208. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CABANILLAS

Deialdia, lantaldeko beharginaren lanpostu bat aldi baterako betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez

Alkatetzaren irailaren 7ko 175/2022 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko udal lantaldeko beharginaren lanpostu bat, administrazio araubidekoa, Cabanillasko Udalaren zerbitzura jardun dezan. Beraz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

OINARRIAK

1.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da udal lantaldeko beharginaren E mailako lanpostu bat betetzea –Cabanillasko Udalaren plantilla organikoan jasotako lanpostu hutsa–, oposizio-lehiaketa bidez eta administrazio-kontratuarekin, eta izangaien zerrenda bat eratzea, gerta daitezkeen beharrei erantzuteko.

Bete beharreko funtzioak lantaldeko beharginaren lanpostuari dagozkionak dira: udal lantaldeko ofizialei eta enplegatuei laguntzea, obra eta mantentze lanetan (igeltserotza, iturgintza, pintura, etab.); hesiak, seinaleak, elementuak eta abar jartzen, muntatzen eta desmuntatzen laguntzea; materialen eta tresnen zamalanetan laguntzea; zurgintza, pintura, errementaritza... lanetan laguntzea; eta ezarritako helburuak lortzeko agintzen zaizkion beste zeregin batzuk, lanpostuak eskatzen dituen gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorriz.

Lan-poltsaren zerrenda osatuko dute oposizioaldian, gutxienez, guztizko puntuazioaren %30 lortzen duten izangaiek. Ariketa hori puntuazio-ordena zorrotzaren arabera ordenatuko da, baldintza hauen 6. oinarrian ezarritakoaren arabera. Zerrenda 5 urtez egonen da indarrean, edo beste deialdi bat egin arte, etorkizunean aldi baterako kontratazioak edo ordezkapenak egiteko Cabanillasko Udaleko lantaldean gerta daitezkeen beharrak asetzeko.

1.2. Hautapen probak 6. oinarrian ezarritakoak dira.

1.3. Deialdi honen ondorioz kontratatzen diren izangaiak administrazio-kontratudunak izanen dira eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean inskribatuko dira, eta bertan alta emanen zaie. Cabanillasko Udalaren plantilla organikoan ezarritako ordainsariak izanen dituzte.

Aldi baterako kontratua eginen zaie, administrazio araubidean, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 88 b) artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Era berean, kontratua azkentzeko arrazoia izanen da irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8. artikuluan aipatuetariko edozein (foru dekretu horretan arauak ezartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko).

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da. Epe horren barrenean, alde batek nahiz besteak desegin dezake kontratua, alde bakarreko erabakia hartuta.

1.4. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldi mota eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; organo administratibo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Lanpostuak E mailari dagokion oinarrizko ordainsaria izanen du, gehi Udalaren plantilla organikoan lanpostu horri dagozkion osagarriak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta gainditua ez izatea erretiroa hartzeko gehieneko adina.

c) Eskola-ziurtagiria edo ofizialki baliokidetzat deklaratutako titulazioa izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura eskuratzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Gidabaimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Cabanillasko Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Cabanillasko Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza z.g.), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren balio bereko beste agiri baten fotokopia.

b) 2. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko behar dituzten egokitzapenak, denbora eta baliabide aldetik, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Cabanillasko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta udaletxeko iragarki-taulan (Udaletxeko plaza z.g.) eta Udalaren www.cabanillas.es web-orrian argitara dadila aginduko du.

Alkatetzaren ebazpen horretan bertan berariaz adieraziko da izangai baztertuek 5 egun naturaleko epea izanen dutela, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, erreklamazioak egin edo, okerrik badago, horiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Adierazitako epea bukatu eta alegazioak ebatzi ondotik, Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko. Zerrendak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan eta Interneten, www.cabanillas.es webgunean, eta zerrenda horietan bertan adieraziko da deialdiaren hautaprobak hasteko eguna, ordua eta tokia.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1.–Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Gustavo Rodríguez Aguado, Cabanillasko Udaleko alkatea, edo hark eskuordetutako pertsona.

–1. mahaikidea: Raquel Paz Aperte, Cabanillasko Udaleko zinegotzia.

–2. mahaikidea: Ignacio Sangüesa Mateo, Cabanillasko Udaleko zinegotzia.

–3. mahaikidea: Carlos Carcavilla Rodríguez, udal lantaldearen arduraduna.

–Epaimahaikide-idazkaria: María Ortega Aicua, Cabanillako Udaleko idazkaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada aplikatzekoa den araudian abstenitzeko aurreikusitako arrazoiren bat.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

6.–Proben hasiera eta garapena.

Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu. Oposizio fasea eta merezimendu-lehiaketaren fasea.

6.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak. Gehienez ere 10 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

–Administrazio publiko batean lan egin izanagatik, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (oinarri hauetako 1 apartatuan espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez), betiere, hori frogatu beharko baita kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez: 1 puntu urte oso bakoitzeko, eta urtearen zati bakoitzeko, proportzioan dagokiona.

Apartatu honetan 6 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, eta edukitzeagatik lanpostuarekin zerikusia duten LHII, gradu ertaina edo haren baliokidea den titulazioa, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:

–DBHko graduatua: 1 puntu.

–Erdi mailako gradua, LH1 edo baliokidea: 2 puntu espezialitate bakoitzeko.

–Goi mailako gradua, LH2 edo baliokidea: 2 puntu espezialitate bakoitzeko.

–50 ordu bitarteko ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko.

–50 ordutik 100 ordura bitarteko ikastaroak, edo ordu gehiagokoak: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

Goi mailako graduak edo baliokideak baztertu egiten du espezialitate bereko erdi mailako gradua edo baliokidea.

Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.

Apartatu honetan 4 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Merezimendu guztiak agiri bidez eta egiaztatzeko moduan frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

Merezimenduen balorazioa burututa, eta oposizioaldia hasi aurretik, izangai bakoitzak lorturiko puntuazioa argitara emanen da, Cabanillasko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

6.2. Oposizioaldian 75 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa (baztertzailea). II. eranskineko gaiak oinarritzat hartuta, test motako galdera teoriko-praktiko batzuk erantzun beharko dira idatziz. Proba honetan gehienez ere 60 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

–Bigarren ariketa: elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketa epaimahaiko kideekin izanen da. Aurreko ariketa gainditu dutenei elkarrizketa eginen zaie. Ez da baztertzailea izanen, eta hizketagai izanen dira lanposturako eginkizunekin zerikusia duten aferak eta izangaiek lan hori betetzeko dituzten gaitasunak. Elkarrizketagatik, gehienez ere 15 puntu emanen dira.

6.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak eta nortasuna frogatzeko dokumentaziorik gabe agertzen direnak.

6.4. Hautaprobetan, desgaitasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik ahal diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

6.5. Probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, www.cabanillas.es, probak egin baino gutxienez 3 egun lehenago.

6.6. Probaren ondoren, Udalaren web orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak. Proba bakoitzaren emaitzen kontra erreklamazioa jar daiteke 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

6.7. Izangaien artean gerta daitezkeen berdinketak zozketa bidez ebatziko dira. Cabanillasko udaletxean eginen da zozketa, eta ukituak diren izangaiei deitu eginen zaie bertara daitezen.

7.–Emaitzak argitaratzea eta epaimahai kalifikatzailearen proposamena.

Ariketen kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko ditu emaitzak.

Halaber, epaimahaiak puntu gehien lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen administrazioari. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarentzat.

Ekitaldi berean, deialdia gainditu arren lanpostua lortu ez duten pertsona guztien zerrenda bat proposatuko du, puntuazio-hurrenkera zorrotzean, handienetik txikienera, hurrengo kontratazioetan erabiltzeko.

Hautatutako pertsona gehienez astebeteko epean hasi beharko da lanean, proposamena eta emaitzak argitaratzen direnetik. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, organo eskudunak kontratazioarekin ados dagoen izangaia kontratatu ahal izanen du, hautapen prozesuan ateratako azken puntuazioaren hurrenkera zorrotzari jarraituz.

8.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin bat etorriz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Cabanillasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hauxe da oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko; eta DBEOren 6.1.c) artikulua.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

9.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Gainera, kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Cabanillasko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Cabanillasen, 2022ko urriaren 3an.–Alkatea, Gustavo Rodríguez Aguado.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1) Cabanillasko udalerriari buruzko kultura orokorra. Udalerriaren ezagutza: kaleak, alderdiak, eraikinak, instalazioak, udal zerbitzuak, udal antolaketa...

2) Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

3) Oinarrizko matematikak.

4) Lorezaintza. Ezagutu, erabili eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra...). Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak inaustea. Fitosanitarioen aplikazioa. Landaketak. Berdeguneak mantentzea eta ureztatzea.

5) Pintura. Kontzeptu orokorrak. Pinturako produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea, baita hondakinak kudeatzea ere.

6) Igeltserotza. Kontzeptu orokorrak. Igeltserotzako produktu eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.

7) Iturgintza. Kontzeptu orokorrak. Iturgintzako produktu eta erremintak ezagutu eta mantentzea.

8) Zurgintza. Kontzeptu orokorrak. Garbiketako produktu eta erremintak ezagutu eta mantentzea.

9) Eraikinak, kaleak eta hiri-altzariak mantentzea eta garbitzea.

10) Laneko segurtasun eta higiene neurriak. Oinarrizko ezagutzak.

Iragarkiaren kodea: L2213296