneren batean batera ezartzen dituzten eginkizun guztiak, betiere eskolazain lanpostuari dagozkionak eta bere mailakoak direnak.
  • Zerbitzu anitzetako enplegatu batek izaten ahal dituen eginkizun guztiak.
  • Ribaforadako Udalak lanpostu horri loturik esleitzen dizkion eginkizunak.

II. ERANSKINA

Merezimendu-lehiaketaren bidezko deialdian parte hartzeko eskabidea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean

http://www.ribaforada.es/convocatoria-concurso-de-meritos/

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

http://www.ribaforada.es/convocatoria-concurso-de-meritos/

Ribaforadan, 2022ko urriaren 7an.–Alkatea, Tirso Calvo Zardoya.

Iragarkiaren kodea: L2213455