177. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5538E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 5ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita, 2022. urtean, Nafarroako osasunaren arloko arkitekturari buruzko ikerketa komisionatuko proiektu bat egiteko deialdia. DDBN identifikazioa: 643293.

Osasun Departamentuak bere gain hartua du Nafarroan Osasun Zientzien arloko ikerketa sustatzeko ardura, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, bete dadin Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa.

Ingurumenak eragin handia dauka pertsonen eta herritarren osasunean; izan ere, erabakigarria da arlo horretan. Jasotzen den osasun laguntza ere erabakigarria denez, azken urteotan aztertzen ari da zer nolako eragina duen ospitale eta osasun etxeetako arkitekturak arreta medikoaren kalitatean. Ikerketa horietan garrantzitsua da aztertzea nolakoa den lotura elementu hauen artean: arreta emateko eraikinak, pazienteen ongizatea eta oneratzea eta baliabide-erabileraren efizientzia.

Ebazpen honen helburua da ikerketa komisionatu bat egin dadin sustatzea, ikerketa horren bidez aztertzeko osasun arkitekturak Nafarroan izan duen bilakaera 1991tik hona, ordukoa baita halako azken ikerketa. Ikerketak etorkizunari ere begiratuko dio.

Foru Komunitateko osasun arkitekturaren garapena aztertuz –sortutako egitura berriak, birgaitu eta egokitutako eraikinak, eraikinen kokalekuak eta horiek ingurunearekin eta zerbitzuen hartzaileekin duten lotura aztertuz, alegia– posible izanen da neurtzea zenbatekoa den arkitekturak egiten dion ekarpena gure komunitatean pertsonei ematen zaien arretaren kalitateari.

Onesten den deialdiak urte eta erdiko iraupena aurreikusten du proiekturako, gehienez ere, eta esleitzen den kopurua ikertzaile nagusiari ordainduko zaio, entitate kudeatzailearen banku-kontu batean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2022. urtean ikerketa komisionatuko proiektu bat egiteko deialdiaren oinarriak, I. eranskinean ezarritako oinarri arautzaileekin bat. Ikerketa osasun arkitekturak Nafarroan izandako bilakaerari buruzkoa izanen da, eta arretaren kalitatearekin duen loturari buruzkoa.

2. Guztira 30.000 euroko gastua baimentzea, 2022. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun Zientzietako ikerketa-proiektuak” izeneko 512002 51300 7819 465102 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera, Ogasunak duen kontu-hartzailetzara eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 5ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 2022. urtean ikerketa komisionatuko proiektu bat egin dadin sustatzea, ikerketa horren bidez aztertzeko osasun arkitekturak Nafarroan izan duen bilakaera 1991tik hona, eta arretaren kalitatearekin duen lotura.

2.–Proiektuen betebehar teknikoak.

Finantzagarriak izan daitezen, proposatutako proiektuek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Helburua izanen da osasunaren arloko ondare arkitektonikoaren osaketak Nafarroan izan duen ibilbidea dokumentatzea 1991. urtetik hona. Proiektuak aztergai duen denbora-esparrua, aurrekariak eta arlo horren gaineko ezagutza gaur egun zertan den adierazi beharko ditu.

–Metodologiaren barruan, honako hauek azalduko dira: proiektuaren diseinua, ikerketan jarraituko den prozesua, datuak nola aztertuko dira eta proiektuaren balizko mugak. Garapen-etapak, eginkizunen banaketa eta jardueren kronograma ere adierazi beharko dira.

Ikerketa bukatutakoan amaierako txostena aurkeztu beharko da, non bilduko baitira egungo egoeraren analisia, etorkizuneko erronkak eta haien irtenbide posibleak.

Eskatzen den zenbatekoa ezin izanen da izan finantzatu beharrekoa baino handiagoa, eta hartan sartuko da kudeaketa gastuen %15.

3.–Ikerketa taldeak bete beharrekoak.

Oinarri hauetan xedatutakoaren araberako ikerketa proiektuak gauzatu nahi dituzten ikerketa taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikertzaile nagusi bakarra egotea, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

b) Arkitekturaren arloan esperientzia egiaztatua izatea.

c) Bai ikertzaile nagusiak bai ikertzaile laguntzaileek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute deialdi honetan, eta ezin dira ikertzaile-lanetan parte hartzen aritu Osasun Departamentuak finantzatu eta jardunean den beste ezein proiektutan.

Ez dira ikerketa taldeko kidetzat hartuko bakarrik aholkulari lanak egiten dituzten kideak.

4.–Ikerketa proiektuen gehieneko iraupena.

Ikerketa proiektuek 18 hilabete iraunen dute, gehienez ere, esleipen-ebazpenaren egunetik hasita.

5.–Eskaerak.

5.1. Ikerketa taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera:

1. agiria.–Eskabidea, ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatua.

2. agiria.–Ikerketa proiektuaren memoria, kontzeptuz kontzeptu xehakatutako aurrekontua barne.

3. agiria.–Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea, eta gainerako taldekideena, bertan nabarmenduta zein diren proiekturako interes handieneko alderdiak.

4. agiria.–Erantzukizunpeko adierazpena, helburu eta xede bererako beste laguntza batzuk eskuratu diren edo ez diren dioena; adierazpena baiezkoa bada, laguntzen zenbatekoak adierazi beharko dira.

5.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

6.1. Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Baliabide elektronikoen bitartez aurkeztutako eskaerak bakarrik onartuko dira, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/

7.–Prozeduraren instrukzioa eta Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

7.1. Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari dagokio, eta hark egiaztatuko du deialdian parte hartzeko behar diren baldintzak betetzen diren.

7.2. Eskaerak ez badu frogatzen aipatutako baldintzak betetzen direla, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta ohartaraziko zaio zuzendu ezean bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, ebazpena eman ondotik.

7.3. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta, ondorioz, onartzen diren eskaerak Ebaluazio Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu, deialdi honetan finkatutako irizpideei jarraikiz, haiek onartzeko proposamena egiteko asmoz. Ebaluazio Batzorde Teknikoak behar diren aholkularitza teknikoak eska ditzake egiaztatzeko zer neurritan egokitzen zaizkion proposamenak deialdiari.

Ebaluazio Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

–Idoia Gaminde Inda andrea, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

–Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalekoa; idazkari-lanetan arituko da.

Batzorde horrek aholkulari teknikoak ekartzen ahalko ditu, haien ezagutza edo eskarmentuarengatik laguntza eman badezakete alderdi teknikoak argitzerako orduan; aholku ematea izanen da haien eginkizuna, besterik ez.

7.4. Instrukzio organoak, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamen arrazoitua prestatu eta Osasuneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

Dirulaguntza hau emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko, 9. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

9.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

9.1. Ebaluazio Batzorde Teknikoak irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa eta metodologikoa: gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahalko dira. Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

–Proposamenaren formulazioa, argitasuna, bidezkotasuna eta zehaztasuna (0 puntutik 10 puntura).

–Taldeak gaiari buruz duen ezagutza eta aurkeztutako bibliografiaren garrantzia (0 puntutik 10 puntura).

–Metodologiaren egokitasuna, diseinua, ikerketaren analisia eta ikerketaren mugak kontuan harturik (0 puntutik 20 puntura).

–Proposamenen originaltasuna eta berrikuntza (0 puntutik 10 puntura).

b) Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira, honela banatuta:

b.1. Proiektuko gaietan eta jardueretan ikerketa taldeak duen esperientzia (gehienez ere 20 puntu). Atal honetan gaitasun zientifiko-teknikoa baloratuko da, eta ikertzaile nagusiak zein ikerketa taldeko gainerako kideek ikergaiaren arloan duten esperientzia. Merezimendu hauek baloratuko dira:

–Aldizkari espezializatuetan egindako argitalpen zientifikoak, 2015etik aurrerakoak edo 2014tik aurrerakoak baldin eta ikertzaileak frogatzen badu 2015etik eskaerak aurkezteko azken egunera arteko aldian amatasuneko, aitatasuneko, bularra emateko edo senideak zaintzeko baimenak eduki dituela.

Journal Citation Report (JRC) delakoan indexatuta egonez gero, eta lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, puntu bat; gainerako egileak, 0,5 puntu. JCRn inpaktu-faktorerik izan gabe, lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 0,2 puntu; gainerako egileak, 0,1 puntu. Gehienez ere 5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Norgehiagokako deialdietako ikerketa proiektuetan parte hartu izana, 2015etik aurrera edo 2014tik aurrera baldin eta ikertzaileak frogatzen badu 2015etik eskaerak aurkezteko azken egunera arteko aldian amatasuneko, aitatasuneko, bularra emateko edo senideak zaintzeko baimenak eduki dituela.

Ikertzaile nagusi gisa: Europan: 1,5; estatuan, 1, eta eskualdean, 0,6. Ikertzaile laguntzaile gisa: Europan: 0,4; estatuan, 0,2, eta eskualdean, 0,1. Gehienez ere 5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Ikerketaren arloan duten esperientzia: 10 puntu. Lantaldeak frogatzen badu osasun zentroak eraikitzeko proiektuetan parte hartu duela, 10 puntu. Bestela, 0 puntu.

b.2. Proposatutako proiektuaren aurrekontua eta lan plana (gehienez ere 15 puntu).

–Lan plana, eginkizunen banaketa eta kronograma; eskura dauden eta aurreikusten diren bitartekoen egokitasuna, eta proiektua kudeatzeko gaitasuna. 0 puntutik 10 puntura bitarte puntuatuko da.

–Eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara. 0 puntutik 5 puntura bitarte puntuatuko da.

c) Zentro askotan erabili ahal izatea, eta kooperatiboa eta diziplina anitzekoa izatea. Gehienez ere 15 puntu eskuratzen ahalko dira.

c.1. Lankidetza badago beste zentro, ikerketa talde, unibertsitate edo erakunde publiko-pribatu batzuekin: 8 puntu. Lankidetzarik ez badago: 0 puntu.

c.2. Proiektua diziplina anitzekoa bada: 7 puntu. Diziplina anitzekoa ez bada: 0 puntu.

9.2. Finantzaketa lortzeko, proiektuek gutxienez 30 puntu lortu behar dituzte a) atalean (proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa eta metodologikoa), eta gutxienez 10 puntu b) atalean (proiektuaren bideragarritasuna).

10.–Zenbatekoa zehaztea.

Eskatutako zenbateko osoa emanen zaio, gehienez ere 30.000 euro, puntuazio onena lortzen duen proiektuari.

11.–Gastu finantzagarriak.

11.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, baldin eta proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:

a) Langile zientifiko-teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, ikerketa taldeaz kanpoko langile zientifiko-teknikoak kontratatzen ahalko dira; aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira proiektuan. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 20.000 euro finantzatuko dira, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

b) Proiektua gauzatzeko beste gastu batzuk, honakoak barne:

–Proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den material inbentariagarria, eskura ez dagoena edo oso-osorik (edo gutxienez %80an) proiekturako behar dena. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoen erosketa ere.

–Material suntsikorra.

–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.). Jarduera hirugarrenekin azpikontratatzen bada, ezin izanen da gainditu proiektu osorako eskatutako kopuruaren zenbatekoaren %50.

–Bestelako gastu osagarriak, haien ezaugarriengatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.

c) Proiektuaren kudeaketa gastuak: eskatutako zenbatekoak barne hartuko du kudeaketa gastuen %15.

11.2. Ikerketa taldeko kideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko proiektuaren kargura.

11.3. Gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

12.–Esleipena.

12.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, instrukzio organoak proposatuta, eskaerak onetsi edo ezesteko ebazpen arrazoitua emanen du hilabeteko epean gehienez, honako hauek adierazita: zenbatekoa, onartutako gastu-kontzeptuak eta proiektua hasi eta bukatzeko egunak.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

12.2. Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan egonen da ikusgai (www.nafarroa.eus).

13.–Proiektuaren kudeaketa eta ordaintzeko prozedura.

13.1. Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, Miguel Servet Fundazioa proiektuaren entitate kudeatzaile gisa arituko da. Horretarako, lankidetza hitzarmen bat sinatuko du ikertzaile nagusiarekin.

13.2. Proiektuari esleitutako zenbatekoa ikertzaile nagusiaren izenean emanen da, proiektua identifikaturik, Miguel Servet Fundazioaren kontuan ordainketa eginez. Horretarako, laguntza emateko ebazpenean proiektuari esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 29.c) artikuluarekin.

13.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.

14.–Proiektua gauzatzea.

14.1. Proiektua bertan ezartzen diren aurreikuspenen arabera gauzatuko da, eta oso-osorik gauzatu beharko da, eskatzen denari jarraikiz.

14.2. Proiektua gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera edo aldaketa idatziz baimendu beharko du aurretik Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak.

Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskaera egin beharko dio, idatziz eta behar bezala arrazoituz, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari.

14.3. Proiektuak ikerketaren etikari buruz dauden adierazpen, protokolo eta hitzarmen nazional zein nazioartekoetan ezarritako funtsezko printzipioak errespetatu beharko ditu, baita datu pertsonalen babesari buruz Estatuko zein autonomia erkidegoko legeetan ezarritako baldintzak ere.

15.–Bateragarritasuna.

Oinarri hauen arabera lortzen den finantzaketa bateragarria da xede bererako lortzen diren bestelako dirulaguntzekin, betiere finantzaketak, guztira, proiektuaren kostu osoa gainditzen ez badu. Hala gertatuz gero, proiektuak oinarri hauen kargura jaso beharreko finantzaketa gutxitu eginen da, dagokion gehieneko kopururaino.

Ikerketa proiektu bererako beste edozein laguntza jasoz gero, horren berri eman beharko zaio Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, jakin bezain laster, eta, betiere, proiektua bukatu aurretik.

16.–Proiektuaren amaiera eta justifikazioa.

16.1. Esleipen-ebazpenean proiektua bukatzeko agertzen den egunetik hasita bi hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak honako hauek jasoko dituen azken memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuan:

a) Memoria teknikoa, ikerketa lanaren emaitzekin. Memoria teknikoak honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: Nafarroako osasunaren arloko ondare arkitektonikoaren egungo egoera eta 1991z geroztik izan duen bilakaera, osasun arkitekturak osasun laguntzaren kalitatearekin duen loturaren analisia eta etorkizunerako proposamen bat, osasun arkitektura jasangarria izan dadin, eta adeitsua pertsonekin eta ingurumenarekin. Agiri hori 75 orrialdekoa izanen da gutxienez.

b) Memoria ekonomikoa, zeinetan justifikatuko baitira izandako gastuak emandako finantzaketari dagokionez. Bertan, zehazki adieraziko dira proiektua finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, dirulaguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere, eta proiektuaren kostu osoa.

Hori justifikatzeko, deialdi honen kargura egindako fakturen eta gastuen zerrenda zenbakitua aurkeztuko da, bakoitzaren data, zenbakia, hornitzailea eta zenbatekoa adierazita, eta, horrekin batera, gastuen frogagiriak (fakturak edo froga-balioa duten beste agiri batzuk). Zerrenda hori ikertzaile nagusiak sinatu beharko du.

Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten dokumentuen egiazkotasunaren erantzule.

16.2. Proiektua gauzatzeari begira beharrezkoa bada, ikertzaile nagusiak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari eskatzen ahalko dio epea luza dezala proiektua gauzatzeko edo azken memoria aurkezteko, behar bezala arrazoituta, gauzatzeko epea bukatu aurretik, edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.

16.3. Proiektua bukatuta, Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiltzen ahalko du finantzatutako material inbentariagarria.

17.–Konpromiso osagarriak.

17.1. Finantzaketa onartzeak deialdi honetan ezarritako baldintzak onartzea dakarkio ikerketa taldeari.

17.2. Ikerketa proiektuaren emaitzen gaineko argitalpen zientifiko, ahozko komunikazio eta, oro har, zabalkunde lan guztietan, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko da. Produkzio horien berri Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

17.3. Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.

17.4. Oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utziko da eta kobratutako dirua itzuli beharko da, berandutze-interes eta guzti, deusetan galarazi gabe izan litezkeen erantzukizunak.

Iragarkiaren kodea: F2211063