152. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 6koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Arakilgo udalerria lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzen duena.

Arakilgo Udalak eskatu du bere udalerria lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzeko. Horretarako, ordenantza bat onetsi du, laguntzak arautzen dituena sustapen pribatuko etxebizitzak birgaitzeko, eta indarrean dagoen hirigintza planeamendua aldatu du.

Nafarroako Gobernuak ere, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, herri horretako hirigune historikoko bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, balio historiko eta artistiko aipagarriak baititu, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Hori horrela, eta Sakanako Mankomunitateko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Arakilgo udalerria lehentasunez gaitu beharreko eremu deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Arakilgo udalerria lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Foru agindu hau Arakilgo Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Sakanako Mankomunitateko Birgaitze Bulegoari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 6an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2209832