20. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 4koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona honako proiektu honi: 66 kV-eko aireko linea berria (“Tudela 2” eta “Tudela 3”) Caparrosoko BTAren eta Zarrakazteluko BTAren artean, Caparroso, Murillo el Cuende, Melida, Santakara eta Zarrakazteluko udalerrietan. Proiektua IDE, Redes Eléctricas Inteligentes SAk sustatu du.

2021-05-14an Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren helburua da “Tafalla-Tudela 3” zirkuitu soileko aireko linearen 203. euskarriaren eta Zarrakazteluko BTAren arteko tartea berritzea eta potentzia handiagoa ezartzea: oraingo linea kendu eta 66 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko linea berria jarriko da.

Bi alternatiba daude, bata 16,86 km-koa eta bestea 17,13 km-koa, ekialderantz abiatuta 66 kV-eko zirkuitu bikoitzeko “Tudela 2” eta “Tudela 3” aireko linearen 203. euskarritik (Caparrosoko ekialdeko mugan), Melidako eta Olivako monasterioaren hegoaldetik igaro eta Zarrakazteluko BTAren atariraino (herriko hegoaldean). Bigarren alternatiba hautatu da honako hiru arrazoi hauengatik: Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak KBEtik urrunago dago, eragin txikiagoa du eremu horretako hegaztietan, eta eragin txikiagoa du paisaian.

Hautatuko alternatiba kontuan edukita, metalezko saretadun 70 euskarri inguru jarriko dira; hormigoizko zimenduak edukiko dituzte, eta metro bateko compositezko isolatzaile-kateak edukiko dituzte, amarratzeko U70YB66 AL motakoak eta esekiduran U70AB66 motakoak. Gainera, proposatzen da lau tartetan txoriak (5,7 km guztira) babesteko balizak paratzea. Egun dauden 125 euskarri kenduko dira.

Proiektuaren zortasun-eremuan belar-laboreak daude batik bat (sail ureztatuak eta lehorrekoak). Landaretza naturala ere (sasi eta larre meditarraneoak) eraginpean egonen da, hain zuzen ere 2.744 metroan, eta zuhaitz-eremu batzuk ere bai (pinuak, sahatsak...). Landaretza naturaleko tarte horietan Batasunaren intereseko honako habitat hauek daude: 4090 (Bardeako ezkadiak eta otadiak), 5210 (Juniperus sasitza zuhaizkarak), 6220* (gramineo-eremu subestepikoak eta urteko Thero-Brachypodietea eremuak) eta 9540 (Aleppo pinadiak).

Proiektuaren arabera lineak bost abelbide zeharkatzen ditu: Taustetik Urbasa-Andiara doan errege altxonbidea, Caparroson; 12 bis adarra, Melidan; 10. igarobidea, Santakaran; “Cañada del Corral de Cabras” adarra, Zarrakaztelun; 2. igarobidea, bi tokitan, Zarrakaztelun.

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak gurutzagune horien aldeko txostena egin du.

Espedientean Santakarako Udalaren eta Murillo el Cuendeko Udalaren aldeko txostenak daude. 2021eko maiatzaren 19an txostena eskatu zitzaien Caparrosoko Udalari, Melidako Udalari eta Zarrakazteluko Udalari. Ez da jaso erantzunik. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea honako proiektu honi: 66 kV-eko aireko linea berria (“Tudela 2” eta “Tudela 3”) Caparrosoko BTAren eta Zarrakazteluko BTAren artean, Caparroso, Murillo el Cuende, Melida, Santakara eta Zarrakazteluko udalerrietan. Proiektua IDE, Redes Eléctricas Inteligentes SAk sustatu du.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Hirigintza eta lurralde edukikoak:

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, abelbideen eta bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

• Baimen honek ez du barne hartzen lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarriko diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik hargune hodirik ateratzea.

• Egin nahi den jarduerak uki edo oztopatu ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • Herri-lurren Atalak 2021-08-31ko txostenean adierazitakoarekin bat etorriz (azpiegitura elektriko berria egiteko herri-lurrak okupatu nahi baitira), obra-lizentzia eman aurretik linea elektrikoak ukitzen dituen herri-lurretako udalek Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horiek desafektatzeko eta gero erabilera lagatzeko; horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gainean 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 143. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
  • Gogorarazi beharrekoa da ezen, beharrezko baimen guztiak (Ingurumena, Lurraldearen Antolamendua...) lortu ezean, ez dela tramitatuko herri-lurrak lagatzeko, erabiltzeko edo okupatzeko espedientea.
  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2021-11-04ko txostenaren arabera (honi erantsi zaio) NA-128 errepideko aireko gurutzaketa eta paralelismoa baimendu behar dira. Horregatik, sustatzaileak, lanak egin aurretik, eta haietarako behar de eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko dio Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako errepide sarean ukitzen dutena azalduz, eta txostenean ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.

• Trazadurak Aragoi ibaiaren zenbait ibai-adar zeharkatzen ditu (Celadillako erreka, La Torreko erreka, Val del Reyko erreka, Portilladako erreka, besteak beste), eta horregatik Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko da.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo abian jarri beharko dira baimena ematen denetik bi urte iragan baino lehen. Aldi hori iraganez gero baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Ingurumenaren arlokoak:

• Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (euskarri zaharrak barne) kendu beharko dira.

• Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, lehengoratuko egin beharko dira.

• Proiektuan hegaztiak babesteko ezarritako neurri guztiak bete beharko dira. Amarratzeko euskarrietako isolagailu-kateak metro bat luze izan beharko dira gutxienez. Debekaturik dago isolamendurako zinta termorretraktila erabiltzea; elementu bakoitzerako berariaz aurreprestatutako piezak erabili beharko dira. Materiala egokia izan beharko da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko.

• Ingurumen ukipenen azterketaren arabera zenbait tartetan balizak paratzeaz gainera, lineako 1. eta 2. tarteetan ere seinaleak paratuko dira (624102/4691423 eta 622267/4691047 koordenatuen artean), Errege Bardea KBEtik gertu dagoen tarte bat sartzeko. Balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da asko jota fase bereko bi baliza elkarren segidakoren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

• Landaretza naturalaren gaineko eragina ahalik txikiena izan behar da (batez ere Batasunaren intereseko habitatetan) eta ahalik zuhaitz gutxien kendu behar dira. Gainera, lanei ekin aurretik baimena eskatu beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari, hain zuzen ere Tuterako koordinazio unitateari (gmatudela@navarra.es) eta Tafalla-Zangozakoari (gmatafalla@navarra.es), Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen) eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Abarren bat ebaki behar bada, ebaki garbiak eginen dira, hausturarik eragin gabe.

• Espresuki debekatuta dago ibaietara ezer isurtzea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

• Abelbideen gurutzaguneetan Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2021-06-15ean egindako txostenean ezarritako baldintzak bete behar dira.

• Sustatzaileak Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeari inguruabarren bat (obra hasiera, etab.) ohartarazi behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio; hona helbideak: Tuterako barrutia - gmatudela@navarra.es; Tafalla-Zangozako barrutia - gmatafalla@navarra.es.

3.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6.–Behar diren ondorioak sor ditzan, ebazpen igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Caparroso, Murillo el Cuende, melida, Santakara eta Zarrakazteluko udaletara, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldera (Tuterako eta Tafalla-Zangozako koordinazio-unitateak), Tafallako eskualdeko EEZBra, Herri-lurren Atalera, eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 4an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2200100