150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 5ean hartua, zeinaren bidez abiatzen baita “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa. Espedientea Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak sustatu du.

2022ko otsailaren 28an, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak agiri bat aurkeztu zuen “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) aldatzeko. Plan horrek bi helburu ditu:

–Plazaola trenaren bide berdearen trazadura aldatzea hiru tartetan.

–Berriobeiti-Berriogoiti tarteko desjabetze-eremua aldatzea.

Proposatutako aldaketa guztiek eragina dute Berriobeitiko udalerrian.

Oronsospe auzoa (Aitzoain) eta Berriozar herria lotzeko, bada bide publiko asfaltatu bat, eta hain zuzen, bi leku horien arteko bide berdearen trazadura bide horretatik igaro dadin proposatu da.

Aldaketen agiriaren arabera, proposamen horrek UGPSaren jatorrizko trazadura berreskuratzea ekarriko luke; proposamena udalarekin aztertu ostean, bide berdearen igarobide izanen litzatekeen pistari buruz honako hausnarketa hau egin da: “pistaren erabilera nagusia jostetakoa da, 2010az geroztik ez baita gorakada nabarmenik izan bertako zirkulazio motordunean”.

Trazaduran aldaketa hori eginez gero ez litzateke desjabetzerik egin behar; tarte horretarako oraingo ibilbidean, aldiz, bai.

Berriogoitiko hirigunea zeharkatzen duen tarterako, trenbide zaharraren jatorrizko trazadura berreskuratzea proposatu da, hots, aipatu hirigunearen mendebaldetik igaroko litzateke.

Aurkeztutako agiriaren arabera, “trazaduraren aldaketa udalak berak eskatuta proposatu da, ulertu baitu egokiagoa dela trazadurak Plazaola parkearen eta arkuaren lerrokadurari jarraitzea, jatorrizko trazadurari eutsita. Berriki, udalak bide-zola egokitzeko lanak egin ditu, proposatutako tartearen josteta erabilera hobetzeko, eta, hortaz, ez du beharrezko ikusten 2014ko UGPSan (indarrekoan) islatutako desbideratzea egitea Berriogoitiko hirigunean”.

Añezkar mendatean, ia guztiz eraitsita dagoen tunel zahar batetik igaro behar ez izateko, honako hau proposatu da: bidearen trazadura iparralderantz aldatzea, 106. lurzatiaren hegoaldeko mugatik eta 105. eta 101. lurzatien artean dagoen bide edo zidor batetik, hori guztia 2. poligonoan.

Azken bi aldaketa horiek lurzati pribatuetako lurrak desjabetzea dakarte.

Azkenik, Berriobeiti eta Berriogoiti arteko tartean, desjabetu beharreko eremuak aldatzea planteatu da, eta horretarako arrazoia da bidearen sekzioa handitu behar dela.

Txosten sektorialak

Ondare Historikoaren Zerbitzuak, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza nagusiak aldeko txostenak egin dituzte, zein bere eskumeneko gaiari dagokionez. Azken biek adierazi dute komeni dela sustatzaileak autobabeserako plan bat prestatzea Plazaola trenaren bide berderako oro har, eta nahitaezkoa dela Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztea baimen eskaera bat, Foru Komunitateko errepideei eragiten baitzaie.

Bestetik, 2022ko maiatzaren 13an, Defentsa Ministerioko Ondareko Zuzendariorde eta Auditore Nagusiak ondokoa jakinarazi zuen: “kontuan harturik maila askotako beste arau batzuk daudela, kontsultan bidalitakoak baino lehenagokoak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bidali ez dituenak, eta Ministerioan ez dagoela arestian zerrendatutako arauen araberako txosten eskaerarik; ikusirik “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketak hein handi batean mugatzen ahalko lituzkeela Aitzoaingo kuarteleko unitateen jarduerak, bai eta etorkizunean eraikuntzak edo azpiegituretarako jarduketak egitea ere, bide berdearen inguruetan, Zuzendariordetza Nagusi honek kontrako txostena ematen dio “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialari, Defentsa Nazionalaren jabetzakoa den ondasunaz bezainbatean”.

Ondoren, beste txosten bat eskatu da, eta UGPSaren eta Berriobeitiko Udal Planaren informazioa eman; horretan, ibilbidea agertzen da, eta aipatu Ministerioaren aldeko txostena.

Ingurumen arloko tramitazioa

Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 31n emandako 177E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman zitzaion hizpide dugun aldaketari.

Ebazpen hartan neurri batzuk xedatu ziren, honela laburbildu daitezkeenak:

–Ahalik eta gutxien ukituko dira landare naturalak, landaretzaz inguratutako bideetatik igarotzen diren tarteetan (Oronsope-Aitzoain auzorako sarbidea eta Hondartza-Berriogoitiko bidearekiko lotunea).

–Zuhaitz eta zuhaixka pantaila bat landatuko da (Quercus pubescens, Prunus spinosa...) Berriobeitiko 2. poligonoko 101., 103. eta 104. lurzatietan.

–Erabilera publikoko “Zaliturri” mendia (340) Añezkarko eta Oteitzako kontzejuen titulartasunekoa da, eta hori hala izateari utziko balio, kasuan kasuko “erabilera publikoko mendia okupatzeko espedientea” tramitatu beharko litzateke.

–Bide berdea eta altxonbidea gurutzatzen direnean, abereek eta abelbideen gainerako erabiltzaileek bertatik igarotzeko duten eskubidea errespetatuko da; ezin izanen dira ez bidearen zola ez lurzatietarako sarbideak aldatu; altxonbideko hiri altzariek paisaian txertatzeko moduko diseinu tradizionala izanen dute eta ekonomia zirkularrarekin bateragarriak diren materialekoak (birziklagarriak eta/edo berriztagarriak) izanen dira, ahal dela zurezkoak; altxonbideetan edo zortasun-eremuetan seinaleztapena jarriz gero, Nafarroako Altxonbideen Irudi Korporatiboaren Erabilerarako Eskuliburuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Kontuan hartzekoak

Proposatu diren trazadura aldaketak bat datoz lurraldea antolatzeko dagozkien tresna orokorrekin. Halaber, bateragarriak dira indarreko hirigintzako udal-plangintzarekin.

Aurkeztutako agiria bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43. artikuluan eskatutakoarekin. Izan ere, hauek ditu: berdintasunari buruzko atal bat, berdintasuneko araudiari erantzunez, eta eranskin bat, Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea betetzeko; horrez gain, bat dator urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuarekin, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua.

Aurrekoa gorabehera, aurkeztutako planoen karatuletako testua zuzendu behar da, guztiek izen eta zenbaki bera baitute.

Oronsospe auzoaren eta Berriozar herriaren arteko tarterako planteatu den aldaketari dagokionez, behar diren seinaleztapen-neurriak hartu beharko dira, bidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatzearren, proposatutakoaren arabera bertatik igaroko baitira bidetik edo asfaltatutako zidorretik zirkulatzen ahal duten ibilgailuak ere.

Berriogoitiko hirigunea zeharkatzen duen tartea aldatzeak berekin dakar SITNA bisorean “masa amankomuna” gisa identifikatutako eremu bat ukitzea. Eremu hori kontzejuari laga zion Nekazaritzako Birgaitze eta Garapeneko Institutu Nazionalak. Katastroan ez da egin lagapen horren gaineko eguneratzerik, eta, horrenbestez, ezin da jakin lur horiek herri-lurrak edo ondareko lurrak diren. Dagozkien inskripzioak edo erregistroak egin daitezen gomendatzen da.

Aurrekoa gorabehera, tarte horretarako, UGPSaren trazadurari eta 2014ko aldaketari buruzko agirian jasotako informazioa zuzendu behar da, horren arabera trazadurak bat datozelako, eta hori ez da hala.

Añezkar mendateko tarterako, sortzen diren maldak justifikatu beharko dira.

Azkenik, behin aldaketa onetsirik, gogorarazten da katastroan aldaketa egin beharko dela, eta Plazaola trenaren bide berdearen trazadura berria bereizi.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2022ko ekainaren 28ko txostenarekin bat, eta jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa abiatzea. Espedientea Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak sustatu du.

2. Espedientea ebatzi baino lehen, aldaketa agiriak bat etorri beharko du erabaki honetan, espedienteari buruzko txosten sektorialetan eta Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 31ko 177E/2022 Ebazpenean ezarritakoarekin. Ebazpen horretan ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman zitzaion aldaketari.

3. Nolanahi ere, bide berdea gauzatzeak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo gauzatze hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

4. Aldaketa-espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea Berriobeitiko Udalari, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritako ondorioetarako.

Horretarako, agiria www.ExposicionPublicaOT.navarra.es web-orrian kontsultatzen ahalko da, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi beste alegazio aurkeztea.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Defentsa Ministerioko Ondareko Zuzendariordetza Nagusiari, Berriobeitiko Udalari eta sustatzaileari.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2209779