16. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, unibertsitateko titulazioa duen pertsona baten prestakuntza praktikorako beka baten deialdia onesten duena. Bekaren xedeko prestakuntza Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan eginen da 2022. eta 2023. urteetan. DDBN identifikazioa: 602676.

Herritarren Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak baliatuta, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa eguneratu da; hala, ezarri da kopurua ezin dela izan 9.000 eurotik beherakoa, ezta 18.000 eurotik gorakoa ere.

Deialdi hau onestea Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari dagokio, eta xedetzat du beka bat ematea gazteak trebatzeko kanpo ekintzaren arloan. Bekaren zuzkidura, urtero, 17.400 euro gordinekoa da, 1.450 euroko hamabi hilekotan banatua, gehi 780 euro, urtero, Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko (65 euro hilabetero).

Onuradunak aukera izanen du Europako erakundeei, Batasuneko politikei eta horiek Nafarroaren errealitatean duten eraginari buruz duen ezagutza hobetzeko, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulego Iraunkorraren eguneroko lanetan parte hartuz, non eginkizun teknikoetan lagunduko baitu, ezagutza praktiko zabala sendotzeko asmoz.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitateko titulua duten gazteen prestakuntza praktikorako beka baten deialdia onestea. Bekaren xedeko prestakuntza Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan eginen da 2022. eta 2023. urteetan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi horretarako, 33.330 euroko gastua onestea, honela finantzatuko dena:

–2022. urteari dagokion gastua, guztira 15.085 euro, 2022rako Nafarroako aurrekontu orokorretan 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Suspertu Plana. Nafarroako Gobernuak Europar Batasunean (Bruselan) duen Bulegoko beka” izeneko B50000 B5110 4809 145100 partidaren baliokidea izanen denaren kontura ordainduko dira, horretarako kreditu egoki eta aski baldin badago.

–2023. urteari dagokion gastua, guztira 18.180 euro, eta 2024. urteari dagokiona, guztira 65 euro, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Suspertu Plana. Nafarroako Gobernuak Europar Batasunean (Bruselan) duen Bulegoko beka” izeneko B50000 B5110 4809 145100 partidaren baliokide izateko asmoz urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen diren partiden kargura ordainduko dira, horretarako kreditu egoki eta aski baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarriak, unibertsitateko titulazioa duten pertsonen prestakuntza praktikorako beka bat emateko deialdia arautzen dutenak. Bekaren xedeko prestakuntza Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan eginen da 2022. eta 2023. urteetan

1.–Helburuak.

–Gazteen prestakuntza sustatzea, zehazki, kanpo ekintzaren arloan.

–Europari buruzko ezagutza praktikoa hobetzea Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan.

–Europar Batasuneko erakundeen funtzionamenduari, instituzioei, politikei eta ekintzei buruzko ezagutza hobetzea.

–Bruselako bulegoaren ohiko lanetan parte hartzea eta haren zeregin teknikoetan laguntzea: informazioa bilatzea eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasuneko erakunde eta organoen bilera edo biltzarretara joatea eta txostenak, buletinak eta abar prestatzen laguntzea.

–Nafarroa Europar Batasunaren barruan egoteak dakarren guztiari buruzko ezagutza praktiko zabala sendotzea.

2.–Zuzkidura.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak konpromisoa hartzen du, bekak irauten duen bitartean, bekaren onuradunari urtero 17.400 euro gordin emateko (1.450 euro hilero).

–Diru kopuru horiei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura bidezko diren atxikipenak eginen zaizkie.

3.–Hartzaileek bete beharreko baldintzak.

1. Adinez nagusia izatea.

2. Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritartasuna izatea. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera C1 mailaren baliokidea den titulu ofizial batekin egiaztatuta.

3. Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

4. Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

5. Unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulu ofizial bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian emandako tituluen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen ministerioaren homologazioa aurkeztu beharko da.

6. Titulu hori eskuratua izatea prestakuntza beka honen deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

7. C1 mailako ingeles edo frantses maila duela frogatzea, titulu ofizial baten bidez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).

8. 30 urtetik beherakoa izatea.

9. Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.

10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoren batean prestakuntza bekarik jaso ez izana bi urterako edo gehiagorako.

4.–Osasun laguntza.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du bekadunaren gizarte segurantzagatik egin beharreko ordainketa. Bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Gainera, bekadunak aseguru bat sinatu beharko du bere kontura, honako hauek estaltzeko, gutxienez: osasun laguntza edo istripuen ondoriozkoa eta aberriratzea, baita erantzukizun zibila ere.

5.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Bekaduna hautatzeko prozesuan parte hartzeko eskaera-orria (II. eranskina).

2. Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.

3. Eskatzen den ikasketa titulu ofiziala, non eta noiz eman zen adierazita.

4. Ikasketa-espediente ofiziala, unibertsitate lizentzian edo graduan lortutako batezbestekoa adierazita.

5. Curriculuma, EUROPASS formatuan.

6. Ingeles edo frantses titulua (C1 mailakoa gutxienez).

7. Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

8. Betebeharrak eta aurkeztutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri edo tituluen akreditazio ofiziala.

7.–Dokumentazioa aurkezteko modua eta tokia.

Eskaerak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusira zuzenduko dira, eta, ahal dela, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz aurkeztuko dira: https://www.navarra.es/eus/tramiteak/on/-/line/unibertsitateko-titulazioa-duten-pertsonen-prestakuntza-praktikorako beka-Nafarroako-Gobernuaren-Bruselako-Bulegoan-2022-2023

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Tramitatzeko, ziurtagiri digitala edo cl@ve erabil daiteke.

Hala egiterik ez badago, eskaerak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan.

Ez dira baloratuko, ezta aintzat hartuko ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzen ez diren betebeharrak eta merezimenduak, alegatu badira ere, ez eta agiri bidez argi eta garbi frogatzen ez direnak ere.

Epearen barruan aurkeztutako eskaerak ez badu eskatutako guztia betetzen, instrukzio organoak hamar egun naturaleko epean zuzentzeko errekerimendua eginen dio interesdunari. Interesdunak hala egiten ez badu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin. Hau da, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, ez da merezimenduen gaineko inolako dokumentaziorik onartuko.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8.–Merezimenduak: balorazio irizpideak.

Merezimenduak bi fasetan baloratuko dira.

Lehenbiziko fasea:

Hautagaitzak baloratuko dira baldin eta izangaiak betebehar guztiak betetzen eta frogatzen baditu. Merezimenduak honako puntuazio hauen arabera baloratuko dira

–Bigarren lizentzia edo graduko ikasketak: 1,5 puntu.

–Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako doktoretza bukatua: 2,5 puntu.

–Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako masterra amaitua. (gutxienez 60 ECTS kreditu): 2,0 puntu.

–Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako graduatu ondoko ikasketa bukatuak: 1,5 puntu.

–Ingelesa, C1 (HEEEB) (titulu hori izatea baldintza ez bada) edo altuagoa: 2,0 puntu.

–Frantsesa, C1 (HEEEB) (titulu hori izatea baldintza ez bada) edo altuagoa: 2,0 puntu.

–Euskara, C1 (HEEEB) edo altuagoa: 2,0 puntu.

–Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk, B2 (HEEEB) edo altuagoa: 1,5 puntu.

–Ikasketa-espedientean batezbesteko onena duen izangaiari 2 puntu emanen zaizkio, eta gainerakoei, dagokien puntuazioa, zuzeneko proportzioa aplikatuz.

Bigarren fasea:

Aurreko fasean puntuaziorik handiena lortu duten 5 izangaiei eginiko elkarrizketa bat izanen da, 0 eta 3 puntu artekoa, eta honako hauek baloratuko dira:

–Hautagaiak ahoz komunikatzeko duen gaitasuna, hizkuntza-zuzentasuna, adierazpen-argitasuna eta elkarrizketan erabilitako termino teknikoen egokitasuna barne.

–Elkarrizketan zehar bekaren xedearekin lotuta planteatzen ahal zaizkion gaien aurrean erantzuteko gaitasuna.

–Elkarrizketan bekaldian zehar sor litezkeen arazo edo egoera hipotetikoak planteaturik, horiek konpontzeko erakutsitako gaitasuna.

–Elkarrizketatzaileekin elkarreraginean aritzeko trebetasunak.

–Egiaztatutako berariazko ezagutzak.

Elementu horietako bakoitzak pisu bera izanen du bigarren faseko puntuazioa emateko garaian.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.

Elkarrizketa egiterakoan, Ebaluazio Batzordeak giza baliabideetako aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahalko du; aholkulari horien laguntza haien espezialitate teknikora mugatuko da.

9.–Hautagaiak aukeratzeko prozesua.

Ebaluazio Batzorde batek eskaerak aztertu eta baloratuko ditu oinarri hauen zortzigarren puntuan ezarritakoaren arabera, eta emaitzei buruzko txostena emanen du, non honako hauek jasoko diren:

a) Eskatutako betebeharrak ez betetzeagatik baztertu diren eskatzaileen zerrenda, bakoitzak betetzen ez d(it)uen betebeharra(k) adierazita.

b) Gainerako eskaeren zerrenda, oinarri arautzaile hauetan adierazitako baremazio irizpideen arabera ordenatua.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, zeina batzordeburua izanen baita (ordezkoa, Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Herritarren Zerbitzuko zuzendaria).

–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendaria (ordezkoa, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua).

–Eskualdeen Arteko eta Mugaz gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua, idazkari gisa (ordezkoa Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko teknikari bat).

–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzura atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

Puntu-berdinketak hausteko irizpideak. Bekarako izangaien merezimendu guztien eta elkarrizketaren batuketan puntu-berdinketa badago, elkarrizketa pertsonalean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde eginen da. Berdinketa hausten ez bada, Europako gaietako prestakuntzari erreparatuko zaio. Horrela ebazten ez bada, berdinketa hizkuntzen puntuazioaren arabera argitu beharko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak zozketa bidez ebatziko du.

10.–Beken iraupena

2022. eta 2023. urteetarako beka honek bi etapa izanen ditu: lehenengoa, bekaduna Nafarroako Gobernuaren bulegoan lanean hasten denetik 2022ko abenduaren 31ra arte, eta bigarrena, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arte.

11.–Baldintzak.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari. Bekaduna, astean, gehienez 30 orduz arituko da lanean.

Beka jasotzeak ez du esan nahi entitatearekin lan edo administrazio zerbitzuak emateko harremanik dagoenik, eta ez du inolako lan konpromisorik sortzen bekaldia bukatutakoan.

Bekadunen jarduerak Nafarroako Gobernuak Bruselan duen Bulegoan aritzen den tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko ditu, bekarako eskatzen den titulazio bera edo goragokoa izan beharko duena.

Praktiketako prestakuntza programa honen ikaskuntza prozesuan errendimendua baxua izanez gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak beka kentzen ahalko du.

Bekari bekaldia bukatu baino lehen uko egin nahi izanez gero, onuradunak 15 lanegun lehenago jakinarazi beharko dio Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari. Betetzen ez diren aurreabisu egunak bekadunaren hileko dirulaguntzatik deskontatuko dira, edo bekadunari dagokion beste edozein eskubidetatik.

Bekadunek uko egin ondoren Bruselako Bulegoan sortzen diren hutsuneak ordezkoek betetzen ahalko dituzte, ezarritako hurrenkerari jarraikiz. Kasu horretan, deialdian ezarritako baldintza beretan hasiko dira jardunean, hasiera batean aurreikusitako prestakuntzaldia bukatu arte.

Bekadunak ez du inoiz ere arriskutan jarriko Nafarroako Gobernuaren izen ona.

Bekadunak agiri bat sinatu beharko du bekaren baldintzak onartzen dituela adierazteko, eta horrela formalizatuta geldituko da Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan bekadun gisa ari dela.

12.–Bekaren bukaera.

Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, bekadunak txosten bat aurkeztu beharko du egindako lanari eta lortutako emaitzei buruz, tutorearen adostasuna duena.

13.–Bateraezintasunak.

Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz araututa ez dagoen orotan, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 4ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Iragarkiaren kodea: F2118157