20. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1385E/2021 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ablitasko Udalak sustatutako “Ablitasko Udalaren Hirigintza Plana. Lurzoru urbanizaezineko araudia” dokumentuaren aldaketaren ingurumen txosten estrategikoa egiten duena.

Udalak 2020ko maiatzaren 7an eman zion hasierako onespena aldaketari, eta jendaurrean egon da 2020ko maiatzaren 21ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean (108. zk.) iragarki bat argitaratu ondoren.

Aldaketaren helburua da aukera gehiago egotea lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren erabilerak eta jarduerak ezartzeko. Horretarako, indarreko planeko gehiegizko murrizketak ezabatzen dira. Nolanahi ere, aisialdiko baratzezaintza debekaturik gelditzen da udalerri osoan. Aldaketaren aplikazio-esparrua udalerriko lurzoru urbanizaezin osoa izanen da. Ez du eraginik edukiko lurzoruen sailkapenean.

2020ko irailaren 24an, proposatutako aldaketak kontuak harturik, batez ere “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” KBEari eta interes oso handiko estepa-eremuei (aerodromoa eta Peñadil, Montecillo eta Monterrey) dagozkienak, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi zuen aldaketak ingurumen-ondorio nabarmenak edukiko zituela balio ekologiko handiko espazio horretan. Beraz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikulua aplikatu behar da, eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura abiatu behar da. Baldin eta sustatzaileak hautatzen badu araudia berrikustea eta KBEko eta estepako faunarako interesgarriak diren eremuetako habitat eta espezie interesgarrien artapenarekin bateragarriak diren erabilerak ezartzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan arautzen den ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztua aplikatuko da.

Ondoren, 2021eko otsailaren 23an, Ablitasko Udalak behin-behineko onespena emanik, Ingurumen Eraginaren Atalak “Ablitasko Udalaren Hirigintza Plana. Lurzoru urbanizaezineko araudia” dokumentuaren aldaketa egituratzailearen proiektu tramitagarri hau jaso zuen, 2020ko maiatzekoa. Horren dokumentazioa 2020ko iraileko txostenean aztertutako bera da. Biodibertsitatearen Zerbitzuak beste txosten bat egin zuen 2021eko martxoaren 22an. Dokumentazioan ezer aldatu ez zenez, 2020ko iraileko txostenean adierazitakoa errepikatu zuen.

2021eko abenduaren 1ean Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzuak aldaketaren dokumentazio berria (2021eko maiatzekoa) bidali zuen, eta ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztua egiteko eskatu zuen.

Aldaketa-proposamen berriaren helburua da baimengarritzat jotzea, baldintzak ezarrita, paisaia-balioa artatu beharreko lurzorua baino ukitzen ez duten jarduerak, alde batera utzita ingurumen-balioa babestu beharreko eremuetako (KBE) lurzoru urbanizaezinari eragiten dioten aldaketak. Horren ildotik, aldaketak egiten dira araudiko 53. eta 54. artikuluetan, batez ere eraikuntzako jardueretan bete beharreko baldintzei dagokienez: obra publikoetako, nekazaritzako instalazioetako, abeltzaintzako instalazioetako eta industria-instalazioetako lanak egitea, mantentzea eta zerbitzua ematea.

Aldaketa nolakoa den ikusirik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aldaketa txikia da, eta ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztua egin behar da. Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozeduraren berri eman du, eta aldeko txostena eman du, honako baldintza hau ezarrita: KBEko ingurumen-balioko lurzoruaren araubidean antzemandako errorea zuzentzea, indarreko udal planeko araudiak bere horretan iraunen baitu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea Ablitasko Udalak sustatutako “Ablitasko Udalaren Hirigintza Plana. Lurzoru urbanizaezineko araudia” dokumentuaren aldaketari dagokionez, honako baldintza hau ezarrita:

• KBEko ingurumen-balioko lurzoru urbanizaezin babestuaren atalean antzemandako errorea zuzentzea, indarreko udal planeko araudiak bere horretan iraunen baitu.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ablitasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2200101