156. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Ordenantza, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2022ko apirilaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, eta hasierako onespenaren iragarkiak argitaratu ondotik 2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 17an, ordenantza behin betiko onesten da eta argitara ematen, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Irurtzunen, 2022ko uztailaren 8an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO APARKATZEKO TXARTELAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna izan eta mugikortasun murriztua duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen martxoaren 7ko 52/2022 Foru Aginduko aurreikuspenak jasota.

2. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidearen titular izanen dira, Irurtzunen erroldatuta egonik, honako kasu hauetakoren batean dauden pertsonak:

1.–Desgaitasuna duen pertsonaren izaera ofizialki aitortua duten pertsona fisikoak, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorreko testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta, horretaz gainera, ondoko egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera. Mugikortasun murriztua dutela iritziko zaio honako kasu hauetan:

–Gurpil-aulkia nahitaez erabili behar badu.

–Ibiltzeko makila-parea nahitaez erabili behar badu.

–Ibil badaiteke ere, kontrolatzen zailak diren jokabide oldarkor edo jasangaitzak baditu, garraioko baliabide normalizatuak erabiltzea galarazten dioten desgaitasun psikiko astunak dituelako.

–Mugitzeko mugak baditu eta gutxienez 7 puntukoak badira 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskineko mugikortasun murriztuko baremoan.

b) Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua izatea, desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak hala erabakita.

2.–Desgaitasuna duten 3 urtez beherako adingabeak, mugikortasuna modu larrian mugatzen duten laguntza-produktuak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...) etengabe behar dituztenak, aparatu horiek ezinbestekoak badira beren bizi-funtzioetan. Egoera hori aitortu behar du desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak eta egoera hori deklaratu behar da desgaitasunaren arloan eskumena duen organoak emandako ebazpenaren bidez.

3.–Desgaitasuna izan eta mugikortasuna murriztua duten pertsonen garraio kolektiborako soilik egokitutako ibilgailuen titularrak, pertsona fisikoak zein juridikoak izan, baldin eta norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen badituzte (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira Norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasuna dutenei laguntzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori–).

3. artikulua. Aparkatzeko txartelak non balio duen.

Txartelak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan balioko du, eta Europar Batasuneko estatu guztietan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

4. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

1. Pertsona bati, bere ibilgailuan joan-etorriak egiteko, modu partikularrean ematen zaion aparkatzeko txartela izanen da bakarra, pertsonala eta besterenezina, eta titularrak berak gidatzen duenean edo beste norbaitek bera bertan eramaten duenean soilik erabiltzen ahalko da.

2. 3.3. artikuluan aipatutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren izenean emandako aparkatzeko txartela izanen da bakarra, pertsonala eta besterenezina, eta mugikortasun murriztuko pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko den ibilgailuaren matrikula-zenbaki bati lotuta egonen da eta eraginkorra izanen da soilik ibilgailuak 2. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak modu eraginkorrean garraiatzen dituenean.

3. Aparkatzeko txartelak balioko du eta erabiliko da txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

5. artikulua. Pertsona titularren eskubideak eta erabiltzeko mugak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularrek eskubide hauek izanen dituzte, baldin eta txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, Irurtzungo Udalari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, epigrafe honen bigarren paragrafoan ezartzen diren baldintzen arabera. Aparkatzeko tokia mugikortasun murriztuko sinboloarekin seinaleztatuko da.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea, aparkatzeko denbora mugatua duten eremuetan.

d) Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzea, epigrafe honen bigarren paragrafoan ezarritako baldintzetan, eragozpenik sortzen ez bazaie oinezkoei edo trafikoari.

Irurtzungo udalerrian zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatu ahal izanen da, betiere agintari eskudunek emandako jarraibideak betetzen badira, hala nola alkateak, zinegotziek, Irurtzungo Udaleko zerbitzu anitzetako langileek edo, ekitaldiak antolatuz gero, unean uneko gaikuntza duten beste batzuek.

e) Bidearen edozein tokitan gelditzea, arrazoi justifikatuak tarteko eta behar den denboraz, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez zaien bitartean eta agintaritzako agenteek emandako jarraibideak bete ondoren.

f) Bertako bizilagunentzako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela izateak ez du inolaz ere aparkatzeko baimenik ematen oinezkoentzako gune edo pasabideetan, gelditzea debeku den toki eta kasuetan, ibiak edo larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten tokietan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio-erreiak murrizten dituzten espazioetan (“bigarren ilarak”).

6. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularra behartuta dago:

a) Txartela behar bezala erabiltzera, 6. artikuluan ezarritako erabilera-baldintzen arabera eta betiere ordenantza honetan ezarritako txartel-formatua erabiliz.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean paratzera edo aurreko haizetakoaren barnean itsastera, txartelaren aurrealdea kanpotik argi ikusteko moduan utziz.

c) Bere burua identifikatzera agintaritzaren agente batek hala eskatzen dionean, bere nortasuna egiaztatzeko erakutsiz, hartara, nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskalaren zenbakia, bizileku-txartela edo bestelako identifikazio-agiri ofizialen bat. Halakorik ez badu, ez du aparkatzeko txartela erabiltzen ahalko. 14 urtetik beherako adingabeek nortasuna egiazta dezakete desgaitasun-maila onartzen duen agiria erakutsiz.

d) Agintaritzaren agenteekin eta bestelako agintari eskudunekin lankidetzan aritzera –hala nola alkatearekin, zinegotziekin, Irurtzungo Udaleko zerbitzu anitzetako langileekin edo, ekitaldiak antolatuz gero, unean uneko gaikuntza duten beste batzuekin–, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztera aparkatzeko txartela emateko eskaturiko betebeharretan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizileku-aldaketa, txartela hondatu edo galdu denean, edo lapurtu badute. Hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du.

Halakoetan, Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzera, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Betebehar horiek betetzen ez badira, aparkatzeko txartela aldi baterako kendu ahal izanen da, 6 hilabeterako, hain zuzen ere. Betebeharrak behin eta berriz ez betetzeak berarekin ekar dezake aparkatzeko txartela baliogabetzea, ordenamendu juridikoak ezarritako zehapenak galarazi gabe.

3. Pertsona fisikoek zein juridikoek aparkatzeko txartela iruzur eginez erabiltzen badute, hura baliogabetuko da, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zehapenak galarazi gabe.

4. Txartela baliogabetzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko, baliogabetzen den egunetik hasita urtebeteko epean.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela eman eta egiteko prozedura.

1. Espedientea hasiko da interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskatuta, betiere interesduna Irurtzunen erroldatuta badago.

Eskaera udal honetako administrazioan bertan edo telematikoki eginen da, egoitza elektronikoaren bidez, ordenantza honen I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Desgaitasuna duen pertsonaren bi argazki, nortasun agirikoaren neurrikoak, koloretan.

–Nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskabidea desgaitasuna duten pertsona fisikoek egiten dutenean, egiaztagiri ofiziala, zeinetan adieraziko den desgaitasuna duen pertsona dela, mugikortasuna murriztua duela edo begirik hoberenean ikusmen zolitasuna 0,1ekoa edo gutxiagokoa duela zuzenketarekin edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua duela. Egiaztagiri hori desgaitasun-maila kalifikatu eta aitortzeko talde multiprofesionalek emanen dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Txartela eskatzen dutenean pertsona fisikoek eta juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboa egiteko, behar den agiria aurkeztuko dute, egiaztatzen duena norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen dituztela.

Ez da beharrezkoa izanen udalerrian erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiririk aurkeztea; Udalak ofizioz egiaztatuko du.

2. Hasierako eskaera horrek ez baditu exijitutako betekizunak betetzen, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eman beharko da.

3. Txartela eman aurretik, udalak egokitzat jotzen duenean, arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari txosten bat eska diezaioke, zeinetan egiaztatuko baita eskatzaileak betetzen dituela txartela izateko eskubidea ematen duten baldintzak; bai eta, orobat, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren inguruko edozein argibide ere.

4. Udalak eskabidea ebatziko du eta interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera udal erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea onartutzat jo beharko da, berariazko ebazpena emateko betebeharra galarazi gabe; ebazpen hori beti eskabidea ontzat emateko izanen da.

5. Eskabideari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da eta hartan adierazi kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen, eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.

6. Aparkatzeko txartela eman ondoren, hura eman dela adieraziko zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari, aparkatzeko txartela editatu eta eman dezan I. eranskinean ezarritako formatu homogeneo eta normalizatuan. Txartelarekin batera, hura Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzeko baldintzen laburpena emanen da.

8. artikulua. Aparkatzeko txartelaren indarraldia eta berritzea.

1. Mugikortasun edo ikusmen zolitasun murriztua duten pertsona fisikoei emandako aparkatzeko txartel iraunkorrak eta garraio kolektiborako egokitutako ibilgailuetako aparkalekuetako txartelek bost urteko balioa izanen dute.

Epe hori bukaturik, txartela berritu beharko da, desgaitasunaren balorazioan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera (aldaketa horiek berekin ekar dezakete txartelaren indarraldia galtzea).

2. Aparkatzeko txartela haren indarraldiaren barnean berritzeko eskaera aurkezten bada, aurretik emandakoaren baliozkotasuna luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskaera aurkezten bada egindako azken txartelaren indarraldia bukatu eta hurrengo laurogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, uste izanen da indarraldi horrek bere horretan dirauela, txartela berritzeko behar den prozedura ebatzi bitartean.

3. Dena dela, aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

9. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

1. Arrazoi humanitarioak tarteko, salbuespenez emanen zaie ibilgailu automobilak aparkatzeko behin-behineko txartela mugikortasun murriztua duten pertsonei, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki aitortua ez egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –bizi-itxaropen hori bere adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako arruntzat hartuta–, kontuan izan behar baita seguruenik ez dela astirik izanen aparkatzeko txartelaren eskabide arrunta tramitatzeko.

2. Aurreko apartatuan adierazitako egoerak egiaztatu beharko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko mediku fakultatiboek emandako ziurtagiriaren bitartez; eskatzailearen bizilekuari dagozkion osasun-zerbitzuetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.

3. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

4. Aparkatzeko behin-behineko txartela duten titularrek arau honetako eskubideak, beharkizunak eta erabilera-baldintzak izanen dituzte, kontzesioak irauten duen bitartean.

5. Aparkatzeko behin-behineko txartela gehienez ere sei hilabeterako emanen da eta urtebete luzatzen ahalko da, gehienez ere.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ordenantza honen 7. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan jasotako aurreikuspenez gain, txartelen titularrek beren betebeharrak betetzen ez dituzten kasuetarako, honako hauek ere administrazioko arau-hausteak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak ezkutatzea.

Arau-hausteak 600 eurotik 1.000 eurora arteko zehapena izanen du.

Datuak faltsutu edo ezkutatu dituztenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

Arau-hausteak 1.000 eurotik 2.000 eurora arteko zehapena izanen du.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

c) Eskubidearen titularra ez den hirugarren batek erabiltzea txartela.

Arau-hausteak 2.000 eurotik 3.000 eurora arteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

2. Zehapenak ezarriko dira alkatetzaren ebazpen bidez, aldez aurretik zehapen espedientea irekita; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei. Espediente hori tramitatuko da jarraikiz administrazio publikoek zehatzeko ahala erabiltzearen gaineko legean eta erregelamenduan xedatutakoari.

11. artikulua. Tasak.

Ematen den aparkatzeko lehen txartelak 20 euroko tasa izanen du.

Txartela berritzeko, 10 euroko tasa ordaindu beharko da.

Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da aparkatzeko txartela eman izanaren jakinarazpena jasotzen denean.

Xedapen Iragankorra

Ordenantza hau onetsi aurretik emandako txartelek 2023ko martxoaren 24ra arte izanen dute balioa, eta epe horretan eskatu beharko dute ordenantza honetan aurreikusitako txartela.

Bigarren xedapen iragankorra.–Txartelaren ezaugarriak.

Txartelak egiteko eskumena duen organoak funtzioa eskuratu arte, Irurtzungo Udalak jarraituko du txartelak ematen. Txartel horiek, indarrean dagoen araudiaren arabera, honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

1. Europar Batasuneko ereduaren arabera, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren neurri zehatzak honako hauek dira:

–Luzera: 106 mm.

–Zabalera: 148 mm.

2. Aparkatzeko txartela kolore urdin argikoa izanen da. Aldiz, gurpil-aulkiaren sinboloa zuria izanen da, hondo urdin ilunean jarria. Sinbolo hori esmalte holografikoarekin bernizatuta egonen da.

3. Aparkatzeko txartel guztiak luzatuko dira numerazio korrelatiboarekin eta serie zehatzak esleituko zaizkie egite-hurrenkera korrelatiboetan, txartelaren titularra identifikatzeko xedez.

4. Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela plastifikatua egonen da kapsulatze-teknikaren bitartez.

5. Desgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartelak atzealdea eta aurrealdea izanen ditu eta alde horietako bakoitza erdibituta egonen da, bertikalki.

6. Aurrealdeko ezkerreko erdian agertuko dira:

–Gurpil-aulkiaren sinboloa, zuriz, hondo urdin ilunaren gainean.

–Aparkatzeko txartela zer egunetan iraungitzen den.

–Aparkatzeko txartelaren zenbakia.

–Txartela eman duen agintariaren edo erakundearen izena.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa.

7. Aurrealdeko eskuineko erdian agertuko dira:

«Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela», hizki larriz, gaztelaniaz eta euskaraz.

Horren ondotik, tarte aski utzita eta letra txikiz, honako idazkun hau, Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan: “Aparkatzeko txartela”.

“Europako Erkidegoen eredua” idazkunaren ordez “Europar Batasuneko eredua” agertuko da.

Atzean, Espainiaren bereizgarria: E letra Europar Batasunaren sinboloaren barrenean: hamabi izarreko zirkulua.

8. Atzealdeko ezkerreko erdian agertuko dira:

–Titularraren argazkia.

–Titularraren deiturak.

–Titularraren izena.

–Titularraren NANa.

9. Atzealdeko eskuineko erdian ohar hauek agertuko dira gaztelaniaz eta euskaraz:

Txartel honek titularrari baimena ematen dio une bakoitzean bera dagoen Estatu kidean indarra duten eskubideak baliatzeko.

Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarri beharko da, txartelaren aurrealdea argi eta garbi ikusteko moduan, kontrolatzeko.

10. Garraio kolektiborako bakarrik erabiltzen diren ibilgailuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoen eredua izanen da eranskin honetako aurreko letretan deskribatutakoaren antzekoa, eta atzealdean «Garraio kolektiboa» eta ibilgailuaren matrikula zehaztuko dira titularraren argazkiaren ordez.

11. Irurtzungo udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren arabera, elebitasun normalizatzailea erabiliko da, hau da, euskarari lehentasuna ematen dion elebitasuna.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza, 2015eko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27an, argitaratu zena.

Azken xedapen bakarra.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2209920