173. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

764E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Artzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Aldaketak Urizko 23. poligonoko 50. lurzatiari eragiten dio, eta Pedro Ibarra Cervantesek sustatu du.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Artzibarko Udalak 2022ko maiatzaren 31n onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 1ekoan.

Aldaketaren xedea da Urizko hiri-lurzorua handitzea, 23. poligonoko 50. lurzati osoa gehituz. 50. lurzatia lurzati mistoa da, eta 1.191,26 m²-ko azalera du guztira; horietatik 568,21 m² hiri-lurzoruaren barruan daude (50A azpilurzatia), eta gainerakoa, 623,05 m², gorde beharreko lurzoru urbanizaezina da, nekazaritza-produktibitate ertaina duena (50B azpilurzatia). Aldaketaren azken helburua da, behin lurzatia hiri-lurzoruan sartu ondoren, bereiztea eta 48 hiri-lurzatiarekin elkartzea.

Proposatutako erabilera-aldaketak ez du ingurumen ukipen nabarmenik sortzen, lur azalera txiki bati eragiten dio, San Saturnino kaletik sarbideak dituen landa-ingurune batean, non ez den ingurumen elementu edo balio nabarmenik identifikatzen. Egia da Urizko gunea eta Artzibarko beste zenbait landagune, multzoan harturik, paisaiaren aldetik interesa duten gune gisa nabarmentzen direla. Beraz, balio horiek aintzat harturik, etxebizitza berriak ezarriz gero, herriaren gainerako aldeetako paisaiarekin egoki integratu beharko lirateke.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Artzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak Urizko 23. poligonoko 50. lurzatiari eragiten dio, eta Pedro Ibarra Cervantesek sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Artzibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2210877