184. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

193E/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 31koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Ezkarozeko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile bat. Aldaketak 2. poligonoko 140. lurzatiari eragiten dio, eta Andrés María Hualde Udik sustatu du.

Ezkarozeko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da 2. poligonoko 140A azpilurzatiak duen lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria aldatzea, hots, ingurumen balioagatik gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik (gorde beharreko ingurumen balioa duten zuhaitz-formazioak) natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoru urbanizaezina izatera igarotzeko.

Behin betiko onesten den espedientean jasota dago abeltegi izateko eraikinetako akabera-materialei buruzko eraikuntza-baldintzen aldaketa xehatua udal mugarte osorako.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 256E/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin zen, aldekoa, Ezkarozeko Udal Planaren 2. poligonoko 140. lurzatiaren aldaketa egituratzaileari buruz, ingurumen ondorio nabarmenik ez duela iritzita (aldaketa hori Andrés María Hualde Udik sustatu zuen). Dena dela, lurzati osoan (lehendik dauden ezpondetan, bideetan...) ingurumen- eta paisaia-integrazioko neurriak aplika daitezela eskatu zen, lurzati horretan garatzen den edozein eraikuntza-jardueratan.

Ebazpen hori 2021eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 22koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Ezkarozeko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea, 2. poligonoko 140. lurzatiari eragiten diona, Andres María Hualde Udik sustatua.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintza-araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Ezkarozeko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 31n.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2211850