160. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

671E/2022 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Aizkoan, Deierriko udal mugartean, oilasko haztegia 82.000 plazara arte zabaltzeko proiektuarentzat. Sustatzailea Iker Otxandorena Lopez da.

Ebazpen honen bidez aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematen da Aizkoan, Deierriko udal mugartean, oilasko haztegia 82.000 plazara arte zabaltzeko proiektuarentzat. Sustatzailea Iker Otxandorena Lopez da.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, proiektua sartzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko a) 2 epigrafean. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, sustatzaileak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, ingurumen eraginaren azterketa aurkeztuz, gainerako dokumentazioarekin batera.

2020ko apirilaren 1ean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez (69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), eta proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Proiektuak ukitzen dituen administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Deierriko Udalari. Espedientean hauen erantzunak jaso dira: Ingurumen Eraginaren Atala, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Animalien Ekoizpenaren Atala, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Abeltzaintza Zerbitzua eta Deierriko Udala. Bidenabar, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta irismen izapidearen emaitzaren laburpena II. eranskinean dago (Ingurumen Ebaluazioaren Kontsultak).

Titularrak dokumentazio eranskin bat aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidean jasotako alegazioei eta iradokizunei erantzuteko, eta proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena eskatzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo substantibo gisa jardunez, Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 19. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoa betez eta dokumentazio osoa aurkeztuz, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta egin zitzan.

Proiektuaren funtsa da oilasko haztegi bat handitzeko 16 × 90 metroko (1.440 m²) nabe bat eraikitzea Deierriko 30. poligonoko 42. lurzatian. Nabe horrek 27.000 plaza ditu, eta gehituko litzaieke eraikitako bi nabeei, bakoitzak 100 × 16 m (1.600 m²) dituztela, guztira 82.500 oilasko hazteko ustiategi bat lortzeko. Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean dago.

Dokumentazioarekin batera ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu da, eta haren edukia ebazpen honen III. eranskinean jaso da.

Analisi teknikoa eta proposamena:

Instalazioa Deierriko 30. poligonoko 42. lurzatian kokatzen da (Aizkoa). Mendi magalean dago, artadi (kalkarenita azaleratzeen gainean) eta labore lurrez (azpiko tuparrien gainean) osatutako mosaiko baten barnean. Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean dago.

Iparraldeko mugan, errepidearen eta ustiategiaren artean, Taustetik Urbasa-Andiara doan Altxonbidea identifikatzen da. Oinezkoen eta abereen bide gisa balizatua dago, eta instalaziorako ipar-mendebaldeko sarbidea da. Oraingo instalazioari bere garaian eman zitzaion baimenak altxonbidean integratzeko neurriak ezarri zituen.

Natura oparoko baso eta artzaintza paisaia batean kokatzen da jarduketa. Instalazioaren ekialdea artadi kaltzikola batek okupatzen du (gaztelar kantauriar seriea, Spiraeo obovatae-Querco rotundifoliae S), eta haren zati bat ukitzen dute proiektuaren handitze lanek. Handitze lan horiei dagokienez, baso azalera horren erabilera aldaketarako baimena aurkeztu da, Ingurunearen Zerbitzuko zuzendariak 2017ko apirilaren 21ean emandako 562 Ebazpenaren bidez emana. Horren arabera, labore lur gisa erabiltzeko baliatzen ahalko ditu lurzatiaren ekialdeko artadiaren azaleratik 1.610 m² (dagoeneko gauzatu denaren eta proiektuan jaso denaren artean artadiaren 895 m² ukitzea aurreikusten da) eta sastrakadiaren C barrutia osorik, mendebaldean (hortik 296 m² landaredi kendu dira, altxonbideko sarbidearen eta ezpondaren okupazioaren artean).

Egiaztatu da jarduerak ez dituela gauzatu, osorik edo partzialki, baimen hartan eskatutako landaketak eta itxiturak. Gainera, egiteko daude landaketak eta ezpondak egokitzeko eta landarez lehengoratzeko neurriak, hala eskatu baitzitzaion sustatzaileari, neurri zuzentzaile edo konpentsatzaile gisa, ezarri zeneko proiektuan, eta horiei gehitzen zaizkie orain, handitzeko proiekturako, beste hainbat landaketa egiteko neurriak.

Jarduerak argindarrez hornitzeko linea bat du, ingurumen ukipenen baimena duena, eta haren inguruan, dagokion araudia betez, abifaunaren elektrokuzioa eta talka egitea saihesteko neurriak hartu dira. Ur hornidurako ubidea ere badu, lehenengo ezarpenarekin baimendu zena.

Neurri zuzentzaileak mantentzea gakoa da proiektuaren paisaia arloko egokitasunerako, nabeen ondo-ondoan dagoelako Taustetik Urbasa-Andiara doan altxonbidea, eta gehiegi nabarmentzen direlako nabeen eraikin moderno horiek natura bizkorreko paisaia hartan.

Espedienteari erantsi zaizkio Natura Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena, altxonbideei dagozkien baldintzei buruzkoa, eta Kultura Departamentua-Vianako Printzea Erakundearen txostena, arkitektura eta arkeologia ondarea babesteari buruzkoa.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau berrikusita, argi ageri da kontuan izan beharreko alderdi nagusiak, baliabideen kontsumoari eta usainen sorreraren kontrolari eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitateari lotutako ondorioez gain –ingurumen baimen integratuaren espedientean ebaluatzen dira alderdi horiek–, honako hauek direla: faunaren eta habitat naturalen gaineko eragina, altxonbidearen zortasunaren eta han barna dabiltzan ibiltarien gaineko baldintzatzaileak, paisaiari dagozkionak, eta instalazioak lurzatiaren topografiara egokitzea. Ingurumen baldintzen artean horien inguruko hainbat neurri jaso dira.

Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren analisi teknikoa eginda, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela, eta proiektua ingurumen aldetik egokia dela. Horiek horrela, proposatzen da ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea eta zehaztea, ingurumeneko ondorioetarako soilik, ingurumen eraginaren azterketan ezarritako neurriak ez ezik, ebazpen honetan jasotako baldintzak ere bete behar dituela proiektuak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematea Aizkoan, Deierriko udal mugartean, oilasko haztegia 82.000 plazara arte handitzeko proiektuarentzat. Sustatzailea Iker Otxandorena Lopez da.

2. Jarduera espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela ezartzea, eta, gainera, baldintza hauek bete behar direla:

–Instalazioak lurzatian ezarriko dira 2020ko abuztuko 1. zenbakiko dokumentazio osagarriari jarraikiz, hau da, lurzatiaren ekialdean kokatzen den natura balio handiko artadian ahal den hondeaketa lan txikiena eginez.

–Altxonbidearen zortasunari dagokionez, aintzat hartuko da jarduera horretarako espresuki (batik bat instalazioa eta hornidura) Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2021eko abenduaren 15ean emandako txostena, honako hauek jasotzen dituena:

Altxonbideen gaineko jarduketari dagozkion baldintzak:

  • Tauste Urbasa Andia Altxonbidearen gaineko ukipenei dagokienez, ondoko arau hauetan jasotzen diren alderdiak hartuko dira kontuan:
  • 19/1997 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Abelbideei buruzkoa.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikulua; haren arabera, 3 metroko zortasun eremua gordeko da lurzatien kanpo ertzaren eta altxonbidearen artean.
  • Okupazio kanona: Titularrak kalteordaina ordaindu beharko du altxonbidea ur hornidurako hodiekin okupatzeagatik (Deierriko 3. poligonoko 33. lurzatia eta Lezaungo 1. poligonoko 29. lurzatia eta 3. poligonoko 184. lurzatia), guztira zenbateko honetara iritsiko dena:
  • Zortasunagatik eta mugapenengatik: 3.864 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 128,8 euro / urtekoa izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 644 eurokoa.
  • Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 637 euro.
  • Kalteordainen ordainketa 5 urteko epeetan egin behar da. Beraz, hasierako 5 urte hauetarako, 1.281 euroko kanona ordaindu behar da, obra egiten denetik.
  • 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenetik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geratuko da. Altxonbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.

–Landarez hornituko dira zorua berdintzeko lurzatiaren hegoaldean eta mendebaldean sortuko diren ezpondak, haien gainetik kalitateko lurra emanen da (azalerako zerumuga emankorra), aldez aurretik jaso eta bildutakoa, lurzatiaren lehenengo berdintze lanak egitean. Profilatuko dira eta belarkaren ereintza eginen da.

–Ingurumen eraginaren azterketan aurreikusitakoaren arabera, lurzatiaren iparraldean, altxonbidearen mugan (haren ekialdean), landaketa eginen da, proiektuan jaso bezala, eta gauza bera lurzatiaren hegoaldeko eremuetan.

Landaketa horretarako zuhaitz hostotsuak erabiliko dira, neurrikoak eta azkar hazten direnak, ingururako egokiak, esaterako astigarrak (Acer Campestre, A monspesulanum), sahatsak (sambucus nigra), gurbeak edo otsalizarrak (Sorbus aria, S. aucuparia), 6 metroko tarteak utziz haien artean; gainera, hosto iraunkorreko zuhaixka ildo bat jarriko da zuhaitz artean, hiru metro baino gutxiagoko tartearekin, gogortxua (Viburnum tinus), legeltxorra Pistacea lentiscus), gurbitza (Arbutus unedo) edo txorbeltza (Rhamnus alaternus) erabiliz.

–Landaketa horiei ura eta behar diren zaintzak emanen zaizkie, egoera egokian daudela bermatzeko, instalazioaren ustiapenak irauten duen denbora osoan, eta artzaintzaren kaltetik babestuko dira.

–Kanpoko argiteria azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren arabera egokituko da; haren bidez onetsi zen kanpo argiteriaren efizientzia energetikoaren Erregelamendua; batik bat bete behar da 6. artikulua, “Gaueko argiaren argitasuna, argi erasokorra edo gogaikarria”.

Kanpo argiztapenerako behe presioko sodio lurrunezko lanparak edo LED anbar monokromatikoa erabiliko dira, eta, argi iturri horiek baliatu ezin direnean, 440 nm baino gutxiagoko uhin luzerako erradiazioa iragazi eginen da. Une jakin batzuetan eta oso denbora tarte laburretan erabiliko da, animaliak kargatu eta deskargatu bitartean soilik.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak:

–Lanak egiten hasi aurretik, proiektuaren zuinketa eginen da, eta zedarrituko dira moztu beharreko azalera eta artadia obrak iraun bitartean babesteko gorde beharreko babes zerrenda, betiere proiektuan jasotakoa gainditu gabe.

Eremu horren hondeaketa lanak egin aurretik, zuhaitzak eskuz eraitsi eta kenduko dira, ziurtatuz ez dela gainditzen nabearen okupazioagatik eta ezpondengatik nahitaez artadiari kendu behar zaion azalera.

–Obrak hasi aurreko 48 orduko epean, gutxienez, sustatzailea Lizarra iparraldeko basozainekin jarriko da kontaktuan (ogfoeste9@navarra.es), obren ukipenagatik eta babes eremuengatik zuinkatu eta balizatutako eremuetan zuhaitz markaketa egin dezaten.

Era berean, basozainekin ikuskatuko da ea baimendutako erabileraren aldaketa konpentsatzeko aurreikusitako azalerak eta haien osaera egokiak diren, baimen honetan ezarritako neurriak eta Natura Ingurunearen Zerbitzuko zuzendariak erabilera aldaketari buruz 2017ko apirilaren 21ean emandako 562 Ebazpena betetzeko.

Ingurumenaren jarraipena egiteko neurriak:

–Instalazioa abiarazteko/aldatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

Erreseina bat, memoriaz eta agiri grafikoez osatua, argi erakusteko ezpondetan ingurumena leheneratzeko jarduketak, naturaren bilakaeraren mende utzitako eremuen egoera eta proiektuan aurreikusitako landaketak nola gauzatu diren.

3. Ingurumen eraginaren ebaluazioko baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Lizarra iparraldeko Ingurumena Zaintzeko Atalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuak jasotzen du nabe bat eraikitzea, 90 × 16 metrokoa, 27.000 oilasko hazteko lekua duena. Dagoeneko han dauden bi nabeen (100 × 16 metrokoak) paraleloan ezarriko da, haiekin lerrokatua atzeko aldetik, guztira osatzeko 82.500 oilasko hazteko gaitasuna izanen duen ustiategi bat.

Orain handitzen den ustiategiak dagoeneko baditu hornidura zerbitzuak, argindar hornidura, 15.000 litroko gas ontzia (GLP), eta sarbidea NA-7330 errepideko (Deierri-Lezaun) 26. km-tik, Tauste eta Urbasa-Andia bitarteko Altxonbidea erabiliz.

Eraiki beharreko nabea eta lehendik daudenak elikatze eta girotze automatikoz hornituta daude, turbina xurgagailuekin eta hozte pasabideekin; haietako bakoitzak lokal tekniko bat du, 18 m²-koa (fatxadaren estalki zabalduaren azpian) eta elikagaiendako siloak ere bai.

Nabeak paraleloan kokatuta daude, lurzatia ipar aldetik mugatzen duen altxonbidearekin lerrokatuak, itxitura haren muga katastraletik hiru metro aldenduta.

Nabe berriak ekialdera hedatzen du zabaldia, artadirantz lur erauzketa eginez (baso azpizatia) eta ukipena sortuz; hego eta mendebaldera hedatzen du okupazioa betegarriaz osatutako zabaldiaren gainean, hasierako proiektuak lehenengo ezarpenaren soberakinekin utzia zuena. Handitzearen ondorioz, ustiategiak 9.886 m² okupatuko ditu, zabaldiaren 8.700 m² eta nabeen 3.640 m² batuta, itxitura sanitarioak mugatuta. Proiektuaren ondorioz artadiaren okupazioa 400 m² gehiagokoa da, guztira 895 m² okupatzera iritsiko baita. Zabaldiaren zati bat nabeen eta lurzoruen 5.560 m²-ko eremu irazgaitza dira, gutxi gora behera, eta gainerako azalera zabor legarrez egindako zorua da.

Magala berdintzeko lanek sortutako ezpondak 2H:1V maldakoak dira hego eta mendebaldean, eta mendebaldeko lur erauzketak 3-4 metroko altuerara ere iristen dira. Sortu diren ezponda horiek, zati batean nabeak ezkutatzen baditu ere, ez dira egokiak landarez lehengoratzeko.

Oilaskoak hazteko etxalde intentsiboa da, 50 gramotik 2,5 kilora arte gizentzen dituena. Aurreikusten da animalia guztiak aldi berean sartu eta aldi berean ateratzea hiltegira, 45 eguneko gizentze aldia egiez, eta 10 eguneko hutsarte sanitarioa gordez; hau da, urtean 5,5 ziklo aurreikusten dira. Jarduerak aurreikusten du sortzen diren gorotzak eta hildako animaliak kentzea kudeatzaile baimendu baten eskutik.

II. ERANSKINA

Ingurumen ebaluazioaren kontsultak

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta izapidearen laburpena.

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

–Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Deierriko Udala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan -

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Ingurumen Eraginaren Atalak instalazioa handitzeko konponbidea baloratu eta azpimarratu du artadiak estaltzen duen magalean 400 m²-ko okupazioa hedatzeak ekarriko lukeen ukipena, eta eskatu du ukipen hori justifikatzeko, eraikitzeko edo kokatzeko beste hainbat konponbide baloratuko dituen alternatiben azterketa batez.

Adierazi zuen ingurumen eraginaren azterketak jarduketa baloratuko duela ezarri berri den jarduera bat balitz bezala, ekarriko dituen ukipenak identifikatuz eta haiek berdintzeko gaitasuna baloratuz, besteak beste, artadiaren zati ukituaren kalitatea eta hedadura eta paisaiari eragiten zaizkion bestelako aldaketak, eta orobat, eremu horretan, adibidez altxonbidean eta errepidean, izaten diren ohiko erabileren gaineko eragina.

Horrez gain argitzen du azterketak eguneratu beharko duela sailkatutako jarduerari emandako udal lizentzian natura inguruneari eta paisaiari buruz ezarritako neurri zuzentzaileen ezarpenaren egoera. Hain zuzen ere, landaketak (lurzatiaren iparraldean, altxonbidearen mugaren ondoan, eta ekialdean) eta dokumentazioan jasotako gainerako neurriak (proiektua eta dokumentazio eranskina, 2018ko apirilekoak).

Jakinarazten du kanpoko argiak egokitu behar direla, Gaueko ingurunea babesteko argiteria antolatzeari buruzko irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua betetzeko, eta jarduketak ondare arkeologikoaren babesari buruzko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostena eta Natura Ingurunearen Plangintza Estrategikoaren Atalaren txostena jaso behar dituela. Azkenik, gogorarazten du azterketa horrek ingurumen gaiei buruzko kartografia eman behar duela, esparru horren natura balioak jasoz, eta paisaian integratzeko tratatu beharreko eremuak identifikatzeko plano zehatzak ere bai.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, informazio soil gisa, hirigintza eta lurralde plangintzari buruzko hainbat gogoeta eman ditu; horien gainean, udalerria kokatzen den LAP4 “Erdialdeko Eremuak” lurralde antolamenduko planak ez du murrizketarik ezartzen lurzoruaren sailkapenari dagokionez. Txostenak adierazten du zer betebehar ekarriko lukeen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoekiko tarteak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat egitea.

Deierriko udalaren hirigintza planari dagokionez, argitzen da lurzati hori natura ustiapenerako gorde beharreko lurzoruan dagoela, eta iparraldetik muga duela udal planean bere balio kulturalagatik babestu beharreko lurzoru gisa jasotako altxonbide batekin. Babes araubide horren beraren arabera, eraikuntza mota guztiak debekatzen dira 10 metroko zerrenda batean, bidearen ardatzetik neurtuta, eta beraz, ustiategiaren hesia atzera eraman beharko da, baldintza hori beteko bada.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak, eta orobat, ukipen sektorialak direla-eta titularrak behar diren txostenak eskatzeko betebeharra duela.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez baitago jasota handitzeko proiektatu den eremuko lurzatietan katalogatutako aztarnategi arkeologikorik dagoenik. Hala ere, jakinarazi du lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik aurkituz gero ez ukitzeko eta agintaritzari komunikatzeko legezko betebeharrak daudela.

Deierriko Udalak Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoaren txostena bidali du. Bertan adierazten denez, handitzea bateragarria da udalerriko Hirigintza Planarekin, ustiapen naturalerako lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta baitago. Era berean, adierazten du eraikinak altxonbidetik 10 metroko tartea gordeaz ezartzeko baldintza betetzen duela, balio kulturalagatik babestu beharreko lurzoru gisa eta ibilbide interesgarri gisa sailkatuta dagoelako, altxonbidea izanik, eta ez duela ukipenik eragiten gainerako babes kategorien gainean, Erdialdeko Eremuak LAP4 Lurraldearen Antolamendu Planaren arabera. Ondorioz, jakinarazten du aurreikusitako jarduketa orain udal nahiz lurralde mailan indarra duen lurzoruaren hirigintza araubidearekin bateragarritzat jotzen dela.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginari buruzko azterketaren laburpena

Dokumentazioan jaso da ingurumen eraginaren azterketa bat, handitze proiekturako ingurumen baimen integratuaren eskaeran aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea. Hor jaso da ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa, eta ingurumenaren ikuspegitik aukera onuragarriena jotzen da lehendik dauden instalazioen gaineko handitzea.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezarriz. Neurriok, alde batetik, prebentziozkoak dira, obren ukipena proiektuaren esparru hertsira mugatzeko, eta bestetik, ustiategiak funtzionatu bitartean ingurumen eragina txikiagotzeko teknika erabilgarri onenen (TEOen) aplikazioa ere jasotzen da, besteak beste, simaurrak kudeatzeko plana, hondakin kudeatzaile bati ematea proiektatzen duena.

Era berean, lurzatiaren ipar-ekialdean kokatua dagoen artadi kaltzikolaren gaineko okupazioa minimizatzeko zuzenketak jaso ditu, natura balioa baitu, eta Tauste eta Urbasa-Andia bitarteko Altxonbidearen paisaiaren ukipena eta oinezkoen eta abereen erabileren gaineko eragina murrizteko neurriak ere bai. Basoa berritzeko jarduketa bat ere jasotzen da, baso lurzoruari eragiten zaion ukipena konpentsatzeko.

Azterketak jasotzen du ingurumen zaintzarako plan bat ere. Bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

Iragarkiaren kodea: F2209795