166. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

190E/2022 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: “Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzako “de minimis” laguntzak, kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten 2022. urtean”. DDBN identifikazioa: 639628.

Elikadurarako produktuen, edari destilatuen eta ardogintzako produktuen jatorri deituretarako eta adierazpen geografiko babestuetarako esparru juridikoa arau hauetan ezarrita dago, hurrenez hurren: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/787 (EB) Erregelamendua, edari destilatuen definizioari, izendapenari, aurkezpenari eta etiketatzeari buruzkoa, beste elikagai batzuen aurkezpen eta etiketatzeetan edari destilatuen izena erabiltzeko moduari buruzkoa, edari destilatuen adierazpen geografikoen babesari buruzkoa eta alkohol etilikoaren eta nekazaritzatik ateratako destilatuen erabilerari buruzkoa dena, eta 110/2008 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duena.

Erregelamendu horietan ezartzen da kontrol erakunde batek edo gehiagok egiazta dezaketela operadoreek betetzen ote duten jatorri deitura babestuen baldintza-agiria, adierazle geografiko babestuena eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuena. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberako akreditazioa izan behar dute aipatu erakundeek. Halaber, baldintzen agiria betetzen dela egiaztatzeak eragiten dituen kostuak kontrol horien mende dauden operadoreek ordaintzen ahalko dituzte, eta estatu kideek ere kostu horiek ordaintzen laguntzen ahalko dute.

Bestalde, Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Kalitateko ekoizpenen alde egiteko eta horiek sustatzeko interesaren adierazgarri, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerroak ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, entitate horiek barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Kontuan hartuta Nafarroako kalitate bereiziko ekoizpenek gure nekazaritzako elikagaien sektorearen, lehen mailako ekoizleen, nekazaritzako industriaren sektorearen eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorearen gainean duten eragina, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren babesa handitzea kalitate bereiziko figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen bidez. Ondorio horietarako, 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasota dago “Laguntzak kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako” izeneko aurrekontu partida.

Kalitate figurak kudeatzeko entitateek zenbait jarduera egiten dituzte ekoizleek baldintza-agirian xedatutakoa betetzen dutela bermatzeko. Horretarako, kontrolak egiten dituzte, noiz zuzenean –baldin eta baimendutako kontrol erakunde izaera badute–, noiz agintaritza eskudunak behar bezala baimendutako kontrol erakundeak kontratatuz.

Jatorri deituren, adierazle geografikoen eta espezialitate tradizional bermatuen balio erantsia kontsumitzailearen konfiantzan datza. Balio erantsi hori sinesgarria da, bakar-bakarrik, baldin eta horrekin batera ziurtapen eta kontrol sistema eraginkor bat egiten bada.

Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluak aukera ematen die estatu kideei izena babesteko, aldi baterako eta nazio mailan, Batzordeari eskaera aurkezten zaion egunetik hasi eta erregistratzeko erabakia hartzen ez den bitartean. Komeni da aurreikustea aitortze fasean dauden elkarteek ere jaso ahal izatea laguntza hauek, baldin eta babes nazional iragankorra lortzen badute laguntza ordaintzeko eskaera egin baino lehen.

Hemen ezarritako laguntzak "de minimis" izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honen bidez, laguntza deialdi bat onesten da –eta haren oinarri arautzaileak ezartzen– nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateek kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean 2022. urtean.

Badago halako interes publiko, sozial eta ekonomiko bat dirulaguntza hauek emateko, nekazaritzako elikagaien kalitate figurak Foru Komunitateko titulartasuneko jabari publikoko ondasuntzat jotzen baitira.

Ikusirik Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei laguntzak emateko 2022ko deialdia, kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten, bai eta deialdiaren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak. Laguntza horiek de minimis araubidearen babesean ematen dira.

2. 375.000 euroko gastua baimentzea 2022ko ekitaldirako, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako 720003 72200 4701 413103 partidaren kargura ("Laguntzak kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako").

3. Laguntzak I. eranskinaren hamargarren oinarriaren arabera ordainduko dira.

4. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onestea, eta erakundearen gobernu-organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak onestea. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta bederatzigarren oinarriko 8. puntuan ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 17an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei laguntzak emateko. Laguntza horiek 2022. urtean kontrol eta ziurtapen jarduerak egiteko dira, eta "de minimis" araubidearen babesean emanen dira

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen helburua da honako hauei ematen ahal zaien finantza-laguntzaren esparrua zehaztea:

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak, figura horiek arautzen dituzten Europako erregelamenduetan ezarritako nahitaezko kontrol neurriak egiteagatik, eta

–Jatorri Deitura Babestuen eta Adierazpen Geografiko Babestuen Europar Batasuneko Erregistroan izapidetzeko eta inskribatzeko prozesuan dauden elkarteak, Nafarroan kokatuak eta legez eratuak badaude.

2. Batasuneko esparru juridikoan aitortutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea. Hala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna ematen zaio, ziurtatua geldi dadin ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

3. Laguntza hauek bat datoz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio eremuarekin (erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24koan).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroako jatorri deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak kudeatzen dituzten entitateak, baldintza-agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen jarduerak gauzatzen badituzte beren kabuz, baimendutako kontrol erakundeak diren aldetik, edo baimendutako kanpoko kontrol erakundeak kontratatzen badituzte jarduera horietarako.

2. Onuradun izaten ahalko dira, halaber, Nafarroan kokatuta dauden eta legez eratuta dauden elkarteak, baldin eta kalitate figuren prestaketa eta merkaturatzea sustatzeko, bultzatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko helburua badute eta, ebazpen hau argitaratzen den egunean, hasia badute Jatorri Deitura Babestuen eta Adierazpen Geografiko Babestuen Europar Batasuneko Erregistroan izapidetzeko eta inskribatzeko prozesua Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.

3. Urteko aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa entitateek baizik ezin izanen dute lortu laguntza.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Bigarren oinarrian azaldutako kudeaketa entitateek eta hartan adierazi bezala eratutako elkarteek 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitartean egiten dituzten gastuak izanen dira diruz lagungarriak, honako jarduera hauek egiteko kanpoko zerbitzu profesionalen kontratazioarekin loturik badaude: egiaztatzea baldintza-agiriak betetzen direla, lehenengo oinarriaren 1. puntuan aipatutako Europar Batasuneko araudiaren arabera, kudeaketa entitatearen eta/edo elkartearen idazkaritza teknikoko lanak egitea, eta erregistroen mantentze-lanak egitea.

2. Eskuordetutako kontrol eta ziurtapen organoek Europako arauaren arabera akreditatuak egon beharko dute. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012. Jatorri deitura babestu baten edo adierazpen geografiko babestu baten aitortze prozesuan dauden elkarteei aholkularitza zerbitzuak ematen dizkieten erakundeek Europako arauaren arabera akreditatuak egon beharko dute (UNE-EN ISO/IEC 17065:2012) Nafarroako kalitate figuraren batean.

3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz, gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, frogatu beharko du hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideen arabera hautatu dela; bestela, frogatu beharko du zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

4. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, portzentaje bat aplikatuko zaio hautagarria izan daitekeen gastuaren zenbatekoari, eta gastu hori behar diren fakturen bidez justifikatu beharko da. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, diruz lagungarria izan daitekeen gastua gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

–Nafarroako Aratxea eta Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuen kudeaketa entitateen kasuan, %45ekoa.

–Ardo eta patxaran ekoizpenen kudeaketa entitateen kasuan, %50ekoa.

–Nafarroan kokatuak dauden elkarteen kasuan, legez eratuak badaude eta haien xedea baldin bada jatorri deitura babestu gisa edo adierazpen geografiko babestu gisa aitortzeko prozesuan dauden kalitate figuren prestaketa eta merkaturatzea sustatzea, bultzatzea, defendatzea eta zabaltzea, %50.

–Gainerako kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %35ekoa izanen da.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 66.000 euro emanen zaizkio.

3. Enpresa bakoitzari ematen ahal zaion de minimis laguntza gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

–Lehendabizi, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, esparru geografikoa Nafarroan bakarrik dutenak.

–Bigarrenik, bigarren oinarriko 2. zenbakian adierazitako elkarteak.

–Hirugarrenik, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %50 baino gehiago Nafarroan sortu dutenak.

–Laugarrenik, kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %25 eta %50 artekoa Nafarroan sortu dutenak.

–Azkenik, gainerako entitateak.

3. Eskaerak aurreko puntuaren arabera ordenatu ondoren, aurrekontua banatuko da, lehendabizi, lehentasun handieneko taldeko eskaeren artean. Talde bateko eskaeren artean berdinketa izanez gero, operadore erregistratu gehien dituen kudeaketa entitateak egindako eskaerari erantzunen zaio.

4. Gertatzen bada deialdiko aurrekontuko kreditua aski ez izatea laguntzarako eskubidea daukaten eskaera guztiei emateko dirulaguntza, ebaketa pasatzen duen azken espedienteari emanen zaion laguntzaren zenbatekoa izanen da geratzen dena lehentasun handiena duten eskaerei aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera erantzun ondoren, eta deialdirako baimendutako gehienezkoa gainditu gabe betiere.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Kudeaketa entitateek laguntza-eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen Zerbitzuen Katalogoaren bidez.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua), honako agiri hauekin batera:

a) Diruz lagungarria den epean (hau da, 2021eko azaro-abenduetan eta 2022ko urtarriletik urrira bitartekoan) kudeaketa entitateek egindako kontrol eta ziurtapen zerbitzuen kostuen fakturak, proformakoak edo benetakoak.

b) Kontrol entitatea akreditatzeko azken ziurtagiriaren kopia, UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberakoa. Kontrol entitatea akreditatzeko prozesuan baldin badago, dagokion baldintza-agirirako akreditazio eskaeraren kopia ziurtatua edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; eskaerak akreditazio erakunde nazionalak onartua egon behar du, eta espediente zenbakia esleitua izan behar du.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, XXX naizen honek, nire izenean / XXXX ordezkatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diot egiazta dezan nik (edo ordezten dudan entitateak) egunean ditudala zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak, betiere Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei kontrol eta ziurtapen jardueretarako “de minimis” laguntzak emateko deialdia tramitatzeko prozeduraren ondorioetarako."

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

d) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, non eskatzaileak adieraziko baititu aurreko bi zerga-ekitalditan eta kasuan kasuko zerga-ekitaldian erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

e) Eskatzaileak idatziz edo euskarri elektronikoan egindako adierazpen bat, helburu bererako eskatutako bestelako dirulaguntza publikoei buruzkoa.

f) Adierazpen bat, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.

g) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, eskuragai dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

h) Entitatearen 2022. urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu onartua, behar bezala sinatua eta zigilatua, non kontrol eta ziurtapen lanetarako aurreikusitako gastuak egiaztatuko diren.

i) 2. oinarriko 2. puntuan jasotako entitateen kasuan, Jatorri Deitura Babestuen eta Adierazpen Geografiko Babestuen Europar Batasuneko Erregistroan inskribatzeko eskaeraren egiaztagiria.

4. Onuradunak nahi badu laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuak ematen dituen entitateari, berariaz adierazi beharko du eskabide-orrian.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren kasuan kasuko enpresari emandako de minimis laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan eta, orobat, 407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

5. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hilabete batekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren betebeharrak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zerga-ekitalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako erakundeak gardentasun betebeharrik ez badu ere, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

9. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza ordaintzeko eskaera azaroaren 10a baino lehen aurkeztu behar da, honako agiri hauekin batera:

a) Memoria bat, diruz lagungarria den epean zerbitzuaren emaileak egindako kontrol eta ziurtapen jarduerak azaltzen dituena.

b) Kontrol eta ziurtapen jardueren fakturak, hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarria den epeari dagozkionak.

c) Kontratatutako zerbitzu emaileari jarduketak ordaindu izanaren ziurtagiriak, 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte egindako jarduketei dagozkienak. Eskatzen bada laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuaren emaileari, kontratu sinatua aurkeztu behar da, non zehaztapen hori jasoko baita, eta berariazko eskaera egin beharko da, haren datuak jakinaraziz, ordainketa egin ahal izateko.

d) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

e) Bigarren oinarriko 2. puntuan adierazitako entitateen kasuan, babes nazional iragankorra lortu izanaren justifikazioa.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta erabakiko du ea aurkezturiko gastuak hautagarriak diren, frogagiriak baliozkoak diren eta gainerako dokumentazioa aski den. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

3. Nolanahi ere, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta behar diren egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kudeaketa entitateek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta behar diren berandutze-interesak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, hain zuzen, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatezko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jarduerak egiteko laguntzei dagokien fitxan, zeinak “de minimis” araubideari lotuak baitaude.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2210123