152. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

XABIER

Udal ordenantza, etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Xabierko Udalak, 2022ko apirilaren 21ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan.

2022ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu aldatua argitara ematen da jarraian, indarrean jar dadin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Xabierren, 2022ko ekainaren 23an.–Alkatea, Laura Guindano Taínta.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN TXAKURRAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du behar diren baldintzak eta osasun arauak ezartzea, etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko Xabierko udal-mugartean, eta horiekin lotutako jarduera guztiak arautzea Udalaren eskumenen esparruan.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

II. KAPITULUA

Txakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Nahitaezkoa da udal-mugartean bizi diren txakur guztiak inskribatzea erakunde eskudunek ezarritako txakur erroldan. Titulartasunaren gainean edozein gorabehera, baja edo alta gertatzen bada, jabeak horren berri eman behar die erakunde eskudunei, gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.

4. artikulua. Udal-mugartean bizi diren txakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak jartzea txakurrei, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasiz eta berrituz. Orobat, jabeen betebeharra izanen da arlo honetako arauetan nahitaezkotzat ezarritako txerto eta tratamendu guztiak jartzea.

Txakurrak identifikatzen eta haiei txertoak jartzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren frogagiria, eta haren berri eman beharko zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

5. artikulua. Baimendua dago txakurrak eremu publikoan ibiltzea; behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute. Nahitaez, arduradun batek eraman beharko ditu, kate edo uhal sendoz lotuak, eta kateak edo uhalak 2 metro izanen ditu gehienez ere.

Nahitaez muturreko homologatua eraman beharko dute lehenago eraso egin duten txakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek, eta arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Debeku da animaliak ibiltzea edo egotea haurrendako jolastokietan.

Agintaritza eskuduneko agenteek salaketa jarriko dute baldin txakurrak ez badabiltza baldintza hauetan, baita gainerako alderdietan ordenantza betetzen ez bada ere. Hala, txakurrak bildu eta atxiki daitezke, betiere ikuskapen fakultatiboarekin.

6. artikulua. Agintaritzako agenteek identifikatuko dituzte aurreko artikulua aplikatuta bildutako txakurrak, eta jabeari emanen diote horren berri. Hark 72 orduko epea izanen du txakurra erreklamatzeko.

Jabeek ez badute txakurra erreklamatzen, edo ezin bada identifikatu, udal zerbitzuek, lehenbizi, eskainiko diote agintaritzako agenteen esku utzi zuen pertsonari, edo salaketa egin zuenari, eta, bigarrenez, animalia hauek biltzeko zentroei. Txakurraren jabeak ordaindu beharko ditu artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak.

7. artikulua. Txakurrekin dabiltzan pertsonen ardura izanen da galaraztea txakurrek bide publikoan kaka egitea. Txakurra daramana behartua dago hark egindako gorotzak bildu eta kentzera. Horretarako erabiliko ditu etxe-hondakinen edukiontziak edo Udalak zehaztuko dituen tokiak. Txakurra daramanak izanen du zikindutako tokia garbitzeko ardura.

8. artikulua. Animaliak dauzkatenek behar diren neurriak hartu beharko dituzte auzokideei eragozpenik ez eragiteko, animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz, animalia etxe barnean egon nahiz terrazan egon, zabaltzan, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, edo merkataritza-lokal, abeltegi edo animalia gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.

Etxeko animalien jabeek kontu berezia izan beharko dute animaliek auzokideei trabarik ez egiteko, haien oihu, kantu, zarata eta bestelako soinuekin, bai etxebizitza barnean bizi direnean, bai bizi direnean terrazetan, korridoreetan, eskaileretan nahiz patioetan, bereziki 22:00etatik 9:00etara bitartean.

Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan, eskumena duen agintaritzak egiaztatuta, esaterako zarata, usainak edo bestelakoak, udal agintaritzak ebazpen bidez erabakitzen ahalko du, baliatuta indarreko araudiek ematen dizkion eskumenak, behar diren neurriak hartzea auzokideen lasaitasuna bermatzeko, eta horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

9. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animalia gisa sailkatutako edozer animalia edukitzeko, ezinbestean izan beharko da, aldez aurretik, administrazio lizentzia bat, eskatzailea bizi den udalerriko Udalak emana, behin egiaztaturik betetzen direla Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeak ezarritako baldintzak.

10. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak espazio publikoetan egon eta ibil daitezen, nahitaez erabili beharko dira, batetik, 1,50 metrotik beherako uhal edo kate bat, eta bestetik, txakurraren arrazarako egokia den muturreko homologatu bat.

Ordenantza honetan arriskutsuak izan daitezkeen animalien gainean xedatzen ez den orotan, aplikatuko da ezarrita dagoena Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan.

11. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak berekin ekarriko du arau-hauste administratiboa, eta zehatuko da hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Zehapen prozedurari beti ofizioz emanen zaio hasiera, organo eskudunaren erabakiz, bai bere ekimenez, bai salaketa baten ondorioz.

12. artikulua. Animalien jabeak edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

13. artikulua. Zehapenaren izapidetzeak eta prozedurak beteko dituzte Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorra eta zehatzeko ahalaren gainean hura garatzen duen araudia.

14. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena eginen dira apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatutakoaren arabera eta hura garatzen duen araudiaren arabera. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

a) Arau hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak izanen dira ez betetzea jardueretarako eta instalazioetarako baimenean ezarritako baldintzak eta ordenantza honen betebehar eta xedapenak, ez baldin badute arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa.

b) Arau hauste astunak:

Arau-hauste astuntzat joko dira:

1.–Udal agintaritzari, haren funtzionarioei edo udaltzainei, beren eginbeharretan ari direla, informaziorik ez ematea edo men ez egitea; halaber, informazio edo dokumentazio faltsua edo okerra ematea.

2.–Animaliek nahitaez hartu beharreko txertoak ez hartzea.

3.–Txakurrak ibiltzea arduradun batek loturik eraman gabe.

4.–Animaliak haurrendako jolastokietan ibiltzea edo egotea.

5.–Animaliei tratu txarrak ematea edo jipoitzea, edo justifikaziorik gabe mina edo sufrimendua ekartzen ahal dien edozer egitea.

Txakur arriskutsuen kasuan, honako hauek tipifikatuko dira arau-hauste astun gisa:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

–Animaliari identifikagarria jartzeko betebeharra ez betetzea.

–Erregistroan ez inskribatzea.

–Arriskutsua izan daitekeen txakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

–Adingabe batek txakur arriskutsua eramatea.

–Agintari eskudunei edo haien agenteei ez ematea lege honek ezarritako egitekoak betetzeko eskatutako datu eta argibideak, edo ez ematen saiatzea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

c) Arau hauste oso astunak:

Honako hauek izanen dira arau-hauste administratibo oso astunak:

–Hiru arau-hauste astunetan berrerortzea.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea. Animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana, bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikaziorik batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo txakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

Arau-hauste astunen edo oso astunen tipifikazioa dutenek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea edo hiltzea.

Arau-hausteen kalifikazioan kontuan hartuko dira, gainera, intentzionalitatea, eragindako kaltearen larritasuna, partaidetza eta lortutako onura, eragindako kaltearen itzulezintasuna eta, oro har, udal-agintaritza eskudunak aintzat hartzen dituen faktore aringarriak eta astungarriak.

–Arau-hauste tipifikatuek isun hauek izanen dituzte zehapen:

15. artikulua. Ordenantza honen aurreko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

1.–Arau-hauste arinak, 60 eurotik 200 eurora bitarteko isunarekin.

2.–Arau-hauste astunak, 200 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin.

3.–Arau hauste oso astunak, 600 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunarekin.

–Animalien jabea edo edukitzailea eginen da arau-hausteen erantzule.

–Artikulu honetan ezarritako erantzukizun administratiboak ez du galaraziko bide penal eta zibiletan eska daitekeena.

–Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia konfiskatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

16. artikulua. Alkatetzari dagokio ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztian men eginen zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Animalien Babesari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeari, Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legeari, Osasunari buruzko Foru Legeari, Osasunari eta Animalien Hazkuntzari buruzko Arauei, abenduaren 23ko 50/1999 Legeari, arau hauek garatzen dituzten lege xedapenei eta gai honen gainean aplika daitezkeen gainerako arauei.

Bigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2209430