2. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Aldaketa, Bide publikoen erabilera eta landa-finketako sarbideak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2021eko irailaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Bide publikoen erabilera eta landa-finketako sarbideak arautzen dituen udal ordenantza, aldez aurretik kontsulta publikoa eginik herritarren eta ordenantzak eragina izanen duen talde garrantzitsuenen iritzia jakiteko.

Erabakia 2021eko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 21ean. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betikoz onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eulaten, 2021eko abenduaren 14an.–Alkatea, María Idoya Martínez de La Hidalga Jáuregui.

ALDAKETA BIDE PUBLIKOEN ETA LANDA-FINKETAKO SARBIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

4. artikulua. Erabilera onartuak.

Eulaten erroldatuta dauden bizilagunei eta jardunean dauden instituzio publikoen ibilgailuei baimena ematen zaie lurrezko bideak erabiltzeko ibilgailu motordunekin, betiere ordenantza honetan ezarritako mugak kontuan hartuta.

Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin.

Aurreko mugak aldi bakoitzean ezarriko dira, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko den Udalburutzaren ebazpenaren bidez.

“El Puerto de Eulate” izena duen bidetik ibilgailu motordunez pasatzea baimenduta dago, soil-soilik, Ameskoabarreneko bizilagunentzat eta Limitaciones mendiko pista eta bideetara sartzeko eskubidea dakarren baimen indibiduala dutenentzat.

6. artikulua. Erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) “El puerto de Eulate” izenez ezagutzen den bidetik ibilgailu motordunekin pasatzea Ameskoabarrenean erroldatuta ez dauden pertsonak eta/edo Limitaciones mendiko pista eta bideetara sartzeko eskubidea dakarren baimen indibiduala ez dutenak.

b) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

c) Areka eta bideak lantzea.

d) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

e) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

f) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

g) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora, lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen araudiak ezarritakoa galarazi gabe.

h) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

i) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

j) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

k) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

l) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

m) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

n) Udal-mugarteko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko manera muturreko guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du lehiaketa ofizialak eta taldeka eta ibilgailu motordunetan antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

o) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

p) Erretenak lantzea edo hondatzea.

q) Ureztatzeko uraren eta aspertsoreen erabilera. Bidearen ertzetik gutxienez metro batera jarriko dira finkan; ura perimetro guztian finka barrenera botako dute. Ureztatzea dela eta ur gehiegi botatzen bada bideetara, falta astun gisa zehatuko da.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bideak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Erabilera debekatu horietako edozeinen ondorioz Udalari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2117488