17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDO

2022ko lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Monteagudoko Udaleko alkateak, abenduaren 29an, honako ebazpen hau eman zuen:

Honako hauek kontuan hartuz: abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legea; abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretua, urteko lanaldiaren lanordu-kopurua arautzen duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen diren Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileendako; maiatzaren 18ko 217/2021 Ebazpena, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2022ko lanik gabeko egunak, eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan jaiegunei eta egun baliogabeei buruz aplikatu beharreko gainerako araudia. Eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ematen didan ahalmena erabiliz.

Alkatetza honek,

EBAZTEN DU:

1. 2022ko jaiegunen egutegia onestea Monteagudoko Udaleko eta Monteagudoko, Barillasko eta Tulebrasko Udalen Batasuneko langileendako.

–Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren jaiegunak:

  • Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
  • Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
  • Apirilaren 14a eta 15a: Ostegun Santua eta Ostiral Santua.
  • Apirilaren 18a: Pazko astelehena.
  • Uztailaren 25a: Santiago eguna.
  • Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
  • Irailaren 8a: Bideko Ama Birjina (herriko jaieguna).
  • Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.
  • Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.
  • Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.
  • Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
  • Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.
  • Abenduaren 26a: Eguberri bigarrena.

–Aurreko puntuan adierazitako egunak bezala, larunbatak eta igandeak egun baliogabetzat hartuko dira epeak zenbatzeko. Gainera, bulegoak itxita egonen dira Monteagudoko festetan, hau da, abuztuaren 16tik 19ra. Eta zerbitzuaren beharrak direla-eta behar diren egun guztietan; inguruabar hori behar adinako aurrerapenarekin jakinarazi beharko da.

2. Ondokoak izanen dira jendea hartzeko orduak Monteagudoko udal bulegoetan: 11:45etik 13:45ak arte, astelehenetik ostiralera, horiek lanegun direnean.

Batasuneko langileek izanen dituzte lan egiten duten udaletako ordutegiak.

3. Lanaldi osoaren urteko lanordu kopurua 1.592 izanen da, eta honela eginen da:

–Bulegoko langileek goizeko ordutegia eginen dute, astelehenetik ostiralera. Nahitaez lan egin beharko da 08:00etatik 15:00etara bitartean, eta langileek berek aukeratuko dute eguneroko lanaldiko 20 minutu noiz egin, malgutasunez, hemen ezarritako ordutegiaren aurretik edo ondotik.

Lanaldi jarraitua eginen denez, hogei minutuko atsedenaldia hartzeko eskubidea egonen da, gehienez ere. Etenaldi horrek ez die eragin beharko zerbitzuaren beharrei. Atsedenaldia konpentsatzeko, lanaldi malguko hogei minutuak erabiltzen ahalko dira.

Zerbitzuak beste udal batzuekin batasunean egiten dituzten langileek Batasunak ezarritako proportzioan banatuko dute beren ordutegia hura osatzen duten udalen artean.

–Zerbitzu anitzetako langileek ordutegi zatituan eginen dute 07:20 orduko lanaldia (08:30-14:00 eta 15:30-17:20 artean urtarriletik maiatzera eta irailetik abendura). Udako hiletan (ekaina, uztaila eta abuztua), langileek lanaldi jarraitua izaten ahalko dute, salbuespenez eta zerbitzuaren beharrek horretarako bidea emanez gero, eta baldin eta haietako batek gutxienez lanaldi zatituan lan egiten badu.

–Herriko festetan eta beste gertakari berezi batzuetan, beste lanaldi bat jartzen ahalko da, zerbitzuaren beharren arabera.

Zerbitzu anitzetako langileek eginkizun hauek bete beharko dituzte beren lanaldian: hilerria irekitzea astearte eta ostegunetan (horiek jaiegun ez direnean), eta hondakinak uzteko garbigunea irekitzea 8:30-14:00 eta 15:30-17:20 artean. Funtzionarioek ikuskatu beharko dituzte edukiontzietan uzten diren hondakinak.

Hori guztia, deusetan ukatu gabe bizitza pertsonala eta familiakoa bateragarri egiteko neurriak edo beste batzuk aplikatzeko ematen diren banakako baimenak, aurreko irizpidea aldatzen dutenak.

Nolanahi ere, lan-egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharrak direla-eta, arlo honetan indarrean dagoen araudiarekin bat.

4. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da, arrazoia jasota badago Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Puntualtasun falta –lanaldiaren hasieran nahiz bukaeran– eta lanaldiaren parte bat nork bere aferetarako baliatzea –behar bezala baimendurik betiere– hautara berdintzen ahalko du langileak edo zerbitzuak eginez lanaldian baliaturiko bezainbateko denboran, edo lansaritik denboraren heineko zenbatekoak kenduz enplegatuari.

Oroitarazi behar da fitxatzeko eta lan-ordutegia betetzeko betebeharra duela langile orok. Ordutegi hori ezertan aldatzen bada, horren berri eman beharko da. Justifikatu egin beharko dira lanerako hutsegiteak, eta ahal bezain laster jakinarazi.

5. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Udalaren iragarki ofizialen taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta langileei haren berri eman dakiela, jakinaren gainean egon daitezen.

Monteagudon, 2022ko urtarrilaren 10ean.–Alkatea, Mariano Herrero Ibáñez.

Iragarkiaren kodea: L2200281