163. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Espazio publikoak karteletatik, pintadetatik eta grafismoetatik babesteari buruzko Ordenantzaren behin betiko onespena

Zaraitzuko Batzorde Nagusiak, 2022ko martxoaren 25ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Espazio publikoak karteletatik, pintadetatik eta grafismoetatik babesteari buruzko Ordenantza, eta erabaki hori 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko ekainaren 6an.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, Ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Ezkarozen, 2022ko abuztuaren 2an.–Batzordeburua, Pedro Mascaray Navarro.

ESPAZIO PUBLIKOAK KARTEL, PINTADA ETA GRAFISMOETATIK BABESTEKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honen helburu nagusia da espazio publikoa zaintzea bizikidetza eta gizalege tokia izan dadin, bertan pertsona guztiek askatasunez gauza ditzaten elkartzeko eta aisialdiko nahi dituzten jarduerak, errespetu osoz besteen duintasunarekiko eta eskubideekiko, eta orobat Iratin eta Erremendian diren askotariko adierazpide eta bizimoldeekiko.

Ordenantza hau berdin aplikatuko da Batzordearen jabegoko instalazioetarako Ezkarozen (Ibaxaren Etxea), Iratin (Iratiko etxeak eta informazio etxola) eta Abodin (Abodi-Iratiko harrera gunea).

Honen bidez gizabidea eta era guztietako pertsona nahiz ondasun publikoekiko errespetua sustatu nahi dira. Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak izanik ere, guztien ondare diren ondasunak eta eremuak kaltetzen dituzte eta bizikidetza erasotzen dute, elkartasun eta errespetu eza adieraziz, herritarren eskubideak eta betebeharrak gizalegez onartzen dituzten herritar gehienenganako.

I. TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Nagusiaren jabegoko espazio publikoen erabilera, eta era berezian Iratiko eta Erremendiko natura gune babestuen erabilera, arautuko duten arauak ezartzea, eta orobat, gizalegezko portaerak sustatzea, ondasun, gune eta instalazio publikoak babesteko asmoz.

2. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da Zaraitzuko Batzorde Nagusiaren jabegoko ondasunak eta espazio publikoak babestea, eta orobat haren instalazio eta elementu guztiak, haiek kaltetzen ahal dituzten erasoen, alterazioen eta erabilera bidegabeen aurrean.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikagarria izanen da Zaraitzuko Batzorde Nagusiaren jabegoko espazio publiko osoan (lurraldea eta instalazioak). Era berean, apaindura publikoari dagokionez, babes neurrien artean jaso dira Batzordearen jabegoko ondasunak eta instalazioak, erabilera publikokoak izan nahiz ez izan, ibaxaren ekipamendu eta instalazioen osagaiak badira, esaterako hesiak, kartelak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eta batzordearen jabegoko era guztietako gainerako ondasunak (zuhaitzak, zuhaixkak, flora eta fauna).

4. artikulua. Herritarren arteko bizikidetzarako printzipioak.

Pertsona guztiek dute bizikidetza errespetatzeko betebeharra, eta ondasun eta zerbitzu publikoak zertarako diren, horretarako erabili behar dituzte. Debekatuta daude herritarren bizikidetza nahasi, eragozpenak sortu, pertsonei zor zaien errespetua urratu eta instalazioak edo ekipamenduak kaltetzen dituzten portaerak.

Besteen eskubideak eta askatasuna errespetarazi eta ondasun publikoen erabilera harmonizatu behar hori dela eta, beharrezkoa izaten ahal da hainbat muga ezartzea espazio publikoak erabiltzeko eskubidearen gauzapenari.

Inork ez du abusuzko edo bazterkeriazko jardunbiderik erabiliko, ondasun nahiz instalazio publikoak eta ingurumena errespetatu behar direlako eta ez direlako kaltetu behar.

5. artikulua. Ondasunak hondatzea. Pintadak eta grafismoak.

Ez da jarduketarik egiten ahalko ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, kaltetzen edo hondatzen baditu, edo haien estetika itsusten badu, ondasun publikoak egin diren helburuetarako erabili behar baitira. Ezin dira egokia ez den erabilera baterako erabili.

Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.

Debeku honetatik salbuesten dira Zaraitzuko Batzorde Nagusiaren baimen espresua duten jarduketak. Kultura eta kirol ekitaldietan jartzen ahal diren kartelak eta banderolak baimendutako zehaztasunak zorrotz betez jarriko dira, eta betiere berriz bildu beharko dira baimendutako ekitaldia edo emanaldia bukatu ondoren, gehienez bost eguneko epean, eta horiek iraganik kendu ez badira, agindua ez dela bete ulertuko da, eta dagokion prozedura zehatzaileari emanen zaio hasiera.

Batzordearen baimena ematea hautazko egintza da, eta ematen denean erantsiko da zer baldintza eta betebehar bete beharko dituen baimendutako jarduketak.

Batzordeak ofizioz kenduko ditu, udal langileak baliatuz, erabiltzen den edozein kartel, material edo tresna, jarduketa horiek Batzordeak eman beharreko baimenik gabe egiten ari badira. Orobat, ofizioz bukarazi edo eten eginen du behar den baimenik gabe egiten ari den edozein emanaldi, deialdi edo ekitaldi.

Natura guneen eraikin batean edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahalko dio bidezko kalte ordaina eta garbitzeko, berria jartzeko edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

II. TITULUA

Zehapen araubidea

6. artikulua. Xedapen orokorrak.

Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.

Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor zuzenbideko arau-hauste ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldiaraziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartzen duen arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

7. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

8. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astuntzat joko dira herritarren bizikidetza nabarmen nahasten duten arau-hausteak, kaltetzen badituzte modu larri, berehalako eta zuzenekoan beste pertsona batzuen lasaitasuna edo legezko eskubideen erabilera, edo era guztietako jarduerak, araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzen direnak.

Ekipamendu, azpiegitura, instalazio edo elementu higigarriak edo higiezinak modu larri eta nabarmenean kaltetzen dituzten ekintzak, eta zuhaitzak edo zuhaixkak markatzea kalte konponezina eraginez.

9. artikulua. Arau-hauste astunak.

Herritarren bizikidetza modu arinean nahastea, ekintza horrek kaltetzen badu beste pertsona batzuen lasaitasuna edo legezko eskubideak erabiltzea, mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzean, herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

Espazio publikoko ondasunak modu larrian hondatzea.

Espazio publikoan pintadak, grafismoak, muralak edo kartelak jartzea, ondoren kentzea zaila bada.

Batzordearen instalazioetako edo ekipamenduetako zuhaitzak eta landareak hondatzea, kartelak, pintadak eta antzekoak jartzen edo egiten ari diren bitartean.

Batzordearen baimenarekin egindako ekitaldi, proba edo ospakizun baterako jarritako kartelak, banderolak eta antzekoak ez kentzea bost eguneko aginduzko epean.

Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

10. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian jaso gabeko jokaerak badira.

Nolanahi ere, arau-hauste arina izanen da pintadak, grafismoak edo muralak egitea Zaraitzuko Batzordearen jabegoko gune publikoetako edozein ondasunetan, erraz kentzeko moduan jarri badira eta Batzordeko langileen edo eginkizun hori bete behar duen beste edozeinen eginkizuna zaildu ez bada. Kartelak edo antzekoak jartzea zailtasun handirik gabe kentzeko moduan, Batzordeko langileen edo eginkizun hori bete behar duen beste edozeinen eginkizuna erraztuz.

11. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 100 eurotik 300 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste astunak 301 eurotik 500 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira.

Arau hauste oso astunak 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira.

12. artikulua. Kaltea konpontzea.

Ordenantza honetan ezartzen diren zehapenak ezartzen direnean, horiekin batera eskatzen ahalko zaio arau-hausleari eraldatu duen egoera lehengoratzeko, Zaraitzuko Batzorde Nagusiaren irizpideari jarraikiz. Betiere Batzordearen irizpideari jarraikiz, eragindako kalte-galerak konpontzeko edo ordaintzeko eskatzen ahalko zaie arau-hausleei.

13. artikulua. Erantzuleak.

Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

Era guztietako kartelak, banderolak edo antzekoak jartzeari dagozkion arau-hausteen erantzule solidarioak izanen dira, baita ere, iragarlea edo dagokiona, eta egile materiala ere bai.

Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak. Egile materialik ez balego, zuzeneko erantzuleak izanen dira kartela, banderola edo antzeko horiek eragindakoak.

14. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Zehapenaren graduazioa erabakitzeko inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

Nahita egitea.

Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatuari jarraikiko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek dagokien eskumena erabiltzeko, toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko, hain zuzen.

Iragarkiaren kodea: L2210698