17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDIA MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Andialan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Andia Mankomunitateko Batzarrak, 2021eko urtarrilaren 27an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Andialan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunean, iragarkia Udalaren iragarki-taulan eta 2021eko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, otsailaren 15ean. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta osorik ematen da testua argitara.

Aritzalan (Deierri), 2021eko abenduaren 14an.–Mankomunitateko burua, Edorta Lezaun Etxalar.

ORDENANTZA, ELKARLAN ETA EKINTZAILETZARAKO ANDIALAN GUNEAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Abartzuzako, Gesalazko, Lezaungo, Jaizko eta Deierriko Udalek osatzen dute Andia Mankomunitatea, eta horiek, bertako egoeraz kezkaturik, jarduketa programa bat sustatzen ari dira despopulazioaren aurka, Jurramendiko azpieskualdearen despopulazioari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak prestaturiko ekintza planaren barnean.

Horiek horrela, Mankomunitateak, lehenik eta behin, egoeraren diagnostiko bat egin zuen, hainbat alderdi kontuan harturik. Horretarako, inkesta bat egin zitzaien 18-40 urte arteko gazteei. Emaitzen artean nabarmentzen da %81ek bertan bizitzen segitu nahi duela, baina lanik ez egotea dela oztopo nagusietako bat horretarako.

Ekintzailetzarako asmoa izan du %48k inoiz, gehienbat nekazaritza eta abeltzaintzatik kanpoko arloetan, baina laguntza behar dute (mentoretza, prestakuntza, laguntza publikoei buruzko informazioa, etab.), bai eta Interneterako sarbide ona ere.

Ekintzailetzaren gaineko interesa ikusirik, bigarren laginketa batean berariaz galdetu zen AndiaLan gunean parte hartzeko interesaz, eta 43 pertsonak agertu zuten interes hori. Horietatik, %17k egunero erabiliko luke, eta %57k, astero. Erabiltzeagatik ordaintzeko prest zeudenak %97 ziren. Horretarako, aholkularitza eta orientazioa behar dute, eta Interneterako sarbide hobea izan.

Hori dela eta, Andia Mankomunitateak AndiaLan sustatzen du, elkarlan edo coworkingerako eta ekintzailetzarako gune bat, Abartzuzako eskola zaharrean. Horren helburua da jarduera sozioekonomikoa dinamizatzea eskualdean, lagunduz enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen, bai eta populazioa finkatzea ere, elkarlanaren, berrikuntzaren eta bertako talentuaren sustapenaren bidez.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera arautzea. Gunea Abartzuzako eskola zaharreko lehen solairuan dago, Foru plazako 6 zenbakian. Zehazki, hauek arautzen dira:

a) Gunearen erabiltzaile diren enpresa eta pertsonen eskubide, betebehar eta erantzukizunak.

b) Ordenantza hau ez betetzeak dakartzan ondorioak.

c) Eskaeren izapidetzea.

d) Gunea erabiltzeagatik kobratuko diren tasak.

2. artikulua. AndiaLan gunearen helburua.

Elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen helburua da Andia Mankomunitateko ekintzaile, autonomo, profesional eta mikroenpresei eskaintzea gune partekatu bat, elkarlanaren ereduan oinarritua, baliagarria izanen dena bultzatzeko sinergien sorrera, baterako ikaskuntza, harremanen sustapena eta proiektu eta ezagutzen partekatzea; hori guztia, enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen laguntzeko.

3. artikulua. Onuradunak.

Elkarlan eta ekintzailetzarako gunea lehentasunez zuzentzen zaie Andia Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan bizi diren eta/edo erroldaturik dauden pertsonei (Abartzuzako, Gesalazko, Lezaungo, Jaizko eta Deierriko udalak), AndiaLan lanerako tokitzat erabil dezaten; zehazki, honako hauei:

1. Negozio-ideia bat garatu nahi duten ekintzaileak.

2. Egoitza sozial eta fiskala Andia Mankomunitatean daukaten autonomo, profesional eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak.

3. Telelanean lan egiten duten besteren konturako langileak.

Beste udalerri batzuetakoek erabiltzen ahalko dute, eskaria egonez gero eta, orobat, horretarako toki librerik egonez gero.

4. artikulua. AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako guneko zerbitzuak.

1. AndiaLan gunea udal eskola zaharreko lehen solairuan dago, Foru plazako 6an (Abartzuza, Nafarroa), eta honako hauek dauzka:

–Bi langela, honela banaturik:

  • 1. langela. Esparatz.–17 metro koadro ditu, eta banakako lau lanpostu hartzeko lekua.
  • 2. langela. Dulantz.–31 metro koadro ditu, eta banakako bost lanpostu hartzeko lekua. Horman pantaila dauka, eta bideo-proiektagailua, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.

–Prestakuntza-gela bat, La Trinidad, 30 metro koadrokoa; erabilera anitzekoa da, bilerak egiteko eta prestakuntzarako, hamar pertsona bitarte. Horman pantaila dauka, eta bideo-proiektagailua, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.

–Office bat, 6,9 metro koadrokoa.

–Komun bat.

–Gela bat materialetarako eta biltegitarako.

Banakako lanpostu bakoitzean ekipamendu hau dago:

–Mahai eta aulki pertsonalak.

–Ekipo informatikoak konektatzeko elektrizitate-harguneak.

–Zuntz-konexioa.

–Armairu giltzaduna (biltegia).

2. AndiaLan gunean, oro har, zerbitzu hauek emanen dira:

–Azpiegitura:

  • Ur-hornidura, argindar-hornidura, berokuntza eta zuntz bidezko konexioa.
  • Gunea garbitzea, mantentzea eta kontserbatzea.
  • Erreprografia zerbitzua, banakako kontsumoaren arabera ordaintzekoa.

–Aholkularitza eta laguntza:

  • Aholkularitza ematea jarduera eta proiektuak bultzatzeko interesa duten gaietan.
  • Informazioa ematea finantzaketa programei, laguntza publikoei, administrazio-izapideei eta dirulaguntzei buruz.

5. artikulua. Ordutegia eta segurtasuna.

1. AndiaLan guneak urte guztian jardunen du, astelehenik ostiralera eta 07:00etatik 21:00ak arte. Estatuko, foru komunitateko eta tokiko jaiegunak gordeko dira.

Ordutegi horretatik kanpo sartzeko, Andia Mankomunitatearen berariazko baimena beharko da.

Andia Mankomunitateak eskubidea izanen du aldaketak egiteko, eskariaren ondoriozkoak eta/edo ezinbesteko arrazoiengatik. Betiere, aurretiaz jakinaraziko dizkie aldaketa horiek erabiltzaileei. Aldi baterako itxierak ez die emanen erabiltzaileei eskubiderik Andia Mankomunitateari eskatzeko ez ondare-erantzukizunik, ez kalte-galeren ordainik.

2. Eraikinera nahiz gunera egindako sartu-irtenak erregistratuta geldituko dira txartel bidez, eta erabileraren segimendua eginen da aldian-aldian. Txartelak eta gunearen erabilera pertsonalak eta besterenezinak dira.

Segurtasun arrazoiak direla eta, lanpostu bakoitzaren espazio/armairuetako giltzen kopia bat izanen du Andia Mankomunitateak.

6. artikulua. Gunearen erabileraren iraupena.

Aldi baterakoa izanen da AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera, pertsona bakoitzaren profilaren arabera, honako taula honi jarraikiz:

ERABILTZAILE MOTA

ERABILTZEKO EPEA

Ekintzaileak1

Urtebete

Enpresa eratzen den unean, hurrengo puntuan adierazten diren baldintzak aplikatuko dira, eta lehentasuna izanen dute gunea erabiltzen segitzeko, gainerako eskaeren aurretik.

Autonomoak, profesionalak eta mikroenpresak

Bi urte

Besteren konturako langileak

Urtebete

(1) Ekintzailetzat jotzen da negozio-ideia edo proiektu bat garatzen ari den pertsona, diru-sarrerarik jaso gabe, edo hura berriki garatu duena (urtebete baino gutxiago autonomo gisa).

Toki librerik baldin badago, kontratuak luzatzen ahalko dira.

7. artikulua. AndiaLan gunearen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

1. Erabiltzaileen eskubideak.

a) Lanpostuari esleituriko tokiaren eta altzarien (mahaia, aulkia, armairua) erabilera eta gozamena, bai eta eremu komunenak ere (sukaldea, terraza, biltegia eta komuna), horiek onik zainduz eta erabiltzeko arauak errespetatuz.

b) La Trinidad gelaren erabilera eta gozamena, bilerak egiteko eta beste erabilera batzuetarako. Aurretiaz izena eman beharko da, eta guneko arduradunari jakinarazi.

c) Lehentasunez parte hartzea Andia Mankomunitateak programaturiko prestakuntza-jardueretan.

d) “AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunea” bereizgarria erabiltzea, baldin eta helburua bada elkarlanaren eta ekintzailetzaren espiritua agertzea.

2. Erabiltzaileen betebeharrak.

a) Partekatzen den eremu komuna errespetatzea, bizikidetzaren oinarrizko arauak gordez, zaratarik gabeko lan-giroa lortzen saiatuz eta lanpostua garbi eta txukun edukiz, eta instalazio eta altzariak, egoera onean.

b) Nork bere gain hartzea eragindako kalteak.

c) Adjudikazioak dakartzan betebehar ekonomikoak betetzea, 9. artikuluan zehaztuak.

d) Sartu-irtenak egitean, gauzaki pertsonalak zaintzea eta ateak itxita uztea. Andia Mankomunitateak ez du bere gain erantzukizunik hartzen erabiltzaileen gauzaki pertsonalak kaltetzeagatik, desagertzeagatik edo antzeko gertaerengatik.

e) Gunera aldian-aldian joatea, gutxieneko erabilera presentzial bat eginez.

f) AndiaLan guneari loturiko programak eta jarduerak aurrera eramaten laguntzea, hala eskatzen denean.

g) Bere egitea gunean ingurumena zaintzeko proposamenak (uraren zaintza, hondakinak minimizatzea eta birziklatzea, eta beste).

h) Horretarako esleitutako tokietan soilik jatea eta erretzea, sukaldean eta terrazan, hurrenez hurren.

i) WiFi sarbideko zerbitzua arduraz eta zuzen erabiltzeko konpromisoa, legez kanpokoak, debekatuak edo hirugarrenen eskubide eta interesentzat kaltegarriak diren helburu edo ondorioekin, edo beste zeinahi eratan, baldin eta eragin badezake kalte egitea, erabilezin uztea, gainkargatzea, narriatzea edo erabilera normala eragoztea zerbitzuan, dokumentuetan, artxiboetan eta Internet bidezko sarbidea duen zeinahi ekipo informatikotan gordetako eduki mota guztietan. Andia Mankomunitateak ez du bere gain hartzen halakoen ondoriozko erantzukizunik, ordenamendu juridikoak horretarako bide ematen duen hein guztian.

j) Gunea utzi nahi bada ezarritako epea bete baino lehen, Andia Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio idatziz bi aste lehenago. Gunea erabiltzeari behar baino lehenago uzteak ez du zehapenik ekarriko.

k) Bertako arduradunarekin koordinatuko dira gunearen erabilera eta egin asmo diren jarduerak.

l) Erabilera lizentzia bukaturik, onuradunek gunea utzi beharko dute hasieran zegoen egoera berean.

8. artikulua. Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzea.

Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzeko arrazoi izanen da ez betetzea aurreko artikuluan ezarritako edozein betebehar.

9. artikulua. Eskaerak eta gunearen erabilera. Izapidetzea.

Hau izanen da izapidetze-prozedura:

1. Mankomunitateak epe bat irekiko du AndiaLan gunea erabiltzeko eskaeretarako.

2. Interesdunek eskabidea aurkezten ahalko dute I. eranskineko ereduaren arabera.

3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, deialdi bakoitzean ezartzen direnez gain:

I.–Ekintzaileak:

i. NANaren kopia.

ii. Jardueraren laburpena, II. eranskinaren araberakoa, eta, halakorik baldin badu, bideragarritasun-azterlana edo negozio-plana.

iii. Egoeraren frogagiria, tarifa murriztua eskatzen bada.

iv. Kontu-zenbakia.

II.–Autonomoak, profesionalak eta mikroenpresak:

i. IFZaren kopia, eskatzailearena edo enpresaren titular direnena, eta enpresaren beraren IFZarena.

ii. –Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen frogagiria.

iii. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

iv. Kontu-zenbakia.

III.–Besteren konturako langileak:

i. NANaren kopia.

ii. Kontu-zenbakia.

iii. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

iv. Enpresaren egiaztagiria, indarrean den kontratuaren kopia edo besteren konturako langilearen egoera frogatzen duen beste zeinahi.

4. Andia Mankomunitateak eskaerak ebaluatu, eta hautaturiko erabiltzaileei adjudikatzeko erabakia hartuko du.

AndiaLan gunerako erabilera-lizentzia besterenezina da; hortaz, titularrek ez dute zilegi baimentzen den erabilera hori lagatzea edo trukatzea.

10. artikulua. Erabilera-tasak.

1. AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako guneko ondasun eta zerbitzuak ohikotasunez gozatzen, erabiltzen edo aprobetxatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek honako tarifa hauen arabera ordaindu beharko dute:

OHIKO ERABILTZAILEEN TARIFAK

HILEAN

TARIFA MURRIZTUA (*)

Prezioa, ekintzaile bakoitzeko

10 euro

5 euro

Prezioa, autonomo bakoitzeko

50 euro

Prezioa, langile bakoitzeko

75 euro

(*) Langabeak, 45 urtetik gorakoak eta 25 urtetik beherakoak; luzaroko langabeak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

Tarifa hauek hainbanatu egin daitezke erabileraren arabera, baldin eta hala jasotzen bada gunea erabiltzeko eskabidean (1. eranskina).

Erabiltzen hastean, berme edo fidantza bat jarriko da, hileko prezioaren parekoa, eta hura itzuli eginen da gunea erabiltzeari uzten zaionean, guztia kontserbazio-egoera onean baldin badago.

2. Halaber, elkarlan eta ekintzailetzarako gunetik kanpoko pertsonek puntualki erabiltzen ahalko dute AndiaLan, baldin toki librerik badago eta aurretiaz eskaera egin badiote guneko arduradunari, honako tarifa hauek ordainduta:

ERABILTZAILE PUNTUALEN TARIFAK

Banakako lanpostua

5 euro orduko

La Trinidad gela

25 euro orduko

ERANSKINAK

1. eranskina.–AndiaLanen lanerako tokia eskatzeko fitxa.

2. eranskina.–Ekintzailetza-proiektuaren deskribapena.

Deskargatu eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2117600