20. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Udaltzaingoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren erregelamendua

Altsasuko Udalak, 2021eko abenduaren 29an egin bilkuran, Altsasuko Udaltzaingoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren erregelamendua onetsi zuen.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Altsasun, 2021eko abenduaren 30ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ALTSASUKO UDALTZAINGOAREN ANTOLAMENDUAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Altsasuko Udaltzaingoa Altsasuko Udalari atxikitako kidegoa da. Besteak beste, honako bi lege hauek aplikatzen zaizkio: 2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa; 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako poliziei buruzkoa. Horrez gainera, Udalak emandako arauak ere bete behar ditu. Udaltzaingoaren xede nagusia herritarrek bere eskubideak aske eta modu baketsuan erabili ahal izatea da.

Nafarroako poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak 23. artikuluan ezartzen duen bezala, udaltzaingoa duten toki erakundeek antolamendu-erregelamendua eduki behar dute, eta bertan honako hauek zehaztuko dira: lanpostuak edo graduazioak eta, kasua bada, antolamenduko unitateak, unitate bakoitzaren berariazko egitekoak, eta horietan sartzeko bete beharreko baldintzak.

Erregelamendu honetan Altsasuko Udaltzaingoaren egitekoak arautzen dira, kontuan harturik zein den beraren xedea Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen arabera. Horrez gainera, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko 2/1986 Lege Organikoan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean ezartzen diren egitekoak ere arautzen dira.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Altsasuko Udaltzaingoa antolatzea eta egitura berria ematea, agindutako eginkizunak eraginkortasunez betetzeko gauza izan dadin.

Barne antolamenduari, eginkizunei eta funtzionamenduari dagokienez, Altsasuko Udaltzaingoak erregelamendu hau eta gainerako xedapen aplikagarriak bete beharko ditu.

2. artikulua. Jardun-eremua.

Udaltzainek Altsasuko udalerrian jardunen dute lanean. Hala ere, kasu jakin batzuetan udalerritik kanpo jarduten ahalko dute:

–Premiazko egoera berezietan, kasuan kasuko toki erakundeek berariaz sinatutako lankidetza-hitzarmenetan edo koordinazio-planetan ezarritakoarekin bat etorriz, segurtasun publikoaren arloko eskumena daukan departamentuak onespena emanez gero.

–Larrialdietan; horrelakoetan aski izanen da udaltzainek jardun behar duten lurraldeko agintaritza eskudunak aurretiaz eskaera egitea.

3. artikulua. Eginkizunak.

Altsasuko Udaltzaingoak Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean eta indarreko gainerako ordenamendu juridikoan esleitutako eginkizunak edukiko ditu. Honako hauek izanen dira, bereziki:

a) Toki erakundeetako agintariak babestea, eta haien eraikinak eta instalazioak zaintzea.

b) Hirigunean zirkulazioa antolatzea, seinaleztatzea eta zuzentzea, zirkulazio arauetan ezarritakoarekin bat.

c) Argiketak tramitatzea hirigunearen barneko zirkulazio istripuen ondorioz.

d) Polizia administratiboa, ordenantzei, bandoei eta gainerako udal xedapenei dagokienez, beraren eskumenen barruan.

e) Polizia judiziala, indarreko legeriak adierazten dituen kasu eta moduetan.

f) Generoko indarkeriaren prebentzioa, arreta soziala ematea eta neurri judizialak kontrolatzea arlo horretan.

g) Laguntza ematea istripu, hondamendi edo zoritxar publikoaren kasuetan, eta parte hartzea Babes Zibileko planak betetzeko lanetan, legeek aurreikusitako moduan.

h) Delitugintza-prebentzioko eginbideak eta delitugintza ekiditeko joera duten jarduketa guztiak egitea, Segurtasun Batzordeetan ezarritako lankidetza-esparruaren barrenean.

i) Espazio publikoak zaintzea eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoekin eta Nafarroako Foruzaingoarekin elkarlanean aritzea manifestazioak babesten eta bilkura jendetsuetan ordena zaintzen, hala eskatzen zaienean.

j) Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

4. artikulua. Printzipio gidariak.

Altsasuko Udaltzaingoaren printzipio gidariak honako hauek dira:

a) Ordenamendu juridikoaren arabera pertsonek dauzkaten askatasunak eta eskubideak babestea eta begiratzea, eta herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea, betiere hurbiltasunaren printzipioa ardatz hartuta.

b) Segurtasun eta lasaitasun publikoa zaintzea, legeak errespetatzen direla bermatzea, eta gizartearen ordena gordetzea

c) Legeriaren arau-hausteak eragoztea eta haien kontra borrokatzea.

Horretarako, udaltzain guztiek honako hauek egin behar dituzte:

a) Legeetan, erregelamenduetan, zerbitzu-aginduetan, planetan, barne araubideko zirkularretan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezartzen dena bete behar dute.

b) Eskatzen zaien guztietan erantzun egokia eta sendoa eman behar dute ahalik azkarren, eta zerbitzua eskatzen duten pertsonekin gizalegez eta arretarekin jokatu behar dute.

c) Gainerako segurtasun-kidegoekin, Udalaren zerbitzuekin eta horrekin lankidetzan aritzen diren erakunde eta enpresekin lankidetzan jardun behar dute ezarritako programak, jarduerak eta helburuak betetzeko.

II. KAPITULUA

Antolamenduaren egitura

5. artikulua. Udaltzaingoaren egitura.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 22. artikuluan xedatzen denaren arabera, Altsasuko Udaltzaingoan honako hauek ariko dira gutxienez: 6 udaltzain eta udaltzain lehen bat.

Horiez gainera, udaltzain laguntzaileak izaten ahalko dira, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak 24. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Enplegu horiek eskuratzeko prozedura Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak arautzen du.

6. artikulua. Udaltzain lehenaren eginkizunak.

Altsasuko udaltzain lehenaren eginkizunak honako hauek dira:

–Bere mendeko udaltzainei eta udaltzain laguntzaileei agindutako zerbitzuak ikuskatzea, eta horiek esleitzen zaien materiala modu egokian erabiltzen dutela bermatzea.

–Bere agindupean dauden langileei agindutako jarraibideak eta zerbitzuak zehatz betetzen direla bermatzea, eta ezarririko ordutegia behar bezala betearaztea.

–Ikuskapenak egitea udaltzainek lan egiten duten toki edo eremuetan, aldizka eta maiz, nola egiten duten lan jakiteko eta sortzen diren makur guztiak zuzentzeko.

–Udaltzainekin eta udaltzain laguntzaileekin lankidetzan aritzea zuzenean bere eginkizunen eremuan.

–Bere agindupean dauden langileen jarduketa txalogarrien eta nabarmenen berri ematea, bai eta egiten dituzten arau-hausteen berri ere.

–Zerbitzuan gertatzen diren gorabehera guztien berri ematea, ahoz edo idatziz, kasuan kasukoa garrantziaren arabera.

–Hierarkiako nagusiek agintzen dizkioten eginkizun guztiak bere gain hartzea, eta kargua dela-eta dagozkionak ere bai.

7. artikulua. Udaltzainen eginkizunak.

Altsasuko udaltzainen eginkizunak honako hauek dira:

–Txanden hasieran eguneko parteak bidaltzea Burutzara eta Alkatetzara, ezarritako helbide elektronikoetara, hain zuzen.

–Nagusiei berehala ematea gertaera jakingarrienen berri.

–Jaramon egitea Udaltzaingoaren telefono finkoetan eta zerbitzuko sakelako telefonoan jasotzen diren deiei.

–Patruila operatiboei jakinaraztea Udaltzaingoaren eskumeneko eskaerak, eta haietara bideratzea.

–Udalaren lokaletan ez dauden Udaltzaingoaren arloko langileei jakinaraztea kanpoan diren artean jasotzen diren komunikazioak zeinahi bide erabiliz: barruko posta, oharra bakoitzaren ontzian edo postontzian, telefonoa (presazkoa izanez gero).

–Jardunean ari diren patruilen eskaerak edo errekerimenduak kudeatzea eta koordinatzea.

–Bulegoetara doazen herritarrei jaramon egitea.

–Beste polizia-kidego batzuek postaz jakinarazten dituzten gorabehera garrantzitsuen berri ematea burutzari, eta eguneko partean ezartzea.

–Gorabeheren partea egitea; bertan ezinbesteko datuak agertu behar dira: deia edo komunikazioa zer ordutan jaso den, telefono zenbakia, deiaren eta esku-hartzearen ondoriozko datu pertsonalak, esku-hartzearen emaitza...

–Salaketa penalak biltzea eta jasotzea, instruktore gisa.

–Galdutako gauzak kudeatzea: erregistro-liburua betetzea, aurkitzen diren gauzak jabeei ematea, emate-aktak betetzea.

–Txosten teknikoak kudeatzea eta aseguru-konpainiei ematea.

–Nagusiei jakinaraztea zerbitzuan sortzen diren era guztietako gorabeherak eta arazoak.

–Talkies Tetra erabiltzaileen identifikazioak kudeatzea eta horien berri ematea.

–Hurrengo txandakoei ahoz azaltzea gertaera, berri eta egin gabeko lan jakingarrien berri.

–Bulegoa eta ohola atonduta edukitzea.

–Sortzen diren gainerako eginkizun guztiak, nagusiek agindutakoak zein bulegoaren funtzionamendurako beharrezkoak direnak.

–Oro har, Udaltzaingoaren berezko eginkizunak betetzeko egin beharreko lan guztiak egitea.

8. artikulua. Udaltzain laguntzaileen eginkizunak.

Altsasuko udaltzain laguntzaileek eginkizun hauek edukiko dituzte: ondasun, zerbitzu, instalazio eta bulego ofizialak zaintzea, errepideko trafikoa antolatzea zirkulazio arauei jarraikiz, herritarrei laguntzeko lanetan eta babes zibilekoetan parte hartzea, baita arau administratiboak bete daitezen arduratzea ere. Lan horietan guztietan agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

9. artikulua. Udaltzaingoaren funtzionamendua.

Altsasuko Udaltzaingoaren funtzionamendua erregelamendu honetan ezartzen den bide hierarkikoaren bitartez eginen da.

Udaltzainei udaltzain lehenak edo goragoko agintariak (alkateak edo hark eskuordetutako zinegotziak) emanen dizkie aginduak.

Udaltzainek zerbitzuari buruz egiten dituzten jakinarazpen eta eskaera guztiak udaltzain lehenari bidali behar zaizkio. Hura ez badago edo berak berariaz zehazten badu, ez beste inoiz, goragoko agintariei bidaltzen ahalko zaizkie.

Beste polizia kidego batzuek esku hartzen badute edo horiek ere agertzen badira, bertaratutako udaltzainetatik Udaltzaingoaren hierarkian goren dagoena izanen da solaskide bakarra beste poliziekin, eta berak koordinatuko ditu Udaltzaingoaren lanak.

Dena delakoagatik ez bada inor izendatu Udaltzaingoaren jarduketa batean burutzan aritzeko, maila goreneko udaltzainak hartuko du ardura; maila bereko zenbait udaltzain badaude, antzinatasun handiena duenak edukiko du ardura.

Txanda batean inor ez badago agintean, eta larritasun edo garrantzi bereziko edo garrantzi sozialeko kasuetan eta antzekoetan, zerbitzuan ari diren udaltzainetatik hierarkian goren dagenak erabakiko du kasua halakoa denez, eta berak hartuko du jarduketen ardura.

10. artikulua. Eguneko zerbitzuaren antolamendua.

Eguneko zerbitzuaren antolamendua udaltzain lehenaren ardura izanen da.

Aurreikusitako zerbitzuan eragina duen zerbait gertatuz gero (ordutegiak aldatu, konpentsazioak, eskaerak...), berariazko baimena beharko da.

Udaltzainak eta udaltzain laguntzaileak txandaka ariko dira patruilako ibilgailuaren gidari.

Txandan agintean dagoena gidariaren ondoan egonen da, eta berak hartu beharko ditu deiak eta eguneko partea egin beharko du.

Udaltzain laguntzaileak ezin dira bakarrik aritu, hau da, gutxienez txandako udaltzain batekin egon beharko dute, eta legez dagozkien lanak eginen dituzte ondoan duten udaltzainaren mendean.

Plantillako langile bat aldi baterako ezinduta suertatzen bada, berehala jakinarazi beharko dio udaltzain lehenari telefonoz, bertatik bertara edo egiaztatutako hirugarren baten bidez. Gainera, ezintasunaren frogagiria ere beharko da.

Udaltzain lehenak prestatuko ditu eguneko zerbitzu-aginduak. Agindu horietan honako informazio hau eman behar da gutxienez:

–Zein diren zerbitzu-txandaren helburu orokorrak eta berariazko helburuak.

–Nortzuk ariko diren patruiletan eta zein izanen diren beren atazak.

–Zer ibilgailu erabiliko diren.

–Nork egin behar duen eguneko gorabeheren partea, nork jaso behar dituen salaketak, eta nork egin behar dien jaramon Udaltzaingoak jasotzen dituen deiei.

Lan-txandako pertsona guztiek bete behar dituzte zerbitzu-aginduak.

11. artikulua. Dispositibo berezien antolaketa.

Lan operatiboak edo segurtasun-dispositibo bereziak egiteko, Alkatetzak lan-taldeak antolatzen ahalko ditu, zer gorabeherak eragin dituen eta horren arabera behar den aldirako, funtzionaltasun irizpideei jarraituz. Lan-talde horien zuzendari operatiboa udaltzain lehena izanen da. Udaltzain lehenak inor izendatu ezean, zuzendari operatiboa la-taldeetako kideen artetik maila gorena edo antzinatasun handiena duen udaltzaina izanen da; horren arabera berdinketa badago, deialdiko ordena hartuko da aintzat.

12. artikulua. Espediente pertsonala.

Udaltzaingoak udaltzain guztien espediente pertsonalak edukiko ditu fitxategi eguneratu batean. Espediente pertsonalean agiri bat bakarrik egonen da; bertan honako datu eta dokumentu hauek agertuko dira:

–Pertsonalak:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionalaren zenbakia

–Jaiotze eguna eta sorlekua.

–Egungo helbidea.

–Telefono finkoa eta, edukiz gero, sakelakoa (eguneratuta).

–Posta elektronikoko helbidea, edukiz gero (eguneratuta).

–Argazkia (hamar urtean behin eguneratua).

–Profesionalak:

–Udaltzain zenbakia.

–Sarrera eta igoera datak.

–Tiro-ariketei buruzko urteko oharrak.

–Egindako lanbide-ikastaroak.

–Sariak.

–Indargabetu ez diren diziplina-zehapenak.

–Gidabaimenak.

–Destinoak.

–Eritasun edo istripuagatiko bajak.

–Oporrak, eszedentziak eta baimen bereziak.

–Arropen neurriak.

–Arauzko arma eta dauzkan gainerako guztiak, bakoitzaren zenbakia zehaztuta.

–Zerbitzurako egoera bereziak.

–Egiaztaturiko ikasketa-tituluak, adierazi nahi izanez gero.

–Poliziarako interesgarriak diren beste datu batzuk.

Udaltzain guztiek beren espediente pertsonala ikusten ahalko dute, arauzko bidetik eskatu eta gero. Espediente pertsonalean agertzen diren datu eta dokumentu guztien konfidentzialtasuna bermatuko da.

Udaltzainek beren espediente pertsonaleko datuen aldaketa guztien berri eman beharko dute.

III. KAPITULUA

Irudi korporatiboa eta uniformea

13. artikulua. Irudi korporatiboa.

Altsasuko Udaltzaingoaren irudi korporatiboa udaltzainen uniformea da. Uniformeak honako osagai hauek ditu: jantziak, txanoa, osagarriak eta ikurrak.

Uniformeko errotulazioa euskaraz eta gaztelaniaz egon behar da; euskarak izanen du lehentasuna.

14. artikulua. Uniformea.

Udaltzaingoko kideek uniformea jantziko dute beti lanean dihardutela. Uniformea udalaz gaindiko araudian ezartzen dena izanen da, halakorik egonez gero. Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak, hark eskuordetuz gero, ahalmena du uniformeari, kredentzialei, ikurrei eta, bidezkoa bada, agurrei buruzko arau berariazkoak emateko, Udaltzaingoen Koordinazio Batzordeak txostena eman ondoren eta Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen xedapen orokorrei jarraikiz.

15. artikulua. Osagarriak.

Udaltzainek eta udaltzain laguntzaileek Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak, hark eskuordetuz gero, beren segurtasunerako ezartzen dituen osagarriak edukiko dituzte. Horien artean daude legez erabiltzen ahal diren armak.

Udaltzainek eta udaltzain laguntzaileek txanoa erabili beharko dute soinean; hona ezaugarriak: plato-txanoa, itsas urdina, inguruan lauki zuridun dama-taula itxurako zerrenda duena eta Altsasuko armarri ofiziala. Udaltzainak Udal Korporazioarekin agertzen direnean ekitaldi ofizialetan edo ekitaldi soziokulturaletan, aurrean azaldutako txanoa gabe honako hau erabili beharko dute: txapel gorria, Altsasuko armarri ofiziala duena.

16. artikulua. Ibilgailuen irudia.

Udaltzaingoak modu ofizialean erabiltzen dituen patruila-ibilgailuak zuriak izanen dira.

Alboetan, leihatilen azpian, lauki itsas urdindun dama-taula itxurako zerrenda islatzailea edukiko dute.

Aurreko ateetan udalerriaren armarri ofiziala egonen da, eta honako hitz hauek agertuko dira itsas urdinez idatzita: “Udaltzaingoa” eta “Altsasuko Udala/Ayuntamiento de Alsasua”.

17. artikulua. Karnet profesionala.

Altsasuko udaltzainek karnet profesionala edukiko dute, eta aldean erabili beharko dute lanean ari diren guztietan.

Uniformea soinean dutela jardunez gero, uniformea agintaritzaren agenteak direlako erakusgarria izanen da. Nolanahi ere, polizia-lanetan herritar batek eskatuz gero, karnet profesionala erakutsi beharko dute.

Lanean uniformerik gabe jardunez gero, udaltzainek karnet profesionala erakutsi beharko dute udaltzainak direla azaltzeko.

Zerbitzuan ari ez direnean, udaltzainek legea edo herritarren segurtasuna babesteko baino ezin dute erabili karnet profesionala beren burua agintaritzaren agente gisa identifikatzeko.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen dira erregelamendu honetan xedatzen denaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko mailako udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Erregelamendu honetan ezartzen ez den guztirako honako hauek aplikatuko dira: 2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa; 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako poliziei buruzkoa; 8/1990 Foru Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Nafarroako tokiko polizien antolamenduaren esparru-erregelamendua onesten duena; aplikatu beharreko gainerako legeria.

Iragarkiaren kodea: L2200082