193. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUBIETA

Ordenantza, ardi-bordaren errehabilitaziorako baoak eta altuerak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Honen bidez aditzera ematen da Zubietako Udalak, 2022ko ekainaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuela hasiera batez onestea Ardi-bordaren errehabilitaziorako baoak eta altuerak arautzen dituen ordenantza.

Erabakia 2022ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 19an. Jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zubietan, 2022ko irailaren 12an.–Alkatea, Ernesto Domínguez Olea.

ORDENANTZA, ARDI-BORDAREN EDO BABESLEKUAREN ERREHABILITAZIORAKO BAOAK ETA ALTUERAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantza honen xedea da ahalbidetzea ardi-bordak errehabilita daitezen, ondare eraiki hori babeste aldera, oso ezaugarri arkitektoniko zehatzak baititu: soiltasuna eraikuntzan, eta bao gutxi eta txikiak.

1. artikulua. Ordenantza aplikatuko zaio Zubietako Udal Planeko inbentarioan jasotako ardi-borden errehabilitazioari (hura onetsi zen 2017ko ekainaren 16an, eta argitara eman zen 2017ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an).

2. artikulua. Ardi-bordaren errehabilitaziorako betiere beharko da memoria tekniko balioztatu bat; hartan, jasoko da hondakinen tratamendua, bai eta partida bat ere, sarbidea berriz egokitzeko, obrak egindakoan.

Proiektu ikus-onetsia eskatzen ahalko da, udal zerbitzu teknikoek irizten badiote komenigarria dela bordaren egoeragatik, egin asmo diren obrengatik edo eraikuntzaren baldintzengatik.

3. artikulua. Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikulua betetze aldera (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), ez da bolumenaren handitzetzat hartzen estalkia goratzea teilatupeko espazioaren altuera erregularizatzeko.

4. artikulua. Inbentariaturik dauden ardi-borda guztiak gehienez goratzen ahalko dira 2,2 m-ko altueraraino solairu bakoitzean, eta 4,40 m-ko altueraraino bi solairuak baturik. Betiere, beheko solairuko zolatatik neurtuko da.

5. artikulua. Abarte bakoitzeko (hormaren eta zutabearen arteko tartea), bao bat irekitzea baimentzen ahalko da, eta gehienez hiru solairu bakoitzeko. Fatxada luzeetako batean irekiko dira, non teilatupeko solairuak aterik ez baitu.

Tamaina: 100 x 80 cm.

6. artikulua. Teilatu-hegala zurezkoa izanen da. Hegala soila izanen da, eta haren irteera ez da izanen 60 cm-tik gorakoa. Aurrealdeko fatxadan hegal-irteera 100 cm-koa izaten ahalko da. Estalkiaren akabera teilazkoa edo harlauzazkoa izanen da.

7. artikulua. Arotzeria, lehentasunez, zurezkoa izanen da, eta bernizaturik edo pintaturik egonen da. PVCzkoa baimentzen ahalko da, zuraren antzerakoa.

Berariaz debekatzen dira kolore zuria eta kolore beltza, akabera distiratsu guztiak, eta aluminio anodizatua, kolore guztietan.

Debeku dira pertsiana biribilgarriak.

8. artikulua. Plaka fotovoltaikoek bete beharko dute aldatutako ordenantza (neurriak eta potentzia). Beheko sua edukiz gero, kea ateratzeko tximiniak tradizionala izan beharko du, eta debekaturik daude altzairu herdoilgaitzezko hodiak, salbu eta estalkiaren gainetik 50 cm baino gutxiago goratzen badira (distiradurarik ez gertatzeko eguzkiak jotzen duenean).

9. artikulua. Udalak aukera izanen du obrak ez baimentzeko, baldin eta komeni bada borda inolako aldaketarik gabe zaharberritzea, haren ezaugarriak direla eta (eraikuntzazkoak, estetikoak, tipologikoak edo paisaiari loturikoak).

Iragarkiaren kodea: L2212378