Iragarkia
199. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
408/2022 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2022-2023 ikasturteko eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak.
Eskola-garraioaren zerbitzuaren bolumenak eta konplexutasun gero eta handiagoak hartaraturik, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Agindua onetsi zen. Ordutik hona arauetan egin diren aldaketek eta gero eta Nafarroako ikasle gehiago beren ikastetxeetara eraman beharrak ekarri dute maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Agindua onestea; izan ere, foru agindu horren bidez arautzen dira, Nafarroako Foru Komunitatean, eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokiko banakako laguntzak. Foru agindu horretan ezartzen den berritasun nagusia da erdi mailako heziketa zikloetako ikasleak eta batxilergoko ikasleak eskola-garraioaren onuradun izan daitezkeela, ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Orobat, ezartzen da egoeraren araberako beste alderdi batzuk ebazpen baten bidez zehaztuko direla, zeinak ikasturte bakoitzeko beharren araberako jarraibideak onetsiko baititu.
Onesteko aurkeztu den ebazpenean daude Nafarroako eskola-garraiorako 2022-2023 ikasturterako jarraibideak, zehaztu nahian garraioari buruz berriki onetsitako foru agindu horretan adierazten diren alderdiak.
Jarraibide hauek zehazterakoan kontuan hartu den osasun-egoera COVID-19aren ondoriozko inguruabar berezirik gabekoa da. Egoera aldatuko balitz, jarraibideak osasun-agintariek ezarritakoaren arabera egokituko lirateke.
Banakako laguntzak deitutakoei dagokienez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak eskatutakoari jarraituz, 2022-2023 ikasturteko kostu ekonomikoaren aurreikuspena egin da.
Gainera, ebazpen honetan honako hauek aurreikusten dira: derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen garraio zerbitzua guraso elkarteekin eta bestelako entitate sustatzaileekin batera antolatzeko aukera, hutsik gelditzen diren tokiak nola erabili, eta eskola-garraioaren aurreikuspenen, antolaketaren, kudeaketaren eta gainbegiraketaren inguruko hainbat alderdi, besteak beste.
Horiek horrela, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak eskola-garraioaren ezarpenaren eta kudeaketaren arloan ezartzen dituen eginkizunak betez (errege dekretu horren bidez onetsi zen Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako eginkizun eta zerbitzuak).
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 2022-2023 ikasturteko eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak, zeinak ebazpen honen I. eranskinean jaso baitira.
2. Ebazpen honetan aipatzen diren banakako laguntzen kostua onestea 2022-2023 ikasturteko 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra arteko eperako: 2.476.021,58 euroko gastua da; horietatik 976.021,58 euro dira 2022ko irail eta abendu arteko eperako, eta 2022ko gastu-aurrekontuko "Eskola-garraiorako banakako laguntzak" izeneko 410004 41600 4800 324100 partidaren kargura finantzatuko dira; gainerakoa, 1.500.000 euro, 2023ko urtarril eta abuztu arteko epeari dagokio, eta 2023an horretarako sortzen den partidaren kargura finantzatuko da, baldin kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
3. Ebazpen honetan xedatutakoa eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Adieraztea ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, interesdun diren ikastetxe publiko guztietara, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Zerbitzu Osagarrien Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.
Iruñean, 2022ko irailaren 15ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.
I. ERANSKINA
1.–Eskola-garraioaren aurreikuspena eta ibilbideak 2022-2023 ikasturterako.
Hezkuntza Departamentuak maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduan adierazitakoarekin bat antolatu, kudeatu eta finantzatuko du eskola-garraioa. Zerbitzu horiek kudeatzeko, beharrezkoa da ikastetxeek eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak ikastetxe bakoitzari dagozkion datuak ematea Zerbitzu Osagarrien Atalari, dela hemengo eranskinak erabiliz (V. eranskina, "Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleen zerrenda"; VI. eranskina, "Eskola-garraioko ibilbideen laburpena"; eta IV. eranskina, "Toki hutsak erabiltzen dituzten ikasleak", ikastetxe bakoitzari dagokionaren arabera), dela Hezkuntza Departamentuak horretarako jartzen dituen baliabide elektronikoak erabiliz. Datu horiek aurkezteko epea finkatzerakoan kontuan hartuko da eskola-garraioaren onuradun izanen diren ikasleak onartzeko ebazpenetan ezarritako egutegia.
Irailaren 1ean, Educan jarriko dira eskola-garraioak 2022-2023 ikasturtean eginen dituen ibilbideak eta geralekuak. Ordutik aurrera, eta betiere irailaren 30a baino lehen, ikastetxeek behar bezala bete beharko dute ikasleen garraioari buruzko modulua.
1. Eskola-garraioa erabiltzeko eskubidea edukiz gero (dela Hezkuntza Departamentuak antolatzen eta kudeatzen duen garraio kolektiboaren bidez, dela garraiorako banakako laguntzen bidez, edo, bestela, bi aukera horiek uztartuta) "Eskola-garraioa erabiltzen du" laukitxoa markatu beharko da.
Ondoren, zer garraiatu mota den adierazi beharko da:
a) Eskubideduna (autobusa, taxia); hautatu beharko da, joaneko zein etorriko bidaiarako, zer ibilbide eta geraleku dagokion. Educak, berez, koordenatuen arabera ibilbide eta geraleku hurbilenak eskainiko ditu, baina menua zabalduta beste batzuk aukeratzen ahalko dira.
b) Eskubideduna (banakako laguntza); modalitate mota hautatu beharko da (hiri-garraioa, garraio erregularra edo beste baliabide batzuk, eta distantzia), eta laguntza eskatu duen ikasleak emandako datuak adierazi beharko dira.
c) Eskubideduna (autobusa/taxia eta banakako laguntza); ibilbideak eta geralekuak hautatu beharko dira, eta modalitatea adierazi, baldin eta ikasle eskubideduna bere kasa joaten bada gertuen dagoen autobus edo taxi geralekura eta joan-etorri horretarako banakako laguntza eskatu badu.
2. Ikasleari toki huts bat esleitu bazaio, "Eskola-garraioa erabiltzen du" laukitxoa markatuko da tokia esleitutakoan, eta zer garraiatu mota den adieraziko da: Toki hutsa duena (eskubiderik gabekoa baina toki hutsa erabiltzen duena); hautatu beharko da, joaneko zein etorriko bidaiarako, zer ibilbide eta geraleku dagokion. Educak, berez, koordenatuen arabera ibilbide eta geralekua hurbilenak eskainiko ditu, baina menua zabalduta beste batzuk aukeratzen ahalko dira.
2.–Eskola-garraiorako banakako laguntzak ematea.
Ikasleak eskola-garraiorako eskubidea izanik ez badago bizi den herritik ikastetxerainoko bide osoa ibilgailuetan egiteko ibilbide antolaturik, dagokion banakako laguntza eskatzen ahalko du bere kasa egiten duen tarterako.
2.1. Eskola-garraiorako banakako laguntzak eskatzeko data. Familiari ordaindu izanaren eta ikastetxera joatearen frogagiria.
Ikasleak eskolatuak dauden ikastetxe publikoen bidez eskatuko dira laguntzak. Horretarako, ebazpen honen II. eranskinean dagoen eskabide eredua erabiliko da.
Oso garrantzitsua: Laguntza hauetarako, ikastetxeek laguntzen hartzekoduntzat jotako ikasleen eskaerak baino ez dituzte tramitatuko, hots, berariaz baztertuko dira arrazoi hauengatik laguntza horiek jasotzeko eskubiderik ez dutenak:
–Ibilgailuetan antolatutako ibilbide bat eskura edukitzea baina hura ez erabiltzea.
–Ikasturte hasierako urte naturalean 18 urte baino gehiago betetzea.
–Foru aginduaren menpe ez dauden ikasketetan matrikulaturik egotea (goi mailako heziketa zikloetan, diseinuko goi mailako ikasketetan, helduentzako ikasketetan eta abar).
–Erdi mailako heziketa zikloen eta Arteetako Batxilergoaren kasuan: behin-behinekoz izena ematean, ikasketa horiek eman eta ohiko bizilekutik gertuen dagoen ikastetxe publikoa lehentasunez eskatu ez izana.
–Foru aginduan aipatzen den beste edozein inguruabar (distantzia, zonakatzea eta abar).
Ikastetxeek banakako laguntzaren eskubideduntzat jotzen dituzten ikasleen eskaerak kudeatu eta Educan sartuko dituzte; ondoren, eta betiere 2022ko irailaren 30a baino lehen, mezu elektroniko bat bidaliko dute complementarioseducativos@cfnavarra.es helbidera, ikasturteko lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa egin dadin eskatzeko. Agiri bakarra erantsi beharko da, Zuzendaritzak sinatua, non ziurtatuko baita banakako laguntza jaso dezaketen eskaerak kudeatu/sartu direla, Educan ageri diren matrikulazio eta bizileku datuak ikaslearen benetako egoerarekin bat datozela egiaztatu dela eta Educan garraioari dagokion moduluan sartu den informazioa jasotako eskaeran ageri dena dela. Bizilekuaren ziurtagiria ez da erantsi beharko.
Bigarren eta hirugarren hiruhilekoen ordainketa kudeatzeko, ikastetxeek datuak eguneratuko dituzte Educan –hala behar denean– (aldaketak, altak, bajak...), eta mezu elektroniko bat bidaliko dute complementarioseducativos@cfnavarra.es helbide elektronikora, ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoko ordainketa egin dadin eskatzeko, otsailaren 4a eta maiatzaren 6a baino lehen, hurrenez hurren. Agiri bakarra erantsi beharko da, Zuzendaritzak sinatua, non ziurtatuko baita banakako laguntza jaso dezaketen eskaerak kudeatu/sartu direla, Educan ageri diren bizileku datuak ikaslearen benetako egoerarekin bat datozela egiaztatu dela eta Educan garraioari dagokion moduluan sartu den informazioa jasotako eskaeran ageri dena dela. Aurreko hiruhilekoaren aldean dauden aldaketak, altak eta bajak adierazi beharko dira, halakorik bada: zein ikasleri eragiten dion aldaketak/altak/bajak, horren data, lantokiko prestakuntza amaitzen duten ikasleak eta abar.
Zerbitzu Osagarrien Atalak eginen ditu onartutako laguntzei dagozkien hiruhilekoko ordainketak, Educan sartutako dokumentazioa aztertu ondoren. Ordainketak ikastetxeetara igorri ondoren, ikastetxe horiek ikasleen familiei ordainduko diete, eta Zerbitzu Osagarrien Atalari justifikatuko beharko diote ordainketa hori egin dutela eta ikaslea ikastetxera joan dela, Hezkuntza Departamentuak horretarako eskaintzen dituen bitarteko elektronikoen bidez.
Departamentuak noiznahi ere erabil ditzake esleiturik dituen egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalak; horrek ekar dezake onartutako zenbatekoak hein batean edo osorik itzuli behar izatea.
2.2. 2022-2023 ikasturterako laguntza motak eta horien zenbatekoak honako hauek izanen dira:
a) Eskualdeko hiri garraioaren zerbitzua edo hiriko garraioa erabiltzeko aukera duten ikasleak: 30 eguneko abonamenduaren prezioa edo, hala badagokio, hileko prezioa irailaren 1ean, ikasturteko eskola-egunei dagokiena.
b) Bidaiarien garraio erregularreko zerbitzua erabiltzeko aukera duten ikasleak: txartelaren prezioa irailaren 1ean, ikasturteko eskola-egunei dagokiena.
c) Aurreko bi letretan aipatutako garraiobideak erabiltzerik ez duten ikasleek ondoko taulan ezarri diren zenbatekoak jasoko dituzte, honako irizpide hauekin bat:
–Ikaslearen ohiko bizilekuaren eta ikastetxearen edo hurbilen dagoen eskola autobusaren geralekuaren arteko distantzia.
–Ikasle bat baino gehiago badaude herri edo bizitegi-zona bakandu berean, eta herri berera joan behar badute, ikastetxe batera edo batzuetara, bateragarria den ordutegian, garraiorako banakako laguntzak kalkulatzeko, erabilitako garraiobidearen antolaketa bateratua hartuko da kontuan, baimendutako tokiak bete arte.
10 km arte | 10 km baino gehiago eta 20 km arte | 20 km baino gehiago eta 30 km arte | 30 km baino gehiago | |
Ikasle bat | 554,94 euro | 777,79 euro | 1.092,27 euro | 1.528,27 euro |
Bi ikasle | 431,63 euro | 603,37 euro | 835,44 euro | 1.163,19 euro |
Hiru ikasle edo gehiago | 322,23 euro | 445,82 euro | 611,83 euro | 853,22 euro |
Diru kopuru horiek ikasturte eta ikasleko dira.
Distantzia, laguntza hauen kalkuluari dagokionez, ikaslearen etxebizitza dagoen hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen garraio kolektiboko geralekuraino dagoena izanen da. Bizitegi-zona bakanduen kasuan (baserriak, etab.), distantzia ikaslearen etxetik bertatik hasita neurtuko da.
3.–Laguntzailearen betebeharrak eta eginkizunak.
Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduan ezarritakoa gorabehera, adingabeak garraiatu bitartean zaintzeak honako eginkizun hauek hartzen ditu barne:
a) Ikasleak jasotzea eta haiei lagun egitea, ikastetxearen eremuaren barnetik edo ikastetxearen eremu barneraino, zein den kasua, eta ilara-burua izatea ikastetxearen eremura sartzeko eta handik ateratzeko ibilbidean. Lan horretan, ikastetxeko Zerbitzu Osagarrien Planean eginkizun horretarako ezarritako irakasleen laguntza izanen du, uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduaren 7. artikuluan eta uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (lehenbiziko foru aginduaren bidez garatu zen Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa, eta bigarrenaren bidez garatu zen Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa).
b) Garraioaren ibilbide osoa egitea, lehenbiziko geralekutik ibilbidearen bukaeraraino, kontrolatuz nola igotzen eta jaisten diren ikasleak ezarritako geralekuetan.
c) Ibilgailu barruan egotea lehen ikaslea igotzen denetik azkena jaisten den arte, uneoro betez atxikitako funtzioak, ikasleak ikastetxearen eremura sartzen diren arte.
d) Orobat, itzultzeko ibilbidean, abiaburuko ikastetxearen eremuan egotea ikasleak ateratzeko ordua baino 5 minutu lehenago, egiaztatzea ikasleak autobusera igotzen direla eta ibilgailuan egotea, atxikitako funtzioak betez, azkeneko ikaslea jaitsi arte.
e) Egiaztatzea ezen ikastetxeak emandako ikasleen zerrendako ikasleek bakarrik erabiltzen dutela dagokien garraio zerbitzua.
f) Mugikortasun murriztua duten ikasleei laguntzea autobusera igotzen eta autobusetik jaisten.
g) Ikasleei tokiak esleitzea, kontuan harturik haien adina, nongoak diren edo bidezkotzat jotzen diren bestelako irizpideak. Autobusa abiatu baino lehen ikasle guztiak eserita daudela egiaztatzea. Inola ere ez baimentzea toki baino ikasle gehiago egotea.
h) Irisgarriagoak diren toki hurbilak mugikortasun murriztua duten ikasleentzat gordetzea.
i) Eskola materiala (motxilak, zorroak, karpetak eta abar) toki egokietan kokaturik daudela egiaztatzea, inolako arriskurik ekar ez dezaten ibilbidean zehar.
j) Ibilgailuaren maletategian ekipajerik sartu behar bada, aurrean egotea ekipajea sartzen eta ateratzen den bitartean.
k) Garraiatutako ikasleak ongi portatzen direla begiratzea, borrokarik, eztabaidarik eta jokabide txarrik gabe.
l) Geralekuetan jaisten lehenbizikoa izatea, adierazteko zein den unerik egokiena ikasleak ibilgailura sartzeko edo handik ateratzeko.
m) Ikasleak ondoezik badaude edo bidaian beste gorabeherarik gertatzen bada, horren berri ematea ikastetxeko arduradunari, helmugara iritsitakoan. Etxera itzultzeko bidaia bada, horren berri ematea gurasoei edo arduradunei, dagokien geralekuan. Ondoezak larria baldin badirudi, gaizki dauden haurrak zaintzea, eta larrialdietako medikuei deitzea (112) jarraibideak jasotzeko, nola jokatu jakitearren.
n) Ikastetxeko zuzendaritzari ikasleen diziplinako hutsegiteen berri ematea, horrelakorik badago.
ñ) Segurtatzea gurasoek edo haiek izendatutakoek jasotzen dituztela ikasleak, eta, haietako inor ez badago, ez uztea haurrak ibilgailutik jaisten. Halakoetan, saiatuko da gurasoekin edo ikastetxeko arduradunekin harremanetan jartzen. Ez badu lortzen haietako inor lokalizatzea, hurbilen dagoen agintaritza publikoaren egoitzan utzi beharko du ikaslea (Udaltzaingoa, Foruzaingoa edo Guardia Zibila), behin ibilbidea bukaturik.
o) Eramaten diren ikasleen kopuruari, atzerapenei edo zerbitzuaren beste edozein alderdiri dagokionez aldaketarik baldin badago, haren berri ematea ikastetxeko zuzendaritzari.
p) Laguntzailearen presentzia nahitaezkoa den kasuetan, ezin izanen da garraioa egin laguntzailea ibilgailuan ez badago, salbu eta garraioa ez egiteak arrisku handiagoa balekar adingabeentzat. Ustekabean laguntzailea agertzen ez bada, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu hura berehalakoan ordezteko.
q) Ibilgailua matxuratzen bada, ibilgailuaren barnean geldituko da ikasleekin, lasai, eta ikasleak entretenituko ditu harik eta gorabehera konpontzen den arte. Gertatutakoaren berri emanen dio ikastetxeari.
r) Istripurik izanez gero, lasai egon beharko du, eta ikasleak lasaitu, kalte fisikoak baloratu eta zauritutakoak zaindu, eta artatu, lehen laguntzaz dakienaren arabera; halaber, zaurituak kalte ditzakeen deus ez du eginen, 112 zenbakira deituko du eta istripuaren berri emanen dio ikastetxearen zuzendaritzari. Ikastetxeak, orobat, ikasleen gurasoei edo arduradun baimenduei emanen die horren berri.
s) Jakingarria izan daitekeen edozein aldaketaren berri (ibilgailua, ibilbidea, etab.) ematea ikastetxeari eta Hezkuntza Departamentuari, horretarako gaitu diren bitarteko elektronikoen bidez.
t) Garraioaren arduradunei laguntzea zerbitzua hobetzeko datuak hartzen eta kontrolatzen.
u) Jakin beharko du ibilgailuaren segurtasun mekanismoak non dauden eta nola funtzionatzen duten; gidariari eskatu beharko dio ibilgailuaren segurtasun mekanismoak aldian behin egiaztatzeko beharrezko duen informazioa.
v) Egiaztatzea ikasleek segurtasun uhala jarrita dutela.
x) Egiaztatzea larrialdietako botikina dagoela, ongi horniturik dagoela, egoera onean, eta aldian behin berrikusten dela.
y) Eskola-garraioari buruzko indarreko araudia ezagutzea eta betearaztea.
z) Hezkuntza Departamentuak aginduta garraio zerbitzuan segurtasuna areagotzea dakarren beste edozein, bai eta eskola-garraiorako eta adingabeen garraiorako segurtasun baldintzak arautzen dituzten arauetan (apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretua) ezarritakoak ere.
4.–Garraioaren plangintza koordinatua beste erakunde batzuekin.
Eskola-garraioa beste entitate sustatzaile batzuekin koordinaturik planifikatzen ahalko da, toki entitateekin edo ikastetxeetako guraso elkarteekin esaterako, maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduan ezartzen den bezala.
5.–Toki hutsak.
5.1. Toki hutsak erabiltzeko eskaerak ikasleek aurkeztuko dituzte, matrikulaturik dauden ikastetxean, 2022ko irailaren 23a baino lehen; horretarako, ebazpen honen III. eranskineko eredua erabili beharko dute. Epe horietatik kanpo aurkezten diren eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren toki hutsik gelditzen bada. Ikastetxeek jasotako eskaera guztiak bildu eta ahal den lasterren igorriko dizkiote eskola-garraioko ibilbidearen xedeko ikastetxe publikoari.
5.3. 2022ko irailaren 30a baino lehen, garraio ibilbidearen xedeko ikastetxe publikoaren zuzendariak toki hutsak erabiltzeko baimenen amaierako zerrenda izenduna igorriko du Zerbitzu Osagarrien Atalera eta, kasua bada, eskatzailea matrikulaturik dagoen ikastetxeetara; zerrenda horren ordena 35/2022 Foru Aginduan adierazitako lehentasun-irizpideak aplikatzearen ondoriozkoa izanen da. Orduan beteko da Educan garraioari buruzko modulua: "Toki hutsa duena (eskubiderik gabekoa baina toki hutsa erabiltzen duena)" garraiatu mota.
Garraio-zerbitzu hori bi ikastetxe publikori edo gehiagori baldin badagokie, toki hutsen gaineko erabakia ere elkarrekin hartuko dute.
Garraio zerbitzuaren xedeko ikastetxearen datuez gainera, toki hutsak erabiltzen dituzten ikasleen datu hauek ere adierazi beharko dira: izen-deiturak, bizilekua non duten, ikasketa maila eta kurtsoa, matrikulatuak dauden ikastetxea, egiten duten ibilbidea eta geralekuaren herria, IV. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.
6.–Datuak bidaltzeko egutegia.
Mugaeguna | ERANSKINA |
2022ko irailaren 1etik 30era | Educan datuak sartzea garraioari buruzko moduluan |
2022ko irailaren 23a | III. eranskina. Toki hutsak erabiltzeko eskabidea |
2022ko irailaren 30a | IV. eranskina. Toki hutsen esleipendunen zerrenda Garraiorako banakako laguntzen lehen hiruhilekoa ordaintzeko eskaera |
2023ko otsailaren 4a | Garraiorako banakako laguntzen bigarren hiruhilekoa ordaintzeko eskaera |
2023ko maiatzaren 6a | Garraiorako banakako laguntzen hirugarren hiruhilekoa ordaintzeko eskaera |
Ikasturte guztian | V., VI. eta IV. eranskinak. Datuak eguneratzea. |
II. eranskina.–Eskola-garraiorako banakako laguntzetarako eskabidea (DOC).
III. eranskina.–Eskola-garraioan toki hutsa erabiltzeko baimen eskabidea (DOC).
IV. eranskina.–Toki hutsak erabiltzen dituzten ikasleen zerrenda.
V. eranskina.–Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleen zerrenda.
VI. eranskina.–Eskola-garraioko ibilbideen laburpena.
Deskargatu IV., V. eta VI. eranskinak (DOC).
Iragarkiaren kodea: F2212525
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50