152. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

XABIER

Ordenantza, udal hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Xabierko Udalak, 2022ko apirilaren 21ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Xabierko udal hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantzako aldaketa.

2022ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, aldaketa argitara ematen da jarraian, indarrean jar dadin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Xabierren, 2022ko ekainaren 23an.–Alkatea, Laura Guindano Taínta.

ORDENANTZA, XABIERKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Arau honen xedea da Xabierko Udalean hilerriaren zerbitzu publikoa arautzea.

Ordenantza honek, halaber, hilerria eta hileta-zerbitzuak erabiltzeari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean dagoen baimena du oinarri.

1.1. artikulua. Xabierko udal hilerria 1. poligonoko 37. katastro-lurzatian dago.

2. artikulua. Xabierko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik dituzten legezko eskumenak; hori dena, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.

3. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dionean.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

4. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko, behar diren proposamenak eginen dizkio Udalari (adibidez, lanak kanpoko enpresa batekin azpikontratatzea).

Hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta azkentzea Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

5. artikulua. Hilerriko hilobi hutsen kopurua egokituko da udalerriko biztanleria zentsuaren arabera, edo hilobi-kopuru horretarako lur aski egonen da bederen.

6. artikulua. Gorpu edo gorpu-hondakinak ehorzteko, hobitik ateratzeko eta lekuz aldatzeko, beteko dira Hileta-osasunari buruzko Erregelamenduaren arauak eta ondoko artikuluetan xedatutakoa.

7. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, baldin legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

8. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

9. artikulua. Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak eta ordenantza betetzen dela ikuskatu beharko baititu. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, horren ardura duten udal zerbitzuek hezurtegi orokorrera eramanen dituzte gelditzen diren gorpu-hondakinak, eta ez da inolako abisurik eman beharko.

10. artikulua. Ez da gorpurik hilobiratuko heriotza gertatzen denetik 24 ordu bederen igaro arte.

11. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortu ez bazuen, baltsamatu edo erraustu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira:

a) Hilobiratu zirenetik bost urte igaro eta gero, erabat hezurtuta badaude.

b) Noiznahi, gorpua erraustu egin bazen.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

12. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

13. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai ateratzen denean, edo atera eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko erregistro-liburu ofizialetan. Horietan agertuko dira ehorztutakoaren izena eta bi abizenak, gorpu-hondakinak hilobitik ateratzeko baimenik ez emate aldera 9. artikuluan ezarritako epea iragan baino lehen, bai eta argiro zehazte aldera hilotz bakoitzaren egoera, justiziak hilobitik ateratzea aginduko balu, eta jasoko da hilotza I. taldekoa edo II. taldekoa den.

14. artikulua. Ehorzketa-kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, doan edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du.

Ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

15. artikulua. Hilerrian ematen diren kontzesio guztiak (lurrean zein nitxoan ehorzteko) ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesiodunaren eskubide guztiak. Horren ondorioz, bai lurzatia bai paratzen diren hilobi-elementuak ordenantza honetan ezartzen diren baldintzei lotuko zaizkie.

16. artikulua. Lur edo hilobien kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak jartzeak ez dakar berekin haien gaineko xedapen egintzarik.

17. artikulua. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.

18. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta gainerako gastu guztiak, obra bukatu artekoak, kontzesiodunaren kargura izanen dira.

19. artikulua. Hilobiak garbi eta apain edukitzea kontzesiodunen betebeharra da. Alkatetzak errekerimendua egiten ahalko die hilobia egokitzeko obrak egin ditzaten, eta bestela berak egiten ahalko ditu, kontzesiodunen kargura. Horiek ordaintzen ez badute, eskubidea galduko dute, eta, horren ondorioz, gorpu-hondakinak atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko dira, baldin eta 9. artikuluan jasotzen diren epeak iragan badira.

20. artikulua. Ordenantza hau onetsi baino lehen emandako kontzesioei araudi hau aplikatuko zaie.

21. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamenduak honako hauengatik ere buka daitezke: hilerria kentzeagatik, interes publikoagatik edo kontzesioaren epea eta kasuan kasuko luzapenena, halakorik balitz, betetzeagatik.

22. artikulua. Gaur egungo hilerria ondoko eremuez osatua dago:

–Lurrean ehorzteko kontzesioen eremua.

–Nitxoen kontzesiorako eremua.

23. artikulua. Nitxoen kontzesioak 25 urterako emanen dira, betiere nitxo erabilgarririk baldin bada udal hilerrian. Aurretik eskatuta, 15 urterako luzapenak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

Nitxoak emanen dira zorrotz jarraikiz eskaeren hurrenkerari. Haien adjudikazioa honela eginen da: erabiltzen ari den multzoaren aurrean jarrita, behetik gora eta ezkerretik eskuinera. Hilerriko nitxo guztiak erabiltzen direnean, Udalak kontzesioa iraungita duten nitxoetako gorpu-hondakinak atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko ditu, nitxoaren kontzesioa berriro emateko. Hori ez bada posible, kontzesioa iraungia duen nitxorik ez dagoelako, Udala ez da behartuta egonen kontzesio mota hau egitera.

Nitxoak erreserbatzen ahalko dira, kontzesioko unean dagokion tasa ordainduta. Kontzesioaren 25 urteko epea zenbatzen hasiko da erreserba egiten den unetik, eta 15 urteko luzapen jarraituak ematen ahalko dira, aldez aurretik eskatuta, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

24. artikulua. Baimena emanen da hilarria paratzeko eta bertan inskripzioak egiteko, nitxoak ixten diren aldean, baina ez apalik edota hilarriaren lerrotik ateratzen diren elementurik paratzeko, ez eta multzoaren batasuna hausten duen bestelako elementurik ere.

25. artikulua. Lurreko hilobien kontzesioak hurrenkerari hertsiki jarraikiz emanen dira, betiere hilerrian tokia badago, eta kontzesioa 25 urterako izanen da. Aldez aurretik eskatuta, 15 urterako luzapenak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

Kontzesioaren epea igaro ondoren, Udalak hilobiko gorpu-hondakinak hezurtegi orokorrera eramaten ahalko ditu, lurreko hilobien kontzesio gehiago emate aldera.

Lurreko hilobia erabiltzen bada lehendik beste hondar batzuk egonda, horrek berekin dakar hilobia erabiltzeko kontzesio berria ematea 25 urte gehiagorako, ehorzten den egunetik zenbatzen hasita, aldez aurretik ordainduta ehorzketari eta kontzesioari dagozkien tasak.

II. KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak egiteagatik

26. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1. Lurreko hilobien edo nitxoen kontzesioa.

2. Ehorzketa, lurrean edo nitxoan.

3. Beste zerbitzu batzuk.

27. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banandua diren entitateak.

28. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

29. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki –edo gehiago– batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain mugarriturik badaude; partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura, hilotz bakarretik gorakoak lurperatzeko lanak.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Kontzesioak eta luzapenak (lurrean eta nitxoan).

XABIERREN ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

Kontzesioa

300 euro

400 euro

Luzapena

200 euro

300 euro

2. epigrafea.–Ehorzketak.

Lurrean

100 euro

Nitxoan

100 euro

3. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk.

Ordenantza honetan zehaztuta ez dauden zerbitzuak eta arau orokorretik kanpo egin nahi diren eta Udalak baimendu beharrekoak diren ehorzketak egiten ahalko dituzte eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek.

Aipatu tasak urtero eguneratuko dira, aurreko urteko KPIaren arabera.

Lehen xedapen iragankorra.–Indarrik gabe gelditzen dira lurren betiereko kontzesio guztiak, baldin 99 urtetik gorako antzinatasuna badute.

Bigarren xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako lurreko hilobien eta nitxoen kontzesioei 25 urteko beste kontzesio-aldi bat emanen zaie, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, horren truke inongo tasarik ordaindu beharrik gabe.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geratuko dira, inolako baliorik eta ondoriorik gabe, ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2209446