153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

372E/2022 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2022ko dirulaguntza deialdia. DDBN identifikazioa: 637635.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Industriako enpresa ertain eta txikiek nahiz nekazaritzako elikagaien industriek inbertsioak egin ditzaten laguntzeko neurriak osatzeko asmoz, azken urteotan industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdiak egin dira. Horri jarraipena eman nahian onetsi da 2022rako deialdia, zeina aurreikusita baitago 2022-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak, 2022ko apirilaren 13an hartutako erabakiaren bidez, 2.000.000 euroko urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa hartu zuen 2023rako.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 2.000.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko “Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza” izeneko 810007 81200 7701 422207 partidaren 2023ko aurrekontuko partida baliokidearen kargura, baldin eta krediturik bada.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810007-81200-7701-422207: Enpresa handietan inbertsioak egiteko dirulaguntza

2023

2.000.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Laguntzen xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresa handietan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Enpresa handia izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

Enpresaren tamaina zehazteko, kontuan hartuko dira enpresaren urteko kontuen datuak, itxitako azken hiru ekitaldietakoak (2019, 2020 eta 2021), bai eta hari lotutako eta elkartutako enpresa guztienak ere.

Eskatzaileek laguntzen eskaerari erantsita aurkeztu beharko dute enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) Nafarroan establezimendu bat edukitzea, edo edukitzeko asmoa izatea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Enpresek 3. oinarriko 1.1 apartatuan definitutako inbertsio proiektua egin behar badute, laguntza zer inbertsiotarako eskatzen den, inbertsio hori garatuko den establezimendura lekualdatu ez izana laguntza eskatu aurreko bi urteetan.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan.

Zehazki, laguntza eskatzearekin batera baimena ematen zaio Industria Sustatzeko Zerbitzuari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatu betebeharrak. Era berean, enpresan kontratu mugagabeaz ari diren pertsonen kopurua egiaztatzen duten agiriak ere eskuratzen ahalko ditu, 12. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako.

Apartatu honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

2. Laguntza jasoko duen enpresan egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du. Subrogazioa laguntza ordaintzeko ebazpenean baimenduko da, baimendu behar bada.

3. Ezin dira onuradun izan:

a) 3. oinarriko 1.1 apartatuko proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten enpresak, honako egoeretako batean badaude:

–Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende egotea, baldin Batzordeak, aurrez, legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu Espainiak emandako laguntza bat.

–“Krisian dagoen enpresatzat” hartua izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioaren arabera. Salbuespena eginen da enpresa ez bazegoen krisian 2019ko abenduaren 31n, baina krisian sartu bazen 2020ko urtarrilaren1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian.

b) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari diren enpresak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

c) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasota dauden sektore publikoko entitateak.

3. oinarria.–Inbertsio proiektu motak, kokalekuaren eta helburuaren arabera.

1. Honako hauek izanen dira inbertsio proiektu motak, kokalekuaren eta helburuaren arabera:

1.1. A) motako proiektuak, “Inbertsiorako eskualdeko laguntzak” delakoen xede direnak:

Proiektu hauek Eskualdeko laguntzen mapan ageri diren udalerrietakoak dira (mapa hori laguntzen fitxan kontsultatu daiteke, nafarroa.eus-en), eta haien helburua, oinarri honetako 2. apartatuko a), b) eta c) letretan aurreikusitakoren bat.

1.2. B) motako proiektuak, “De minimis laguntzak” delakoen xede direnak:

–Eskualdeko laguntzen mapatik kanpoko udalerrietakoak, 2. apartatuan aurreikusitako helbururen bat dutenak.

–Eskualdeko laguntzen mapan ageri diren udalerrietan kokatutakoak, 2. apartatuko d), e) eta f) letretan ezarritako helbururen bat dutenak.

2. Inbertsio proiektuetako helburuak honako hauek izanen dira:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Establezimendu baten jarduera dibertsifikatzea, baldin eta jarduera berria ez bada establezimenduan lehen egiten zen jarduera berbera edo antzekoa (651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 50. definizioaren arabera).

c) Establezimendu bati dagozkion aktiboak erostea, baldin eta erositako aktiboak erabiliz eginen den jarduera berria ez bada aktiboak eskuratu aurretik egiten zenaren berbera edo antzekoa (651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 50. definizioaren arabera) eta honako baldintza hauek betetzen badira:

1. Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.

2. Aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosiak izatea.

3. Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen dutenean enpresa txiki bat, aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa batek akzioak erostea ez da inbertsioa izanen.

d) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

e) Industria prozesuen efizientzia hobetzea.

f) Nafarroatik kanpoko beste ekoizpen instalazio batzuetako industria jarduerak sartzea.

4. oinarria.–Inbertsio proiektuen betebeharrak.

Aktibo material eta immaterialetan inbertitzeko proiektuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Honako ekonomia-jarduera hauetako baten barruan sarturik egotea:

a) Manufaktura-industriak (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala –aurrerantzean, EJSN–, 2009: C taldea), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik).

b) Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (EJSN-2009ko D taldeko 353. jarduera).

c) Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009ko E taldeko 382., 383. eta 390. jarduerak).

d) Salgaien gordailutzea, biltegiratzea eta manipulatzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (EJSN-2009ko H taldeko 521., 5224. eta 5229. jarduerak).

e) Informazioa eta komunikazioak (EJSN-2009ko J taldea).

f) Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak, aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk eta saiakuntza eta analisi teknikoak (EJSN-2009ko M taldeko 7112. eta 712. jarduerak).

g) Ikerketa eta garapena (EJSN-2009ko M taldeko 72. jarduera).

h) Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN-2009ko M taldeko 741. jarduera).

2. Aurrekontu diruz lagungarria (laguntzak kudeatzen dituen organoak 5. oinarriarekin bat zehaztua) 300.000 eurokoa izatea gutxienez.

3. Nafarroan kokatuta egotea. Ulertuko da proiektuen kokalekua dela inbertsioak fisikoki egiten diren tokia. Ez bada posible proiektuen kokaleku fisikoa zehaztea, ulertuko da eskatzailearen egoitzan dagoela, hots, jarduera garatzen duen zentroan. Eskatzaileak egoitza bat baino gehiago baditu edo jarduera zenbait zentrotan garatzen badu, proiektua zertara bideratzen den, jarduera hori garatzen duen zentroa izanen da proiektuaren kokalekua.

4. Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

5. Inbertsioak gauzatzea laguntzak eskatzen diren egunetik 2023ko maiatzaren 31ra bitarte, 9. oinarrian ezartzen denarekin bat.

5. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Aktibo material eta immaterialetan egiten diren inbertsioen kostuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1.1. Inbertsioak proiektuari badagozkio zalantzarik gabe eta honako hauetan badautza:

a) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren %10 baino handiagoa.

b) Ondasun higiezinak eta instalazio orokorrak eskuratzea, eraikitzea edo hobetzea.

c) Makineria, ekipo-ondasunak eta ondoko instalazioak eskuratzea.

d) Aktibo immaterialak eskuratzea: patenteak, lizentziak, ezagutza teknikoak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk. 3. oinarriko 1.1 apartatuan adierazitako inbertsio proiektuetarako, aktibo immaterialen kostu diruz lagungarriak muga bat izanen du, alegia, proiektuaren kostu diruz lagungarriaren %50 izanen da gehienez ere.

e) Beste kostu batzuk, b), c) eta d) letrei loturikoak, esate baterako, obra-, jarduera- eta irekiera-lizentziak eskuratzeagatik izandako kostuak, edo arkitektura eta ingeniaritza enpresen edo aholkularitzakoen zerbitzu-sariak. Hauen kontura, jatorriko kostuen %20 izanen da diruz lagungarria gehienez.

1.1 apartatu honetako letra bakoitzari dagozkion inbertsio moten informazioa laguntzen fitxan argitaratuko da.

1.2. Lursailak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero (1.1 apartatuko a) eta b) letrak), zenbateko diruz lagungarria ezin izanen da izan horien merkatu balioa baino handiagoa, eta hori egiaztatzeko, behar bezala akreditatuta dagoen eta dagokion erregistro ofizialean izena emana duen tasatzaile independente baten ziurtagiria beharko da, edo bestela, behar bezala baimendutako erakunde publiko batek emandakoa. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

Eskuratutako lursailak edo ondasun higiezinak enpresarenak edo hari zuzenean nahiz zeharka loturiko beste enpresa batenak badira, edo haienak izan badira azken 10 urteetan, eskuratze horiek ez dira diruz lagungarriak izanen.

1.3. 1.1 apartatuko d) eta e) letretako aktibo immaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.

Ulertuko da hodeian kudeatzeko software programek edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu direnek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.

b) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.

c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.

1.4. Proiektuaren helburua zein den (3.2 oinarrian adierazitakoen artekoa, betiere), kostu diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aktiboek berriak izan beharko dute baldin eta Eskualdeko laguntzen maparen barruan kokatutako proiektu baten helburua 3.2 oinarriko a) eta b) letretan aurreikusitakoren bat bada.

b) Eskualdeko laguntzen maparen barruan kokatutako proiektu baten helburua 3.2 oinarriko b) letrakoa bada, kostu diruz lagungarriak berrerabilitako aktiboen kontabilitate-balioaren %200 baino handiagoak izanen dira gutxienez, inbertsio proiektua hasi aurreko ekitaldi fiskalean erregistraturik.

c) Proiektuaren helburua 3.2 oinarriko c) letrakoa bada, kostu diruz lagungarriei kenduko zaizkie aktiboen kostuak, aktibo horiek aurreko laguntza baten xede izanik eskuratu badira.

2. Diruz lagungarriak izan daitezen, inbertsioak enpresaren ibilgetuaren kontu espezifikoetan aktibatu behar dira.

3. Kostu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

d) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

e) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

f) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.

g) Zorren interesak eta bestelako finantza-gastuak.

h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

i) 9. oinarrian adierazitako alditik kanpo gauzatutako kostuak.

j) Laguntzaren eskaeraren eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketekin egindako inbertsioak.

k) 500 eurotik beherako inbertsio elementuak.

l) 500 eurotik beherako zenbatekoaz kontabilizatu edo fakturatzen den inbertsio elementuaren zatia.

6. oinarria.–Finantza-errentamendua.

Inbertsioak instalazioetan edo makinerian egiten direnean, finantza-errentamendu bidez eskuratzen badira, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Onuradunak konpromisoa hartu beharko du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du.

b) Inbertsioaren fakturaren data, finantza-errentamenduaren kontratuarena eta eragiketaren BEZa ordaindu izanarena 9. oinarrian ezarritako gauzatze aldiaren barrukoak izanen dira.

Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

Inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoak muga bat izanen du, zehazki, laguntzak ordaintzeko proposamena egiten den egunean ordainduta dagoen amortizazioaren zenbatekoa.

7. oinarria.–Bigarren eskuko ondasunak eskuratzea.

Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.

8. oinarria.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.

1. Inbertsio baten kostu diruz lagungarria (BEZa kanpo) 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, 5. oinarriko 1.1 apartatuko c), d) eta e) letren kasuan (bigarren eskuko ekipamendu ondasunetan izan ezik), hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko da, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren bitartez.

“Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” delako inprimaki hori gauzatutako inbertsioen justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da, 15. oinarrian adierazitako moduan.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, inbertsio horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.

9. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Inbertsioak laguntza eskatzen den egunetik 2023ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira. Ondorio horietarako, ulertuko da inbertsioak gauzatu direla inbertsioaren kostu diruz lagungarriak epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu direnean.

Inbertsioak ordaindutzat joko dira ordainketa benetan egin denean soilik. Ordaindukoak, kanbio-letrak edo bestelako kanbio-efektuak erabiltzen badira, inbertsioak ordaindutzat joko dira bakar-bakarrik ordainketa benetan egin bada kasuan kasuko aldiaren barruan.

2. 3.1.1 oinarrian adierazitako proiektuen kasuan, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako izaera pizgarriaren berme gisa, laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat eginen du enpresaren establezimendura. Horretarako, men eginen zaio aipatu erregelamenduaren 2. artikuluaren 23) apartatuko “Lanen hasiera” definizioari.

3. Proiektuak gauzatzeko epea handitzea eskatzen ahalko da, urriaren 1eko Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta enpresari egotz ez dakiokeen kausengatik bada.

Epe hori (2023 maiatzaren 31ra artekoa) 2023ko abuztuaren 31ra arte luzatzen ahalko da gehienez ere.

Epea luzatzeko eskaera 2023ko apirilaren 15era arte egiten ahalko da, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren bitartez, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ebatziko du eskaera horren gainean, hilabeteko epean.

10. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa inbertsio proiektuaren aurrekontu diruz lagungarriaren %10 izanen da, eta muga hauek izanen dira, proiektu mota bakoitzerako:

PROIEKTU MOTA

GEHIENEKO LAGUNTZA

A) motako proiektuak, “Inbertsiorako eskualdeko laguntzak” delakoekin finantzatuak

500.000 euro

B) motako proiektuak, “De minimis laguntzak” delakoekin finantzatuak

200.000 euro

Enpresek, establezimendu bakoitzeko, inbertsio proiektu baterako laguntza eskatzen ahalko dute, baina enpresa batek 500.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez osotara, 200.000 euro de minimis laguntzen kasuan.

2. A) motako proiektuen kasuan, laguntzen onuradunak kostu diruz lagungarrien %25eko ekarpen finantziarioa egin beharko du gutxienez, dela baliabide propioen bidez, dela inongo laguntza publikorik ez duen kanpoko finantzaketaren bidez.

11. oinarria.–Laguntza eskaera.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira laguntzen fitxaren bidez (Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko –http://www.nafarroa.eus– tramiteen katalogoan dagokion fitxa).

Eskaera telematikoan adierazi beharko da enpresa eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 18. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

3. Eskera telematikoari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta inbertsio proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.

b) Enpresa eta proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Enpresa eraketaren eskriturak eta horien aldaketak, halakorik izan bada.

d) Enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla onuradun izateko gainerako betekizunak (2. oinarria) eta inbertsio proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari (4.4 oinarrian eskatzen denarekin bat).

f) Itxitako azken hiru ekitaldietako enpresaren urteko kontuak (2019, 2020 eta 2021), itxiak, izenpetuak eta merkataritzako erregistroan gordailutuak (ikuskatuak, nahitaezkoa denean). Laguntza eskatzen den egunean 2021eko ekitaldiko urteko kontuak ez badaude oraindik erregistraturik, erregistratu bezain laster aurkeztu beharko dira.

Beharrezkoa denean, taldeko kontu kontsolidatuak edo eskatzaileari lotutako eta elkartutako enpresen urteko kontuak ere aurkeztu beharko dira, itxitako azken 3 ekitaldietakoak, baldintza berberetan.

g) Kasua bada, 19. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.

h) Enpresak Nafarroan dituen kotizazio kontu bakoitzari dagozkien lan bizitzaren txostenak, 2021eko abenduaren 31ra bitartekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak, 12. oinarriko 1.1.3 apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako.

i) 12. oinarriko 1.1.4 irizpidea baloratu ahal izateko (“Langileen prestakuntzaren sustapena”): prestakuntza hobariduna tramitatu den urte bakoitzeko “Enpresa txostena” edo “Laburpen txostena -ekitaldia”. Txosten horiek www.fundae.es webgunean daude eskuragarri.

j) 1.1.5 irizpidea baloratu ahal izateko (“Genero berdintasuna”: 12. oinarriko neurriren bat egiaztatzeko agiriak.

k) 1.2 irizpidea baloratzeko (“Ekoizpen ezarpen berria”): 12. oinarriaren araberako egiaztagiriak.

l) 12. oinarriko 2.2 irizpidea baloratzeko (“Inbertsioak fabrikazio aurreratuko sistemetan-4.0 Industria”): eraldaketa digitalerako plana.

4. Ez da beharrezkoa izanen c) eta f) letretan adierazitako agiriak aurkeztea industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen aurreko deialdietan aurkeztu badira. Halakoetan, adierazi beharko da agiri horiek zer espediente-zenbakiren harira aurkeztu ziren.

5. Eskaerak oinarri honetan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Nolanahi ere, ez badira aurkezten h) letratik l) letrara bitarte adierazitako agiriak, eskaera ezin izanen da baloratu 12. oinarriko irizpideekin bat.

12. oinarria.–Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. Proiektua eginen duen enpresa baloratzeko irizpideak:

1.1. Nafarroan 2022ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik diharduten enpresak:

1.1.1. Enpresak Nafarroan dituen langileen kopurua:

ENPRESAK NAFARROAN DUEN BATEZ BESTEKO PLANTILLA 2021. URTEAN

PUNTUAZIOA

100 langile baino gutxiago

2

100 langiletik 250 langilera bitarte

4

250 langile baino gehiago

6

Langileen kopurua zein den jakiteko, erreparatuko zaie 2021. urtean altan zeuden langileen batez besteko plantillaren txostenei, zeinak enpresak Nafarroan dituen kotizazio kontuei baitagozkie; txosten horiek Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak izanen dira.

1.1.2. Enpresaren hazkundea:

2021eko NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA / 2020ko NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA

PUNTUAZIOA

≥ 1,00 eta < 1,10

2

≥ 1,10 eta < 1,20

3

≥ 1,20 eta < 1,50

5

≥ 1,5

7

Negozio-zifraren zenbateko garbia enpresa eskatzailearen 2020ko eta 2021eko ekitaldien galeren eta irabazien kontuetan agertzen dena izanen da.

1.1.3. Enpresa eskatzaileak Nafarroan duen enplegu mugagabearen ehunekoa, 2021eko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABEA DUTENEN KOP. / KONTRATUEN GUZTIZKO KOP.

PUNTUAZIOA

≥ %85 eta < %90

3

≥ %90 eta < %95

5

≥ %95

7

Kontratu mugagabea dutenen kopurua eta guztirako kontratu kopurua Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanen dituen lan bizitzako txostenetan (2021eko abenduaren 31ra artekoak) ageri direnak izanen dira, eta enpresak Nafarroan duen kotizazio-kontu bakoitzarenak izanen dira. Laguntza eskatzeak berekin dakar Industria Sustatzeko Zerbitzuari txosten horiek lortzeko baimena ematea.

1.1.4. Langileen prestakuntzaren sustapena:

Baloratuko da enpresak prestakuntza sustatu eta egin duen azken hiru urteetan (2019, 2020 eta 2021) hobari programaren bidez, FUNDAE bitartez. Gehienez ere 3 puntu emanen dira, puntu bat prestakuntza hori tramitatu den urte bakoitzeko.

Eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztuko du “enpresa txostena” edo “laburpen txostena -ekitaldia”, prestakuntza hobariduna tramitatu duen urte bakoitzarena. Txosten horiek www.fundae.es-en eskuratu ditzake eskatzaileak.

Baloratuko da “Prestakuntza ekintzetarako erabilgarri” atala (lehen txostena bada) edo “Kreditu erabilgarria” atala (bigarren txostena bada) positiboa izatea.

Oro bat, bi puntuz baloratuko da enpresak eskatzaile gisa edo akordio bidez parte hartu izana, azken hiru urteetako batean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza enplegurako konpromisoarekin sustatzeko duen deialdiaren espedienteren batean. Organo kudeatzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez egiaztatuko du baldintza hori betetzen den.

1.1.5. Genero berdintasuna sustatzeko neurri hauetakoren bat hartzea: 2 puntu.

a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esaterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua” eta abar).

b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; eta hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

Irizpide hau egiaztatzeko, laguntzen fitxan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dira.

1.1.6. Enpresa nagusiaren helbide soziala Nafarroan izatea: 3 puntu.

1.2. Ekoizpen-ezarpen berria Nafarroan: 45 puntu. Honako egoeraren bat gertatzen denean:

1. Enpresa Nafarroan ekoizten hastea 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2. Proiektuaren xedea izatea uholde, sute edo beste natura-hondamendien ondorioz edo enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duen istripu batengatik hondatutako nabeak, makinak eta instalazioak berreraikitzea. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.

Ekoizpen ezarpen berrien kasuak eta egiaztagiriak laguntzen fitxan zehaztuko dira.

2. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak:

2.1. 5.1.1 oinarriko c) eta d) letretan sartutako inbertsioen ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

C) eta D) LETREN INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ 25% eta < 50%

5

≥ 50% eta < 75%

10

≥ %75

15

2.2. Trantsizio digitala: Fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 Industria) egindako inbertsioaren ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ 10% eta < 25%

5

≥ 25% eta < 50%

10

≥ 50% eta < 75%

15

≥ %75

20

4.0 Industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialduna.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazio edo biki digitala.

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligence.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

–AGV.

Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa izanen da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, eta horren irismena izatea “Industria aktiboa 4.0 programa” edo “4.0 Ibilbideak” laguntzen programan aurreikusitakoa edo UNE 0061:2019 arauan (4.0 Industria. Digitalizaziorako kudeaketa sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak) ezarritakoa; enpresaren egoera arau horretan ezarritako irizpideekin eta arloekin bat ebaluatu beharko da. (Arloak: Negozio-estrategia eta testuingurua, Azpiegitura teknologikoa, Antolamendua eta pertsonak, Prozesuak eta Produktuak eta zerbitzuak).

2.3. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) sektoreetako batean sartzea.

Horren ondorioetarako, honako hauek dira Nafarroako S4an identifikatutako sektoreak:

–Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.

–Elikadura osasungarria eta jasangarria.

–Energia berdearen industria.

–Medikuntza pertsonalizatua.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industria.

LEHENTASUN TEMATIKOAK

PUNTUAZIOA

Mugikortasun elektrikoa eta konektatua

20

Gainerako lehentasunak

10

2.4. Inbertsio ahalegina: Inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriaren eta enpresak 2021eko abenduaren 31n zuen ibilgetu garbiaren arteko ratioa da.

INBERTSIO DIRUZ LAGUNGARRIA / IBILGETU GARBIA (%)

PUNTUAZIOA

≥ %2 eta < %5

4

≥ %5 eta < %10

6

≥ %10 eta < %20

10

≥%20 eta < %50

12

≥ %50

15

Enpresaren ibilgetu garbia enpresa eskatzailearen 2021eko ekitaldiko urteko kontuetatik hartuko da. Enpresek oinarri honen 1.2 apartatuan punturik lortu badute ezin izanen dute punturik eskuratu apartatu honetan.

3. Lortutako puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

a) Laguntzarik jaso ez izana industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdian.

b) Ondoko irizpideetan puntuazio handiagoa lortu izana, hurrenez hurren:

1. Trantsizio digitala.

2. Inbertsio ahalegina.

3. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideen guztizko puntuazioa.

c) Eskaera lehenago aurkeztu izana.

13. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 10. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.

2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, laguntzak emateko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskaerak ebaluatu bitartean, organo kudeatzaileak beharrezko jotzen duen nahi beste informazio osagarri edo argigarri eskatzen ahalko die eskatzaileei, eta ohartaraziko die ezen, ez badiote egindako errekerimenduari 10 egun balioduneko epean erantzuten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera ebatziko dela laguntza ematearen gainean.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ebatziko du laguntzen deialdia. Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea (11. oinarrian) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

4. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko beste epe bat finkatzen ahalko da.

14. oinarria.–Inbertsio proiektua aldatzea eta ez-gauzatzeak jakinaraztea.

1. Inbertsio proiektuan honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Inbertsio proiektuaren kokalekua Nafarroako beste udalerri batera aldatzea. Aldaketa jakinarazten bada laguntzak emateko ebazpena eman ondoren, laguntzaren zenbatekoa ez da kopuru handiagoa emateko aldatuko.

b) Inbertsio berriak eranstea. Inbertsio horiek 5. oinarrian kostu diruz lagungarrietarako eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

c) Inbertsioen ezabapena edo ez gauzatzea. Inbertsioren bat ez gauzatzeak berekin ekartzen ahalko du 3. apartatuko b) letran adierazitako penalizazioa.

Ondorio horietarako, ulertuko da “ezabapena” dela eskaeran sartutako inbertsioak kentzea, eta diruz lagundutako inbertsioak ez egitea, “ez gauzatzea”.

d) Inbertsio baten unitate kopurua aldatzea, gorantz edo beherantz.

e) Inbertsioak aurreikusitakoa baino kostu txikiagoan edo handiagoan eskuratzea.

2. Aipatu aldaketak egiteko baimena bi unetan eskatzen ahalko dira:

a) Laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen (salbu eta inbertsioak kentzeko aldaketa, hura 2022ko urriaren 1era arte eskatzen ahalko baita), laguntzen fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.

b) Inbertsioen justifikazioa (15. oinarria) aurkezteko unean.

Aldaketa laguntzak eman edo ordaintzeko eskumena duen organoak baimendu beharko du, nori dagokion, aldaketa zein unetan eskatu den.

3. Aldaketak baimentzeak ez du inola ere ekarriko emandako laguntza handitzea, eta gerta liteke laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Proiektuari 12. oinarriarekin bat emandako puntuazioa birkalkulatu ostean egiaztatzen bada ez dela onuradun izateko gutxienekora iristen.

b) Gauzatu ez denaren zenbateko garbiak (gauzatu gabeko inbertsioen zenbatekoa ken onetsitako inbertsio berrien zenbatekoa eta laguntza emateko ebazpenean onetsitako inbertsioen kostu gehigarria) laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontuaren %30 gainditzen badu.

4. Aurreko apartatuko b) letran ezarritakoa ez da aplikatuko onuradunak 2022ko urriaren 31 baino lehen jakinarazten badu gauzatuko diren inbertsioen aurrekontua txikiagoa dela laguntza emateko ebazpenean onetsitakoa baino. Jakinarazpen hori laguntzen fitxaren bitartez egin beharko da, bertan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.

15. oinarria.–Egindako inbertsioen justifikazioa.

1. Onuradunek gauzatutako inbertsioak justifikatu beharko dituzte; horretarako epea 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 9. oinarrian proiektua gauzatzeko epea amaitu eta hilabetera bukatuko.

2. Horretarako honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da laguntzaren fitxaren bitartez:

a) Gauzatutako inbertsioen zerrenda, Excelen: onartutako inbertsioen Excel fitxategia laguntzak kudeatzen dituen organoak bidaliko du, onuradunek behar bezala bete dezaten.

b) Proiektua gauzatzeko aldian egindako inbertsioen fakturak eta ordainagiriak.

c) Laguntza emateko ebazpenean onetsitako proiektuari dagokionez izan diren desbideratzeen memoria.

d) Ibilgetuaren liburu handiak (2. taldea), zeinetan inbertsioak kontabilizatu baitira.

e) 2. taldeko batura eta saldoen balantze osoa (amortizazio kontuak barne), ahalik eta xehakatuen, 2022ko abenduaren 31n eta horren ostean eskuragarri dagoen azken egunean.

f) 2022ko urteko kontuak (ikuskatuak, nahitaezkoa denean).

g) Hornitzailearen hautaketari buruzko egiaztagiriak, 8. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

h) Laguntza ordaindu aurreko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

i) Emandako laguntza 60.000 eurotik beherakoa bada, gauzatutako inbertsioen argazkiak, 16.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.

j) Lursailak eta ondasun higiezinak erosi badira: salerosketaren eskritura eta behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoen tasatzaile independentearen ziurtagiria, eta behar bezala baimendutako erakunde publikoarena. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada. Halaber, ondasun higiezinak eskuratuz gero, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokien likidazioa aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita eskuratzearen zenbatekoarekiko adostasuna.

k) Obra zibileko proiektuen kasuan: obra amaierako ziurtagiria, udaleko sarrera-erregistroarekin, eta obra-lizentzia.

l) Ekipamendu-ondasunak edo bigarren eskuko ondasunak eskuratuz gero: ondasunen jatorriari buruzko saltzailearen adierazpena, non aditzera emanen baitu ondasun horiek ez direla izan Espainiako edo Europako ezein dirulaguntzaren xede, eta tasazio independentearen ziurtagiria.

m) Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen badira: finantza-errentamenduaren kontratua, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.

3. Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez bada betetzen edo justifikazioa nahikoa ez bada laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo laguntzaren zenbatekoa doituko da, zein den kasua.

16. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunek aurkeztutako justifikazioa aztertu eta ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Horretarako, onuradunei eskatzen ahalko die beharrezko jotzen duen informazio osagarri eta argigarri guztia, eta adieraziko die ezen, ez badiote errekerimendu hori erantzuten 10 egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioarekin ebatziko duela laguntzaren ordainketa.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egiteko. Horretarako, organo horretako langileek bisita bat eginen dute inbertsioen kokaleku den enpresaren establezimendura, inbertsioen justifikazioa aurkeztu eta hilabeteko epean, eta inbertsioen egiaztapenaren akta eginen dute.

Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela.

4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari eginen dio ordainketa proposamena, non adieraziko baitu onuradunak bete dituela bai dirulaguntzaren xede ziren helburuak, bai dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen dioten baldintzak.

5. Ordaintzeko ebazpena inbertsioen justifikazioa aurkeztu ondoko hiru hilabetean emanen da. Onuradunak aurkeztu duen informazioa ikusirik laguntzak kudeatzen dituen organoak ezin badu zehaztu zenbatekoa diruz lagungarria den, epe hori eteten ahalko da.

17. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu honetan inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Inbertsio proiektua gauzatzea 9. oinarrian adierazitako epean.

c) Inbertsioak enpresaren ibilgetuan kontabilizatzea.

d) Gauzatutako inbertsioak justifikatzea 15. oinarrian aurreikusitako moduan.

e) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta bost urtez gainerako ondasunen kasuan, inbertsioak amaitzen direnetik aurrera.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.

f) Enpresek 3. oinarriko 1.1 apartatuan zehaztutako inbertsio proiekturen bat egin behar badute:

–Konpromisoa hartzea laguntzaren xedeko hasierako inbertsioa egin den establezimendutik ez lekualdatzeko inbertsioa burutzen denetik bi urteko epean.

–Proiektuaren kostu diruz lagungarriaren %25eko ekarpen finantzarioa egitea gutxienez.

g) Industria Sustatzeko Zerbitzuari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasunen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

h) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

i) Behar bezalako publizitate publikoa egitea inbertsio proiektuaren finantzaketari buruz, enpresaren webgunean, ikusteko moduko toki batean, honako esaldi hau jarriz: “‘xxx’ inbertsio proiektua Nafarroako Gobernuak kofinantzatu du, industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2022ko dirulaguntza deialdiaren bitartez”. Betebehar hau nahitaez bete behar da dirulaguntzaren ordainketa egin dadin.

j) Proiektuari lotutako egiaztagiri guztiak lau urtez gordetzea, laguntza ordaintzen den urteko abenduaren 31tik aitzina.

k) Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko Ministerioak edo beste edozein kontrol eta fiskalizazio organo eskudunak egin ditzaketen kontrolak onartzea eta horietan laguntzeko prest agertzea.

l) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, proiektua gauzatu dela justifikatu baino lehen.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

18. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

19. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Halakoetan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak; eta 3.1.1) oinarrian adierazitako proiektuen kasuan, honakoa: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Halaber, gainerako proiektuetan, erregelamenduan de minimis laguntzei buruzko artikuluan ezarritako metaketa arauak aplikatuko dira.

20. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea.

1. 3.1.1 oinarrian adierazitako inbertsio proiektuetarako ematen diren laguntzak salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarria), betetzen baitituzte Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta III. kapituluaren 14. artikuluan (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) ezarritako baldintzak, zeinak barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Halaber, laguntza horiek salbuetsita daude aipatu jakinarazteko betebeharretik, Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 42. artikuluan (“Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako. Erregelamendu horrek barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, arrantzaren eta akuikulturaren produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresentzat Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L369. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 414/15 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 9koa).

2. Aipatu erregelamenduaren 4.2 artikuluan ezartzen denarekin bat, emate aldian laguntzen onuradunek bete beharko dituzte arrantza politika komunaren arauak, eta aipatu aldian ikusten bada onuradunek ez dituztela arau horiek betetzen, dirulaguntza itzuli beharko dute, ez betetzearen larritasunaren proportzioan.

21. oinarria.–De minimis laguntzak.

3.1.2 oinarrian aurreikusitako inbertsio proiektuetarako ematen diren laguntzak de minimis laguntzak izanen dira, bat etorriz Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoarekin. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa), eta haren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31 arte luzatu da, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2209936