186. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Ideien lehiaketa, Migrazioaren Parkea sortzeko Tafallan

Ebazpena, Tafallako Udaleko Gizarte Zerbitzuen arloko zinegotzi ordezkariarena, Tafallan Migrazioaren Parkea sortzeko ideien lehiaketarako oinarri arautzaileak onetsi eta horretarako gastua baimentzeko dena.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuarekin bat etorriz, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari, besteak beste, honako eskumen hauek eskuordetu zitzaizkion: Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea, etorkinen integrazioa, eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eginkizunen artean daude sentsibilizazio ekintzak diseinatu eta abian jartzea, kulturen arteko bizikidetza, gizarte aniztasuna eta migrazioen balioa balioesteko, eta baita kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka hobetzeko beste edozein ekintza ere.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren uztailaren 27ko 58E/2022 Foru Aginduaren bidez, hitzarmen bat onetsi zen, helburu duena Tafallako Udalari Migrazioaren Parkearen proiektua garatzeko emanen zaion dirulaguntza arautzea. Dirulaguntza 5.000 eurokoa izanen da, eta ordainduko da 2022ko Gastuen Aurrekontuko F10000 F1000 7609 231900 partidaren kargura (“Hitzarmena Tafallako Udalarekin. Migrazioaren Parkea”).

Tafallako Udalak partaidetza-prozesu bat bultzatu zuen uztailaren 4tik 17ra, udal webgunearen bidez, Migrazioaren Parkea non ezarri aukeratzeko, eta, horretarako, bi aukera proposatu zituen: Kondearen parkea ala Ereta parkea. Prozesua amaituta, Ereta parkea izan da boto gehien jaso dituen aukera.

Proposamen horren barnean, bada, Tafallan Migrazioaren Parkea sortzeko ideien lehiaketarako oinarri arautzaileak idatzi dira, Nafarroa beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsona guztientzako abegi-lurra dela adierazten eta sinbolizatzen duten proiektuak gauzatzen laguntzeko, migratzeko arrazoia edozein dela ere.

Oinarri horietan ideien lehiaketaren ezaugarriak jaso dira, 10 puntutan.

Ikusirik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ideien lehiaketa hori bultzatzeko interesa duela eta hura sinatzen duen teknikariak balioespena eman diola, udal kontu-hartzailearen oniritziarekin, honako hau ebazten dut, eskuordetuta ditudan eskumenekin bat, 2021eko urriaren 4ko 7 zenbakidun Dekretuaren bidez:

EBAZPENA:

Lehena.–Tafallan Migrazioaren Parkea sortzeko ideien lehiaketarako oinarri arautzaileak onestea.

Bigarrena.–Ideien lehiaketak eragindako gastua (5.000 euro) baimentzea, Udalaren 2022rako aurrekontuko 0.23992.6220001 aplikazioaren kargura (“Migrazioaren Parkea”).

Hirugarrena.–Ideien lehiaketaren prozedurari hasiera ematea, horretarako aginduz oinarriak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean ere.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Tafallako Udaleko Zerbitzu Ekonomikoen eta Garapeneko Arloari, haren berri izan dezan, eta dagozkion ondorioak sor ditzan.

Tafallan, 2022ko irailaren 5ean.–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko zinegotzi ordezkaria, Uxua Olcoz Vélaz.

TAFALLAN MIGRAZIOAREN PARKEA SORTZEKO IDEIEN LEHIAKETA ARAUTZEKO OINARRIAK. 2022

1.–Ideien lehiaketa, Migrazioaren Parkea sortzeko Tafallan (2022): xedea.

Oinarri hauen xedea da ideien lehiaketa bat arautzea, Tafallan Migrazioaren Parkea sortzeko. Aire zabaleko espazio publiko batean paratuko da, Ereta parkean, hain zuzen, hala erabaki baitute Tafallako herritarrek partaidetza-prozesu baten bitartez. Bertan islatu eta sinbolizatuko da Nafarroa harrera-lurraldea dela beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsona guztientzat, migratzeko arrazoia edozein dela ere, eta Foru Komunitate honek kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren alde egiten duela, ulertuta horiek funtsezko balioak direla gizarte solidario, inklusibo, tolerante eta antirrazista batean.

Migrazioaren Parkerako proposamenean agertu beharko dira eraiki nahi dugun Nafarroa islatzen duten funtsezko elementuak. Nafarroa horren zutabeak harrera, bizikidetza eta arrazismoaren aurkako jarrera dira.

2.–Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duen edozein pertsona fisikok edo juridikok parte hartzen ahal du.

3.–Sariaren zuzkidura.

Tafallan Migrazioaren Parkea sortzeko ideien lehiaketak 5.000 euroko zuzkidura dauka. Tafallako Udalaren 2022rako aurrekontuko 0.23992.6220001 partidaren kargura (“Migrazioaren Parkea”) ordainduko dira.

Zenbateko hori honela banatuko da:

–Irabazlea: 3.500 euro.

–1. accesita: 1.500 euro.

Saria izanen da, halaber, proiektu irabazlea gauzatzea 2023. urtean.

Proiektuaren kokalekuan plaka bat paratuko da, proiektu irabazlea diseinatu dutenen izen-abizenekin.

Halaber, Tafallako Udalak eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Departamentuko buruek aintzatespen diploma bat emanen diete proiektu irabazlearen autoreei.

4.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

4.2. Eskaerak aurkezteko modua: Eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Tafallako Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

https://sedeelectronica.tafalla.es/eu/carpeta-ciudadana/

4.3. Eskaerak baztertzeko arrazoiak. Eskaerak baztertzeko arrazoi izanen dira honako hauek:

–Epez kanpo bidaltzea.

–Ez betetzea oinarrietan eskaerak aurkezteari buruz ezarritako arauak.

4.4. Oinarrien onarpena:

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea.

Migrazio Politiketako Departamentuak eskubidea du oinarri hauek aldatzeko, bai eta bertan jasota ez dagoen edozein alderdi arautzeko ere.

5.–Saria emateko irizpideak.

Proiektu irabazlea Ereta parkean gauzatu beharko da. Aire zabaleko espazio publikoa da, Tafallako erdigunean, berdegune irekia eta balio anitzekoa duena. Berdegune zabalez gain, badauzka kirol anitzeko pista, haurren jolastoki txiki bat, osasun parkea, tenis pista eta minifrontoi ireki bat eta erretegiak eta askaldegia.

Erabakia hartzeko, epaimahaiak diseinuari lotutako irizpide partikular hauek hartuko ditu kontuan.

Proposamenetan honako alderdi hauei zer erantzun eman zaien baloratuko da:

a) Espazio publikoaren irisgarritasuna.

b) Proposamenaren interes espaziala, sormena eta bereizgarritasuna; balioa aitortuz proposamenaren integrazio orokorrari eta proposamenak duen ahalmenari espazio berezia, erakargarria eta bakarra sortzeko.

c) Migrazio prozesua tratatzeko modua.

d) Kulturen arteko bizikidetzarako gune bat eraikitzea xede duten proposamenak.

e) Jasangarritasunari eta energia-efizientziari lotutako irizpideak.

Proposatutako obrak gauzatzeko aurrekontua, guztira, ezin da izan 50.000 eurotik gorakoa (BEZa barne).

6.–Dokumentazioa.

Edukia:

a) Pertsona edo lantaldea identifikatzeko dokumentazioa, taldekideen izenekin, eta justifikazio memoria bat, orain arte egindako proiektuak, eta proposamen honekin zerikusia dutenak, azalduta.

b) Harremanetarako helbide osoa, izen-abizenak, NANa, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia adierazita.

Aurkezten diren proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Formatua: gehienez 10 folioko luzera (DIN A4), alde bakar batetik mekanografiatuta, Arial tipografia, 12 tamaina, lerroartea 1,5.

–Aurkezten diren proiektuek eduki hau, gutxienez, izan behar dute:

  • Proiektuaren izena.
  • Haren bidez lortu nahi diren helburuak.
  • Ingurunearen deskribapen laburra.
  • Espazioaren diseinua.
  • Honako elementu hauen deskribapena:
  • Apaindura naturala.
  • Hiri-altzariak (materiala zehaztuta).
  • Erabilera anitzeko guneak edo eremuak.
  • Beharrezko ekipamendua.
  • Diseinatutako espazioan sartu nahi diren bestelako elementuak, irizpide estetikoak eta ingurumenekoak kontuan hartuta.

Proiektuarekin batera, proposatutako diseinua hobeki interpretatzen lagunduko duten irudiak, marrazkiak eta bideoak dituzten eranskinak aurkez daitezke.

7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

7.1. Sariaren epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute:

• Mahaiburua: Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria edo hark eskuordetutako pertsona.

• Mahaikideak:

–1. epaimahaikidea: Tafallako alkatea edo hark eskuordetutako pertsona.

–2. epaimahaikidea: Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

–3. epaimahaikidea: Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko kabineteburua edo hark eskuordetutako pertsona.

–4. epaimahaikidea: Tafallako Udaleko Hirigintza Arloko goi-mailako teknikaria edo hark eskuordetutako pertsona.

• Idazkaria: Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko teknikaria.

7.2. Epaimahaiaren erabakia Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak sinatutako ebazpen baten bidez jakinaraziko da eta Tafallako Udalaren web orrian argitaratuko da.

Halaber, irabazleei zein accesita eskuratzen dutenei posta elektroniko edo telefono bidez jakinaraziko zaie zein egun, toki eta ordutan izanen den saria banatzeko ekitaldia.

7.3. Saria banatzeko ekitaldia publikoa izanen da, eta berariaz antolatuko dute Tafallako Udalak eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak.

8.–Lanak baloratzeko irizpideak: gehienez ere, 50 puntu.

Proposamenen balorazioan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Migratzaileen harrerari, kulturen arteko bizikidetzari eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokari buruzko elementuak sartzea, jasota daudenak gaur egun gai horietan indarrean dauden Nafarroako Gobernuaren planetan. 10 puntu.

–Proposamenaren originaltasuna eta ingurunearekiko duen eragina. 8 puntu.

–Migrazioaren fenomenoa tratatzeko modua. 7 puntu.

–Irisgarria izatea desgaitasuna dutenendako. 6 puntu.

–Genero ikuspegia. 6 puntu.

–Jasangarritasunari eta energia-efizientziari lotutako irizpideak. 4 puntu.

–Proiektua ezartzeko erraztasuna. 3 puntu.

–Espazioaren hartzaileak proiektuarekin identifikatzea. 3 puntu.

–Espazioa zaintzeko erraztasuna. 3 puntu.

9.–Adjudikazioa.

Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimenduak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek botoa eskuordetu ahal izanen dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta bertan agertuko dira hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetan saria emateko jasotzen diren irizpideen araberakoak.

Epaimahaiaren erabakia hartzen den egun berean emanen da aditzera.

10.–Administrazio-errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen aplikazioaren ondoriozko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

I. ERANSKINA

Eskaera eredua (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2212144