17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

175E/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Funesko Arau Subsidiarioen aldaketa, 3. poligonoko 203. eta 406. lurzatiei dagokiena, Funesko Udalak sustaturik.

Funesko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da honako lurzati hauen kategoria eta azpikategoria eguneratzea, hilerria handitzeko: 3. poligonoko 203. lurzatia, hilerriak okupatzen duena, eta 3. poligonoko 406. lurzatiaren zati bat.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 1129E/2021 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin zen Funesko Arau Subsidiarioen gainean, 3. poligonoko 406. lurzatian hilerria handitzeari dagokionez, eta baimena eman zen baso-lurzoruaren erabilera aldatzeko, hedapen hori egin dadin, Funesko Udalak sustatuta, iritzita ez duela ingurumen eragin nabarmenik eta beharrezkoa dela landareztatzeko eta paisaian integratzeko neurriak aplikatzea. Baldintza hauek ezarri ziren:

–Ukitutako pinu oinak botako dira, ez besterik, eskatutako jarduketa gauzatzeko.

–Jarduketak iraun bitartean, ahalegina eginen da inguruko zuhaitz eta berezko landareei inongo kalterik ez eragiteko.

–Zuhaitzak ebakitzean sortutako hondarrak legez ezarritako bideak erabiliz ezabatuko dira. Ez dira inolaz ere baso lurretan utziko.

–Lanen hasiera baino 48 ordu lehenago abisua emanen zaio Tuterako barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldeari, gmatudela@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, jarduketaren kontrola egin dezan, beharrezkoa dela iritziz gero.

Ebazpen hori 2021eko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 19koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Funesko Arau Subsidiarioen aldaketa, 3. poligonoko 203. eta 406. lurzatiei dagokiena, Funesko Udalak sustaturik, determinazio hau ezarrita:

–Espedientearen gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten duen Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 1129E/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Funesko Udalari igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2118269