20. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

448E/2021 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, onartzen duena DIAZ DE ZERIO ENSak (575 NA zenbakia) Vianako udalerrian daukan txerri-hazkuntzako ustiategiaren ingurumen baimen integratuan ezarritako jardun-baldintzak aldatzea.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 0699/2008 Ebazpenaren bidez emana. Gero baimen hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 79/2013 Ebazpenaren bidez aldatu zen; ondoren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 432E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zen, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 9ko 138E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zen, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 23ko 311E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusi zen.

2021-03-30ean titularrak eskatu du ingurumen baimen integratuan ezarritakoa aldatzeko, hain zuzen ere baja emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 79/2013 Ebazpenaren bidez emandako hondakin-kudeatzailearen baimenari, ez baititu gehiago erabiltzen nekazaritza elikagaien industriako azpiproduktuak abereak elikatzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–DIAZ DE ZERIO ENSak (575 NA zenbakia) Vianako udalerrian daukan txerri-hazkuntzako ustiategiaren ingurumen baimen integratuan ezarritako jardun-baldintzak aldatzea onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioaren ingurumen baimen integratuaren administrazio-espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere bai.

Bigarrena.–Indarrik gabe uztea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 79/2013 Ebazpenaren hirugarren puntua, hondakin-kudeatzaile gisa jarduteko baimena eman zuena.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa instalazioak duen inskripzioaren indarraldia mantentzea. Inskripzio-zenbakia: 15P02251022762008.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau DIAZ DE CERIO ENSari (575 NA zk.), Vianako Udalari eta Abeltzaintza Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2200095