153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

80/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, diru-sarrera eta ondasun gutxi dituzten pertsona fisikoentzako laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzen duena.

Ukrainako inbasioaren ondoriozko krisi energetikoak prezioen gainean eta kalteberatasun ekonomikoko egoeretan daudenengan –batez ere beste prestazio sozial batzuen estaldura ez dutenengan– eragindako ondorio kaltegarriak arintzeko asmoz, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-dekretuaren bidez diru-sarrera eta ondasun gutxi dituzten pertsona fisikoei laguntzeko zuzeneko lerro bat onartu da, besteak beste (errege lege dekretu horrek zenbait neurri hartu eta luzatzen ditu Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko eta La Palma uhartearen susperraldi ekonomiko eta sozialerako).

200 euroko laguntza hori, ordainketa bakarrekoa, soldatapekoak, autonomoak edo langabeak diren pertsona fisikoei zuzenduta dago, beste prestazio sozial batzuen estaldurarik ez badute (hots, kotizaziopeko pentsioak, bizitzeko gutxieneko errenta edo kotizaziopekoak ez diren erretiro- eta baliaezintasun-pentsioak).

Aipatutako 11/2022 Errege Lege-dekretuaren 31.4 artikuluaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek tramitatzeko eta kudeatzeko eskumena duena, Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten onuradunei dagokienez.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko uztailaren 20ko Erabakiaren bidez ezartzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola 11/2022 Errege Lege-dekretuaren 31. artikuluan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta tramitatzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horrenbestez, foru agindu honen bidez arautzen da aipatutako 11/2022 Errege Lege-dekretuaren 31. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagokion prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Bat.–Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da diru-sarrera eta ondasun gutxi dituzten pertsona fisikoentzat ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-dekretuaren 31. artikuluan ezarritako laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzea (errege lege dekretu horren bidez zenbait neurri hartu eta luzatu dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko eta La Palma uhartearen susperraldi ekonomiko eta sozialerako).

Bi.–Laguntza-eskaera.

1. Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona fisikoen eskaerak Nafarroako Foru Ogasunari aurkeztuko zaizkio 2022ko irailaren 30era arte.

2. Eskaera telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian sartu (www.nafarroa.eus) eta Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan jarriko den eskaera-orria betez (aurrerantzean, tramitearen fitxa).

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Nafarroako Foru Ogasunak eskatuko dio interesdunari 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3. Nafarroako Foru Ogasunak ordainduko du laguntza, ordainketa bakarrean, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

4. Laguntza banku-transferentzia bidez ordainduko da, eta transferentzia jasotzea laguntzari buruzko ebazpenaren jakinarazpentzat joko da.

Hiru.–Ezespena eta errekurtsoak.

1. Laguntza-eskaera aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean ordainketarik egin ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

2. Presuntziozko ezespen horren aurka, bai eta errekurritzen ahal den beste edozein kausaren aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan ezarritakoarekin.

Lau.–Argitaratzea eta indarra hartzea.

Foru agindu honek 2022ko uztailaren 20an hartuko du indarra, eta argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko tramitearen fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 20an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2210221