156. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

670E/2022 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Iturengo Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketa Martín Tellechea Mariezcurrenak sustatu du eta 3. poligonoko 310. lurzatiari eragiten dio.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Iturengo Udalak 2022ko apirilaren 8an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022eko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 5ekoan.

Aldaketaren xedea da Aurtitz auzoko 3. poligonoko 310. lurzatia hiri-lurzoru finkatugabeen sailean (UB-10) sartzea, eta lurzatia bi etxebizitza ezartzeko erabiltzea.

Lurzatiak 4.781,58 m²-ko azalera du, larreetarako erabiltzen da, eta NA-170 errepidetik Mendaur urtegira eta ur-biltegira sartzeko hormigoizko bidea ere hartzen du barnean. Iparraldean, mendiko pista batekin egiten du muga; mendebaldean, landa-lurzatiekin (306. eta 307. lurzatiak); eta ekialdean, Legartzelai errekarekin.

Proposamenaren ondorioz, lurren sailkapena aldatuko da: nekazaritzako eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzorua izatetik hiri-lurzoru finkatua izatera igaroko dira. Aurreikusitako antolamenduaren arabera, gehieneko lerrokadurak lurzati mugakideetatik 3 metrora kokatuko dira, bidetik 5 metrora, eta gehienez 30 metroko hondoa izanen dute. 1.202,04 m² lagatzea aurreikusten da; horietatik 448,38 m² lehendik dagoen bideari dagozkio, eta 753,66 m² berdegunerako izanen dira. Lur horiek bidearen eta errekaren artean daude.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du UB-10 unitate berriaren hirigintza-fitxan ingurumen zehaztapen batzuk sartzea, errekaren korridore biologikoaren funtzioa indartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea Iturengo Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bati buruz, 3. poligonoko 310. lurzatiari eragiten diona, ingurumen ukipenik sortzen ez duela iritzita. Sustatzailea Martín Tellechea Mariezcurrena da.

Aldaketaren ingurumen integrazioak eskatzen du UB-10 hirigintza-fitxan honako ingurumen neurri hauek gehitzea:

–Berdegunearen urbanizazioa saihestea eta ibaiertzak berreskuratzea, Kantauri aldeko berezko zuhaitz eta zuhaixkak landatuz: Fraxinus excelsior, Alnus glutinosa, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Prunus spinosa eta Cornus sanguínea.

–Argiteria publikoren bat jartzen bada, ur-bazterreko espazioan ez jartzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iturengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2209947