156. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURGI

Ordenantza, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituena. Behin betiko onespena

Burgiko Udalak, 2022ko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Burgin autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, baita Burgiko Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.

Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324, 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa.

Burgin, 2022ko uztailaren 13an.–Alkatea, Elena Calvo Petroch.

ORDENANTZA, BURGIN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DITUENA

Autokarabana jarduera edo turismo ibiltaria haziz joan da Europa osoan, azken urteetan, eta gaur egungo araudi sektorialak ez du behar bezala erantzuten, kontuan izanik zer arazo ekartzen dizkien jarduera honek erabiltzaileei, administrazio publikoei eta, oro har, herritarrei, ukitutako arlo materialetan.

Espainiako Estatua fenomeno honetaz jabetzen hasi zen Zirkulazioko Erregelamendu Orokor berria onestearekin batera; hartan, gure herrialdean lehen aldiz onartu zen autokarabana existitzen zela, etxebizitza-ibilgailu gisa, gure inguruko beste herrialde batzuetan bezala, galarazi gabe udalerri batzuk jarduera hau arautu izana ordenantzetan, hainbat modutan, interpretatzeko problema asko izanik. Senatuak 2006ko maiatzaren 9an aho batez onetsitako mozioaren harira, GT 53a sortu zen, eta han egindako lanaren emaitza gisa, Barne Arazoetako Ministerioaren Trafiko Zuzendaritza Nagusiak 08/V-74 Instrukzioa eman zuen 2008ko urtarrilaren 28an, bai eta Autokarabanan Mugitzeko Gidaliburua ere. Jarduera hau arautzean, hainbat eskumen eta esparru material ukitzen dira, eta nahitaez bateratu behar dira. Esaterako, Estatuaren eskumen esklusiboa da trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren gainekoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko udalerriek beren eskumen batzuk arau ditzakete, arlo askotakoak, esaterako trafikoa eta ibilgailu motordunen zirkulazioa, turismoa, ingurumena, osasun publikoa, kontsumoa, eta garapen ekonomikoa, besteak beste. Eskumen horiek denek bat egiten dute autokarabana jardueraren arauketan.

Horregatik guztiagatik, udal honek beharrezkotzat jo du jarduera honen arauketa berri bat, edo dauden beste batzuen osagarri bat, helburua bikoitza izanik: batetik, udalerrian jarduera honi buruz dagoen legezko hutsunea betetzea, segurtasun juridiko handiagoa lortu nahian, eta berme handiagoak ezartzea autokarabanistentzat, zerbitzuguneen eta aparkatzeko guneen sustatzaile eta kudeatzaileentzat (izan titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak), udal zerbitzuen kudeatzaileentzat (polizia, ogasuna, obrak eta lizentziak, etab.) eta, oro har, herritarrentzat, eta, bestetik, udalerriaren garapen ekonomikoa sustatzea, bereziki autokarabanentzako eta etxebizitza-ibilgailuentzako erabilera publikoko guneak sustatuz, turismo eta aberastasun iturri diren aldetik.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Udal ordenantza honen xedea da esparru arauemaile bat ezartzea, ahalbidetuko duena udal-mugartean zentzuz banatzea espazio publikoak eta aparkalekuak, aldi baterakoak edo ibiltarientzakoak, ibilgailuen zirkulazioa ez trabatzeko, udal-mugarteko baliabide eta espazio naturalak zaintzeko, ingurumeneko inpaktuak txikitzeko, bermatzeko pertsonen segurtasuna eta aparkaleku publikoen txandaketa eta banaketa ekitatiboa erabilera publikoko bideen erabiltzaile guztien artean, eta udalerriko garapen ekonomikoa sustatzeko, bereziki turistikoa.

2. Autokarabana jarduerarekin loturik Burgiko Udalak esleiturik dituen eskumenak garatzen ditu ordenantza honek, esaterako trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa bide urbanoetan, mugikortasuna, turismoa, ingurumena, osasun publikoa, kontsumoa eta garapen ekonomikoa, baita zehatzeko ahala ere, aplikatzekoak diren Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoetako arauen esparruan.

3. Burgiko udal-mugarte osoan dira aplikatzekoak ordenantza honetako aginduak, salbu trafikoarekin eta ibilgailuen zirkulazioarekin lotutakoak: horiek aplikatzekoak izanen dira bide urbanoetan eta urbanotzat deklaratutako hiriarteko bideetan edo zeharkaleetan bakarrik.

2. artikulua. Autokarabanek eta etxebizitza-ibilgailuek aparkatu eta gaua pasatu ahal izanen dute horretarako ezarritako eremuan, gehienez 72 orduz, eta debekatuta dago hori udalerriko beste leku batean egitea. Hona hemen eremu hori:

–Zabalea autokarabanentzako zerbitzu eremua (8. poligonoko 205., 206. eta 207. katastro-lurzatiak), horretarako seinaleztatutako aldean.

3. artikulua. Autokarabanek eta etxebizitza-ibilgailuek aparkatu ahal izanen dute horretarako ezarritako eremuetan, gehienez 5 orduz, eta debekatuta dago hori udalerriko beste leku batean egitea. Hona hemen eremu hori:

–Herriko sarreran dagoen lurrezko aparkalekua, horretarako seinaleztatutako zatian: (16. poligonoko 576. katastro-lurzatia).

4. artikulua. Debekatuta dago herri barruko bideetan gelditzea eta aparkatzea, honako hauek barne harturik: Almadiazainen ibiltokiko aparkalekua, Kale Berria, ibaiko ibarbasoak (4. poligonoko 45. katastro-lurzatia) eta Sebince alderdia (4. poligonoko 36. lurzatia).

Aditzera emate aldera, honelakoetan iritziko zaio autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

A.–Gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

B.–Ibilgailu itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik hedaturik ez dagoelarik.

C.–Inolako isurki kutsagarriren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direlarik, hala nola ur erabiliak bide publikoan hustea.

D.–Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Ibilgailuak aparkatzen badira artikulu honetan ezarrikoaren aurka, zehapena ezarriko da ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua. Zabalea zerbitzu eremua.

Erronkaribarko Enpresa Parkean sortutako zerbitzu publikoko eremuak honako erabilera arau hauek izanen ditu:

a) Erreserbatutako aldeetan bakarrik aparkatu ahal izanen dute autokarabanek, camperrek eta antzeko ibilgailuek, etxebizitza-ibilgailu gisa homologatuta badaude; ezin izanen dute aparkatu bestelako ibilgailuek, hala nola kamioiek, turismoek eta abar.

b) Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte aparkatzeko zoruan marraztutako espazioaren mugak.

c) Erabiltzaileek eremu bat izanen dute autokarabanetan edo etxebizitza-ibilgailuetan sortutako ur grisak eta beltzak husteko, bai eta ur hargune bat ere. Eremu horretan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Bertako higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Era berean, berariaz debekatuta dago edozein ibilgailu garbitzea, zerbitzu eremuko instalazioetan baimendutako garbitokian izan ezik.

d) Zerbitzu eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko, eta errespetua eta jendetasuna izan dadin.

7. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Burgiko Udaleko alkate udalburua da zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2. Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehatzeko Ahala Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3. Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

4. Hasi eta sei hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada, kontuan izanik zenbaketan izan daitezkeen etenak, interesdunei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik edo prozeduraren etenaldiengatik, iraungitzeko eperako zenbaketa hasiko da, hain zuzen ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.4 artikuluan ezarritakoa.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Hauek dira arau-hausteen zenbatekoak: 100 euro arinetarako, 750,01 euro astunetarako eta 1.500,01 euro oso astunetarako.

1. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Autokarabana edo etxebizitza-ibilgailua aparkatzea merkataritzako, nekazaritzako edo turismoko edozein jarduera ikustea oztopatzen duen tokian. Hasiera batean, karabanaren edo antzeko ibilgailuaren titularrari eskatuko zaio aparkalekua utz dezala, ohartaraziz zehapena ezar daitekeela ez-betetzeagatik.

b) Zarata gogaikarriak egitea, tresna elektrikoak piztuz, esaterako generadoreak, atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera denbora luzean.

c) Hustubidearen giltza irekia uztea, martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

d) Hiri-ondakin solidoak botatzea horretarako ezarritako eremutik kanpo.

e) Elementuak jartzea autokarabanaren edo etxebizitza-ibilgailuaren perimetrotik kanpo, esaterako eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, nibelatzeko hankak, etab., baimenik gabeko tokietan.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Karabana edo antzeko ibilgailua kanpaturik egotea horretarako prestatutako tokietatik kanpo. Egoera horri antzemateko, ordenantza honen 6. artikuluan xedatutakoari segituko zaio, baztertu gabe kanpatze horretan bestelako arau-hausteak ere egin daitezkeela (babestutako zonan sua piztea, desordena publikoa eragitea, ur publikoak kutsatzea eta abar). Kasu horretan, gainera, aplikatzekoak diren legeetan xedatutakoari segituko zaio.

b) Soinu ekipoekin zarata egitea kanpoaldera.

c) Sei hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Fluido kutsatzaileak botatzea martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

b) Ur grisak eta beltzak hustea horretarako prestatutako tokietatik kanpo.

c) Errepideko ibilgailuen zirkulazioa osoki trabatzea, justifikatuko duen ezinbesteko arrazoirik gabe.

d) Urtebetean bi falta astun egitea.

4. Zehapen prozedura bati hasiera emanik, arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, prozedura ebazten ahalko da, behar den zehapena ezarrita. Proposatutako zehapena ordaintzen bada espedientea ebatzi aurretik, bukatu eginen da, eta zehapen ekonomikoa %25 murriztuko da. Hasierako erabakian xedapen hau jaso beharko da.

9. artikulua. Kautelazko neurriak.

Kanpora botatako fluidoa irristakorra bada, osasunerako kaltegarria eta/edo arriskua bada bide publikoko gainerako erabiltzaileentzat eta/edo hiri-ingurunerako edo paisaia-ingurunerako kalte nabarmena, eragilea beharturik egonen da ukitutako bidea edo zona ezin hobeki lehengoratzera; halako moduz non, bitarteko egokiekin egiterik ez badu, Udalak hartuko dituen bere gain zereginak, eta gero arau-hausleari pagaraziko.

Ordenantza honen aurkako arau-haustea eginik, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko egoitza Espainian duela, egoki izanen da ibilgailua bide publikoan geldiaraztea, edo aparkaturik edo kanpaturik dagoen lekuan. Kasu horretan, agente salatzaileak ibilgailua geldiaraziko du, arau-hausleak isunaren zenbatekoa gordailutu arte, edo bermatu arte ordainduko duela, zuzenbidez onartutako edozein modutan. Geldiaraztea ondoriorik gabe geldituko da horren arrazoiak zuzendu bezain laster. Halaber, organo eskudunak behar diren neurriak har ditzake, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea. Arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu, haren zehapena 750,01 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

11. artikulua. Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Dagozkien legeetan xedatuaren arabera preskribatuko dute arau-hausteek eta zehapenek. Legeek preskripzio eperik ezartzen ez badute, arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunengatik ezarritako zehapenek bi urteren buruan eta falta arinengatik ezarritakoek urte baten buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

3. Zehapenen preskripzio epea kontatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik. Preskripzioa etenen du, interesduna jakinaren gainean egonik, betearazpen prozedura hasteak, eta berriz ere hasiko da epea iragaten, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onesteko erabakia eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea iraganda.

Onespena. Ordenantza hau –11 artikuluz eta azken xedapen bakarrarekin osatua– Udalbatzak 2022/04/29an egin ohiko osoko bilkuran onetsi zuen hasiera batez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara zedin agindu zuen, tramitatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: L2209978