175. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

167/2022 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten baita ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak gertatzen diren gastu txikiko obra, hornidura eta zerbitzu kontratuak egiteko eskumena, baita lizentzia digitalak erostekoak ere, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen da.

Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea gorde eta betetzeko, beharrezkoa da beste eskuordetze bat onestea ikastetxe horiei arlo horretako eskumenak emateko, abenduaren 19ko 951/2018 Ebazpenaren bidez egindako eskuordetzea ordeztuko duena.

Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena beren administrazio unitateen funtzionamendurako behar diren gastu txikiak baimentzeko, era horretan ikastetxearen kargura dauden baliabide finantzario eta materialak kudeatu ahal izan ditzaten.

2. Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:

2.1. Ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak ordaindu ondoren, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu behar dituen obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko, baldin eta kontratazio zentralizatuaren programetan ez badaude.

2.2. Lanbide Heziketako ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, salbu gastua zentralizatuta badago edo hornidura- edo laguntza-enpresarekin atxikipen akordioa bada.

2.3. Kontratuak aurreko atalean ezarritako zenbatekoa gainditu bai baina 15.000,00 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du.

Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:

a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.

b) Zer balorazio irizpideren arabera eginen den kontratuaren adjudikazioa, eta haien haztapena.

–Agiria kontratua gauzatzeko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahikoa hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.

–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena egin eta Gizarte Kontseilura bidaliko du, hark onets dezan.

–Onespen hori lortu ondoren, ikastetxeko zuzendariak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskuratu beharko du; horretarako, behar den eskaera aurkeztu beharko du, espedientea osatzen duten agiri guztiekin eta aurreko tramiteak bete direla frogatzeko agiri guztiekin batera.

Eskaerak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura bidaliko dira, hark txosten teknikoa egin dezan proposatutako kontratazioaren beharrari buruz. Gero, txosten hori Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko da, atal horrek txostena egin dezan ikastetxeak kontratazio hori egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz.

3. IKT zerbitzuei, lizentzia digitalei eta IKT hornidurei dagozkien munta txikiko kontratuak Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 193/2020 Ebazpenean xedatutakoaren arabera arautuko dira. Izan ere, ebazpen horren bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten da IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuak egiteko eskumena –ikastetxe bakoitzaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiko kontratuak, betiere–, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen da.

4. Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki dezake kontratazioa bere kabuz egitea, egokitzat jotzen badu.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen-egunaren biharamunean hasiko direla.

6. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari, Kualifikazio eta Proiektuen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 8an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

Iragarkiaren kodea: F2211088