161. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Ordenantza, arautzen duena nola izapidetu hirigintzako lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak. Behin betiko onespena

Lodosako Udalak, 2022ko maiatzaren 5ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea ordenantza bat: Ordenantza, arautzen duena nola izapidetu Lodosako Udalaren hirigintzako lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak.

Iragarkia 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 24an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lodosan, 2022ko uztailaren 19an.–Alkatea, Lourdes San Miguel Rojo.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA IZAPIDETU LODOSAKO UDALAREN HIRIGINTZAKO LIZENTZIAK ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA BEHAR DUTEN EGINTZAK

I. KAPITULUA

Xedea eta eremua

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da prozedurak arautzea hirigintzako legedian aurreikusten diren hirigintzako lizentziak eskatzeko, baita beste prozedura batzuk arautzea ere, non Udalaren esku-hartzea beharrezkoa den, komunikazioak eta erantzukizunpeko adierazpenak kontrolatzeko, nahiz eta jarduera, obra edo zerbitzuek nahitaezkoa ez izan lizentzia edo baimena lortzea aldez aurretik.

2. artikulua. Hirigintzako lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak.

Hirigintzako lizentzia Udalaren egintza arautua da; haren bidez, egiaztatu ondoren aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak, eskatzaileari baimena ematen zaio erabil dezan lehendik zuen eskubidea eraikitzeko edo bestelako jarduera batzuk egiteko. Aipatutako egiaztapen hori eginen da lizentzia eta prozedura mota bakoitzerako nahitaezkoa den dokumentazioaren gainean.

Baimena aldez aurretik lortzea nahitaezkoa ez duten jarduera obra edo zerbitzuetan, Udalaren esku-hartzearen helburua izanen da egiaztatzea pertsona interesdunak adierazi dituenak, eta sektoreko legedian ezarritako baldintzak betetzea.

II. KAPITULUA

Hirigintzako lizentziaren eta erantzukizunpeko adierazpenaren subjektuak eta eremua

3. artikulua. Hirigintzako lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden egintzak.

Hirigintzako lizentzia eta, behar denean, erantzukizunpeko adierazpena beharko dira edozein eraikuntza, instalazio, obra edo jarduera egiteko, baldin eta betetzen badira hirigintzan eta eraikuntzan indarrean dagoen araudiko determinazioak; lurzoruaren erabilerak; hirigintzako planeamendua; udal ordenantzak; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Ordenantza hau aplikatuko zaie eraikuntza, instalazio eta obra guztiei, udal-mugarteko edozein tokitan eginda ere, hala lur publikoetan nola pribatuetan, eraikinen barnean nahiz kanpoan.

Arestian aipatutako eraikuntzak, obrak edo instalazioak sarturik egon behar dute indarrean den hirigintza-araudian jasotako kasuetako batean.

4. artikulua. Hirigintzako lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden egintza motak.

1.–Hirigintzako lizentzia behar duten egintzak: Aldez aurretik lizentzia behar dute honako egintza hauek, ezertan ukatu gabe indarrean dagoen Lurralde Antolamendu eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen arabera bidezkoak diren gainerako hirigintzako baimenak eta kasuan-kasuan aplikatzekoak diren lege berariazkoek finkatzen dituztenak. Hona hemen:

a) Mota guztietako eraikuntza- eta instalazio-obrak, eraikuntza berrikoak badira.

b) Lehendik dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.

c) Bestelako eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatzen edo berritzen dituzten obrak.

d) Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

e) Behin-behinean egin beharreko obrak eta erabilerak.

f) Hirigintzako partzelazioak eta landa-lurreko finkak bereiztea eta zatitzea.

g) Lur-mugimenduak, hala nola lurra erauzi, zelaitu, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek zehaztu eta programatutako obrak badira onetsita dagoen urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean.

h) Eraikinak eta instalazioak lehenbiziko aldiz erabiltzea edo okupatzea, oro har, eta haien erabilera aldatzea.

i) Eraikinak botatzea, salbu eta hur-hurreko aurria deklaratuta daukatenak.

j) Lurpeari eragiten dioten instalazioak.

k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin badira zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke, planeamendu onetsia izan nahiz ez, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak direnean.

l) Presa, idoi eta defentsa-obrak egitea eta ubide publikoak zuzentzea, ez badira interes orokorreko obra publikoak.

m) Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, baita jabari publikoko lurretan egiten badira eta administrazioaren kontzesioa behar badute ere.

n) Eta, oro har, erregelamendu bidez seinalatzen diren egintzak, berekin ekartzeagatik obrak, edo lurzoruaren nahiz lurpearen erabilera handiagoa, haien erabilera pribatiboa edo erabilera ez-normala edo lurren berezko nekazaritza edo oihangintzako erabileraz bestelakoa.

Egintza administratibo bakarrean eta aldi berean baimentzen ahalko dira hirigintzako lizentzia behar duten kasu bat baino gehiago, bai eta beste baimen lokal batzuk ere.

2.–Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak:

a) Merkataritza jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.

c) Itxiturak eta hesiak.

d) Bide publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

e) Obra txikiak.

f) Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

5. artikulua. Lizentziak emateko organo eskudunak.

1.–Lizentziak emateko edo ukatzeko eskumena alkatearena da, eta hark eskuordetzen ahalko du, toki araubideko araudian ezarritako moduan.

2.–Instrukzio-egintzak, hala nola jendaurreko epea irekitzea, zuzentzen ahal diren akatsak komunikatzea eta gisakoak, hirigintza eginkizunak bere gain dituen udal zerbitzuak edo alorrak gauzatuko ditu.

6. artikulua. Hirigintzako lizentzia eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak eskatzera behartuta dauden subjektuak.

Pertsona fisiko, erakunde pribatu, pertsona juridiko, erakunde edo administrazio publiko guztiek dute hirigintzako lizentzia eskatzeko edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharra, lurzoruaren erabilerari eta hirigintzari buruzko egintzak hasi aurretik.

Inor toki mailako kontroletatik salbuetsita egonez gero edo interes orokorreko kasua izanez gero, aplikatzekoa den araudiari jarraituko zaio.

7. artikulua. Partikularren hirigintza-jarduketak jabari publikoko lurretan.

Lizentzia edo baimena emateko erabakia hartzeko, kontuan hartu badira proiektu teknikoa edo eskatutako dokumentuak, ukatzeak edo baimenik ez emateak galaraziko dio partikularrari lizentzia eskuratzea eta organo eskudunari hura ematea.

8. artikulua. Jarduketak lurzoru urbanizaezinean eta urbanizagarrian.

Lurzoru urbanizaezinean edo lurzoru urbanizagarrian egin nahi diren lurzoruaren edo eraikuntzaren erabilera-egintzek lizentzia lortuko dute jarraikiz ezarrita dagoenari indarreko udal plan orokorrean eta lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legedian.

III. KAPITULUA

Hirigintzako lizentzien araubide juridikoa eta tramitazioa

1. ATALA

Araubide juridikoa

9. artikulua. Baldintza orokorrak eta ondorioak.

1.–Lizentzia-eskaerak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko dira, dokumentazio osoa erregistro orokorrean aurkezten denetik hasita. Epe horretan egintzarik jakinarazten ez bada, lizentzia Administrazioaren isilbidez emantzat joko da, salbu eta Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean.

2.–Lizentziak emanen dira galarazi gabe lortu behar izatea toki araubideko edo araubide sektorialeko legediaren arabera aginduzkoak diren gainerako baimenak ere.

3.–Lizentzia izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketako subjektuaren artean, baina ez dituzte aldatuko subjektuak gainerakoekin dituen egoera juridiko pribatuak.

b) Emantzat joko dira, salbu utzirik jabetza eskubidea eta hirugarrenen kalterik gabe.

c) Lizentziak babestutako obrak bakarrik egiten ahalko dira. Egiten baldin badira berariaz baimendutako obrak ez diren beste mota bateko obrak, lizentzia eskatu beharko da aldez aurretik, galarazi gabe nahitaezko espedientea instruitzea, hirigintzako legezkotasuna babesteko eta zehapenak jartzeko, obrak lizentziarik gabe gauzatzeagatik.

d) Honako hauek izanen dira gutxieneko epeak eraikitze egintzak eta lurzoruaren erabilera egintzak gauzatzeko, salbu planeamenduak besterik aurreikusten badu: urtebete, obrei hasiera emateko, eta hiru urte, obrak bukatzeko.

Aurreko apartatuan finkatutako epeak betetzen ez badira, lizentzia iraungitzeko espedientea hasiko da. Kasu horretan, interesdunari entzunaldia emanen zaio, hamabost egun baliodunekoa gutxienez.

Lizentzia emateko eskumena duen organoak berak deklaratuko du lizentzia iraungi dela.

e) Udalak lizentziako epeak luzatzea baimentzen ahalko du baldin titularrak propio eskatzen baldin badu, obrak hasteko eta bukatzeko finkatutako epea hasi baino bi hilabete lehenago. Kasu horietan, aplikatuko da lizentzia eman zenean indarrean zegoen araudia. Ezin izanen da modu baliozkoan eskatu lizentziak luzatzeko baldin ez bada iragan ezarritako epearen erdia gutxienez.

Obrak hasteko epea luzatzeko baimena ematen bada, bukatzeko epea ere luzatuko da berez, eta bukatzeko data espresuki adierazi beharko da.

f) Iraungitzea deklaratu eta jakinaraziz gero, lizentzia berria eskatu eta lortu beharko da obrak hasteko edo bukatzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, salbu lizentziak ematea etenda badago.

g) Interesdunak udal zerbitzuen eskura izan beharko du lizentzia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.

h) Lanak egiterakoan jarraitu beharko zaie indarrean diren xedapenei, eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan.

i) Lizentziak ezin izanen dira argudiotzat hartu titularren erantzukizun zibila edo penala apaltzeko edo kentzeko, baimendutako jarduketetan.

j) Baimenak eskualdatzen ahalko dira; halakoetan, lehengo titularrak eta titular berriak idatziz komunikatu beharko diote Udalari; bestela, biek izanen dituzte lizentziak babesten duen jarduketaren ondoriozko erantzukizunak.

k) Lanak egitean, betebeharra izanen da obrek bide publikoetan eta inguruan ekarritako kalteak konpontzea, eta toki horiek seguru, osasungarri eta garbi edukitzea.

l) Debekatuta egonen da kaleetan, plazetan eta pasealekuetan jartzea aldamioak, eskailerak, makinak, tresnak, erremintak edo lanabesak, baita bestelako eraikuntza objektuak eta materialak ere baldin zirkulazio publikoa oztopatzen ahal badute eta berariazko baimenik ez badute.

4.–Obra-lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hala, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko.

Horren ondorioz, lizentziak luzatzen eta ematen dira uste izanik aipatutako erabilerak legeztatuta daudela, eta legeztatuta ez badaude ez da babestuko inolako obrarik.

2. ATALA

Obretarako hirigintzako lizentzia emateko prozedura abiaraztea

10. artikulua.

1.–Obra-lizentziak eskatzeko, erabiliko da Udalak ematen duen eskabide eredua, eta eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A) Eraikingintzaren Kode Teknikoan zehaztutako oinarrizko proiektua, fakultatibo eskudun batek sinatua, zeinak frogatuko baitu, legez ezarritako ondorioetarako, egiazkoak eta zehatzak direla proiektuan jasotako datu teknikoak.

B) Proiektua idatzi duen teknikariak izenpetutako adierazpena, azaltzen duena betetzen direla hirigintzako araudi indarduna eta eraikuntzaren kalitatearen eta segurtasunaren oinarrizko betebeharrak.

2.–Oin berriko eraikinak egiteko lizentzia eskatzen denean, agerrarazi beharko da orubea erabat librea dela eta bertan eraikitzeko ez dagoela ez eraikinik ez trabarik. Bestela, baimena eskatu beharko da, lehenago edo aldi berean, bertan diren eraikinak botatzeko, lur mugimenduak egiteko eta abarretarako.

3.–Eskabidearekin batera, proiektu teknikoaren ale bat aurkeztuko da.

Proiektuak eta txostenak aurkezteko beste bitarteko bat izanen da Nafarroako Gobernuaren Dokumentuen Biltegia; hala eginez gero, lizentziaren eskabidean, eskatzaileak edo ordezkariak jakinaraziko du Nafarroako Gobernuaren Biltegian utzi duela.

11. artikulua.

Obrak hasi aurretik, aurkeztuko da Eraikigintzaren Kode Teknikoan zehaztutako eraikuntza proiektua.

12. artikulua.

Oin berriko obretan, atxikirik geldituko dira bai fatxada bai gainerako elementuak eta hartu beharko dituzte Udalak jartzen dituen argindarraren eta gainerako zerbitzuen elementuak.

13. artikulua.

Udal xedapenen arabera obra batzuek beharrezko badute bertan jartzea aldamioak, hesiak, edukiontzia, edo bide publikoa okupatzea eraikitzeko materialekin edo hondakinekin, aldez aurretik baimena eskatu beharko zaio Udalari. Udalak beste baimen bat emanen du horretarako, bere tasa eta guzti, egoki den ordenantza fiskalaren araberakoa.

14. artikulua.

Obra horiek behar baldin badute beste udal baimen mota bat, eta ordainarazpena eskatzen badute, aurkeztu beharko da/dira altako deklarazioa/deklarazioak, eta, horrekin batera, obrak gauzatzeko lizentziaren edo lizentzia komunikatuaren eskabidea.

15. artikulua.

Eskatzailea beste administrazio publiko bat baldin bada, eskabidean zehatz-mehatz adierazi beharko da zer administrazio organok edo unitatek duen erantzukizuna baimen eskariaren xedeko jarduketaren gainean (departamentua, zuzendaritza, ordezkaritza, zerbitzua, etab.).

16. artikulua. Proiektu teknikoak.

1.–Proiektu teknikoa da egin beharreko jarduketak definitzen dituzten dokumentuen multzoa; haren edukia eta zehaztasuna behar bezalakoa izanen da, Udalak haien xedea ezagutzeko eta araudi aplikagarriarekin bat heldu den jakiteko.

2.–Edukiaren eta norainokoaren arabera, proiektu teknikoek honako sailkapen hau dute:

–Eraikuntzako proiektu teknikoak, jarraitu behar diotenak ezarrita dagoenari Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legean, Kode Teknikoan eta, hala behar badu, aplikatzeko legedian, eta

–Beste proiektu tekniko batzuk, lege horretan jasotzen ez diren jarduketetarako, ordenantza honetan ezartzen denari jarraitu behar diotenak.

3.–Proiektu teknikoa aurkeztu beharko da dagokion elkargo ofizialaren ikus-onetsi aginduzkoekin (hala behar badu), teknikari eskudunak sinaturik egon beharko du, eta bete beharko ditu indarrean dagoen legediaren araberako baldintza formalak.

4.–Behar den lizentzia onartuta, lizentziari atxikiko zaio dokumentazio teknikoa edo proiektu teknikoa, haren baldintza material gisa.

17. artikulua. Zuzentzen ahal diren akatsak.

1.–Idazkia edo eskaera aurkezturik, hura hartzeko ardura duten udal zerbitzuek aztertuko dute ea betetzen ote dituen indarreko legediak eskatzen dituen baldintzak. Prozedura hasteko funtsezko baldintzaren bat falta dela ohartuz gero, ofizio baten bidez horren berri emanen diote administratuari, okerra zuzendu dezan edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egintzat joko dela, aldez aurretik ebazpena emanda. Ebazpen hori eman beharko da administrazio prozedurari buruzko legediaren arabera.

2.–Komunikazioak modu arrazoituan adieraziko du ea nahikoa den datu gehiago ematea eta daudenak zuzentzea, edo dokumentazio berri oso bat aurkeztu behar den, kontuan hartuta hautemandako akatsen kopurua eta garrantzia. Dokumentazio berriak segitzen badu akatsak izaten, aukera hauek izanen dira, betiere arrazoituta: azken epea ematea, aurrekoaren erdia –horiek zuzentzeko–, edo eskaera artxibatzea, edo lizentzia ukatzea.

3.–Lizentziak tramitatzeko behar den dokumentazioko akatsak bakarrik zuzentzen ahal dira, baita araudiko hirigintzako parametroen ez-betetzeak ere, baldin zentzuz egozten ahal bazaizkie neurketak egitean egindako akats materialei, baina inola ere ez dira zuzentzen ahal aplikatzekoa den araudiak arau-hauste astuntzat hartzen ahal dituen gabeziak.

3. ATALA

Prozeduraren instrukzioa

18. artikulua. Tramitazioaren gaineko arau orokorrak.

1.–Hirigintza Alorrari dagokio ordenantza honetan arautzen diren lizentziak tramitatzea, deusetan ukatu gabe beste udal zerbitzu batzuek aldi berean dituzten eskumenak.

2.–Hirigintza Alorrak kudeatuko ditu espedienteak, eta berak eskatuko dizkie beharrezko edo aginduzko txosten guztiak ofizialki inplikatuta dauden beste organoei.

3.–Egintza bakarrean erabakiko dira aldi berekoak izan daitezkeen tramite guztiak, baldin ez badira nahitaez bete behar bata bestearen segidan.

4.–Espediente baten ondorioz gorabeherak sortzen badira, izaera orokorrekoak edo udalaren barnekoak, xede zehatzari zuzenean eragiten ez diotenak, orduan independenteki tramitatuko dira, prozedurari atzerapenik ekarri gabe.

19. artikulua. Udalaren txostenak.

1.–Prozeduraren instrukzioan aginduzkoa bada ordenantza honetan ezarritako udal txostenak ematea, eta besterik zehazten ez bada, unitate arduradunek hamar eguneko epea izanen dute horiek emateko, erregelamenduaren araberako dokumentazioa bildu eta biharamunetik hasita.

2.–Hirigintza Alorrak Udalaren beste alor edo zerbitzuei eskatzen dizkien txostenak aldekotzat hartuko dira baldin epe horretan ematen ez badira.

3.–Txostenen edukiaz interesdunei ematen zaien informazioak adierazi beharko du txostenek ez dutela ebazpen baliorik.

20. artikulua. Obretarako hirigintzako lizentziak emateko prozeduraren instrukzioan, honako tramite hauek bete beharko dira:

a) Ukitutako administrazioei komunikazioa igortzea, araudian ezarritako epean eman ditzaten beren eskumeneko alderdiei buruzko txostenak. Bereziki, oin berriko etxebizitza eraikinak eraikitzeko lizentziak eman aurretik, bizigarritasunari buruzko aurretiazko txostena eskatuko zaio etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari.

b) Lizentziaren eskatzaileak frogatu behar badu beste erakunde baten aldez aurreko adostasuna, Udalak eman beharko dio horren berri, espresuki eta behar bezainbat denbora lehenago eman ere.

Udalak beharrezko bitarteko guztiak jarriko ditu beste erakunde batzuetan egiten diren kudeaketek ez dezaten atzerapenik ekarri ebazpena emateko; horretarako, behar diren barne tramite guztiak eginen ditu baldin aldi berean egiten ahal badira.

21. artikulua. Eskaera berriak, lehenagoko espediente bururatu baten akatsak zuzentzeko dokumentazioa ekarrita.

1.–Hirigintza lizentziaren eskaera artxibatu baldin bada eskatzaileak ez dituelako erregelamenduzko epean zuzendu Administrazioak adierazitako akatsak, edo eskaera ukatu baldin bada ez datorrelako bat aplikatzekoa den araudiarekin, lizentzia berria eskatzen ahalko da, aurkeztuta dokumentazio osoa eta/edo araudiari egokitua.

2.–Eskaera berri hori formalizatuko da ordenantza honetan aurreikusitako baldintzen arabera, eta bertan interesdunak erreferentzia egiten ahal dio jadanik bururatua den espedienteari, hartan dagoen dokumentazio baliozkoari dagokionez, eta aurkeztu dezake dokumentazioa berritik idatzia edo zuzendua, aplikatzeko araudiak exijitzen duena osatzeko. Nolanahi ere, jarduketa hau lizentzia berri baten eskaeratzat hartuko da honako hauei dagokienez: aurkezpenaren data, tramitazioaren araubidea eta hirigintza nahiz zerga aldetik aplikatzekoa den ordenamendua.

4. ATALA

Prozeduraren ebazpena

22. artikulua. Ebazpena eta baldintzak.

1.–Lizentzia emateari edo ukatzeari buruzko ebazpena arrazoitua izanen da, eta erabakia justifikatzen duten arauak ere adierazi beharko dira, legediko eta hirigintzako planeamenduko aurreikuspenen arabera. Halaber, gehitzen ahalko dira exekuziorako behar diren determinazio edo baldintzak.

2.–Lizentzian, araudi horretan jasotzen diren determinazioak ezartzen ahal zaizkio titularrari; ez besterik.

3.–Tramitazioaren ardura duten udal zerbitzuek txosten tekniko bat emanen dute, eta horren barnean joanen da ebazpen proposamena, igorriko zaiona prozedura ebazteko ahalmena duen organoari. Honelakoa izan daiteke:

a) Ematea: zehaztuko da eskatutako jarduketak zer baldintza edo neurri zuzentzaile bete behar dituen, indarreko ordenamenduarekin bat etortzeko.

b) Ukatzea: behar bezala emanen dira horretarako arrazoiak. Jakinarazpenarekin batera igorriko da arrazoi horiek zehazten dituzten txostenaren edo txostenen kopia.

c) Artxibatzea: hau gertatuko da jarduera faltagatik edo zuzenketak ez egiteagatik.

4.–Lizentzia eskaerak ezin dira ebatzi gabe utzi argudiatuta lege-aginduen isiltasuna, iluntasuna edo murriztasuna.

5.–Organo eskudunak ebazpena eman behar du ordenantza honetan prozedura mota bakoitzerako gehienez ezarritako epean, espedientea hasitzat hartzen den egunetik hasita.

23. artikulua. Determinazioen erregistroa.

Lizentzietako determinazioek berekin baldin badakarte finka batzuen gaineko jabaria edo bestelako eskubide erreala mugatzea edo aldatzea, lizentziaren titularrak horien berri eman beharko dio Jabetza Erregistroari, inskriba daitezen; horretarako, administrazio-ziurtagiria emanen da, haien ezaugarriekin, zehazturik mugatzea behin betikoa den ala ez, eta baita ukitutako finken erregistroko datuak ere; titularrak eman beharko ditu. Erregistroaren arabera pertsona hori ez bada finkaren jabea, aldez aurretik aurkeztu beharko du jabearen konpromiso berariazkoa inskripzioa egiteko.

24. artikulua. Epeak eta luzapenak.

1.–Ordenantza honetan ezarritako epeek behartzen dituzte bai udal organoak eta Udalbatzako kideak, bai Udalaren zerbitzuko langileak eta interesdun guztiak.

2.–Behin betiko ebazpenak gehienez ere bi hilabetean eman beharko dira, eta denbora hori soilik etenen da behar-beharrezkoa den denboran, akatsak zuzentzeko eta beste administrazio batzuei dagozkien nahitaezko txostenak lortzeko.

4.–Behin betiko ebazpenerako epea luzatzeko, bete beharko da administrazio prozedura erkideari buruzko legediak aldi bakoitzean xedatzen duena.

25. artikulua. Administrazioaren isiltasunaren araubide juridikoa.

1.–Lizentzia ebazteko aipatutako epeak iraganik, legez behar diren etenaldiak izanda, Udalak ez badu berariazko ebazpenik ematen, lizentzia joko da administrazioaren isiltasunez emantzat, salbu Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen bada eta honako kasu hauetan:

a) Eskatutako lizentzia baldin bada bide publikoan edo jabari publikoko nahiz ondareko ondasunetan jarduerak egiteko, ukatutzat joko da.

b) Egin behar denean ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo jardueren ingurumen-ebaluazioa. Horrelakoetan, ingurumenaren gaineko prozedura ebazteko legeak ezartzen dituen epeak bukatu baldin badira oraindik adierazpenik edota ebaluaziorik egin gabe, lizentzia ukatutzat joko da, administrazioaren isiltasun bidez.

c) Partzelazio-lizentzien edo horiek beharrezkoak ez direla deklaratzeko lizentzien kasuan, isiltasunak ezetza adieraziko du.

Administrazioaren isiltasun positiboaren epeak bukatuta ere, Udalak nahitaez eman beharko du berariazko ebazpena.

2.–Administrazioaren isiltasun bidez lizentzia lortzeak ezin izanen du urratu xedaturik dagoena legeetan, lurralde-antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza planetan. Era berean, ezin izanen dira administrazioaren isiltasunaren bidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak. Erabat deusezak izanen dira administrazioaren isiltasunaren bidez ematen diren lizentziak, eta eraginkortasunik gabeak izanen dira haietatik lortzen diren ahalmen eta eskubideak, baldin badira hirigintzaren arloko ordenamendu juridikoko legeen eta gainerako xedapenen aurkakoak.

26. artikulua. Aldaketak.

1.–Interesdunak proposatzen ahalko ditu formalki, noiznahi baina behin betiko ebazpena baino lehen, bidezko iruditzen zaizkion aldaketak hasierako eskabide eta proiektuekiko.

2.–Aldaketa horiek eskabide berritzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta, hala behar denean, hasierakoa osatu edo ordeztuko du.

3.–Hirigintza Alorrak eska dezake, horretarako arrazoiak emanda, proiektu oso bategin bat aurkezteko, hala komeni bada proposatutako aldaketen kopuruagatik edo garrantziagatik, proposamena argiagoa izan dadin eta galaraz daitezen dokumentazioan izan daitezkeen kontraesanak.

27. artikulua. Jarduketaren zuzendaritza teknikoa eta erantzukizuna.

1.–Bai lizentziaren titularra, bai proiektu teknikoaren prestatzailea, biak izanen dira aurkeztutako dokumentazioko datuen egiazkotasunaren erantzule; halaber, erantzun beharko dute baimendutako jarduketan sor litezkeen gorabeheren aurrean, salbu proiektuaren teknikari arduraduna ez bada aldi berean zuzendaria; kasu horretan, horixe jakinarazi beharko baitzaio Udalari, behar den denboraz, betiere dagokion dokumentazioarekin batera.

2.–Azken betekizun hori betetzen ez bada, gorabehera horien erantzuletzat joko da onetsitako proiektua sinatu duen teknikari arduraduna, lizentziaren titularrarekin batera.

3.–Zuzendaritza teknikoan ordezkapenik gertatzen bada Udalari jakinarazi beharko zaio, aldaketa hori legeztatzen duen dokumentazioarekin batera.

28. artikulua. Titulartasun aldaketak.

1.–Titularrak lizentziak eskualdatzen ahalko dizkio beste bati, eta bi aldeak behartuta egonen dira Udalari horren berri ematera, horretarako idazki bat aurkeztuta eta bertan adierazita biak konforme daudela, edota, behar den dokumentazioa aurkeztuta, zeinaren bidez titular berriak nahikotasunez frogatu beharko baitu aldaketaren arrazoia, aurkakotasunik ez dagoela ziurtatzeko.

2.–Delako aldaketa horren komunikazioan sartu beharko da titular berriak bere gain hartzen dituela bai karga bai erantzukizun guztiak (baldintzak, kalte-ordainak hartzeko ukoa, aldi baterako ixteko aginduak, eta abar), lizentzia horri atxikiak daudenak. Karga adierazita baldin badago eskritura publikoan, hori berritu egin beharko da formazko baldintza berberetan, eta abalik aurkeztu bada, hori ordeztu beharko da eta titulartasun berriari egokitutako beste bat ezarri.

3.–Lizentzia bat eskualdatzeak ez du sekula ere ekarriko hura emateko ezarri ziren baldintzak aldatzea, edozer izanik ere adierazten dena haren komunikazio idazkian edo hari buruzko udal egintzan, eta galarazi gabe ezarritako diziplinako neurrien eraginkortasuna.

4.–Titulartasun aldaketaren komunikazioak ez baditu betetzen hartarako eskatutako gutxieneko baldintzak, Udalak erabakiko du, horretarako arrazoiak emanez, hortik aitzina norekin (batekin edo gehiagorekin) jarraituko duen harremanetan jarduketei dagokienez eta, hala bada, erabakiko du ea bidezkoa den neurri hertsatzaileak aplikatzea, egin den eskualdatze hori arautzearren.

29. artikulua. Jarduketei uko egitea, atzera egitea eta berriz ekitea.

1.–Interesdun orok atzera egin dezake lizentzia eskaeran, edo lizentziari uko egin diezaioke; halakoetan, espedientea artxibatu eginen da, eta Prozeduraren Legearen arabera tramitatuko.

2.–Lizentzia emateari buruzko ebazpena hartzen den eguna arte, eta obrak ez badira oraindik hasi, interesdunek espresuki uko egiten ahal diote; halakoetan, tasaren zenbatekoa mugatuko da Udalak egin dituen lanetara, baina betiere gutxienekoa izanen da hasiera batean zegokion tasaren % 50.

3.–Espedientea artxibatzea ez da oztopo izanen tramitazioa berriz hasteko, baldin –epea iraganda ere– interesdunak errekerimenduari erantzuten badio eta akatsak zuzentzen baditu, baldin eta, Hirigintza Alorrak iritzi arrazoitua emanda, inguruabarrak ez badira aldatu edo gehiegizko atzerapenik sortu ez bada.

30. artikulua. Lizentzien iraungipena.

1.–Obrak hasi gabe urtebete igarotakoan edo amaitzeko hiru urte igarotakoan, udalak lizentzia iraungitzat joko du, titularrari hamabost eguneko entzunaldia eman ondoren.

2.–Lizentziak ondoriorik gabe geldituko dira onuradunari ezarritako baldintzak betetzen ez badira eta lizentziak emateko epea bukatzen denean.

3.–Lizentziak errebokatzen ahalko dira baldin eta lizentzia ematea eragin zuten inguruabarrak desagertzen badira edo lizentzia eman ondoren beste inguruabar batzuk gertatzen badira, berekin ekarriko zuketenak lizentzia ukatzea.

Era berean, errebokatzen ahalko dira baldin oker eman bada edo balorazio irizpide berriak ezartzen badira. Kasu horietan, errebokatzeak berekin ekarriko du eragindako kalte-galeren ordaina.

31. artikulua. Hirugarren pertsona interesdunak.

1.–Espedientean ager daitezke behar adina pertsona, baldin eta behar bezala erakusten badute eskubidea dutela edo interes legitimoa dutela, eta espedientean alderditzat hartuko dira, ematen diren ebazpen guztien jakinarazpenetarako. Hori guztia, galarazi gabe hirigintzako akzio publikoa.

2.–Entzuteko tramitea ematen ahal zaie, hamar eguneko epean, behin betiko egintza baino lehen, baldin espresuki eskatzen badute eta horren ondorioz ez bada gainditzen ebazteko emaniko gehieneko epea.

32. artikulua. Lizentziak etetea.

1.–Planeamenduko aldaketagatik erabakitzen bada lizentzien ematea etetea, ebazteko prozedura bertan behera geldituko da, eta hori jakinarazi beharko zaio eskatzaileari.

2.–Nolanahi ere, indarreko araubidean oinarritutako lizentziak ematen ahalko dira baldin eta planeamendu berriko determinazioak errespetatzen badira.

33. artikulua. Antolamenduz kanpoko eraikinak.

Jarduketa proiektatzen bada antolamenduz kanpoko eraikinetan, lizentzia eskatu duen pertsonak eta, hala bada, lokalaren jabeak, dokumentu publiko baten bidez uko egin beharko diote kalte-ordaina jasotzeko eskubideari, nork bereari, sortzen diren kalteengatik edo kostuengatik, jarduketa horri dagokionez, planeamenduaren exekuzioagatik.

34. artikulua. Tasak eta zergak.

1.–Lizentzien edo egintza komunikatuen ondoriozko tasak, zergak edo prezio publikoak likidatuko dira dagokien ordenantza fiskaletan aurreikusitakoaren arabera.

2.–Hirigintza Alorrak zerbitzu ekonomiko arduradunari lagunduko dio; horretarako, emanen dizkio zerga kontuetan eragina duten hirigintzako datu guztiak, baita udal ogasunarentzat beharrezkoak direnak ere, zerga-bilketaren ondorioetarako.

3.–Aurreko puntuarekin bat, proiektatu den esku-hartzean aldaketa bat gertatzen eta baimentzen bada, eta horren ondorioz hasierako aurrekontua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio dagokion udal zerbitzuari, Kontu-hartzailetzari eta Diruzaintzari.

4.–Jabetza Erregistroko edozein inskripziorengatik heldu diren gastuak lizentziaren titularraren kargura joanen dira beti.

35. artikulua. Fidantzak.

Diruzaintzan utzi beharko dira obra batzuk exekutatzeko behar diren fidantzak (esku-dirutan nahiz abalaren bidezkoak), bereziki obra horiek eremu publikoan egiten direnean, eta Zerbitzu Teknikoen aldeko txostena emandakoan itzuliko dira.

5. ATALA

Lizentzia behar duten egintzen lehen okupazioa

36. artikulua.

1.–Nahitaezkoa denean, dagokion lizentziako obra bukatu eta hurrengo hilabetearen barrenean, eta behin betiko likidatu daitezen obra-lizentziaren tasa eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, jakinarazpena aurkeztu beharko da honako inguruabar hauekin denekin (horretarako erabiltzen ahalko da Udalak gaitzen edo eskaintzen duen eskabide eredua):

a) Oin berriko obrak direnean, edo eraikinak handitzekoak edo higiezinak erabat nahiz partez erreformatzekoak, ziurtagiri bat erantsi beharko da, dagokion elkargoak ikus-onetsia, hala egin behar denean, obren zuzendari fakultatiboak emana, eta bertan agertu beharko da obra horiek egin direla Udalak emandako lizentziari hertsiki loturik, eta propio aurkeztutako proiektu teknikoarekin bat, eta obra egiteko kostu erreala eta benetakoa ere azalduko da.

b) Gainerako jarduketetan, zein den ere obra-lizentzia eman zuen organoa, honako hau aurkeztu beharko da:

–Proiektu teknikoa nahitaezkoa baldin bazen: obra horien zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria, agertzen duena obrak egin direla lizentziari eta proiektu teknikoari hertsiki loturik, eta bertan edo beste ziurtagiri batean, obren kostu erreal eta benetakoaren aipamena (obren exekuzioa).

–Proiektu teknikoa nahitaezkoa ez bazen: proiektu teknikorik eskatu ez bada, aski izanen da obra-lizentziaren onuradunaren adierazpen bat, egindako obren benetako kostuari buruz.

2.–Oin berriko etxebizitzak egiteko obren kasuan, nahitaez eskatu beharko da, obra bukaeraren jakinarazpenarekin batera, lehen aldiz okupatzeko udal baimena. Lehen aldiz okupatzeko aipatutako baimena, hala behar denean, nahitaezko baldintza izanen da Nafarroako Gobernuko bizigarritasun zedula edo baimena lortzeko.

3.–Beharrezko dokumentazio gehigarria, obra-lizentziaren behin betiko likidazioa egiteko, hala eskatzen bada:

a) Obren exekuzio materialaren azken gastua txikiagoa denean lizentziaren eskaerari erantsitako dokumentazioan aurreikusitakoa baino, idatzizko eta berariazko justifikazioa aurkeztu beharko da, honako hau zehaztuta:

a.1) Zein den egin gabe gelditu den obra zatia, eta horren arrazoiak eta balorazio ekonomikoa, lizentzia eskaeraren aurrekontuarekin alderaturik.

a.2) Obraren kostu txikiagoa, baloratua, aurrekontua kapituluka eta partidaka banatua, eta agiri bidez frogatuta zergatik den kostua txikiagoa, obra-zuzendariak sinaturik, edo, bestela, obra egin edo sustatu duen enpresak sinaturik.

b) Dokumentazioa ez aurkezteak ekarriko du aurkeztutako zenbateko handienarekin likidatzea, besterik gabe.

c) Udalak auditoria egin eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzen ahalko du, likidatzeko unean edo geroago, bere baliabideak erabiliz edo horretarako baimena duten enpresen bidez.

IV. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak

1. ATALA

Kontzeptua

37. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak.

Ordenantza honen 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketak dira teknika errazekoak eta eraikuntza maila edota kostu aldetik garrantzia txikikoak direnak; alegia, konponketa txikiak edo moldatzekoak, dekoraziokoak, apaingarritakoak edo itxiturak egitekoak, hau da, proiektu teknikoaren beharrik ez dutenak eta betiere ordenantza honetan aipatzen direnen artean sarturik daudenak.

38. artikulua. Obrek bete beharreko baldintzak.

Erantzukizunpeko adierazpena bakarrik behar izateko, eraikuntzek betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Ez aldatzea bolumena edo azalera eraikia, ez eta erabilera amankomuneko instalazio edo zerbitzuen erabilera objektiboa edo etxebizitza nahiz lokalen kopurua ere.

–Eraginik ez izatea ez kanpoko itxuran ez zimentazioan.

–Higiezin baten egiturazko elementuak, elementu arkitektonikoak edo amankomunak ez berregituratzea, banatzea edo funtsezko aldaketarik ez egitea.

–Eraginik ez izatea inolako eraikin eta instalazioren bizigarritasun edo segurtasun baldintzetan.

–Etxebizitzen eta lokalen unitate fisikoen kopurua ez aldatzea.

39. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obra txikien tipologia.

1.–Eraikinaren, etxebizitzaren edo lokalaren kontserbazio eta mantentze-lanetako obrak: [elementu kaltetuak aldatzea, berdin-berdinak paratuta, garbiketako obrak, eraikinak barnetik pintatzea; honako hauek salbuetsiko dira:

1.1. Aldamioak behar dituzten obrak.

1.2. Eraikin edo multzo babestuetako obrak.

2.–Moldatze lan txikiak.

Esaterako: obrak zoru, sabai eta hormetan; iturgintza; argindarra; berokuntza; saneamendua; irrati-telebista, telefonia, eta kable bidezko beste zerbitzu batzuk (barneko azpiegitura txikiak); pintura; iztukua; estaldurak; barne-zurgintza; baita fatxada zatiak konpontzea ere, ez badute fatxada aldatzea ekartzen; teilaberritzea (gehienez ere estalkiaren % 50 eta aldaketarik gabe), eta abar.

2.1. Etxebizitzetan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak ordeztea, aldatu gabe barneko banaketa edo konfigurazioa.

Kanpoan gelditzen dira:

–Fatxadako elementuak; alegia, teilatu-hegalak, hegalkinak, balkoiak eta beste.

–Etxebizitzaren erabileran funtsezko aldaketak ekartzen dituztenak edo etxebizitza unitateen kopurua aldatzen dutenak.

–Elementu amankomunak ukitzen dituztenak.

–Egitura ukitzen dutenak.

–Kanpoko itxura ukitzen dutenak.

–Kalkulu-gainkargak ukitzen dituztenak.

–Aldamioak behar dituztenak.

–Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin babestuak nahiz eraikin multzo babestuak.

–Oztopo arkitektonikoak kentzekoak.

2.2. Lokaletan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak ordeztea, aldatu gabe barneko banaketa edo konfigurazioa.

Kanpoan gelditzen dira:

–Erabilera aldaketa ekartzen dutenak.

–Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin babestuak nahiz eraikin multzo babestuak.

–Nekazaritzako biltegiak eta/edo etxolak.

–Hesiak eta aldamioak behar dituztenak.

–Sailkatutako jarduerak, lizentzia behar dutenak.

3.–Bestelako obra txikiak.

3.1. Lorategi lanak, zoladura lanak, zintarriak jartzea, metalezko itxiturak, baita haiek erabili eta kontserbatzeko beharrezkoak diren instalazioak ere, jabari pribatuko eremu libreetan egiten badira, baldin eta obrek ez badute ukitzen inolako erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik.

3.2. Orube baten barrenean eginiko berdinketa, garbiketa, sasi-garbiketa eta lorezaintza lanak, baldin eta horren ondorioz ez bada aldatzen lurraren maila naturala eta zuhaitzik botatzen ez bada.

3.3. Jabari pribatuetan egiten diren zundaketa edo prospekzio lanak eta eraikuntza lanak hasi baino lehen egiten diren bestelako lanak edo saioak.

3.4. Aldez aurreko lanak, zuzendaritza fakultatiboaren pean, helburua badute eraikin baten egituraren portaera jakitea, hori guztia egokiro zaharberritzeko.

3.5. Itxiturak eta hesiak.

3.6. Aurreko apartatuetan zehaztu ez den munta txikiko bestelako edozein obra, baldin eta horiek ez badute ekartzen eraikinaren kanpoko elementu arkitektonikoak aldatzea, higiezinen egitura aldatzea, edo lokala erabat berritzea, horiek obra handitzat hartzen baitira.

4.–Bestelako jarduketak.

Eraikuntza obren elementu lagungarri eta osagarriak (obraren publizitate kartelak, etxolak, hesiak eta abar), baldin eta ez bada jabari publikoko eremua okupatzen.

Orobat, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen menpe egonen dira merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.

40. artikulua. Determinazioak.

1.–Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketari dagokion subjektuaren artean, baina ez dituzte aldatuko horrek besteekin dituen egoera juridiko pribatuak.

2.–Udalari dagokionez, jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe eginen dira.

3.–Azaldutakoak bakarrik egiten ahalko dira. Obra bat baino gehiago denean, hasi baino lehenago adierazi edo eskatu beharko dira.

4.–Udal zerbitzu teknikoen eskura egonen da komunikazio eginbidetuaren inprimakia, baita, behar denean, bidezko dokumentazio teknikoa ere, eta obrara sartzeko erraztasunak emanen dira, ikuskapenak edo egiaztapenak egiteko.

5.–Obrak urtebetean hasi beharko dira, eta hiru urteko epean bukatu; epe hori iraganik, lizentzia edo komunikazioa iraungitzat jotzen ahalko da, interesdunak ez badu eskatzen obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Behar denean, epea bukatu baino bi hilabete lehenago formalizatu beharko da luzapen eskaera, eta espresuki emanen da.

6.–Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo udal planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

7.–Bete beharko dira etxegintzako jardueran zehazten diren indarreko xedapenak, honako hauei buruzkoak: eraikuntza, laneko segurtasuna eta osasuna.

8.–Bete beharko da hondakinen kudeaketari buruzko Nafarroako araudia.

9.–Eskualda daitezke. Lehenagoko titularra eta titular berria behartuak daude Udalari komunikatzera, egintza bakar baten bidez eta idatziz.

10.–Etxebizitzen barrenean egiten diren zaharberritzeko obrek, zoruen, sabaien eta paramentuen bukaeretako konponketek edo berritze lanek ez dituzte ukitu behar barneko eremuen banaketak (trenkadak), ez eta kanpoko fatxadak edo egiturazko elementuak ere.

11.–Obra egiten den bitartean aldaketarik egin nahi bada, Udalari jakinarazi beharko zaio aurretik.

12.–Bide publikoa edo espazio mugakideak: kalterik sortzen bada, titularrak konpondu beharko du; segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintzak bere horretan mantenduko dira.

13.–Debeku da bide publikoetan jartzea aldamioak-eskailerak, makina-erremintak, tresnak, baita eraikuntzako edozein objektu edo material ere, horiek galarazten badituzte jendearen joan-etorriak; betiere berariazko baimena beharko da bide publikoa okupatzeko.

14.–Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki-erakundeak dituen ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak, legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obren gainean.

15.–Baldin eta edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintzako jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

16.–Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

17.–Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

18.–Obra amaitutakoan, obraren amaieraren berri eman beharko du, erantsita gauzatutako obraren behin betiko planoa eta kostu erreal eta benetakoaren aurrekontua.

19.–Bete beharko du martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuko Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei buruzko araudia.

41. artikulua. Titularraren ahalmenak.

Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza-jarduketa egiteko, baldin horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere ukatu gabe behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

2. ATALA

Prozedura

42. artikulua. Prozedura.

1.–Prozedura hasteko, dagokion eskabidea aurkeztu beharko da, Udalak emandako ereduaren arabera, eta bertan jasoko dira honako datu hauek:

a) Eskatzailearen eta ordezkariaren datuak, Administrazio Prozedura Erkidearen araudiaren arabera.

b) Berariazko adierazpena, aditzera ematen duena betetzen direla indarrean den araudian eskatutako baldintzak eta baduela hori frogatzen duen dokumentazioa.

c) Berariazko araudiak eskatzen duen dokumentazioa, eta, gutxienez ere, honako hau:

c.1) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xedeko higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.

c.2) Jarduketaren aurrekontua eta dagozkion tasen eta zergen ordainagiria.

c.3) Egintzak, lanak edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

2.–Sarrera erregistroaren zigiluak adieraziko du Udala jakinaren gainean dela.

3.–Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezala, hamar eguneko epean.

4.–Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da hasi eskaerako hirigintzako jarduketa, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

5.–Jardueraren titularrak, egoki juzgatzen badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, horretarako erabiliz hirigintzako kontsulta eginez.

6.–Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

7.–Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

8.–Erantzukizunpeko adierazpena behar duten eta hura aurkeztu gabe egiten diren jarduketak, nahitaezkoa denean edo jarduketa komunikatuak gainditzen dituztenean, lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta aplikatuko zaie lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege babes eta zehapen araubide bera.

9.–Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari aditzera emanen zaio ezen, gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zer egunetan den eta biharamunetik aurrera, egokitu beharra duela bere jarduketa, ezarritako arauetara, behar den lizentziaren arabera. Epe hori luzatzen ahalko da, behar bezalako arrazoiak badaude.

10.–Gainerako kasuetan, Hirigintzako Alorrak emandako “adostasun” eginbide batekin osatuko da adierazpena. Prozedura amaitutzat joko da, eta dokumentazioa beste izapiderik gabe artxibatuko da, hargatik eragotzi gabe geroago ikuskapen- eta egiaztapen-jarduketak eta dagokion zerga-likidazioa egitea.

43. artikulua. Zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa.

Erantzukizunpeko adierazpenek ez dute indarrik izanen baldin dokumentazioa okerra, osatu gabea edo akastuna bada. Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da hasi eskaerako hirigintzako jarduera, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

44. artikulua. Uko egitea.

Jarduketa komunikatuen kasuan, interesdunak uko egiten ahal die haiei, baldin eta obrak oraindik hasi ez badira; halakoetan, kobratuko da ordura arte eginiko lan tekniko eta administratiboei dagokien tasaren zenbatekoa, gutxienekoa izanik aurreko paragrafoan ezarritakoaren % 50.

V. KAPITULUA

Jarduera-lizentziei eta jarduera sailkatuak abian jartzeari lotutako egintzak

1. ATALA

Jarduera-lizentziak eta jarduera-lizentzien aldaketa

45. artikulua. Jarduera-lizentzia eta haren aldaketa.

Ordenantza honi dagokionez, honako lizentzia hauek emanen dira:

a) Jarduera-lizentzia: jarduera-lizentziak gaitzen du jarduera, instalazio edo proiektu bat gauzatzea, aldez aurretik ebaluatuta eta ezartzen diren neurri zuzentzaileei jarraikiz, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko foru-araudiaren arabera.

b) Jardueran aldaketa funtsezkoa egiteko lizentzia.

46. artikulua. Jardueraren aldaketa, jada badauden lokaletan.

1.–Aldaketak izan daitezke funtsezkoak eta ez-funtsezkoak.

Lokaletan, instalazioetan edo horietan egiten den jardueran funtsezko aldaketak egiten badira, beste lizentzia bat beharko da, eta eskubide berriak ordainduko dira. Aldaketa ezin izanen da gauzatu lizentzia eman arte.

Funtsezkoak ez diren aldaketak egiten ahalko dira, baldin eta Udalak ez badu aurkako adierazpenik egin hilabeteko epean.

2.–Funtsezko aldaketatzat hartuko dira honako hauek:

Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, interpretatuko da funtsezko aldaketa bat egin nahi dela baldin eta funtzionamendu aldaketa bat egin nahi bada eragin handiagoa dakarrena segurtasun arloan, pertsonen osasunaren arloan edo ingurumenean, jarraikiz ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko foru araudiari.

47. artikulua. Honako hauek joko dira jarduera duten lokaltzat:

a) Orokorki merkataritzan jarduteko erabiltzen den establezimendua. Orokorki erabilera hori dagoela uste izanen da Merkataritza Kodearen 3. artikuluko kasuetan, edo ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu beharra dagoenean jardueraren xede diren egintzak edo kontratuak egiteko.

b) Industriako, merkataritzako edo irakaskuntzako jardueraren bat egiteko erabiltzen dena, establezimendua zabalik edukita.

c) Nagusiki etxebizitzatako erabili ez arren bizitzeko egokiak diren eraikin guztiak eta batez ere honako erabilera hauek dituztenak, jendearendako zabalik egon nahiz ez:

–Jarduera ekonomikoak.

–Mota guztietako negozioak edo industriak.

–Ikuskizun publikoak.

–Biltegiak.

–Bulegoak, langelak edo estudioak, erabiltzen direnean merkataritzako edo industriako jarduera baterako.

–Bulegoak, langelak edo estudioak, jendearendako zabalik badaude eta bertan egiten bada irabazi asmoa duen jarduera artistiko bat, lanbidea, edo irakaskuntza jarduera.

–Bestelako instalazioak, hala nola garajeak, ibilgailuen erregaietarako biltontziak eta abar.

48. artikulua. Titulartasuna aldatzea.

Honako hauek ukitzen ditu: aldaketa egiten den egunean indarrean dagoen irekitze eta jarduera lizentzia daukaten jarduerak eskualdatzea, oinordetzan ematea, bat-egitea, izen aldaketak eta merkataritzako formula juridikoaren eraldaketa, etab.

Lizentzia horiek eskualdatzen ahalko dira baldin eta indarrean badaude, ez bada lizentzia berririk behar funtsezko aldaketengatik, eta jarduera berberari eusten bazaio. Jarduera bera egiten dela interpretatuko da, zentzu zabalean beti, baldin lokaleko beharkizun teknikoak orokorki aldatzen ez badira (adibidez, hainbat jantzi edo ehun motatako txikizkako saltokia).

Titulartasun aldaketak komunikatzeko eredu ofiziala erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira lokalaren eta lizentziaren titular zaharraren eta titular berriaren datuak. Titular berriak eta zaharrak sinatuko dute komunikazio hori (ezinezkoa den kasuetan izan ezik; halakoetan, lokalaren jabeak sinatuko ditu, esaterako).

Ez dute baimenik behar, komunikazio hutsa baitira. Titulartasun aldaketa komunikatzen ez bada, bai titular zaharrak bai berriak beren gain hartu beharko dute lizentziak ekartzen dituen erantzukizun administratiboak.

49. artikulua. Determinazioak.

1.–Lizentziak emantzat joko dira jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenen kalterik gabe; beraz, ez dituzte lizentzien titularrak libratuko beren jardueren ariketan sortzen zaizkien erantzukizun zibiletatik edo penaletik.

2.–Bi urte iraganda jarduera sailkatuaren lizentzia eman zenetik, ez bada proiektua gauzatzen hasi, edo hiru urte iraganda hura bukatu ez bada eta jarduera hasi ez bada, lizentzia iraungitzat joko da, eta ez du ondoriorik izanen. Dena dela, behar bezala justifikatutako arrazoietan oinarrituta, epe horiek urtebetez handitzeko eskatzen ahalko du titularrak, eta Udalak ebazpen berariazkoa eman beharko du eskaera onartzeko.

3.–Berariaz deklaratu beharko da jarduera sailkatuaren udal lizentzia iraungi dela, aldez aurretik administrazio espedientea izapidetu eta titularrari entzun ondoren.

2. ATALA

Jarduera sailkatuko lizentziak tramitatzeko prozedura

50. artikulua. Prozedura.

Jarduerarako lizentzia eskuratzeko interesa dutenek, egin behar dutenean jarduera sailkatuen udal lizentziari lotutako jardueraren bat, jarraituko diote aplikatzekoa den araudian zehazten den prozedurari, eta eredu ofizialaren arabera eginen dute eskaera.

Horien izapidetzea lotuko zaio aplikatu beharreko araudian ezarritakoari.

Betiere, proiektu teknikoaren edukiak garatuko ditu 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 66. artikuluan jasotako alderdiak (martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa), eta, horretaz gain, jasoko ditu jardueraren funtzionamenduari buruzko ebaluazioa eta indarreko araudia betetzearen gaineko justifikazioa, honako osasun alderdi hauei dagokienez (bidezkoak direnak): giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, hileta-osasuna, biozidak, tatuajeak eta piercing-a, erradiazioen aurkako segurtasun fisikoa, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisiarako erabilera eta osasun hondakinak.

3. ATALA

Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten jardueren hasiera

51. artikulua. Jardueraren hasiera.

1.–Proiektuaren titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasi aurretik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dio Udalari, Udalak emandako ereduaren arabera, eta bertan adieraziko du, bere erantzukizunpean, betetzen dituela araudi indardunean ezarritako baldintza guztiak enpresa- edo lanbide-jarduera hasteko, eta baduela hura frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian.

Adierazpenari ziurtagiri bat erantsiko zaio, non frogatuko baita instalazioa egokitzen zaiola onetsitako proiektuari; orobat, erantsiko dira instalazioaren behin betiko planoak, baita jarduera-lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria ere, eta, halaber, egindako neurketak eta egiaztapen praktikoak.

Teknikari eskudun batek eman beharko ditu ziurtagiri horiek eta, zein den kasua, dagokion lanbide elkargoak behar bezala ikus-onetsi.

Agiriekin batera, aurkeztu beharko da dagozkion tasak eta zergak ordaindu izanaren frogagiria.

2.–Aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta, jarduera gauzatzeko irekitze lizentzia eskuratuko da.

52. artikulua. Jardueran aritzeko baldintzak.

Jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenen kalterik gabe hasten ahalko da jarduera; hortaz, titularrak ez dira salbuetsiko beren jardueran dituzten erantzukizun zibil edo penaletatik.

Jardueraren eskualdaketaren berri eman beharko zaio Udalari hamabost eguneko epean, zehazteko jardueraren subjektu titularra eta horren ondoriozko erantzukizunak.

VI. KAPITULUA

Jarduera sailkatuaren lizentzia, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez

53. artikulua. Ematea.

Ordenantza honen I. eranskinean jasotako jardueren kasuan, jarduera sailkatuaren baimena emantzat joko da baldin sustatzaileak edo titularrak Udalari aurkezten badio erantzukizunpeko adierazpen bat (non kokatuko den, bertako udalari), zeinak adierazi beharko baitu biltzen dituela jardueran aritzeko eskatzen diren baldintza eta ziurtagiri guztiak, eta baduela hori frogatzen duen dokumentazioa, eta adieraziko ditu Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak ematen dituen proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa, dokumentu bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako.

Kasu horietan, jarduera sailkatuaren udal lizentzia besterik gabe eman dela interpretatuko da, eta egiaztatu beharko da ea lizentzia hori indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera, ikuskapen araubidea aplikatuta.

54. artikulua. Izapidetzea.

1.–Adierazpena aurkeztuko da erregistro orokorraz arduratzen diren bulegoetan, behar bezala beteta eta kasuan-kasuko dokumentazio orokorrarekin eta bereziarekin. Hori dena behar bezala zehaztuko da inprimakian. Era berean, aurkezten ahalko da gaitutako erregistroetako edozeinetan edo legedia orokorrak baimentzen dituen moduetan, baina Udalaren sarrera erregistroa izanen da balioko duena, jarduketa bakoitzaren epeak zenbatzeari dagokionez.

2.–Erregistratu ondoren, une horretantxe Hirigintza Alorrari igorriko zaio erantzukizunpeko adierazpena, galarazi gabe hark igortzen ahal duela Udalaren beste alor batzuetara, uste baldin badu ezagutu behar dutela (alor higieniko-sanitarioa, fiskala, eta abar).

3.–Adierazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta ikusita egokia den ala ez indarrean dauden eraikuntzako eta hirigintzako araudiko determinazioekiko, lurzoruaren erabilerekiko, hirigintza planeamenduarekiko, udal ordenantzekiko eta gainerako arau aplikagarriekiko, baita prozedura honetan ezarritakoarekiko ere, aurrera jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

3.a) Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabea baldin bada, behar den zuzenketa egin dadin eskatuko da, horretarako hamar egun emanez, adierazpena aurkezten den egunetik hasita.

3.b) Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari komunikatuko zaio ezen gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan izan den eta hurrengo egunetik hasita, egokitu beharra duela bere jarduketa, eskatutako lizentziarako ezarritako arauetara.

3.c) Gainerako kasuetan, hirigintzako alorrak emandako “adostasun” eginbide batekin osatuko da komunikazioa. Prozedura amaitutzat joko da, eta dokumentazioa beste izapiderik gabe artxibatuko da, hargatik eragotzi gabe ondorengo ikuskapen- eta egiaztapen-jarduketak eta dagokion zerga-likidazioa.

4.–Hirigintzako zerbitzuek egiazta dezakete ea jarduera hori bat ote datorren erantzukizunpeko adierazpenarekin, beren eskumenei dagokienez, eta, ondoren, behar den txostena emanen dute. Txosten hori kontrakoa bada, behar diren zuzenketa jarduketak jarriko dira abian.

55. artikulua. Indarraldia, iraungitzea eta titulartasun aldaketa.

1.–Behar den baimenak indarrean jarraituko du, jarduerak hasierako baldintzetan eta bere horretan jarraitzen duen denbora guztian. Haietako edozein aldatzen baldin bada, beste komunikazio bat egin beharko da.

2.–Jardueraren eskualdaketaren berri eman beharko zaio Udalari, zehazteko zein diren jardueraren subjektu titularra eta horren ondoriozko erantzukizunak.

Titular berriak horren berri eman beharko dio Udalari, horretarako komunikazioa igorrita, horretarako prestatutako ereduari jarraikiz, eta bertan frogatu beharko da ordura arteko titularraren adostasuna badela, edota, behar den dokumentazioa erantsita, horren bitartez titular berriak nahikotasunez frogatu beharko du aldaketaren arrazoia zein izan den; hala, modu arrazoituan frogatzeko ez dagoela aurreko titularraren kontrakotasunik.

56. artikulua. Legezko ondorioak.

Prozedura horren bidez ezin izanen da inola ere interpretatu administrazioaren isiltasunaren bidez ahalmenak edo eskubideak lortu direla, baldin horiek legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurka badaude, edo komunikazioko datuak faltsutzeagatik edo nahita ez jartzeagatik ezinezkoa bada jakinaraztea ea jarduketa egokia den.

Jarduketa komunikatuek ez dute indarrik izanen baldin dokumentazioa okerra, osatu gabea edo akastuna bada.

Ordenantza honetan obra-lizentzien iraungitzeari, eteteari eta luzatzeari buruz arautu ez den guztietan, hirigintzako legedian ezarritakoari eginen zaio men.

Lizentzia bat emateak edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ez du izaera zibileko inolako eskubiderik edo egoerarik sortzen eraikinak, instalazioak edo obrak egin behar diren ondasunen gainean.

Ordenantza honetan tramitazioei buruz dauden arauak osagarriak dira, toki araubidean eta hirigintzan indarrean dagoen legediak prozeduraren arloan ezarritakoei dagokienez.

VII. KAPITULUA

Udalaren ahala

57. artikulua. Legezko erreserbak.

1.–Udalak bereziki gordetzen ditu beretako indarreko lege xedapenek ematen dizkioten ahalmenak baimenak ukatzeko eta, hala behar denean, kentzeko eta establezimenduak itxiarazteko, baldin eta betetzen ez badituzte indarrean dagoen legediak une oro eskatzen dituen baldintzak.

2.–Orobat, Udalak berea du ahalmena baldin eta eskabidea ez badator bat errealitatearekin eta/edo interesdunak gerora emandako datuak ez badatoz bat errealitatearekin.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jartzen denean jadanik abian dauden espedienteei ez zaizkie aplikatuko ordenantzaren xedapenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik gelditzen dira ordenantza honetan araututako alderdiak arautzen zituzten ordenantzak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Beste udal ordenantza batzuen eta aplikatzekoak diren arauen aipamena.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztian, honako hauei jarraituko zaie: uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta 2017ko abuztuaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea, argitaratu zena 2020ko 296. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 22an), abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua, eta argitaratu zen 2007ko urtarrilaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean), Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Agindua, edo haiek ordezten dituen foru araudia, eta aplikatzekoak diren beste ordenantza eta xedapen guztiak.

Bigarrena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza honek ondorio juridikoak sortuko ditu behin Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratutakoan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera eta instalazioak

A) Gauzen eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 1000 m²-koa edo txikiagoa denean.

B) Merkataritzako saltokiak, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean ezarritako kasuetan.

C) Eraikinetako zerbitzu-establezimendu hauek:

–Administrazio jarduerak, haien azalera eraikia 2.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Irakaskuntza jarduerak, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Kultura eta erlijio jarduerak, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Aurrekoen pareko ez diren zerbitzu orokorretako beste jarduera batzuk, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

D) Egoitza establezimendu publikoak, baldin jostatzeko zerbitzurik edo ikuskizun publikorik ez badute, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean, kanpinak izan ezik.

E) Konponketa tailerrak, haien azalera eraikia 1000 m²-koa edo txikiagoa denean; betiere, ez badaude kokaturik bizitegi erabilera duten eraikinetan.

Erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo daude ondoren aipatzen diren lan osagarrietako tailerrak edo antzeko beste batzuk; betiere, beheko solairuan edo sotoan kokatuta badaude, haien potentzia mekaniko instalatua 5 kW artekoa bada edo/eta haien azalera erabilgarria 200 m²-koa edo txikiagoa bada:

a) Eraikuntzako lan osagarrietarako lantegiak: igeltserotza, eskaiolagintza, beiragintza, elektrizitatea, iturgintza, berokuntza eta aire girotua.

b) Erlojugintza, urregintza, zilargintza, bitxigintza, bisuteria, optika, eta ortopedia eta protesiko lantegiak.

c) Jantzigintza, jostuntza, larrugintza, puntugintza, kapelagintza, eta uhalgintzako lantegiak.

d) Etxeko tresna elektrikoak konpontzeko tailerrak, irrati-telefoniakoak, telebistakoak, bulegoko makineriakoak eta josteko makinetakoak.

f) Jabari publiko erradioelektrikoa erabiltzen duten antenak, instalazioak eta azpiegiturak; hain zuzen ere, sarturik daudenak telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan.

II. ERANSKINA

448/2014 Foru Agindua

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, behar dutenak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea

–Produktu biozidak biltegiratu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

–Turistei ostatu emateko jarduerak (hotelak, turismoko kanpalekuak, landetxeak, aterpetxeak eta antzeko beste batzuk).

–Ura jostatzeko erabiltzen duten jarduerak.

–Hilerriak.

–Barnetegia duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

–Hornidura publikoko sare batetik ez datorren giza kontsumorako ura duten jarduerak.

–Legionella kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren jarduerak, legionellosiari buruz indarrean dagoen legediaren arabera:

  • Hozte-dorreak eta lurrunketa-kondentsadoreak.
  • Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.
  • Zentral hezetzaile industrialak.
  • Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazio arriskutsuak barnetegia duten osasun zentroetan eta egoitza diren zentro soziosanitarioetan.

–Bertan araztutako urak (ur berrituak) berrerabiltzen dituzten eta/edo urak birziklatzen dituzten jarduerak.

–Tatuajeak eta/edo piercingak egiten dituzten establezimenduak, osasun arlotik kanpokoak.

Iragarkiaren kodea: L2210074